Karmele Esnal Zulaika

Karmele Esnal Zulaika Sormen-lanak

Orio.  (1932-2012) Aitak arrain kontserbagintzan zuen ogibidea. Zazpi senidetako alaba.1934-1939 Lehen letrak ikasi zituen Orion. Familia Donostiara aldatu zen bizi izatera. Bertan, San Bartolomeko ikastetxean jarraitu zituen ikasketak, batxilerreko laugarren maila amaitu arte. Ondoren, Gasteizera bidali zuten ikastera. Han egin zituen Irakasletza edo Magisterioko lehen bi ikasturteak. 1950 Donostiara itzuli zen, irakasle ikasketak amaitzera. Ordurako, hasia zen eskola partikularrak ematen. 1953an Elbira Zipitria ezagutu eta berarekin ikasturte osoko praktikak egin zituen, Parte Zaharreko ikastolan, goiz-arratsaldez, 1954ko uda bitartean. Bere ikastola sortzeko erabaki eta Pedro Egaña kaleko 2.ean hasi zen andereño lanetan, zazpi ikaslerekin. 1958an Artzain Onaren plazako 18.era aldatu zuen Ikastola, etxebizitza batean alokatutako gela batera. Ordurako 35 bat ikasle zituen, lehen hezkuntzako adin guztietakoak. 1960. urtean Jarrai antzerki taldean aritu zen, Iñaki Beobide zuzendari zela, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria, Arantxa Gurmendi eta beste askorekin batera. Hamarkada honetan Zeruko Argia aldizkariko «Gazte naiz» sailean artikuluak argitaratu zituen, «Maribeltz» ezizenaz. Panpin haurrentzako aldizkarirako itzulpen lanak egin zituen, eta Arrate Irratirako emakumeei buruzko irratsaioa egiten zuen astero. 1965ean, euskal udalekuak lehenengo aldiz antolatu zirenean Barrian (Araba), begirale lanetan aritu zen uda osoan. Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartea sortzeko bileran parte izan zen. 1998an Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen, eta Euskal Idazleen Elkarteak ohorezko bazkide. Bagera Elkartearen barruan mintzalagun izeneko programan parte hartzen zuen, euskaraz ikasten ari direnei laguntzen.