Antton Kazabon Amigorena Sormen-lanak
Oiartzun, 1954. Maisu-ikasketak egin zituen. Haurtzaro ikastolan lanean hasi eta 1991 arte aritu zen bertan. 1994 arteko hiru urte hoiek Gipuzkoako Ikastolen Elkartean egin zuen lan Bertsolaritza ikastetxeetan izeneko proiektuan, ikasmateriala sortzen, irakasleak prestatzen eta bertso eskolak koordinatzen. Ikasleei irakurtzeko zaletasuna pizteko ahaleginetan, irudiz jositako kontakizun laburrak argitaratzen hasi zen orain dela ia 20 urte. Geroztik genero gehienak landu ditu oiartzuarrak. Narrazioa, poemak, bertsoak... Guztira 44 liburu kaleratu ditu orain arte, gehienak haur eta gazte literaturakoak direlarik (ikus. bibliografia atalean). Aipatuez gain, elkarlanean argitaratutako hainbat testu liburu eta material didaktiko. Hala nola, Bertso trena, galaxia eta ostatua, Ahozkotasuna, Txikitik handira, Bertsoz izeneko proiektua... Hamahiru urte nituen, herriko udaletxean Gabonetako literatur lehiaketa haietako batean saria jaso nuenean. Han-hartan zirrara berezia sentitu nuen barruan, baina ez zen jaso nuen sariarengatik, Mila euskal olerki eder, liburu mardul eta ederrarengatik, artean oso urrutira bazen ere, sumatzen hasia nintzen letren mundu ezkutuko magiarengatik, baizik. Gogoan dut nola izerditu zitzaizkidan eskuak etxerako bidean, 1967ko Olentzaro gau argi hartan, Aita Onaindiaren olerki bilduma eskutan neramala. Berehala ohartu nintzen, gerora, idaztea nire ofizioa ez, baina nire afiziorik gustukoena izan zitekeela. Beharbada, 1954ko San Juan eguneko gau ilargi beteko eta berezi hartan, udako solstizioaren gailur-gailurrean, ilargiak orginduko zuen nire irudimen jaio berria. Denborak aurrera egin ahala, Etxepareren olerkiek, Axularren Gerok, Barkoxeko Etxahunen koplek, Mendibururen Jesusen bihozaren debozioak, Elissanbururen Ikusten duzu goizean izeneko kantak, Mogelen Peru Abarkak, Kirikiñoren Abarrak izeneko liburuak, Lizardik, Lauaxetak, Azkuek, Orixek, Txomin Agirrek eta hainbat eta hainbat idazlan eta idazle klasikorenganako miresmenari esker, eta haien literatur haizeak liluratuta, nonbait, gure barruan ere sormenerako grina piztu zitzaigun. Urte batzuen buruan, ikastolan geunden ikasleen aurrean, oraindik ere lortu ez dugun irakurketa zaletasuna indartzeko ahaleginetan. Gaztetxoentzat euskarazko testu liburu gutxi, irakurgai egoki eta atsegin gutxiago... Argitaletxeak ere testu liburu egile eta idazle eske... Bazen zer eginik arlo horretan. Aspaldiko idazteko zaletasun eta grina haiek, beste osagai bat zuten aurrez aurre: Beharra. Hori da gauzak parean tokatzea. Ez nuen beste irtenbiderik, patuak eskainitako bidea hartzea besterik. A zer suertea! Ohartzerako materiale sorkuntzan murgilduta geunden. Aurrena testu liburuak izan ziren, gero irakurgaiak eta narrazio laburrak, ondoren ipuinak, jarraian bertsoak, olerkiak, nobelatxoak... Gaur egun, gozatzeko bakarrik idazten dut, bizitzari kolorea emateko, mundua errazago pasatzeko, eguna alaitzeko, ilunak argitzeko... Ez da horrelako afiziorik! Latza! Gero eta gehiago gustatzen zait, handitzean idazle izango naizela amestea. Antton Kazabon Amigorena