Bazkideak > Bazkideak Atik Zra

Xabier Artola Zubillaga

Xabier Artola Zubillaga Sormen-lanak

Xabier Artola Zubillaga.

1957an jaioa da, Donostiako Antiguan. Gaur egun Alkizan (Gipuzkoa) bizi da.

Euskararen irakaskuntzan aritu zen zenbait urtez, informatikan hasi baino lehen. Informatikan doktorea da (1993), UEUko kidea, eta EHUko Informatika Fakultatean dihardu irakasle, 1985etik. Ixa taldeko partaide hasiera-hasieratik, bere ikerkuntza hizkuntzaren tratamendu automatikoaren arloan egiten du. Euskaltzain urgazlea da, 2006tik.

Literaturaren munduan, ipuingintza jorratu du batik bat. Zenbait sari irabazi ditu: Jokin Zaitegi itzulpengintzan; Julene Azpeitia, Augustin Zubikarai eta Tene Mujika, besteak beste, ipuingintzan; lehiaketa horietako batzuetan argitaratu izan dizkiote ipuinak, argitalpen kolektiboetan. 2010ean Donostia Hiria saria irabazi zuen, eta haren ondorioz argitaratu zioten lehen literatura liburua: Deception Island (Alberdania, 2010). 2011n, berriz, ipuin bilduma argitaratu zuen: Argi-itzalen neurria (Elkar, 2011). Hona hemen bi liburu horien gaineko zenbait kritika.

Literaturazalea ez ezik, argazkizalea ere bada, eta 2010ean eman zuen argitara lehen argazki liburua: Ikiliko txondorra (Urmara Elkartea, 2010).