Txillardegi

Txillardegi Sormen-lanak

Donostia, 1929-2012.

Jose Luis Alvarez Enparantza. Ingeniari ikasketak egin zituen Bilbon. 1976an Linguistikan lizentziatu zen Parisen. 1976-1981 epealdian Euskal Fonologia irakasgaia irakatsi zuen EUTGn. Gero, 1981-1982an, urte sabatikoa izan zuen Ameriketako Estatu Batuetan, Californiako U.C.L.A-n fonetika eta fonologia ikasteko. 1982tik aurrera, EHUko irakaslea da; gaur egun katedratiko emeritoa da. Idazlea, hizkuntzalaria, goitizen hauengatik ere ezaguna: Larresoro, Igara, Usako. Liburu asko argitaratu ditu, gehiengoak gramatika eta euskal hizkuntzarekin loturik. Eleberriak eta entsegu politikoak ere idatzi ditu. 1968an Txomin Agirre saria jaso zuen Elsa Scheelen eleberriarekin. Beste alde batetik Andima saria jaso zuen Caracasen 1969an matematiken irakaskuntzarako sortutako liburuengatik. Euskal Gramatika liburuak Zilarrezko Lauburua jaso zuen Bilbon 1980an. Euskaltzaindiako kide izateko bi alditan proposatu zuten baina ez zuten onartu arrazoi politikoengatik. Hirugarren aldiz proposatzera zihozela berak eman zuen ezezkoa. Bere 75. urteurrenaren ospakizunen barne, web berezia moldatu zuen Gipuzkoako Kultura sailak. 2005eko urrian kaleratu zuen bere azken nobela, Labartzari Agur (Elkarlanean). Antton Ihartzegarai, 17 urtez espetxean egon ondoren, irten da azkenik Valcorneja de Cepedillako presondegitik eta sorterrira dator, Labartzara, bere arreba Ixaskunekin batean. Ez du lehenari loturik egon nahi, baina ez du aurrera begirako asmo berezirik ere. Bidaia kontra-kronologiko baterako plana egin zuen barruan: aurretik ezagututako leku, jende eta esperientziak berriz bizitzea, tokiak bisitatuz, uneak oroituz.

2012an hil zen 82 urte zituela.