Txillardegi

Txillardegi Atzera

2007-09-30
"Politika konbentzionala ez da posible oraindik herri honetan"
“Bakarrik nago Zerubiden” zioen Leturiak duela 50 urte. Berak eta bere sortzaileak, Jose Luis Alvarez Enparantzak, Txillardegik (Donostia 1929), bide luzea egina dute geroztik. Lagunekin batzuetan, bakarrik besteetan. Literaturan eta hizkuntzalaritzan, politikan eta euskalgintzan, ordekan eta malkarrean, munduaren pausoa galdu gabe. Sormenaren bidean jarraitzen du eta laster ikusiko dugu horren emaitza. Bisaia ugari ditu Txillardegik. Horietako batzuk erakutsi ditu elkarrizketa honetan.

Historia bizia, bizitzaren historia

Nolakoa izan zen zure erbestealdia?

Ni 1961ean eskapatu nintzen, eta 1977ra arte egon nintzen kanpoan. 1976an pasa nintzen lehenengo aldiz alde honetara. Anaia, Juan Mari, Gobernadore Zibilaren laguna zen eta “nire anaiari etortzeko esango diot” esan zion. “Pasa dadila, ez zaio ezer gertatuko” erantzun zion hark. Eta horrela etorri nintzen. Mugara nire bila etorri zen, muga pasa eta “Bienvenido a España, Sr. Alvarez. Mejor dicho: Bienvenido al País Vasco” (Ongi etorri Espainiara Alvarez jauna. Hobe esanda, ongi etorri Euskal Herrira) esan zidan poliziak Irunen.

Gerraostea gogorra izan zen Donostian. Nola gogoratzen duzu?
1929an jaio nintzen. Gauzak oso laburki esanda, nire aitak problemak izan zituen Antiguan (Donostia) bere aitarekin, nire aitonarekin. Oso gizon zakarra zen nire aitona. Problema ekonomikoengatik aita Kubara joan zen, bere anaia, hain zuzen Jose Luis Alvarez, nire osaba, han zegoelako. Estatu espainolean Errepublika etorri zenean nire aita Kuban zegoen. Han egon zen eta nik hiru urte nituenean etorri zen. Han hiru urte pasa zituen. Hiru urte horietan ni San Martin kalean bizi izan nintzen, amonaren etxean, eta gero bera etorri zenean Antiguara bueltatu nintzen. Nire aita antiguatarra zen. Baina noski, istilu honekin guztiarekin, ni harrapatu ninduen alde batetik aita Kuban zela eta… Total, gerra etorri zenean ni gogoratzen naiz etorri berria nintzela Antiguara.

Ama donostiarra zenuen.
Ama donostiarra bai. Aita ez. Aita tolosarra, baina oso gazterik aldatu zen Antiguara.

Eta euskara, abertzaletasuna etxean…
…batere ez. Nire etxean batere ez. Ez zen gauza horietaz hitz egiten, ez ziren abertzaleak, ez aita eta ez ama. Euskaldunak ziren, aitak tirriki-tarraka egiten zuen. Nahiz eta tolosarra izan bere ama gazte hil zen. Orduan aitonarekin geratu zen, Federico Alvarez Gonzalez, espainola á part entier.

Amak gehixeago ba omen zekien euskaraz.
Bai, baina ez zuten hitz egiten. Ama nire semeekin ikusi dut euskaraz hitz egiten, baita nire aita ere. Orduan bai.

Ez al ziren abertzaleak ere?
Euskaltzaletasunik ez zegoen etxean, eta abertzaletasunik ere ez.

Zuri nondik piztu zitzaizun orduan?
Ba ez dakit, zeruan idatzita zegoelako edo. Ez zegoen motibo berezirik, familian behintzat ez. Gainera garai hartan, nire ustez zaila da konturatzea, Franco etorri berria zen, orduan jendeak ez zuen istilurik nahi. Gure gurasoek obsesio hori zuten. Gainera ez da ahaztu behar ni antiguatarra izanik, han zegoela Ondarretako gartzela. Esaten dutenez gartzela hartan 1947ra arte jendea fusilatu zuten. Gerra bukatu eta segitu egin zuten.
Esaten dute gerra garaiko ondorioengatik azkeneko fusilatua 1951n izan zela. 47an beraz, Antiguan oraindik entzuten ziren tiroak goizean. Ni ez naiz gogoratzen horretaz, urruti samar bizi nintzen eta guk ez genuen entzuten, baina handik pasa eta zentinelak “¡Centinela alerta!” esaten zuenekoa-eta niri ez zaizkit ahaztu. Gartzela gauza tetrikoa zen, han ikusten ziren egunero familiak preso zeudenei janaria eramatera joanda, eta hori guztia nik urte askotan ezagutu dut. 40tik 50era arte, hau da, nik hamar urte nituenetik hogei urte izan nituen arte, Antiguan hori eguneroko ogia zen.

Garai hartan ingeniari izateko, bazenuen ikasteko grina.
Aitaren kontua izan zen. Nik esaten nuen pianoa ikasi nahi nuela. Ama ere pianista zen. Ezkondu zen arte piano klaseak eman zituen eta horrela bizi zen. Nik etxean piano giroa ezagutu dut eta orduan bururatu zitzaidan jotzen hastea. Oso gazterik hasi nintzen.
Baina aitak esan zidan: “Pentsatu ere ez pianoaren kontura bizitzea eh! Zuk karrera tekniko bat egin behar duzu, bizitzeko hobe izango duzu”. Nire aitaren inposaketa izan zen ingeniari izatea. Niri ingeniaritza ez zitzaidan axola batere, nik nahiago nuen idatzi edo musika… zernahi. Egia esan aitak asmatu zuen eta ingeniari naizen aldetik egin izan dut lana esaterako Belgikan eta Parisen. Hala ere, hemengo tituluak, Bilboko tituluak, ofizialki ez zuen balio Frantzian. Gogoratzen naiz, bai batean bai bestean proba bat egin zidaten sartu baino lehenago. Parisen portiko bat kalkulatzeko jarri zidaten. Cross-en metodoa aplikatu eta horrela sartu nintzen. Ez tituluagatik, tituluak ez baitzuen balio, baina kalkulatzen banekien gutxienez.

Pianoa jotzen al duzu gaur egun?
Gutxi. Baserrian [Villabonan bizi izan zen urte askoan] asko jotzen nuen eta hemen, etxe honetan, emazteak erregalatu zidan piano bat. Nahiko polita da, baina etxe batean jotzea lata ematea dela iruditzen zait. Eta egunero jotzen ez baduzu ohitura eta trebezia galdu egiten duzu azkenean, dudarik gabe. Hor dauden partitura horiek guztiak eta askoz gehiago neuzkan, baina baserrian geratu ziren.

Chopin duzu gustuko?
Bai, Chopin, Debussy… Jotzeko bi adar izan ditut beti: alde batetik Chopin, Debussy eta horiek. Musika klasikoa. Ahal dudan bezala jotzen ditut, batzuk jo daitezke eta beste batzuk ez. Eta beste alde batetik jazza jotzen nuen lagunek bultzatuta. Dezente jotzen nuen.

195Oeko hamarkadan hasi zenituen unibertsitate ikasketak.
Batxilergoa bukatu nuenean hasi nintzen ingeniaritza ikasten, eta lehenengo hiru urteak Donostian pasa nituen, Karlos Santamariarekin Centro de estudios superiores izenekoan. Laugarren urtean aitak esan zidan “goazen proba bat egitera” eta Bilbora joan nintzen, Academia Necochea-ra. Orduan fama zeukan. 1949an joan nintzen Bilbora, 49-50 ikasturterako. Gainditu nuen sarrerako azterketa eta bukatu bezain laster polizia nigana etorri zen. Eraman ninduten. Bellamar Jauregia zegoen orduan, orain Ogasuna dagoen lekuan. Inkomunikatuta nengoen eta “Policia Armada”-ko bat etorri zen, eta esan zidan “begira, ez daukat zuri ezer esateko eskubiderik inkomunikatuta zaudelako, baina interesatuko zaizun berri bat emango dizut: zure emazteak esan dit Komertzio Eskolako sarrera azterketa gainditu duzula”. Ingeniaritzarako sarrera azterketa pasa nuela komisaldegian enteratu nintzen.

Urte haietan Federiko Krutwig ere ez zenuen urruti ibiliko.
Nik Krutwig Jon Etxaideren bidez ezagutu nuen. Etxaide Euskaltzaindiko presidentea izandakoaren semea zen. Horren arreba Ana Maria Etxaide da, Opusekoa, Iruñean euskarazko klaseak ematen ditu.
Etxaidek esan zidan “nire ustez zuretzako oso interesgarria izango litzateke harremanetan jartzea”. Orduan berak eman zidan txartel bat, eta txartel harekin joan nintzen Krutwigengana. Etxaide nire bizitzan oso inportantea izan da, euskara kontuetan bereziki, ez bainuen beste eredurik, baita bestela ere. Gartzelan sei-zortzi aldiz egondakoa zen…

Karlos Santamariarekin harremana berriz, bestelakoa zen.
Ingeniaritzako sarrera egin nuenean ezagutu nuen Karlos Santamaria. Bera, dena dela, orduan interesatua zegoen gazte jendearekin. Pax Christi-a antolatzen zuen eta gu guztiok hor sartu ginen. Pax Christia guretzat euskararen alde zerbait egiteko tapadera edo ezkutuko zerbait zen. Garai hartan ez zegoen ezer, ezin da konparatu egungo garaiarekin.

Askotan entzun izan dizugu, gaur egun asko aurreratu dela horretan.
Ezin da konparatu. 1950ean gogoratzen naiz, esate baterako, euskararen eguna, San Frantzisko Xabierren eguna abenduaren 3an. Biltzen ginen hemen, Parte Zaharrean lau katu eta kontuz, beldurrez ibiltzen ginen euskararen eguna ospatzen. Zer zen euskararen eguna? Ezer ez.
Gogoratzen naiz, beste detaile batez, Aberri Egunean. Eman dezagun nik nahi nuela ospatu. Tarta bat nahi nuen, ikurriñarekin. Joan nintzen hemen konfiantzazko batengana eta egin zidan tarta bat hondo gorria eta gurutze zuriarekin. Kolore berdea aparte eramaten genuen eta etxean jartzen genuen! Pentsa!

Krutwig ezagutzea nolakoa izan zen?
Niretzat oso inportantea izan zen dudarik gabe. Ni baino zortzi urte zaharragoa zen eta ezagutu nuenean sorpresa izan zen. Esan zidan grekoz ikasi behar zela. Esaten zidan bost ordu egunean eginda hiru urtean ikasi zitekeela. Beti izan zen helenista amorratua, hil arte. Koadro bat ere erakutsi zidan, bere arreba zen, eta ezkerrarekin pintatua zuen.

Sabino Aranarekiko haustura ekartzen zenuten behintzat.
Federiko ezagutu nuenean, besteak beste bere etxean egon nintzen Bilbon. Karteratik misterio handiz halako karnet gorri bat atera zuen. "Miembro de la Iglesia Hinayana del Budismo" (Budismoaren Eliza Hinayarreko Kidea) jartzen zuen. Budista erradikala zen.

Izengoitiak ere ugari izan dituzu bizitzan: Txillardegiz gain, Larresoro...
Harribizketa ere bai, Eginen erabiltzen nuen. Atorrasagasti ere erabili nuen... Eta gehiago ere bai.

Harribizketa izena nondik dator?
Santa Klara eta Igeldo artean dagoen partea Harribizketa da, toponimia kontua.

Eta Atorrasagasti noiz erabili zenuen?
Eginen. Atorrasagastirekin erdaraz egiten nuela uste dut gainera. Harribizketarekin ere baietz uste dut.

Zergatik gailendu zen Txillardegi?
Etxe ondoan Txillardegi etxea zegoen. Etxean askotan entzuna nuen, Txillardegiko jabea Iturria zen. Nik ezagutu dut etxea, jauregi zahar bat Antiguan. Eta antiguatarrei galdetu “zu gogoratzen zara Matia kalean nola jartzen zuen ‘Casa Chillardegui’?” eta “eh?” erantzun izan didate. Nola “eh”! Hori hor zegoen! Pena daukat, garai hartan ez nuen pentsatu, baina foto bat ateratzeko modukoa zen. Hor zegoen: Casa Chillardegui. Nik ez dut ezer asmatu!

Igara, Usako...
Usako izena duen presa bat dago Oñatin... Katxondeoan esaten zidaten pro-yankia naizelako hartu nuela izengoiti hori.

(Kar, kar, kar) Larresoro herriaren izenarengatik erabiliko zenuen.
Oso polita da horren historia. Idatzi egin behar nuen, eta beste izengoiti batekin hasi nintzen. Baina polizia enteratu egin zen. Ni orduan ETAkoa-eta nintzen, orduan, Patxi Altunak esan zidan “nik proposatzen diat ‘Larresoro’ deitzea, nahi baduk”. Orduan nik artikuluak Patxi Altunari bidaltzen nizkion eta berak bidaltzen zituen. Nik uste izen horretaz ere enteratu egin zirela, baina... Garaia ere ikusi behar da, salbuespen egoera eta ni ETAren gurasoetakoa nintzen.

Munduan barrena ibilia zara. 198Oko hamarkadan AEBetan izan zinen hizkuntzalari lanetan.
Los Angelesera joan nintzenean 1981ean, Andolin Eguzkitza zegoen han. Nire lagun handia zen, han bizi ginen etxe berean. Berarekin joaten nintzen batera eta bestera. Berak tesia Carlos Peregrín Otero izeneko batekin egiten zuen, berak esan zidan bezala “gallego de nación” (nazioz galiziarra). Hori Chomskyren ordezkaria zen espainolezko edizioetarako, eta hala da orain ere. Hori dela eta, nik Chomsky ez dut ezagutu, baina Oterorekin bai, askotan ateratzen ginen. Oso tipo interesgarria zen, oso jakintsua.

HBko senatari ere izan zinen, eta Josu Muguruza hil zutenean berarekin zinen. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Hori askotan kontatu dut. Nire bizitzako momenturik gogorrena hura izan da. Izugarria. Hantxe hil egin zen. Garai hartan ni senataria nintzen eta Amasako baserrian bizi ginen. Joaterakoan afari bat egin genuen eta gogoratzen naiz jarri zituztela girnalda batzuk nire seme-alabek eta Jonek [Forcada, bere emaztea], eta iragarpen baten modukoa izan zen: “Agian itzuliko zara orain zoazen osasun berean” edo horrelako zerbait.

Politika, apustu arriskutsuen eremua

1947an dagoeneko hasia zinen politika kontuetan. Francoren erreferendumaren garaian EAJren paperak banatu zenituen.

Garai hartan EAJ baino ez zegoen, PSOE ere bai beharbada, baina batez ere EAJ. 1947an kanpaina handi bat egin zen Francoren erreferendumaren kontra. Nire lagun batzuk Euzko Gaztedikoak ziren eta orduan paperak banatu zituzten. Niri batzuk eman zizkidaten eta gogoratzen naiz hemen, Parte Zaharrean ibili nintzela. Garai hartan ateak irekita egoten ziren. Barrura sartzen ginen eta buzoietan sartzen genituen. Horrela ibili nintzen, sekulako beldurrarekin. 17 urte nituen. Francoren fama oso txarra zen, eroriz gero torturak eta… giroa zen… Nire etxean beldurra zuten horregatik.

Ba al zekiten ba etxean?
Ez, batere ez.

195Oean sartu zintuzten lehenbiziko aldiz gartzelan. Zergatik izan zen?
Orduan sortu zen… beno, nik beti esaten dut ni Mario Onaindia baino lehenago izan nintzela EIAkoa: Eusko Ikasle Alkartasuna-koa. Ikasle mugimendua zen. Ni Gipuzkoan nengoen, Bizkaian mugimendu horretan sartuta zegoen Benito del Valle eta hain zuzen bera eta ni izan ginen ETAren sortzaileak…

Politikan egin izan dituzun apustuak ez dira aurrera atera izan.
Beno, azkenekoa Aralarrekoa izan da. Nik uste dut esplikazio bat eman beharko nukeela. Nafarroan ikusi dugun fenomenoa oso inportantea izan da nire ustez, eta espero dezagun bere ondorioak izango dituela. Patxi Zabaleta baino politikoagorik ez dago munduan, eta hala ere ez du ezer lortu. Ni horregatik atera naiz Aralarretik: horiek politika konbentzionala egin nahi dute, eta nik uste dut politika konbentzionala herri honetan oraindik ez dela posible. Dagoen egoera, espainolismoa dagoen bezala… Giro honetan, “nik informe bat pasako dizut, zuk niri beste informe bat ematen didazu eta guk, gure abildadearekin…”. Keba. Ez gaude horretan. Hori oso polita litzateke egoera normalizatu batean. Orduan bai, Patxi Zabaletaren estiloko jendea, oso jende ona da dudarik gabe, orduan posible izango litzateke.
Lehen ere banuen susmo hori. Ni Aralarren sartu nintzen pentsatuz saiatu egin behar zela bide legaletatik ea zer egin zitekeen. Baina ageri denez ez dago zereginik. Nafarroan ikusi dena… Patxi Zabaletak egin zituen proposamenak: “lau urtetan ez dut ezer planteatuko, ez dut hau egingo, isildu egingo naiz asunto honetan, beste honetan ere bai”… eta hala ere ezer ez. Nire ustez Aralar oso jende jatorra da, oso abertzalea dudarik gabe, jende ona, eta Patxi Zabaleta eta Aldekoa-eta horiei nik errespetu handia diet zentzu horretan, baina nik uste dut ez daukatela zereginik. Hemen gauzak dauden bezala ez gaude fase horretan, hori beste fase batean segur asko bai, baina gauzak dauden bezala, egurra egunero, jai eta aste, beti egurra berberei…

Zerorrek ez duzu Aralar uzteko arrazoiez idatzi.
Nik ez nuen ezer esan nahi. Nik baja eman nahi nuen eta puntu. Baina enteratu ziren ez dakit nola eta deitu egin zidaten. Esan nien zergatik utzi nuen: Bilboko asuntoa, terrorismoaren biktimen omenaldia. “Badakigu partziala dela” esan zuen Aralarrek. Ezin dugu ETA kondenatzen duen adierazpen bat egin partziala dela esanez. Estatu terrorismoa ere kondenatu beharko da ezta? Bestela zer da hau?

Aralarren nola hartu dute uztea?
Gaizki hartu zuten. Nik konprenitzen dut. Ez nuen nahi izan jakinaraztea, baina hemen kontua betikoa da: “Txillardegik Aralar utzi du”. Nik atzeko atetik atera nahi nuen.

Zure ibilbidean beste ahalegin eta frakaso modura ikus daiteke hau?
Niri esaten badidate politikan frakasatu bat naizela, ez naiz batere mintzen. Literaturaz esan dudana bezala da, ni ez naiz politikaria. Esan nahi dut, politikaren mundua ere izugarria da. Gauza asko irentsi behar dira.

EAE-ANVren agerraldi batean ere azaldu zara. Jendea beti dago begira eta…
Ez lukete begiratu behar…

Baina gaur egun horrela sentitzen zara, legez kanpo daudenen aldean egon behar dela pentsatzen duzu?
Nik uste dut borroka luzerako dela eta amets egin dugula. Neronek egin dut: ni Aralarren sartu nintzen pentsatuz posible izango zela zerbait egitea politika konbentzionalaren bidez. Urte hauek konbentzitu naute ez dagoela zereginik. Espainia hor dago, inperialismo espainola hor dago eta ez dago zereginik. Ez dakit nola bukatuko den auzia, baina bide konbentzionalez eta burokratikoz ez da konponduko.

Harritu egin zaitu ETAk su-etena hautsi izanak eta orain dagoen dinamikak?
Gauza bat esango dizuet, hemen beti zentratzen garelako ETAn. Goazen Katalunia begiratzera. Katalunian ez dago ETArik. Zer esan diete? Joan ziren parlamentuko %88ren izenean Madrilera eta esan zieten “ya pueden ustedes volver” (“itzul zaitezkete”). Kasurik ez. Gauza bera Ibarretxe. Joan zen Madrilera, oso umil, bera den bezala, oso firme baina oso moderatua… Kasurik ez. Ez dago zereginik. Problema hori da. Izango balitz hau nik ez dakit zer herri, beharbada, baina bide politikoetan badirudi nazkatu nahi gaituztela eta konbentzitu nahi gaituztela azkenean ETA bakarrik dagoela. Eta bide politikorik ez badago, eta garbi dago ez dagoela…

Baina 4O urtetan beste bidea ez al da agortu?
Egoera izugarri txarra da errealista izanda. Bide guztiak itxita daude, nire ustez hori da. Itxita daudela jakiteko neurgailurik onena Katalunia da. Katalunian ez dago biolentziarik, ez ETArik ez ezer. Gaur [abuztuaren 31n] hain zuzen ere Puigcercosek hitz egin du, eta lehengo egunean Carod Rovirak ere aipatu zuen, planteatzen dutela erreferendum bat egitea. Nik uste dut ez dagoela zereginik. Nik ez dut Espainian sinesten, ez dut ezer onik espero.

EBrekin lotu izanak ere inarrosi zaitu. Aralarretik ateratzeko beste arrazoi bat izan al da?
Ezker Batuarekin joatea astakeria da. Hori da beste motibo bat ni Aralarrekin konforme ez egoteko. Ezker Batua da soluzioa azkenean? Horiekin paktatzea? Nire ustez ez. Hemen egin beharko litzateke frente abertzale bat, hori askotan pentsatu dut. Frente abertzale horretan EAJ nire ustez ez dago. Partidu espainola da, erregionalista espainola. Imaz eta horiek –gainera esan egin dute– paktu autonomiko berri bat nahi dute hiru probintzientzat eta puntu. Hori da Urkulluk eta Imazek esaten dutena. Horiekin jai dago. Nire ustez EArekin, Aralarrekin –baina ez dakit noraino dauden prest borrokan sartzeko– eta Batasunarekin dudarik gabe osatu behar da frentea. Ez dago besterik. Lizarra-Garazi horien gainean eraiki berriz ere.
Nik uste dut HBkoek funtsean beti esperantza dutela EAJ behartuko dutela estrategiaz aldatzera, baina ez dut uste. Nik EAJ ezagutu dut txikia nintzenetik eta beti izan da hori. EAJrekin ez dago zereginik. Espainiarekin bezala da. Berdin. Horregatik impasse-a totala da orain nire ustez. Beharbada pesimista ni nago momentu honetan. Ez dut ikusten ezer.

Euskal Sozialista Biltzarrea (ESB) bezalako proiektu batek bilduko luke lehen aipatutako frente abertzalea?
Teorian bai, baina gertatzen da gero politika izugarria dela.

Patxi Zabaletarekin lasai mantendu al duzu elkarrizketarik aspaldion? Telefonoz edo?
Baja eman nuenez geroztik ez dut inorekin hitz egin. Hitz egin dut Aintzane Ezenarroren koinatu batekin baina berarekin ez. Minduta daude, dudarik gabe, nik konprenitzen dut. Baina ni ez naiz… ni zaharra naiz eta erretiratzea tokatzen zait.

Euskara, bizi arnasa

195Oeko hamarkadaz aritu gara lehen. Federiko Krutwig eta zu lanean aritu zineten euskara batuaren alde, baina jarrera desberdinak izan zenituzten.

Berak esaten zuen eredu alemaniarra hartu behar zela. Alemanian zer egin zuten? Luteroren Biblia hartu eta hori erabili zuten alemanera batuaren oinarritzat. Krutwigek esan zuen hemen gauza bera egin behar zela. Badugu hemen Leizarragaren Biblia, berak ondo ezagutzen zuen, eta hori hartuta alemaniarren sistema bera erabiltzea proposatzen zuen.
Nik berriz esaten nion “hemen nola hasiko gara orain ‘erran ziezon’ esaten, ‘erran zion’ beharrean? Hori ez da posible, hori arkaikoa da momentu honetan”. Berak ezetz, hori zela bidea. Nahiko kritiko nintzen Federikorekin horri buruz. Mitxelena ezagutu eta berak esaten zuen beti inportanteena zela belaunaldi berriaren jarrera, hemen hautatu behar zela erabiltzen zen euskara bat eta hori osatu. Literatura eta hori guztia kontuan hartu, baina ez erradikalki. Mitxelenak esaten zuen “goazen hartzera Gipuzkoakoa, Oiartzungo euskara, erdi-nafarrera”. Eta ortografian arrazoi batez ere historikoengatik egin zuen saltsa hori –literatura Larramendi etorri arte praktikan lapurteraz izan da– euskaraz “h”-a bai-eta… Euskara batua artifiziala da, horretan arrazoia dute esaten dutenek artifiziala dela, ez zen izan euskalki bat. Hor Krutwig euskara batuaren kontra jarri zen hasieratik. Berak segitu zuen, euskaraz egiten zuenean lapurteraz idazten.

Bilbon garai hartan Gabriel Arestik ere eman zion bultzada batuari.
Hor problema politikoa zegoen tartean eta ez da ukatu behar. EAJ zegoen alde batetik, eta ez zuen gauza hauetaz ezer jakin nahi. Mitxelena egon zelako. Bera Ajuriagerraren agindutara ibilitakoa zen, EAJkoa zen, eta batuaren alde egin zuen. Hori izan zen gure garaipen historikoa. Gu lau gazte ginen, ez ginen inor, baina Mitxelena bai.

Hizkuntzalaritzan fonetika landu duzu. Harremana du horrek zure musika zaletasunarekin?
Ez dut uste. Bai nire fonologian eta bai azentu kontuetan inportantzia handiagoa izan du nire formazio matematikoak. Ingeniari normal batek daukan formazioa da, ni ez naiz matematikaria, baina ekuazio bat ikusten badut ez naiz zerraldo erortzen. Beste batzuk A+B=C ikusi eta “jode!” hasten dira.

Fonetikarekin kezka izaten jarraitzen duzu.
Beti pentsatu izan dut problema zela, eta hori Mitxelenak ere Arantzazuko txostenean esaten du. Batasuna egitekotan lehenbizi idatzizkoa egin behar zen. Gero, leku askotan ez dira ausartu plangintzetan arau fonetikoetan sartzen. Euskaltzaindia hasieratik egon da oso uzkur, baina nik beti pentsatu dut euskara hitz egiteko dela. Ez bada normarik ematen badakigu zer diren pertsonak eta nola funtzionatzen dugun. Jendeak belarri espainolez hitz egingo du: “Ikusíko dúgu zurékin joatéan zúre etxéa” hitz egiten du euskaldun berri normal batek. Hor behar ziren normak eman. Ni gogoratzen naiz UEUn ere egin genuela kongresu bat gauza horietaz eta gero ere egon dira. Ni saiatu naiz beti, hala ere, norma minimo batzuk eman daitezen.

Zure amarekin egin zenuen lehen gramatika hartan ere eman zenion garrantzia fonetikari.
Bai, gogoratzen dut “ni naó, zu zaudé, berak daudé”… apuntatu nuela. Beti pentsatu dut hemen badagoela halako literaturismo merkea, eta hizkuntza behar da jendeak hitz egiteko. Horrek esan nahi du norma fonologiko batzuk eman behar zaizkiola. Esatea hori belarriz ikasten dela ez da egia. Izango balitz Azpeitian beharbada bai, baina…

Eta Euskaltzaindiak alor horretan egindako lana nahikoa izan da?
Ez, nahikoa ez da izan. Nik uste dut Euskaltzaindia beldurtuta dagoela asunto honekin. Pentsatzen dute nahiko konplikatua izan dela euskara batuaren prozesua maila idatzian eta seriotan sartuz gero fonologia mailan kristoren folloia armatuko litzatekeela. Ez dira atrebitzen. Eta beharbada arrazoia dute.
Nik konprenitzen dut agintzen dutenek beldurra izatea. Esatea “euskara batua izan den ziskoa izanda idatziaren inguruan, orain sartu gaitezen asunto horretan!”. Nik uste beldurra dela, baina beharrezkoa da. Izango balitz diferentzia txikiak daudela… baina handiak dira. Eta batez ere interferentzia ikaragarria dago. Jendea benetan elebiduna izango balitz, beharbada… Baina hemen espainolaren influentzia erabatekoa da. Orduan hor normak ez ematea “¡Viva España!” esatea da azkenean.

Hizkuntzalaritzaz gain euskararen aldeko borrokan aritu zara: Euskal Herrian Euskarazen sortzaileetakoa izan zinen.
Euskal Herrian Euskaraz mugimendua euskara erabiltzeko sortu zen. Esaten genuen hemen bestela deklarazioetan geratuko ginela eta gero de facto ez zela ezer egingo. Mugimendua zentzu horretan sortu zen.
Borroka egin beharko litzateke oraindik ere. Euskal Herrian Euskaraz inoiz baino beharrezkoagoa da momentu honetan, desastrea da ikustea gauzak nola dauden... Hemen badago ideia faltsu bat, sakonki sartua: gauzak egin behar ditugula lasai, borrokarik egin gabe… Baina ez da egia, kontradikzio objektiboak daude. Horretan EAJn oso tipikoa da “desdramatizar” bezalako hitzak erabiltzea. Baina hau dramatikoa da! Ez gara dramatizatzen ari! Euskararen egoera orain dela urte batzuk baino hobeto dagoela? Bai, egia da. Baina euskararen etorkizuna garantizatuta dagoela… Hori erdaraz bizi den jendeak uste du, baina guri, euskaraz bizi garenoi, ez digute ziria sartuko. Guk badakigu oso ondo nola gauden.

Irlandako ereduaren arriskua hor dagoela aipatu izan duzu askotan.
Bai, oraindik ere bai, dudarik gabe. Gertatzen dena da, Irlandan mugimendua hasi zenean, gurea baino egoera zailago batetik abiatu zirela: garai hartan, XIX. mendearen erdian, beti esaten da Irlandan laurden batek edo hitz egiten zuela. Baina zein ziren? Mendebaldeko azkeneko arrantzale pobre batzuk. Egoera diglosikoa zen arras, hemen baino okerrago, dudarik gabe. Zailagoa zuten guk baino, eta ez diote buelta eman. Gainera ingelesa dute kontra. Eta denek ulertzen dute elkar ingelesez. Guk behintzat gure Iparraldean euskaraz hitz egin behar dugu.

Gatazka politikoarengatik begiratzen da Irlandara. Zuk hizkuntzari dagokionez Eslovenia edo Txekia aipatu izan dituzu.
Zernahi, baina Irlanda ez. Irlanda da salbuespena. Normalean independentzia lortzen duten herriek beren hizkuntza salbatzen dute. Salbuespena Irlanda da eta guk modelo bezala hartzen dugu.

Literatura, bide berrietatik

Mitxelena izan zenuen akuilu literaturaren munduan sartzeko.

Nik ez dut nire burua hartzen literatur gizontzat. Atxaga, Lertxundi, Koldo Izagirre… benetan dira literatur ‘piztiak’. Ni ez naiz literatur ‘piztia’, nik literatura oso gutxi irakurtzen dut eta aspaldi honetan gutxiago. Zergatik? Mila roillotan egon naizelako: ETAn, euskara batuaren prozesuan, soziolinguistikan, atzerrian 16 urte…

Baina gerraosteko giroan bidea egin zenuen, beste batzuekin batera.
Nik uste hori orokorki ikusi behar dela. Leturiaren egunkari ezkutua, Aresti, Lete, Laboa eta abarren kantagintza, Iparraldean Mixel Labeguerie… Bazegoen olatu bat, gerra egindako jendea pot eginda zegoen, gerra galdu zuten, kristoren pasada eman zieten eta ideologikoki gainera EAJren mentalitatea zeukaten, oso mesfidakorrak ziren gauza berriekin. Gu berriz, alderantziz. Halako kontzientzia bat sortu zen. Arestik ez zuen horrela jokatzen interesantearena egiteko, bera halakoa zen: Bilbokoa zen, ikusten zuen klase borroka izugarria zegoela, neguritikoak batetik eta Barakaldokoak bestetik… Arestik automatikoki sozialismora jo zuen. Eta sozialismoa garai hartan gehien bat marxismoa zen. Arestik bazeukan politikoki EAJren kontrako herra. Eta, orduan, PCren akatsak ikusten zituen baina onartu egiten zituen. Horrek esplikatzen du Aresti PCrekin nahiko etorkor izatea, eta EAJrekin berriz ezer ez.

Leturiaren egunkari ezkutuaren harira Ferrolera itzuli zinen, liburua idatzi zenuen lekura, Juan Luis Zabalarekin.
Niretzat kolpe bat izan zen. 50 urte pasa eta gero joan nintzen eta benetan urte asko dira. Juan Luisekin joan ginenean galdetu zidan “non egiten zenuen soldadutza?”. Joan ginen kotxearekin eta dena desegina dago, abandonatua izan da. Txoke izugarria izan zen. Ferrol ez dago hainbesteraino aldatuta, baina beste optika horrekin joanda, zahartuta, esaterako, kasinora joan nintzenean azaldu genien zertara gindoazen, eta gogoratzen naiz gora eraman eta fotoak atera genituela. Izugarrizko kolpe psikologikoa izan zen.

Francisco Francoren hiria. Soldadutzan zinela markatuta sentitzen zinen?
Nik ikusten nuen “Aquí nació el salvador de España” (Hemen jaio zen Espainiaren salbatzailea) zioen letreroa eta behean zegoela uste nuen, eta pisu altu batean dago. Hango denda batekoak “beti hor egon da” esan zigun. Nire oroitzapenetan kalean bertan zegoen, portalean. Baina balkoi batean!

EHUren udako ikastaroetan ere hitz egin da liburuaz uda honetan. Zer izan da zuretzat hori guztia?
Begira, Lourdes Otaegi nire ikaslea izan da eta laguna da. Nahi zuen Miramarko ikastaroetara joatea. Esan nion: “Ez dut aurpegirik esateko ‘ni naiz liburuaren idazlea’. Harrokeria izugarria iruditzen zait eta ez naiz joango”. “Elkarrekin bazkari bat egitea proposatzen dizut orduan” esan zidan eta egin genuen, hemen, Parte Zaharrean. Nire aurrean neukan Jean Haritschelar, ezkerrean Jon Casenave, han zeuden Carlos Otegi… han egon ginen bazkaltzen, hitz egin nuen eta esan nien: “Ez dugu exajeratu behar, Leturia barrutik atera zitzaidan zerbait izan zen, pentsatu nuen horrelako zerbait behar zela Euskal Herrian, behar zela nobela europartu, garai hartako kostunbrismo merke hartan eta horrela atera zen”.
Hori olatu baten barruan ikusi behar da: Jose Antonio Loidi farmazeutikoa zen eta Hamabost egun Urgainen egin zuen, lehenengo nobela poliziakoa, egin behar zelako. Iruditzen zitzaigun egin behar zela, poliziakoa, Arestik poesia egin zuen… Nahi genion asuntoari mugimendua eman.

Dena dela, bere garaian nobela existentzialista modura aurkeztu zen liburuak badu gaurkotasunik ezta? Genero indarkeria hor dago, bikotearen krisia…
Nahi gabe izango da. Hori askotan gertatzen da literaturan. Hain zuzen ere nobela bat egiten denean izan dezake beste irakurketa bat, irakurketa polisemikoa du. Posible da nik idatzi nuenean ez pentsaturik ere kanpotik ikusita hori gertatzea. Artean ere gertatzen da. Esaterako, Picassori buruz desobjektibazioaz-eta hitz egiten dutenean… Picassok hori egiten zuen barrutik ateratzen zitzaiolako, eta gero etortzen dira arte kritikariak hau eta bestea esaten. Beti esaten da ez daudela bi pertsona liburu bera irakurriko dutenak.

Egin beharra aipatu duzu. Orain egoera aldatu egin da, euskal literatura merkatuan dago. Nola ikusten duzu aldaketa hori?
Juan Luis Zabalak eman zidan lehenengo kolpea esan zidanean “gu euskaltzale izanda ere ez gara zuek bezala mugitu”. Berak esaten zidan jendeak euskaraz egiten badu momentu honetan euskaran interesa duelako izango dela, baina ez guk genuen bezala gure hizkuntza zapaldua zegoelako eta alor bat eman behar zitzaiolako.
Eta azkenean zer da literatura normalizatu bat? Horretan nik uste Atxaga sintoma bat izan dela, heldutasun sintoma. Atxaga ez da euskaltzale agertzen, azken boladan pixka bat gehixeago, baina Atxaga luzaz egon da esaten euskaraz idazten duela bere hizkuntza delako, besterik gabe. Abertzalea ez dela esaten du argi eta garbi.

Eta zuk jarrera hori ontzat jotzen duzu?
Nik uste dut normala dela, segur asko. Pentsatzen dut beste herri batzuetan ere gertatu dela. Esaterako Finlandian, jendeak suedieraz idazten zuen eta beste batzuek errusieraz. Eta halako batean mugimendu abertzalea sortu zenean planteatu zen Helsinkiko unibertsitatean suomieraz egin behar zela. Lehenengoek printzipio kontua zuten: “sarrera hitzaldia suomieraz egin behar da” esaten zuten. Baina orain jada normalizatuta dago.
Flandrian ere antzera gertatu da, prozesu baten faseak dira horrelako gauzak. Nire ustez fase honetan gauzak aldatu egin dira. Orain oso naturaltzat ematen diren gauzak lehen ez ziren. Esatea adibidez “herri honetan euskaraz kantatu behar da”: momentu honetan hori onartua dago, baina hasieran botxeroak eta besteak...

Leturia pertsonaia bakarti eta kezkaz beterikoa da. Zein neurritaraino du antza sortu zuen idazlearekin?
Aitortzen ez bada ere beti dago zerbait pertsonala, batez ere nobeletan. Norberaren esperientziak agertzen dira, beste modu batera badira ere. Eta era berean ez dira autobiografiak ere. Bi muturrak dira: “nobela autobiografia da” ez da egia; “nobelan ez dago autorearen arrastorik ere”, ez da egia hori ere.

Pentsamendua eta ideologia, sormenaren bidean

Ez zitzaizun erraza izango urte hauetan guztietan kulturgintzan lan egitea. Gorabeherak izan dituzu beste zenbait pertsonekin lan hori egin bitartean. Nola ikusten dituzu horrelakoak gaur egun?

Urteekin, frantsesez esaten den bezala “tout passe, tout casse, tout lasse” (dena pasatzen da, dena puskatzen da, denak nekatzen du). Esan nahi dut denborarekin dena aldatu egiten dela. Horregatik hain zuzen sinestezina da gaur egun, pertsona bat, nire kasuan bezala, emakume batekin ezkontzea eta puntu. Gauzak aldatzen direlako. Hori maila guztietan gertatzen da.

Atxagarekin, Leterekin... gorabeherak izan dituzu.
Gero esaldi batzuk geratzen dira. Adibidez ni gogoratzen naiz Krutwigekin: bera nik ezagutu nuenean budista erradikala zen, baina gero marxista-leninista pro-txinatarra zen. Eta pro-txinatarra zen garaian gogoratzen naiz idatzi zuela: “El socialismo de Txillardegi es un socialismo de pacotilla” (Txillardegiren sozialismoa erdipurdikoa da). Eta ni Federikorekin ez nintzen gaizki eramaten, hori esaten zuen baina nik banekien nolakoa zen.

Bera ezagutu zenuen urteetan existentzialismoa modan zegoela esan daiteke eta ildo hori hartu zuen zure lehen nobelak ere. Gaur egun nola ikusten duzu? Existentzialistatzat duzu zeure burua?
Existentzialismoa mugimendu bezala Saint Germain-en, Jean Paul Sartreren inguruan sortu zen. Hori da ofizialki. Gainera badauka liburu bat L'existencialisme c'est un humanisme (Existentzialismoa humanismo bat da). Hori Sartrek egin zuen, baina filosofia bezala, gizonaren jarrera munduan eta hori guztia, Sartrek baino lehenago Budak ekarri zuen.

Budista sentitzen zara beraz?
Nik uste Buda pertsonaia inportantea dela munduan. Hain zuzen horretaz idatzi dut hurrengo liburuaren seigarren kapitulua. Erlijioei buruz idatzi dut eta budismoa askotan aipatu dut. Bertrand Russell ere azaltzen da. Hark ere gauza bera esaten zuen, erlijio deitzen diren horien artean Buda dela salbatzen den bakarra. Badakit hurrengo liburuan horretaz hitz egitean oso gaizki hartuko dutela askok. Baina nire zahardadean, uste dut badaukadala eskubidea pentsatzen dudana esateko. Nik ez dut esaten arrazoia dudala, esaten dut eskubidea dudala pentsatzen dudana botatzeko. Nik uste budismoari buruz badagoela sekulako ezezagutza.

Orain ezezagutza baldin badago, 195Oeko hamarkadan... Nola lortzen zenituzten Budari buruzko irakurgaiak Francoren Espainia ultrakatolikoan?
Budismoari buruz irakurri nuen lehenengo liburua hemen daukat oraindik. Soldadutzan nengoenean bazegoen Sanchez Encinas izeneko ingeniari bat. Eta oso ingeniari atipikoa zen, ni bezala. Oso laguna izan nuen. Hark proposatu zidan liburu bat Juan Marin izeneko idazle baten saiakera bat: Buda o la negación del mundo (Buda, edo munduaren ukazioa). Liburu hau Ferrolen irakurri nuen 1956an.
2005-12-10
Labartzari agur
Iragana pisua izan daitekeela gauza jakina da. Are azken 17 urteak kaiolan eman badituzu. Antton Ihartzegarai fikziozkoaren kasua da hori, Txillardegiren azken nobelako protagonistarena. Liburua urte luzeetako kartzelaldiaren amaierarekin hasten da, preso ohia Labartzara, jaioterrira, itzultzen denean. Eta barruan prestatutako bidaia kontra-kronologikoari hasiera ematen dio, denboran atzerako bidaiari, erori aurretik esanahia izan zuten lekuetara. Enpatia ariketa ezinezkoa egoera bizi izan ez duenarentzat hemen proposatzen dena, egoera gertutik bizi izan duenak besterik konta ezin dezakeena. Antton Ihartzegarai preso ohia, preso ohi ororen paradigma izan litekeena.

Atera eta lehen gauza memorian hainbatetan berrikusitako lekuak bisitatzea du helburu. Nahi nagusi batekin: “kutsatu gabeko euskal jendearekin” topo egitea, “gure herriak bizirik dirauela egiaztatzeko”. Baina talka nabarmena gertatzen da usteen eta errealitatearen artean. Hala egiaztatzen du Anttonek, “gure kontuak oker daude, han barruan uste genuena baino” dioenean. Inmobiliariek baserri zaharren lekua zementuz bete dutela ikustean gertatzen da talka. Jendeak euskaraz hitz bakar bat ere ahoskatzen ez duenean, gazteenekiko desadostasun politikoak azaleratzen direnean. Eta sartu zutenean atzean utzitako sorterria joan da betiko. Akabo. “Behin eta berriz ametsaldiak kitto, eta errealitate gordina gailen”. Azken batean egoera berri horren kontzientzia hartzearen nobela da Labartzari agur.

Baita birkokatze saiakera bati buruzko lana ere. Hala ere, nahiz eta saiakera egin, egoera berri horretan lekurik ez daukanaren sentsazioa gailentzen zaio gatibu ohiari. Iragana itzuli ohi zaio amesgaiztoaren antzera. Burua ia galtzeraino. Errealitate berriari amore eman nahi ez eta ezin moldaturik dabil. Labartzatik alde egitea erabakitzen duen arte. Erretiroa hartzen duen arte. Erretiroa hartu ondorengoei bide egiteko.

Ihartzegarairen bidaia honetan irakurleak ere bidaiatzeko aukera du. Ikusten duenaren deskribapen luze, pausatu eta zehatzak egiten ditu, luzaz egunargia ikusi ez duenak egingo lukeen bezala. Eta protagonistak lekuak berraurkitzen joan ahala bizipenak sentiarazten ditu, eskuz-eskuz doaz narratzailea eta irakurlea. Labartza, kostaldea, itsasoa, Baiona, Arcachon… denboran atzera beti. Lehengo lekuak bisitatzearekin batera galdera berriak egiten dizkio bere buruari. Etengabe ari da galderak egiten. Bizitzaren eta heriotzaren eta abarren gaineko galderak. Hemen Txillardegiren ohiko kezkak agertzen dira, kezka existentzialistak. Autore honen obra definitu duen adjektiboarekin defini baitaiteke lan hau ere.

Neurri batean nobela politikoa ere bada Txillardegiren azkena. Errezeloak sor ditzaketen gai politikoak sakon aztertu gabe plazaratzen da ezker abertzalearen baitan azken urteotan sortu den eztabaida nagusia. Antton Ihartzegaraik ez du onartu nahi politikaren garai iritsi dela, aro berriaren atarian daudela, gaudela. Txillardegik pertsonaia mendi puntan galdurik den etxola batera bidaltzen du nobelaren amaieran, gai politikoak sakon aztertu gabe hala ere. Nahikoa baita iradokitzea.

Iragana pisua izan daiteke bai. “Izana izen gaiztoa” dio esaera zaharrak. Baina lan honek ez du amaiera ezkor edo itxirik. Alderantziz, Anttonek badirudi kontent hartzen duela erretiroa liburu, aldizkari eta paperen artean. Onartu egin baitu bere aroa joan egin dela, atzetik datozenek hartu behar dutela boza. Eta joanak joan, kontua da atzetik datozenak hemen daudela.
2005
Labartzari agur
Elkarlanean
2004-10-15
Euskalgintza
Egun hauetako batean egin diote Txillardegiri omenaldia bere hirian, Koldo Mitxelenako aretoan hain zuzen. Horrekin batera, halako erakusketa modukoa ere antolatu da aipatutako kulturgune horretan Txillardegik argitaratutako liburuekin. Elkar argitaletxeak bestalde liburu mardul hau kaleratu du. Bertan biltzen dira 1956tik 1983raino Txillardegik idatzitako testuetatik aukeran egokiak ziren zenbait testu desberdin. Saiakera kutsua du, noski, testu gehienak euskararen ingurukoak baitira. Izan ere euskararen aldeko lanen eta borrokan eman du Txillardegik bere bizitzako denborarik gehiena, bai maila praktikoan, bai maila teorikoan.

Aipatzekoa da testu aukeraketa honetan badirela batzuk frantsesez idatzita daudenak eta beste bat gazteleraz idatzitakoa, euskal hizkuntzaz hain zuzen. Azken finean gaztelera ere bada gure herrian, eta horri uko egitea aireari edo euriari uko egitea bezain barregarria da.

Garbizalekeriaren kontrako aldarrikapen argi eta ozen batez hasten da bilduma. Txillardegi, ez dezagun ahantz euskaldun berria da, gaur egun euskaltzale asko diren bezala, idazle asko tarteko, euskarak baserritik mundura joan behar izan baitu asentatzeko, arnasa hartzeko, bizi berri bati ekiteko. Euskaldun berriak dira euskal kulturaren sustatzailerik sutsuenak gainera. Bistan da.

Bestalde, esan beharra dago, testu askok ukitu zientifikoa dutela, ez direla pentsamendu edo iritzi baten garapen edo zabalkunde soilik, baizik eta datu bilduma ekartzen dute, grafikoak eta abar. Liburuak, dena dela, balio du, bere horretan, ulertzeko euskararen normalizaziorako bide luze eta maldatsu horretan zer esan den eta zein izan diren benetan esateko zutenak eta esan dutenak. Isiltasun asko ere egon baita eta badago bazterretan.
2004
Euskararen aldeko borrokan
Elkar
1999-08-14
Karlistaldia
Uda luzea denez, eta denbora nolabait engainatu beharra dagoenez, karlistaldiei buruzko liburuak irakurtzeari ekin diot. Epikoak dira batzuk, historikoak besteak, baina badira aleren batzuk eleberri antzekoak direnak. Egia esan behar badut, horiek ditut maiteenak. Bi aipatu nahi ditut bereziki: Unamunoren “Paz en la guerra” eta Txillardegiren “Putzu”. Unamunok, bilbotarra izaki, Bilboko setioaldia kontatzen digu. Eleberri konplexua da eta bertan ageri dira Unamunoren hainbat ideia, gerora ere bermatuagotzen joango direnak. Esaterako: historiaren eta barne-historiaren arteko aldeak eta ifrentzuak. Unamunok uste zuenez, alde bakarretik doa beti Historia, barne-historia ez beti alde beretik. Historia-liburuetan ageri diren gertaerek osatzen dute, noski, Historia; barne-historia, ordea, ez da historia-liburuetan ageri. Unamunok maiteago du barne-historia, pertsonaia xumeena baita.

Txillardegik ere bereizten ditu bi kontzeptuak, oso nabarmen gainera. Badakit ez dela Txillardegi oso Unamunozale, baina bataren eta bestearen artean uste baino antzeko kontu gehieago daude (hala uste dut). “Putzu” izeneko pertsonaia karlista sartu eta Karlos Setimoren aldeko boluntarioekin biltzen da, gerra egiteko. Txillardegik gerrako gorabeherak kontatzeaz gainera, pertsonaiaren barne-gatazkaren berri emango digu, haren aldaketaren lekuko egingo gaitu irakurleok oro. Txillardegirentzat, Unamunorentzat bezala, karlistaldia nolabaiteko eredua izan da. Biek gerorako ikasgaiak atera nahi izan dituzte. Dena dela, Txillardegi ez da Unamunoren ondorioetara iristen.

Nobela, esan dezadan, arin irakurtzen den horietakoa da eta, akats txiki batzuk dituen arren, oso duina da, bai egituragatik nola idazkeragatik.
1999-07-17
Egiaren gezia
Txillardegi filosofo klasiko bat da, Platonen ezpalekoa, zentzu bitan bederen: egiaren bilatzea du grina nagusi (”egiak izan behar du hautuan gidaria”, dio); eta aurkituriko egia zabaltzekotan politika darabil, baina baita alegia ere. Jadanik Oraindik ere Karlismoa nagusi EuskalHerrian Huntaz eta hartazeko artikuluan adierazi egiak, orain Putzu-ren bitartez herrian hezurmami daitezen ahalegindu da.

Historia ofizialak ezkutatu egin digu Putzu-k nabaritu duen egia: karlismoa ez zuten Jainkoa eta Erregea lehenesten zituztenak bakarrik osatu; karlismoan baziren XX. mendeko abertzaletasunaren aitzindariak, burujabetasunaz gainerakoa deus gutxi axola zitzaiena. Txillardegiren hitzetan: “Euskal Herria, ia osorik eta behingoan, Don Karlosen alde altxatu zenean, Euskal Herriaren alde altxatu uste zuen herriak. Sorterria iratzartu eta salbatu nahi zuen”.

Jakina, pedagogiaren arabera aritu behar izan du Txillardegik, kontakizuna ahalik eta argien taxutuz, egia egokiro hedatzeko asmoz. Hamaika pauso amaitzen den lekuan hasten da Putzu-n zalaparta, Endarlatsan: biak dira eleberri sendoak, biak ederrak; baita oso desberdinak ere, noski. Zenbait goiargik Putzu-ren soiltasun formala mesprezuzko imintzio aristokratiko batez arbuiatzen du, ez baitu xilipurdi nouveau-a baliatu: irakurle pepelerdoa duzu hori, idorreriak jotako gizajoa. Putzu-k badu giharra, maitasuna, herrimina, heriotza, bizibizia da, makina bat pasarte zirraragarrik hornitzen du. Azken orduko egitura bitxikeria goitik beheiti betetzen duen hainbat eleberri posmodernok, aitzitik, kakamokordo batek bezainbesteko zirrara du eragiten. Irakurle osasuntsuak plazer hartzen du nola Hamaika pauso-rekin hala Putzu-rekin, eta biek diote gogoeta pizten.

Lan itzela egin du Txillardegik historia eta geografia xehetasunak ikertzen, XIX. mende amaierako Euskal Herrian barrena bidaiatzeko aukera paregabea eskaini digu; baina hori ez da eleberriaren azala baizik. Hauxe duzu Putzu abian jartzen duen kezka: zerk behartzen du berez baketsua den lagun bat “aski da!” aldarri egin eta fusila hartzera? Zergatik saiatzen da etnia bat aginte arrotzak ezarririkoa zulatzen?

Bizitza bat kontatuz

Erantzuna ez da soziopolitika tratatu zentzudun bat, baizik bizitza baten kontaera; ez kontzeptu andana, sentimendua baino; ez teoria, garrasia. Indarkeriaz ezarririko estatu zentralista batuari, desberdinaren, ihesaren, askatasunaren aldarrikapenak dio ihardukitzen. Halaxe mahaigaineratzen du Txillardegik auzia: guduan aurrez aurre ez daude, oroz lehen, gobernua eta herria, edo ekoizteko tresnen jabeak eta langileak; funtsezko gatazka etnia bakar baten zerbitzura dagoen aginte uniformizatzailearen eta mendean harturiko etnia hilduratuaren artekoa da.

Izan ere, Txillardegi ez da inoiz isilgordeka ibili ideologia kontuekin, eleberrietan ere ez. Azken eleberrietako bilakaera ideologikoa bat dator ETArenarekin: Exkixu-k egundoko gogoa sortzen zizun dozena bat zakur garbitzeko; Putzu-n berriz erabakiorrak dituzu Lizarra eta Garazi. Bi-biotan ageri da, hori bai, guduari artez ekitekotan maitearen epeletik aldendu behar mingarria, ezin hobeki adierazia.

Margolaritzan, zineman, literaturan, filosofian, zenbait obra funtsezko zahartzaroan baizik ezin izan da sortu: autoreak bizialdi osoko kezkak eta entseiuak era xume soil batez bildu, antolatu, gezi bilakatu eta etorkizunerantz jaurtikitzen ditu. Gezia ganoraz jaurtikiz gero, Txillardegik Putzu-n bezala, etorkizun hori, orain bilakaturikoan, gezi horrek zeharkatua izango da. Kurosawa, Kant, Turner, Chateaubriand dauzkagu adibide… eta baita betiko Txillardegi berria ere, Jainkoak gorde dezala.
1999
Putzu
Elkarlanean
1997
Euskal Herria en el Horizonte (gaztelerara)
Txalaparta
1996
Hitza hitz: Txillardegirekin solasean
Elkar
1995
Euskal Herria helburu
Txalaparta
1995
Exkixu
Elkar
1995
Leturiaren egunkari ezkutua
Orain
1994-03
Hizkuntza eta pentsakera: edo estrukturalismoaren mugak
Txillardegi dugu gaur egun euskaldunok daukagun saiolaririk garrantzitsuena Koldo Mitxelena zenarekin eta Joxe Azurmendirekin batera. Bera da lehen euskal entsaio modernoaren egilea. Huntaz eta Hartaz izeneko entsegu gogoangarri hark bide berriak urratu ezezik, haize berriak ere ekarri zizkion gure hizkuntzari. Saiakeraz aparte, puntako eleberriak, gramatika bikainak eta ehundaka artikulu mamitsu eginak ditu, beti ere euskara bizi, aberats eta dotorez oratuak. Bera izan da, hitz batean, gure literaturazko modernotasunaren branka.

Guztiek aho batez aitortzen dutenez, goreneko maila irabazi du euskal idazleen artean gure antiguatarrak. Ongi mereziak ditu, beraz, gure eskerrona eta begirune kritikoa, nahiz eta egiteke dagoen oraindik bere pentsamendu eta lan eskergaren balorazio orokorra. Hainbat arrazoirengatik, ni ezin naiteke mintzaide egokiena izan haren ekarri oparoa kritikatzeko. Hizkuntzalari edo literatur kritikoren bat litzateke, agian, aztertzaile egokia. Alabaina, besterik ezean, eta J.L. Zabala herkideak eskatu didanez gero, barkatuko ahal dit irakurleak kritika kaxkar hau argitara emateko izan dudan ausardia.

Gogoratu beharrik ere ez dago Larresoro izenordearen pean argitaratu zuela liburu hau Txillardegi izengoitiz izendatu ohi dugun idazleak. Esan beharra dago, hori bai, bera izan dela estrukturalismoaz euskaraz mintzatu den lehen idazlea. Hizkuntza eta pentsakerasaio bildumakpentsamenduaren funtsezko kezkak, interesgune eta temak laburbiltzen ditu nolarebait.

Duela hogei urte pasatxo Euskal Herriak bizi zuen historiune sozial eta intelektualean kokatu behar da Txillardegiren saiakera hau. Hots, idazlan hau kinka jakin batean idatzia izan zen, eta, kontrazalean dioen bezala, leit motiv bakarra zuen: marxismoaren esan batzu estrukturalismoaren argitan aztertu. Marxismoaren kontrako burruka da, bada, Hizkuntza eta pentsakera honen benetako transfondo politikoa.

Hizkuntza: bereizle ala batzaile?

Lengoaiaren izaera konplexua da oso eta mintzairak aztertzeko ikuspegiak ere desberdinak dira. Hiru bereiz daitezke, gutxienez. Ikuspegi linguistikoa legoke lehenbizi, lengoaia bere horretan, kanpotiko zerarik gabe ikertzen duena. Bigarrenik, ikuspegi soziolinguistikoa daukagu, hizkuntzaren alderdi sozialez arduratzen dena. Eta ikuspegi soziologikoa, azkenik: bere ahalmen sinbolikoarengatik, ezagutzen duen pisuarengatik eta komunikazio tresna nagusia izateagatik guztiz garrantzitsua den errealitate soziala baita lengoaia. Saio honetan batez ere azken ikuspegi honetatik begiratzen dio hizkuntzari Txillardegik, nahiz alderdi linguistikoa ere jorratzen duen, euskal bokalak edota koloreen izenak aztertzen dituenean, adibidez.

Oinarrizko arazo filosofiko bat planteatzen digu: zein dira hizkuntza eta pentsamenduaren arteko erlazioak, edo zehatzago esanda, ea hizkuntza ezberdinek mundu ikuskera ezberdinak taxutzen eta moldatzen ote dituzten. Hitz batean, hizkuntza eta Weltanschauung-en arteko harremanez dihardu antiguatarrak hemen.

Hizkuntzak zein erabakiorki mugatzen dituen herri baten pentsamolde eta izakera azaldu eta ikustarazi nahi digu. Hizkuntza bakoitzak bere pentsakera berezia, azterketa berezia, taxukera berezia ematen duela esango digu behin eta berriz Levi-Strauss aipatzen duelarik: Lengoaia ez dagokio bakarrik gizonaren muinari; hizkuntza jakin batek funtsezko zerikusia du gizatalde jakin baten izaera eta irautearekin. Hizkuntzak moldatzen du funtsean herrien pentsakera. Tesi hau etengabe errepikatzen zaigu izkribu osoan barrena.

Neurri handi baten arrazoi du Txillardegik: hizkuntza eta pentsakera eskuz-esku doaz; gure mundu ikuskera lengoaiaren bidez taxutzen dugu. Pentsamenduak elkarrizketazko egitura du eta, beraz, ekintza linguistikoa da. Bestela esanda: hitzen eta esaldien bidez pentsatzen dugu. Egia da, baitere, gizarte bat besteetatik bereizten duten ezaugarrien artean hizkuntza dugula nabarmenenetakoa. Hizkuntza batek egiten du herri bat beste ezerk adina edo gehiago, K. Mitxelena zenak esango lukeenez. Alde honetatik ez dago zalantzarik.

Baina giza-izpirituaren batasuna zalantzan jartzea, bigarren kapituluan egiten duen bezala, gehiegikeria bat da inolaz ere. Txillardegiren ustez, hizkuntzak elkarri ezin alderatuzkoak ditugu (elkarneurgaitzak, esango lukeT. Kuhn-ek). Bere iritziz, ez dago Logikazko hizkuntzarik ez ikuskera logikorik. Logikaren seme ez direnez, hizkuntza guztiak funtsez dira desberdinak. Osorik onartzen du Txillardegik Humboldt-en teoria hau.

Jakina denez, hizkuntz erlatibismoaren lehen formulazioa, gero Sapir eta Whorf-ek garatu zutena, Humboldt-i zor zaio: hizkuntz egitura bakoitza mundua atzemateko modu bati dagokio. Humboldt eta erromantiko alemaniarren ustez, hizkuntza da Herri baten arima. Hauek diotenez, azpiko indar batek, herri izpiritu batek determinatzen ditu bai pentsakera eta bai hizkuntza. Eta ondorioz, ez dago bi hizkuntzen artean berdintasunik.

Txillardegirekin ez nator bat horretan. Hizkuntzak hain desberdinak direnik ez dut inolaz ere sinesten. Honetan ere Koldo Mitxelena zenaren hitzak ekarriko ditut hona neure iritzien lagun: gizona (nahiz zuri, nahiz beltz, nahiz hori) gizon den bezalaxe, giza hizkuntza ere ez da, funtsez, giza hizkuntza baizik alde eta aldi oro, nahiz axaleko nabardurez bereiz agertu.

Benetako mintzairaren unibertsalik badela uste du Chomskik. Posible da, hizkuntza desberdinetatik abiatuz, hizkuntzaren gramatika ideal eta osoa eraikitzea. Chomskiren ustetan, gizaki guztiek gramatika arau berberak dituzte, edo bestela esanda, hizkuntza guztiek mintzairaren egitura berberak dituzte.

Gizabanakoa, funtsean, hitz egiten duen izaki bat da. Lengoaiak mediatizatzen du errealitatea: munduarekiko ezagutza eta harremana, besterekiko ezagutza eta harremana, norberarekiko autoezagutza eta harremana. Gure errealitate linguistikoaren kontzientziak filosofia modernoaren bizkarrezurra zen solipsismo —indibidualismo— metodologikoa desegin du.

Azken denboretan filosofi alorrean gertatutako aldaketarik nabarmena Richard Rortyk “biraketa linguistikoa” deitu duen hori izan da. Bigarren Witgensteinengan oinarriturik, mintzairaren eginkizun komunikakor eta pragmatikoa azpimarratu izan du jarrera berri honek. Hizkuntz biraketa hori eta Austin eta Searlek landutako hizketa egintzaren teoria oinarritzat hartuz, pragmatika unibertsalaren teoria eraiki dute Habermas eta Apelek.

Hauek diotenez, lengoaiaren egitura arrazionala bereziki komunikakorra da: elkar ulertzeko hitzegiten dugu. Hizkuntza elkar aditzeko egina dago, elkarrengandik bereizteko ez baizik elkarrengana biltzeko. Oposizioa ez baino akordio du helburu. Batipat elkar ulermenerako bidea denez, hizkuntzak kontsentsura bultzarazten gaitu. Mintzairaren zimendu arrazionaletan oinarriturik dagoen akordio joera hori da Habermasek proposatzen duena.

Gaur egun onartzen den errealitate objektibo bakarra intersubjektibitatea da. Egia akordioan datza. Arrazoi du, alde batetik, Txillardegik: lengoaiaren mende gaude erabat; besterengandik jaso eta bestelako denbora eta kulturen substraktua den mintzairaren menpean gaude. Baina, bestetik, bere mugen jakitun dago gizabanakoa; badaki bere arrazoia ez dela monologikoa, dialogikoa baizik.

Bistan da, beraz, hizkuntza aldebatetik bereizle dela, eta bestetik batzaile. Txillardegik dionaren kontra, hizkuntza ez da beti, eta denean, diferentziala. Funtsean hizkuntza batetik bestera igarotzea ezina bada, zer arraio gabiltza ume erdaldunei euskara irakatsi nahiean? Ezen K. Mitxelenak egoki zioenez: “Hizkuntza desberdinen muinean eta ondoan Giza Mintzaia dago.

Soziolinguistika versus gramatika

Ferdinand de Saussure da, jakina denez, hizkuntzalaritza orokorraren sortzailea. Langue (hizkuntza) eta parole-aren (edo hizketaren) artean bereizkuntza guztizkoa ezarri zuen linguistika estrukturalaren fundatzaileak. Komunitate linguistiko batek daukan zeinu sistema dugu hizkuntza; hizketa, berriz, bakarkako egintza da, subjektuak sistema horren erabilera selektibo eta diferentziala egiten baitu. Garbi dauka Saussurek zer den, bere ustetan, soziala eta funtsezkoa eta zer indibiduala eta akzidentala: egitura abstraktua eta gizarteko tresna homogeneoa da hizkuntza; hizketa, ostera, aukera indibidual bat besterik ez. Hizkuntza, lehenik eta behin, erakunde bat, instituzio bat da.

Hizkuntza eta gizartearen arteko elkarreragina gutxietsi egin bide zuen estrukturalismoaren aitak. Hizkuntzan nahitaez islada eta eragina duten aldaketa sozial eta politikoak, desberdintasun sozialak, botere harremanak eta antzekoak “kanpotiko linguistikatzat” zeuzkan genebatarrak. Hizkuntzaz kanpoko faktoreak izaki, hizkuntzalaritzatik bazter utzi zituen. Ondorioz, edozein hizkuntzak bere kontestuarekiko dituen erlazioak ez zituen behar bezala aztertu, hizkuntza bere baitatik ikertzea baitzen bere helburua.

Chomski, gramatika sortzailearen aitak, bere aldetik, lengoaiaren arauen ezagutza abstraktura mugatzen du linguistika (competence, hizkuntz gaitasuna deritzo honi), erabilpen linguistikoaren ikerketa (edo perfomance delakoa) alde batera utziz. Hizkuntza guztiz ongi ezagutu eta gramatikaz kanpoko eraginik ez duen hiztun-entzule idealaz arduratzen da hizkuntz teoria chomskiarra.

Ez Saussurrek eta ez Chomskik hartzen dute kontutan testuinguru soziala. Hizkuntza eta gizartearen arteko harreman ezin estuagoari linguistikaren adar berri batek egin dio jaramon berezia, ia oraintsu arte (lehen konferentzia Los Angelesen ospatu zen 1964ean) “heterodoxoa” izandako soziolinguistikak, hain zuzen. Linguistika estrukturalak hizketaren azterketari edota gramatika sortzaile-bihurtzaileak performantziarenari ematen dion garrantzi txikiegiaren aurrean, hizkuntzaren erabilera nabar eta askotarikoa hartzen du kontutan soziolinguistikak.

Nahiz eta estrukturalismoaren (zein Chomskiren) defizit edo mugapen hau aipatu ere ez egin bere liburuan, Txillardegi bera izan da harrezkero hizkuntzaren alderdi honetaz gehien arduratu direnetakoa (diglosiaz, bereziki) gure artean. Ibon Sarasolak goraipatu egin du berriki Txillardegiren bilakaera edo aldaketa hau. Izan ere, hizkuntza oso fenomeno konplexua da, izan, eta bere alderdi ezberdinen artean soziologiari dagozkionak dira, beharbada, nabarmenenak.

Soziologiaren ikuspuntutik Parsons izan da hizkuntzaren izakera guztiz soziala gehien azpimarratu duena. Sistema sozialak, bere iritziz, sinbolizazio linguistikoaren eta komunikazioaren menpean daude. Lengoaia da komunikazio tresnarik orokorrena: hortik eratorri dira gainontzeko mekanismo sinbolikoak (dirua, boterea, etab.).

Hizkuntzarekin batera arau eta balore sozial batzuk geureganatzen ditugu. Zentzu honetan, kontrol sozialeko sistema edo mekanismoa dugu hizkuntza. Inposatu egiten zaigun sorkari soziala da mintzaira: ezarritako zerbait da guretzako; beraren bidez egiten dugu munduaren ezagutza eta sortzen geure pentsamendua. Pentsamendu dialogikoa ezinbestean, gizartea bera baita gure solaskide.

Bourdieu-k bere Ce que parler veut dire liburuan hizkuntza eta boterearen arteko erlazio estua erakusten digu: gizarteko talde ezberdinen hierarkia adierazten du hizkuntz egoeren hierarkiak. Botere harremanak zein gizarte desberdinkeriak isladatzen ditu hizkuntzak. Horregatik, nagusitzen den hizkuntza, nagusi den klasearen hizkuntza dela esan dezakegu Marxen esaldi ezaguna aldatuz.

Lengoaiaren arazoa komunikazioaren zelaira ekartzeak politika eta etikarekin zerikusia duten arloak irekitzea suposatzen du, bestalde. Hizkuntza eta Estatua, hizkuntza eta politika hertsiki loturik daude. Txillardegik berak aitortua du hizkuntzaren eta politikaren arteko gorabeherak aztertzen hasten direnean, zozokeria handiak esan ohi dituztela hizkuntzalariek. Estatua da hizkuntza baten etorkizuna erabakitzen duena. Askatasuna izan ala ez izan, Erresuma libro batean lege-hizkuntza izan ala ez izan, horretan datzala auziaren kakoa eta egiazko giltzarria esaten diguTxillardegik. Eta egia du, beharbada.

Nolanahi ere, Euskal Autonomi Elkarteak, garai batean Estoniak bezalatsu, badu gaurregun, erdizka bederen, aginterik euskara zuzpertu eta berreskuratzeko. Baina, hori bai, hizkuntzaren betekizun nagusia elkar ulertzapena eta akordioa iristea den bezala, politika linguistikoan ere ahalik eta adostasun eta kontsentsu handiena lortu behar da. Hots, euskal herritarrek dute azken hitza. Zeren eta, Txillardegik berak inoiz idatzi izan duenez, hizkuntza gizonaren zerbitzuko da, eta ez alderantziz gizona hizkuntzaren.

Txillardegik liburu hau idatzi zuenean amestu ere egin ez zitzakeen aurrerapausoak eman ditu euskarak azken hogeita bost urteotan. Euskara hizkuntza normal eta ohizko bihurtzeko egin den lana ikaragarria izan da. Gaur bertan jakin dugu euskaldun bat izendatu duela idazkari nagusi Euskadiko Partido Popularrak, euskara bultzatzearen aldeko jarrera agertu nahiz edo. Egia da, halere, euskara ez dagoela guztiz prest kultura tresna izateko eta egiteko asko dagoela oraindik normaltasun erreal batera iritsi ahal izateko.

Estrukturalismotik posestrukturalismora

Txillardegiren saiakera hau agertu zenerako, luzaroan jaun eta jabe izandako marxismoa gainbehera zihoan Frantzian. Ideien burruka-zelaian irabazle atera zena estrukturalismoa izan zen. Estrukturalismoak arrakasta izugarria izan zuen hizkuntzatik kanpo ere jakintzaren eremu askotan: etnologian (Levi-Strauss), psikoanalisian (Lacan), literaturazko kritikan (Barthes), genealogian (Foucault) eta beste.

Estruktura eta subjektuaren arteko lehia berezi horretan Levi-Strauss nagusitu zitzaion Sartreri: Giza zientzien azken helburua ez da gizona eraikitzea, deuseztea baizik. Hori izan zen joera berriaren deiadarra. Althusserren eskutik etorri zen marxisten erantzuna ez zen proposamen estrukturalistak arbuiatzea izan, indartzea baizik. Levi-Straussi eraso beharrean, honen ideiak bere egin zituen Althusserrek marxismoaren antihumanismo teorikoa aldarrikatuz. 68ko maiatzaren ondoren, haatik, bere teoria zuzentzen ahalegindu zen Althusser masen papera azpimarratuz. Baina beranduegi zen: marxismo althussertiarrak porrot egin zuen 1970eko harmarkadaren erdialdera.

Estrukturalismoa modako bihurtu zen, bada, eta liluratu egin zuen Txillardegi (marxismoak liluratu gintuen modu berean). Eta hor egon da Txillardegi eta gu guztion akatsa: estrukturalismoa (zein marximoa) filosofiatzat edo mundua esplikatzeko dotrinatzat —erlijio gisa, askotan— hartu izana. Ezen Saussure berak esan ohi zuenez, hizkuntz barrutirako bakarrik balio zuen bere metodoak, ez beste alorretarako.

Hizkuntzatik kanpora gertatu den estrukturalismoaren hedadura neurriz gaineko horren ondorio zuzena da Frantziak une honetan bizi duen “sasarte teorikoa”: orain posestrukturalismoa da lehen estrukturalismoa zena. Foucault, Lacan, Derrida, Deleuze ditugu azkenaldi honetako maisu pentsalari berriak, baina kontu honek urrunegi eramango gintuzke..

Zoritxarrez, egun ez dago gure artean azken orduko korronte eta joera hauek argituko dituen entsegugilerik. Txillardegi bera ere, ideia berrien propagandista izan ondoren, mututu egin bide da, ez baitigu aspaldian pentsamenduzko saiakera berririk oparitu. Eta tamalgarria da, benetan. Agian eskainiko digu besterik Antiguako euskaltzale porrokatuak!

1993
Antigua 1900
Kutxa Argitalpena
1993
Antigua 1900 (gaztelerara)
Kutxa
1988-11-20
Haizeaz bestaldetik
Liburu hau lehendik ezagutzen genuen, 1979an argitaratu baitzen, eta guk dakigunez erderara itzuli ere bai, “Allende al viento” izenpean, Txillardegiri itzuli dioten bakarra itxuraz, onena delakoan edo; badirudi ez zuela arrakasta handirik izan, ez euskaraz ez erdaraz, eta bolada luze batez utzixea izan du Jose Luisek literaturaren langintza, harik eta aurten Exkixu pamosoa kaleratu zaigun arte.

Ezagutu ezagutzen genuela esan dugu, baina irakurri… inguruan hasi gara galdezka eta ia inork ez du irakurri. Batek 20. orrian utzi omen zuen, besteak erdian… Izan ere, astun samarra baita “Haizeaz bestaldetik” hau. Egileak bere pentsakera osoa bertan hustu nahi izan zuen, bere filosofia literatura bihurturik isladatu. Irakurleari kontsesiorik egin gabe burutu zuen lan hori, eta horrela kostata lortuko du txillardegizaleak maisuaren mundu ikuskera antzematea, bere ikaspidea entelegatzea. Meritu gehiago hartara, lortzen duenarentzat.

Lan hori erraztearren, elkarrizketa zati batzuk erantsi dizkiote Elkarrekoek liburu atarian. Txillardegik Pako Aristirekin La Vozentzat orain urte batzuk egindako solasaldia da, eta bertan liburuaren azalpen bat dator, ulertu nahi duenarentzako maratila eta irakurketan abiatzen denarentzako makulua.

Nobelaren aurretik, lehen argitalpen hartan bezala, Joxe Azurmendiren hitzaurrea, nobelagintzaren zahar/berri eta esperimentuez ari dena; interesgarria, Azurmendik egiten duen oro bezala nahiz garai hartako kutsuak gaur hainbesteko baliorik ez duen (Saizarbitoriaren bidearekiko lehi modukoak etabar). Joxe beti zintzo, agindutako lana betetzen.

Konta dezagun zerbait nobelaz. Exkixuren antipodetan dago: horretan dena da ekintza eta honetan batere ez. “Haizearen bestaldetik” elaberri poetiko edo, hobeki, metafisikoa da, Leturia eta Peru Leartzakon bezala bizitzaren nahi eta ezin, kinka eta kezkez diharduena, baina pertsonaia barik, aipamen espazio-tenporal argi barik. Aitzitik, badu zati ederrik, pasarte landu eta bikainik.
1988-06-26
Exkixu
Durango, liburua frango. Abendukoa bezainbatekoa izan ez bada ere, Udaberriko Azoka honetan ere kaleratu da mordoska polita. Denak batera ezin aipatu, eta asterik aste egingo dugu; gurekin etorri nahi baduzu…

Hasteko, agian eztabaidarik ez baina esames ugari bai sortuko duen liburua: Txillardegiren azkena. Aurreko nobelan Haizeaz bestaldetik zegoen zapigarren zeru hartatik jeitsi eta hona hemen: lur kiskali honetako errealitate gorri eta goria.

Behar bada gutxik aipatuko dutenez, liburuak burura ekarri digun gogoeta bat azaldu nahi genuke: Baroja; orain urte batzuk, asko ziren eredu barojiarreko nobela egin behar genukela ziotenak. Hementxe dute bat; protagonistaren ausartak, ekintzen bizitasunak eta pertsonaien ugariak adierazten digutenez. Ez nuke esango Txillardegik nahita egin duenik baina halaxe da. Nire kezka ordea: Baroja proposatzen zutenak gustora gertatuko ote dira lan horrekin?

Honez gero badakizu zertaz den nobela, ezta? Bestela esango dizugu: ETAn sartzen den gazte baten abentura eta kalenturak. Literatur lan gisa, bada, ez da hartarainokoa, eta ez dirudi egilaren asmoa hori zenik ere. Hori bai: gertakariak bizi-bizi igarotzen dira arin kontatuta, eta hori dela-eta benetan bizkor irakurri dugu, ia ziztu bizian.

Txillardegi idazle ez ezik politikoa ere bada, eta pentsatzekoa da asmo politikoren bat ere baduela liburuak, alegia, burruka armatuaren nolabaiteko epopeia egitea edo. Baliteke. Dena den ez du protagonista “ideal” eta “zoragarria” aukeratu, polemikoa baizik. Burruka mota horren kontra dihardutenek darabilten estereotipoaren ezaugarri guztiak dituen pertsonia, hain zuzen. Eta alde honetatik, beldur gara mesede kaxkarra ez ote zaion egingo goraipatu nahi zenari. Nolanahi ere den, ez da erraz epaitzen.

Bada azken puntu bat, punta atera beharrekoa. Ez al genuen euskara batuaren aitajaunetako bat bada Txillardegi? Hara bada, nor sartzen digun erdara mordoa eta euskalkietatik ez gutxi. Erdararena, jakina, errealismoaren amoreagatik: ezin jarriko du guardiazibil torturatzailea euskaraz hizketan! Arazo horiek euskal idazleek zehar estiloak erabiliz konpondu izan dute, baina ez da erraza asmatzen, ez horixe; kasu honetan gainera, “beharrezko” ez zen askotan ere sartu da erdara, aukera estilistikoa bailitzan ia ia. Euskalkiena ere naturaltasunagatik egin da, noski, baina iruditu zaigu egileak ez dituela hizkuntza idatziaren eta mintzatuaren arteko aldeak behar bezala bereizten (ad. baino idatziagatik hor irakurle askok baño esango du, horrela idatzi beharrik gabe).

Guzti honetan, ohi duenez, Txillardegik buruz baino bihotzez jokatu du; esanak esan, zinez, irakurtzea merezi duen liburua: “Exkixu”.
1988
Haizeaz bestaldetik
VI


Eta begiradaz, belarriz, usaimenez, ukimenez, Itsasoaren zantzuren bat bederen bilatzen nuen inguruetan. Baina aztarrenik ere ez nuen aurkitu.

- Ez duk inoiz aurkituko -entzun nuen berriro-. Irents ezak egia, ihesi-berri horretan latza bazaik ere. Eta egia hauxe duk: ez dela lakua, hire bihotzondoan, herioaren irudia baizik. Zergatik izutzen hau honek? Itsasoa bera lilura baizik ez duk. Itsasoa Ezereza duk. Itsaso bakarra... arnasa, eta garrasi, eta latsetako zurrumurru guztien atzean gelditzen bide den hori, iraunkor, baketsu, heuk herorren barrutik erasten duan jarraitasun-lilura urdina baizik ez duk_ Ez zegok Ezerezari datxekion Itsasoa baizik.

Eta isilune labur baten buruan:

- Itsasoa ez duk, izan, etsi ezak, Ezerezaren, eta Ezaren beraren, kolore-itxura urtsua baizik. Joana hintzen hi, joango dituk besteak ere, mendi horiek ere fundituko dituk mendeen buruan, eta ibaiak lehortuko, eta basamortuak urpean geldituko; eta gauza bera orain zapaltzen duan mendi-zelai harkaitsu gora hau. Dena fundituko duk. Eta lekuko isiltzat gelditzen bide den ilunpe horren izena besterik ez duk Itsasoa, belaunez belaun elkarri gizonek ikasia eta erakatsia. Bere igarokorrean, bere txinpartasunean, egon hazegok lakua: lipar batez bederen, hasperenen kide itzurkor gisa bederen, izana duk.

Zorabiatu uste nuen. Uste izan bainuen nik, bizaz, eta gaztaro guztian zehar batez ere, Itsasoa bilatzen nuela eta behar nuela, eta ene barneak ez zuela inoiz besterik ezertan pausatu uste.

Baina Itsas-orroa beti ari:

-Heroina dastatuz gero, ez heroinaz, eta ez heroinarik gabez: gezak gogait, eta tontorrak urrunkor, iritsezin... Goiz geldi apal hari jarraiki zitzaion gau goren beroak galdu hinduen hi. Gailurrera eta gero, labarrera ere eraman hinduelako, jaitsi-beharraren malkor izugarrira; gizakiak oro, herrenkada azkengabean, eramaten dituen bezala. Hots, Itsas-kresala hatsartuz gero, Iakua gutxiets; baina Itsasora ezin! Eta hireak egin dik. Itsasoa urrunean bederen ikusiz gero, urdin zabal geldi hori behin bakarrik betetsiz gero, kitto baita bakea.

-Ez segi, otoi! Gehiegi da dagoeneko! Otoi! Nahiago itsu izan! -nik oihu etsian.

-Jakitea dukek, berriz dinotsat, haize-bala berri horren prezioa. Hik jakin egingo duk oraingoan... Entzun: goiz geldi apal hartara behar duk berriro... eta goizaren aurreko urteetara. Geroztikakoari, uko; eta, ahalean bederen, ahaztu egin behar. Ez zegok beste zuhurtzira biderik. Hark egokiro esan zuen: «amaren sabelera behar».

Eta neure lokamuts nahaspilatsuan (baina, lokamutsa ote?), eta tximist azkarraren ziztuan, behinolako hondartza horiska eta legartza urdinskaren irudia agertzen zitzaidan, behin eta berriz: ene mugarri nagusia!


Eta pasa nuen tren-zubia, eta ezkerraldean «Gurutzia» ostatua utzita, eskuinera joan nintzen; eta hain maite nuen Getharia-ko talaitik bezala, uraz gaineko harroketan barrena, olatuak, olatu apartsuak, elkarren segidan lehertzen ari ikusi nituen.

-«goiz geldi epel hartan,
Itsasoari adiorik erran gabe
aurrean genuen Itsasoaz oroitu ere gabe
goiz geldi epel hartan... polliki-polliki
gintunan joan
bi biok»...


Eta, egia da, aitor dut, biharamunean oroitu nintzen Itsasoaz... biharamunean bertan, bai; baina ez lehenago. Egia hutsa!

Eta nolako bakardadea Getharian, biharamun hartan! Zein hutsa talaitxoa! Zein zabala, betea eta urdina aurrekaldeko Itsasoa! Olatu apartsuen ilara azkengabe hartan, nolako malenkonia!

Eta esaldi hura gelditu zen nigan betirako iltzaturik: eguzkia agertu orduko, poesia iraungi...

Itsaso berrituari so paratu nintzen biharamun goiz hartan, tristaturik, egiaren latzak argiturik. Eta poeta anaiaren mezu bikaina entzun; eta zinez, eta lehenengo aldiz nik uste, errotik ulertu eta sinetsi nuen. Ahots lakar hura enea zen benetan biharamun hartan:

«Maite ditut
maite
gure bazterrak,
lanbroak
izkutatzen dizkidanean
zer izkutatzen duen
ez didanean ikusten uzten,
orduan hasten bainaiz
izkutukoa...
nere barruan bizten diren
bazter miresgariak
ikusten»...


... eta Txubillo-ko pinu-adaburu kulunkariez oroitu nintzen; eta udazkeneko arratsalde askotan niri, ibiltari bakarti honi, tarteetan ageri ohi zitzaidan Itsaso zabalaz. Baita goiz geldi epel haren ondoko gau kiskalgarrian nigan sartutako ezpata ezti haietaz ere: «beti», «sekula ez»...


Eta higuinduta, hau esan nuen:

-Geronek ezarritakoaz kanpo, ezer ez!... Hutsa eta behera-beharra, geure liluraz eta olerkiez apaindu, hornitu... estali! Gogorra giza-patua!

Eta ilundu egin zen zerua bapatean, eklipseetan baino aisa aguroago.

-Itsas-mugaz bestaldera -ilunaldi berrian ni goraki mintzatu ustez, baina ene hitzak eztarri minberatik ozta-ozta irteten zirela- Itsas-mugaz bestaldera, urdin Oskarbia... Hots, Oskarbia, eta beronen urdin aratz sakona, gizonaren lilura-iturri azkengabe hori...

Ezin jarrai.

-Gizonaren lilura-iturri azkengabe hori, Oskarbia... hutsik dago!... Bazter miresgarriak nigan daude... inon ez daude. Ez bainaiz ni, zinez, udazkeneko orbela baizik!!

Eta zirrara lazgarri batek inarrosi ninduen:

-Baztergabea... betierekoa... hutsik... hutsak... hitzak... hitz hutsak!... Horra gure bazka!

Eta lurrera bota nuen neure burua, zakarkiro, ahal nuen eta basakienik; harrokaren kontra neure kopeta kraskatu, neure garuna kaskezurretik jauzarazi, eta harrokazko zelai gupidagabeko artezietara eta arrailduretara, liskatsu, odoltsu, lerratzen ikustekotan... eta kordea, eta bizia bera (zergatik ez bizia?), eta neure azken haize bala geldikor hura, galdu nahiz.

Baina oinaze izugarria harturik ere, ez nuen kordokatzea lortu; are gutxiago neure buruaz beste egitea. Eta harkaitsuago iruditu zitzaidan Ahüñemendi ondoko eremua.

Eta kolamuts betean, nik uste, eta buruko minak gorputz guztia burura biltzen zidalarik, erantsi nuen:

-Baztergabea... betirako bakarral... Ezereza... Zer da, horretaz, mamu ilara erotzaile hau?

Ba bide nekusan anaiaren ikuspen berbera: «esa fatídica procesión de fantasmas que van de la Nada a la Nada».

Eta harkaitzarteko arrailduretan nekez hazten zen aukan bestalderako bidaian atzeman uste nuen neure burua: «Etsi ezak. Ezereza gainditu ezina duk».

Nork idaroki ote zidan niri, bada, osotasuna eta bururaino heltzea nahi nituela nik azken funtsean? Zerk edo nork desbideratu eta errebelatu ninduen ni honen errotik gaztaroaren ilunabarrean?

-Baniak betirako -entzun nuen berriro mortu harrizu zabalean lehengo ahots ikaragarria, eguna zabaldu ahala ozenago-. Baniak, bai; eta, aldegin aurretik, nik esango diat nor.

Min ematen zidaten bi begiek.

-Heuk duk saldu, heuk duk errebelatu heure burua. Ez hitaz kanpo xerka madarikagarririk; ez zegok eta. Higan izkutaturik, baina beti ere gidari eta eragile, datzan jainkoak itsutu hinduen. Zergatik tristatzen hinduen, Irailean, mendi mazeletako txilartza apalen more zabalak? Oroitzen al haiz? Txilar-lorea, udazkenaren aintzindari. Eta hik udazkena nahi ez; udazkenik nahi ez, hobe. Larrazken hosto eihartuen kide umila izan nahi ez hik... Zergatik ez, ordea?

Eta segundo batzuren ondotik:

-Entzun ongi! Mugarik eza, beltzaren trinkoan eta hutsunean duk sakon, mugagabe eta ezinago eskerga; ez, ordea, besterik ezertan. Eihartzeko eta lehortzeko ikarak asaldatzen hinduen, eta orain ere asaldatzen hau. Orbelaren izakidetasuna ezin hik onar. Orbela zapaltzea atsegin zaik, halere... Haize bala azkarretan, bestalde, orbelaren hegaldatzea gertatzen da inoiz. Ez duka behin ere ikusi, zirimolatan gora? Menturaz hi heu ere, orbel eta, hire zelai behere horretan haize balak daudeno, aidean gora hegaldatuko haiz.

Eta Itsas-orroaz mintzatua zen ahots gorgarria betirako isildu zen. Betirako.

Eta malkorik ezean, eguzkia zeruan gora ari zen artean, harroka arrean egon nintzen luzaroan, bertan eserita; eta oka egin beharrez, baina oka ezin eginik.

Eta neke akitzailea, azkenean, mendi-mendiko eguzkiaren beroa lagun, goragalerik bortitzenei ere nagusitu zitzaien.

Eta Ahüñemendiko tontorra izan zen ene loaldi haren lekuko bakarra.


1987
Peru Leartzako
Elkar
1986
Leturia (ingelesera)
Beramar S.A.
1985-07-28
Elsa Scheelen
Txillardegik nobelari bezala idatzitako hirugarren lana dugu hau, 69.ean egina. Elsa Scheelen Bruselasen bizi den emakumea dugu, gazte xamarra, ezkondua eta arazo zenbait daukana. Senarrarekin ongi konpondu ez eta antzekoak. Egileak beraz, arazoak dauzkan XX. mendeko bigarren erdiko emakume baten arazoak eta sikolojia adierazi nahi dizkigu. Baina Sarasola kritikoaren ustez pertsonaje hau zail antxa edo zaiolako, irtenbide bezala apez bat tartean sartuko du, bere nobelan zehar nagusi gertatzeraino. Ondorioz, nobela bat baino, bi direla dio Sarasolak.

Elsa Scheelen bi aurrenak baino nobela lortuagotzat daukate gehienek, hau idazten duenak horrela uste ez badu ere. Elsari dagokion narrazioa motelagotzen den ber, apezarena sartzen da eta gauzak hobeki doaz, hobe moldatzen da egilea pertsonajetzat apeza hartuz.

Aipatzekoa da ere, eta beti Sarasolari jarraiki, beste bi nobeletan narradorea pertsonajea bera baldin bazen (Txillardegiren nobelagintza ikasi dugunok ez dugu besterik entzun eskolan), hirugarren honetan tradiziozko narradore-egilearengana itzultzen dela Txillardegi.

Bukatzeko, nobelan erabiltzen den euskara oso goretsia izan dela aitatu.
1985-06-02
Kosmodromo
Txillardegik 1957, 1958 eta 1969. urtetan idatzitako lau ipuinen bilduma dugu honako liburuxka. Bi “Egan” aldizkarian atereak dira eta beste hirugarren bat flamenkeraz. Halarik ere, euskaldunok oso zaila genuen ipuin hauek eskuratzea eta argitaratu egin dira atzera ere.

Bata motza bestea luzea eta beste biak neurri ertainekoak. Bada bat, gizakia ilargira aurreneko aldiz iritsi zen garaian idatzia. Honek, gizakia robotak nola desumanizatu duen ematen digu aditzera, sendimenduen mugaketa razionalak dakartzan arriskuak salatuz. Bada beste bat, denetan motzena, Piarres deitutako mutiko gaiso batez diharduena. Bere eritasunerako ez dago ez osalaririk ez eta osagairik. Hasi dira bata eta bestea honen gaisotasunak igerri nahiean bera bakean utzi gabe. Ipuinak badu oinarri kritiko nabarmena. “Orangutanen ugartea” deritzana 1957.ean idatzia da, eta bertan, erlijioaren inguruko gogoeta bortitzez gain, gizakia eta animalia eta piztia beldurgarrien arteko antzekotasun errelatiboa ageri zaigu. “Eta ez ziren sekula itzuli”, 69. urtean izkiriatutako ipuin luzea dugu, flamenkeraz aspaldian ageri zena. Ipuinean barrena, Lapurdiko baserritar batek, mugerretar batek dauzkan buruhauste eta bakardade minak ikus daitezke. Honek ere, aurreko hirurek legez badu kritika izateko asmorik. Argi argia ageri zaizkigu Bidasoaz bestaldeko euskaldunek abertzaletasunaz dituzten burutapenak, edota, lanik eza dela eta Ameriketa aldera hanka egin beharra, turisten aurrean dantzariz jantzita agertu beharra ez denean. Ipuin honek duen oinarri ideologikoari, dena dela, jazki literario oso lortua antzematen zaio, gertaera erdiragarriak artoski azaltzen baititu idazleak. Hau da guri, gure subjetiboan, kontaeraren egituragatik nahiz beste arrazoi batzugatik, gehien gustatu zaiguna, arront igertzen baita besteetan ideologiaren zama. Halabainan, ipuin hauek kalean, joandako garai batzuren ordezkari egiati.
1985
Elsa Scheelen
Elkar
1985
Euskal azentuaz
Elkar
1985
Gertakarien lekuko
Hiria
1984
Elebidun gizartearen azterketa matematikoa
UEU
1984
Euskal kulturaren zapalketa 1956-1981
Elkar
1984
Kosmodromo
Haranburu Editor
1983
Huntaz eta hartaz
Elkar
1980-03-02
Haizeaz bestaldetik (Txillardegi)
Iaz agertutako liburu hau, aurrerakoekin hamar urtetako aldia izanik, laugarren “txillardegikumetxoa” dugu, literatur idazlanei bagagozkie behintzat. Arrazoi nahikoa da hau euskal letren mundutxoan gabiltzanon begiak haren orrialdetara bultzarazteko. Eta pazientzia apur bat eta pote batzuen laguntzaz horrelako tamainako enpresa aurrera bukatu arte eraman ahal izan dugunok, zorte berdina ukan gabe, bide erdian etsi behar izan dutenekiko elkartasuna adierazteko beharrean aurkitzen gara. Benetan zaila gertatzen bait da idazti honen irakurketa, Txillardegik berezko duen zailtasun linguistikoari zailtasun sinboliko eta literario bat gehitu behar bait zaio honetan.

“Haizeaz bestaldetik” liburuan aldez aurretik nobelaren kontzepzioa zalantzan jartzen da —literatur generoen betiko eztabaida nolabait mamituz— zaila gertatzen bait da, geroago ikusiko dugunez, termino generiko baten azpian ezartzea Txillardegiren idazlan hau. “Haizeaz bestaldetik” nobelan ez zaigu gertaera edo historia bat (zentzu tradizionalean hartuz) kondatzen, baizik eta sinbolo mundua eta gertaera itxura duten elemendu batzuen sinbiosiaren bitartez, Txillardegiren nobelagintzan ohizkoak diren giza arazoak tratatu nahi izan ditu idazleak. Beraz nobela tradizionalaren elemenduak —pertsonaiak, denbora, lekuak, e.a.— sinbolikoak bihurtuz nobelaren mugak poesiaren mugetara hurbiltzen dira idazlan honetan. Egitura ere sinbolikoa bilakatzen du egileak nobela honetan. Zazpi aldiz zazpi kapituluz egina dago liburuaren azaleko egitura, liburuaren bukaera hasera bihurtuz, eta honela egitura guztiz zikliko eta sinboliko bat lortuz. Nobelaren sinbolismoa kontraezarketa binario baten gainean eraikita dago: itsasoa (infinitoa, mugagabea, mogimenduz beteta) eta lakua (finitoa, mugatua, geldia) eta bi elemendu hauetatik abiatuz sinbolo mundu guztia eraikitzen du; beste elemenduak, itsasoari eta lakuari dagozkien neurrian izango dira adierazgarri eta baliodunak. Nobelaren mamia —mamirik baldin bada— finito eta infinitoaren —materialismo eta traszendentziaren— arteko ibilaldi neketsua dela esan genezake. Neurri handi batean —aurreko nobeletako neurri berean— kutsu biografiko batez idatzita dago, sendimenduak eta bizipenak biografi metafisiko baten bidez adieraziz. Interpretapen zentzu berdinean ulertu behar dira azaltzen diren toponimiak ere (Soustons, Getharia, Igeldo). Bi elemendu hoien arteko ibilaldi edo bidaian, ametsak eta oroitzapenak azaltzen dira ugari, oposizio, pilaketa eta errepikak nobelan zehar hainbat aldiz erabiliz.

Azken nobela hau beste aurreko hiruren aurrean ezartzen badugu berehala ikusten da izugarrizko aldaketa eta ezberdintasunak daudela, forma planteiamenduen aldetik batik bat —preokupazio eta kezka filosofikoak berdinak bait dira denetan—. Narratzailea erabat baztertu eta aldatu du, narrazio haria guztiz apurtuta gelditzen da, eta idazlea molde tradizionaletatik libre dago molde berriak asmatzearren. Honen zergatia edo arrazoia, haustura erradikal horren arrazoia alegia, aurkitu nahi balitz, aski genuke Txillardegik eraman duen desarrollo literarioa begiratuz. Nire iritziz, frustrazioaren semea dugu “Haizeaz bestaldetik”. “Leturia”ren bitartez bide berriak kasualitatez asmatu zituen idazle bat, kritikak hankaz gora uzten du geroko bi nobelaren —”Peru” eta “Elsa”— hankasartzeengatik. Horregatik sortzen den frustrazioaren erreakzio bezala, lehengo hankasartzeei ihes egin nahi dien gauza erabat berri bat egin nahi izan du Txillardegik. Gehiegizko hertsitasun batean erori dela aitortu behar, nire ustez. Baina fruitua hor dago, bere ukaezinezko garrantzi eta funtzioaz.
1980
Euskal Fonologia
Ediciones Vascas
1979-09
Elsa Scheelen
Irakurri berria dut Elsa Scheelen. Arrazoiez esan dute, Ibon Sarasolak eta bestek, elaberriak eta euskal literatura, aurrera joko badute, kritikaren beharrean daudela.

Berriki Bernardo Atxaga ere euskal kritikaren ezaz arrenkuratzen zen. Zoritxarrez, kritika idazlearen ideologari begira egin izan ohi da sarritan.

Neu kritika hontan Txillardegiren euskarari ohartxo batzu egitera mugatuko naiz. Egitura eta formari buruz Sarasolak eman zuen bere eritzia “Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza” saioan.

Zenbait puntutan ezik, bat nator hot azaltzen diren eritziekin. Jakingarria da saio hori, bere laburtasuna gorabehera.

Elsa Scheelenen euskara

Txillardegik (bere gramatika lan txalogarriez gain) bide berriak ebaki ditu euskal elaberrigintzan. Euskara gaurko gizartearen eguneroko bizitzarekin konfrontatu du.

Halere, nahiko akats aurki daiteke Elsa Scheelen elaberrian. Gogoeta ilunetan Txillardegiren euskara bikainki dirdiratzen den bezala, eguneroko euskaran, gauzarik erraxenak esan behar diren unetan, orduantxe hain zuzen ere, irristatzen da eta laprastatzen:

“Elsa sukaldera abiatu zan ur baso bat edatera” 14 or.

Erdaraz: “Elsa se dirigió a la cocina a beber un vaso de los que se usan para agua”.

Berak, ordea, besterik esan nahi zuen:

“Elsa… baso bat ur, baso bat bete ur edatera”…

Hau da, euskara gaurko mundu korapilatsu hontarako gai egin nahi izateko asmo jator hortan garaile ateratzen den bitartean, oso zalantzatan jartzen naiz ni Txillardegi iritsi ote den eguneroko euskara aspaldidanik jasoa zegoen mailara.

Egia esan, Fernando Mendizabal, Salbador Garmendia, Mikel Zarate… ez dira sartu Txillardegi murgildu den arazo sakon-latzetan. Berriz ere esan beharra dago, hor datzala Txillardegiren meritu bat.

Idazle haiek, ordea, maisuki, indarrez eta euskara beteaz idazten duten alorretan, Txillardegi moteltxoago ikusten dugu. Has gaitezen zenbait puntu orokorrekin.

Hitzen errepikatzea

eta

Elsa Scheelen-en aurkitzen diren eta gehienak lapitzez azpimarratzeko pazientzia hartu dut: asko dira sobran daudenak.

Dozenaka eta dozenaka dira eta-rekin hasten diren esaldiak. Kontakizuna oso moteltzen dute:

“Eta zure zai hurtan gosetu egin naiz, eta umorea arras galdu ere bai… Eta sukaldera joan; eta sagar bat zuritzen eta jaten hasi zan” 11 or.

Ia orrialde guzttietan ditugu holako exenpluak (Ikus batez ere 13, 22, 46, 116, 119, 124, 137, 139, 145, 156, 194, 203, 204, 219, 227, 236, or.).

Eta honekin elaberriari ez dagokion doinu biblikoa eransten zaio:

“Eta nor da, Iauna, sinhets decadan hura baithan? Eta erran ciecon Iesusek, eta ikussi duc hura, eta hirekin minco dena duk hura. Eta harc dio, Sinhesten diat, Iauna. Eta adora cecan hura. Eta erran cecan Iesusek…” Leicar. Ioan. 9, 36-39.

antzeman

Nahasketatxoa ikusten dugu hitz hau erabiltzerakoan. Antzeman eta atzeman (atxeman) nahastu egiten dituela dirudi.

Gogortxo gelditzen dira aditz honekin jositako esaldiak. Herriak ez ditu erabiltzen modu hortara:

“Oraingoz ez dut joaterik antzematen” (29 or.). “Begirada igeskor hura faltsu antzeman zuen” (34 or.). “Bezero asko baino legunago… antzematen zaitut” (223; ikus 14, 27, 53, 69, 79, 82, 125 or.).

Herriak, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan antzeman datiboarekin erabiltzen du:

“Antzeman dizut”. “Begirada… hura faltsu zela antzeman zion”.

Txillardegik bestetan atzeman darabil:

“Elsa egoera berriaz nagusiturik atzeman uste zuten” 73 (Ikus 182 or.).

begiratu

Begiratu beste inon entzun edo irakurri ez dudan modura erabiltzen du.

Begiratu-k bi esanahi ditu: a) mirar: datiboarekin. Juanitori begiratu nion; b) guardar, custodiar, etab. akusatiboarekin: begira gaitzatzu gaitzetik. Amen.

Liburu hontan, ordea, ia beti, “mirar” esateko, akusatiboa erabiltzen da:

zerua begiratu zuen 193; zerura begiratu zuen.

Elsak bere erloju ñiminoa begiratu zuen 9. (Ikus 28, 41, 46, 113, 125 or.).

baina

Sarriegi erabiltzen da baina. Ordea, ostera… erabiliz prosa aberatsago eta zauliago litzateke.

barrena

Zenbait pasartetan, barrena hitzarekin gozagaitz loturik dauden sintagma batzu edireiten dira: bazkarian barrena 208 / bazkal denboran

bizieran barrena 13

korridorearen barrena urrundu zan 161 / korridorean barrena

zehar

Berdintsu zehar hitzari buruz:

gauean zehar 46 / gau osoan, gau guztian

bera

Hitz hau batzutan trakets erabiltzen da; herriak darabilen bestaldera.

Ukkel’go bereko bezero anitz joaten zitzaion 23 / Ukkel’en bertako bezero.. edo Ukkel’(e)tik ere…

Maredous’ko bereko edari-botilla bat? 195 / Maredous’en bertako…

Emakumetan beretan 27, zerbitzarietan beretan 30, begietan beretan, lenengo unetik beretik 77, bakartadea… eskaparate jendetsuen beren aurrean 110; (ikus 20, 23, 47, 53, 87, 104).

Herriak holakoetan, gehienetan ere erabiliko luke: emakumetan ere… eskaparate jendetsuen aurrean ere. Beste kasu batzu:

gaur berean 201 / gaur berton

oraintxe berean 215 / oraintxe berton

ohe ertzeraino bereraino 12 / ohe ertze ertzeraino

ohartze berean 212 / ohartu orduko

esate berean 246 / esan orduko.

Azken bi kasu hauetan, ohartze berean eta ohartu orduko, gauza bana direla esan lezake norbaitek. Baliteke, baina horko pasarteetan, euskaldun batek bigarren modura esango luke, nire ustez.

orain

Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait baserritan entzun izan dudanez, orain, oraindik eta abar, orainaldirako bakarrik erabiltzen dituzte. Fernando Mendizabalek (eta beste batzuek) oso ederki betetzen du gaur egun ere bizirik dagoen lege hau. Axular, ordea, hastandu egiten da bide hontatik. Adibide batzu:

Orain bere buruaz ikasia zekien / Orduan bere buruaz ikasia zekien (ikus 157).

Hitzak aidean zeuden oraindik 18 / …aidean zeuden artean.

Beste xehetasun bat. Gazteleraz “todavía” moduzko adberbio bezala erabiltzen da. Euskaraz, ordea, oraindik hitzak ez du berez holako sentidurik:

oraindik ere uzkurrago eta etxekoiago 111 / are uzkurrago… (ikus 124, 143, 158, 187, 190, 203). Gauza bera esan behar da oraingo (100) eta oraingoan (232, 241) hitzei buruz.

Zabartxo dauden beste esaldi batzu

Urratzeko zai 133 / urratu zai, noiz urratuko zai

Urratzeko zai aktibo da. Pasarteak, ordea, pasibotasuna eskatzen du.

gidoina helduta 43 / gidoinari helduta

aldameneko hauzokoa 114 / eguzkitan egonean 118

Lehenbiziko esaldia, batik bat, euskalgaitz iruditzen zait.

Esther’en haragizkoak ziran 26 / odolekoak, odol berekoak

aurtiki 47: arrojar, baina ez vomitar, hor erabiltzen den bezala.

iraunduko 98 / iraungo

ez da sekula santan itxaron behar emakume bat 236 / …itxaron behar emakume bati

esan zuen frantsesera kaskarrean 97 / frantsesera kaskarrez

hemen bizi zaitezke 94 / hemen bai ongi bizi zaitezkeela

gora igotzekotan egon zan zalantzan 162 / ?

Elsa, hemeretzi edo hogei (urte) dituzula ematen du 104 / … dituzula ematen duzu

hirurogeietan laister abiatuta 68 / hirurogetaka urte laster egingo zituen (Ikus 23, 44, 68, 161)

platerak ia osorik bihurtu zituen atzera 208 / platerak ia ezer jan gabe bihurtu zituen atzera. Besteak hauxe esan nahi du: devolvió los platos casi sin rotura alguna.

Hire “senar” hori Flandre’ko kastako seme da 67 / …dun

Luc’en arnasa beroak ez baitzion bizkarra iristen 13 / …ez zitzaion bizkarrera iristen.

Luc’ek maite duen Antwerpe’ko kaietako tegiek 26 / dituen

(nik) pairatzen duten 104 / Toki askotan halaxe esaten du herriak. Pertsonak ez nahasteko, ordea, hobe: dudan.

bat

Baserrietan, erdaraz ez dakitenekin hitz eginez gero, bat gure aldean (bost urteko Filologia karrera egin dugunon aldean) bakanago erabiltzen dutela kontura gaitezke; batez ere beste numeral bati kontrajartzeko, alegia; indefinido bezala gutxiagotan.

ez zuen halako aukera bat galduko 153 / halako aukera

ar bat behar dudalakoan 178 / arra behar dudalakoan

baso bat eta beste bat 46 / bat eta bestea

hau

Hau, hunen… gehiegitxo ikusten ditugu.

Vanhamme poztu egin zan hauek Elsa’ren aurrean entzunda 94; eta hunen begi nabar illunek… asaldatu zuten. Baina hunek bere zakarreriari eusten zion xamurraldietan; eta huni esker, Elsak ez zuen berandu arte ezer nabaitu 24

kolpe latz bat izan zan hau Pierre’rentzat 218 / kolpe latza Pierre’rentzat

Eta hau gizon batengan nabaitzea 175

Esaldi gogortxoak

ohe-aurrea zan 58 / ohera aurrekoa zan. ohe aurrea: la parte delantera de la cama, baina liburuan besterik esan nahi da: neskatxaren dantza izorratzen hasteko prestaketa zela.

etxea polliki polliki antolatuz joatea erabaki zuen 73 / etxea polliki polliki antolatzea erabaki zuen

buruko oiñaze ikaragarriaz minduta 46 / buruko min ikaragarriekin

Elsa’k arreta guztiz at 21 / ?

De Potter jaunari buruz, maiz pentsatu dut 239 / Zer pentsatu? Hobeto: De Potter jaunari buruz maiz egin izan dut gogoeta… pentsatzen jarri naiz…

hitz asko, bai, motorraren soinuan nahasirik 247 / … motorraren soinuarekin (soinuaz?) nahasirik

afarira joan ohi zan 44 / afaltzera…

atzera eta aurrera asi ziran ezin egonak eraginik 186 / … ziran ezin egonda, ezin egonez

esankizuna, dana dala, esanik zegoen 200 / halere, esanak esan

sendimendurik gaueko atseginik gabe ez dago 215 / ?

ezkonduak eta aita-familiako 93 / ?

gauza askoren gabea 118 / … askoren hutsunea, hutsa… gabe gelditu naiz (eta antzekoak) esan ohi da. Gabe-ren aurretik sustantiboak inesiboan erabiltzen direnik ez dut uste.

baina hortara entzun zuenean 37 / zenbait tokitan hortara, “por lo tanto” adierazteko erabiltzen dute.

gogorik batere gabe oheko atsegin hits hartara… zer esan? 118 / hartaz… zer esan?

Elsaren mundua… hestutu egiten zitzaion 128 / Elsari

Gero eta jende gutxiagorekin hitzegiten zuen: “Hektos” neko irakasleak, eta etxe ondoko dendari batzuk 128 / eneko irakasleekin… eta … batzu(e)kin

gizona goseak hiltzen dan herrietan 138 / goseak hiltzen dagoen, goseak hiltzen duen…

Pierrek, tristurak gainditurik gogoratzen zan… begi nabar illun maitatu haietaz, doillor eta kupidagabe, behin ere baino ederrago eta urrutiago… 178

a) Pierre gogoratzen zan

b) … urrutiago zeuden haietaz. Bestela ba dirudi, doillor eta kupidagabe Pierre bera dela.

Joskera zaila dago esaldi hontan:

Paguerettes’ko gela epelean emakume mikaztu bat eta lehengo aldiz gizon on bat, gizanegarraren eresia entzun zitekean, etsia, gaueko illuntasunean bakardadean ari”. 179.

Non dago emakume eta gizon hoien aditza?

Elaberi hontan esaldi asko bukatzen dira ari hitzarekin, elipsis eginez.

Bestalde Txillardegik bide, norberaren eritzia adierazteko erabiltzen du:

“ezagutzen bide zituen” 134 (ikus passim). Positiboa izan daiteke.

pareta lanpara bati so pausatu zitzaion begirada Elsa’ri 53 /

Elsa’ren zorion lodi hura… igesi zijoakiola nabaitzen zuen / Elsa’k

Gizonek ez dute inoiz neurtuko nere huntan emakume batek jasaten duen kolpe latza norainokoa dan… 80 / Nola elkartu bere eta batek?

Batzutan, esaldiaten erritmoak beste paralelismoa eskatuko luke:

legea ez da sortu gizonen zerbitzuko, paperen laguntzaile baizik 122 / … paperei laguntzeko baizik

hizkuntzaz… giroaz, alde guztietatik hitz batez 26 /

sinistu ezina zuri izanik ere 96 / sinesgaitz bazaizu ere

edozein gizonen besoetara nere burua aurtikitzeko zoratzen naizela iruditzen zaie 103 / zoratzen nagoela

besoetara burua aurtiki?

Ba zeukan aurrerakoan gauetan zer irakurririk 48 / Handik aurrerako gauetan ba zeukan… edo aurrera ba zeukan gauetan…

Luc’en muntatutako “Modern garajeak… 15/ Luc’ek

ez zan sekula entzun “Jaungoiko” hitza birau egiteko ezpada 38 / ezpazen

hemezortzi-hogei urtekoa 58 / Halaxe erabiltzen dute Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko baserrietan 93 / Beste toki guztietan urtetakoa erabilzen da elaberri hontan, mugagabetasuna kontuan harturik.

aukera hura baliatu 99 / aukera hartaz baliatu

eguraldia zoragarri mamitu illuntzerakoan / 93 jarri

joera guzietarako litxarkeriarik 93 / aukera guztietako

Luc’en partez horrelakorik espero ez zuelarik 18 / Luc’en gandik.

batzutan jotzeko gogoa nuen 65 / izaten nuen; jotzeko gogoa ematen zidan

Askotan… afaltzeko gogo haundirik ez zuen / ez zuen izaten

giroa ondurik zegoela igarri zuen 200 / igarri zion

eta gero, uste zuen bederen 217 / eta gero, halaxe uste zuen bederen

Nornahi izanik ere Elsak ez zuen ideki nahi 234 / Iñori ere ez zion Elsak ideki nahi

gogoz ferekatzen zuen… azkura 236 /

Nafarroa eta Gipuzkoako zenbait baserritan (bestetan ez) pertsonaz mintzo direla azala erabiltzen dute. Larrua, ostera, abere eta beste animalientzat bakarrik

Elsa Scheelen hontan pertsonarentzat ere. Axularrek ere (Ikus 34, 37, 179, 181).

emaizkidazu hamar minutu 51 / utzi…

Zergatik ez beretara jo? 53 / berak jo?

heure etxe propioa 68 / heure esanez gero, propioa erantsi?

Goazen piska bat alaitzera 132 / Norbait alaitzera ala alai (tu) gaitezen piska bat? Bigarrena eskatzen du pasarteak.

ez baitzuen ezer ulertu Elsak esandakoaz 134 / Erdal usaina aditzen diot esaldi honi: Elsak esandakorik ezer ez baitzuen ulertu.

oker zegoen, jeixterakoan kokatu izan balitz bezela 209 / kokatu ala trabatu?

agiriko harriz eraikitako hesi bat 92 / harri biziz

Elsak ez zuen ezer besterik entzun 9 / ez zuen besterik ezer (besterik deus) entzun.

Iñor ez aspertzeko, bukatu egingo dut.

Azken hitzak

Goraxeago esan dugunez, Txillardegi izan da euskara mendua gizarte modernoaren enborrean txertatzen lehenetakoa.

Elaberri hontan ere urrats haundia eman du. Bai kanpoko, naturalezaren edo paisajearen deskripzioei, bai eta arima barrutiko giro ubelak azaltzeari beldurrik gabe ekin dio. Hurrengo idazleentzat bidea erakitzen ihardun du bipilki.

Txillardegiren beste alderdi positiboa: gehien gehienetan joskeraren (sintaxis) legeak oso ederki betetzen ditu.

Konparaketa bat egin daiteke: Anjel Lertxundiren edo Ramon Saizarbitoriaren euskara naturalago, eguneroko biziari lotuago da. Txillardegiren euskara joriago, aberatsago da. Batzutan euskararen norma ez ezik, euskararen sistema bera ere lardaskatu arren, euskal gramatikak eskaintzen dituen posibilitateez baliatzen antzetsu ikusten dugu Txillardegi.
1979
Fonologiaren matematikuntza
UEU
1979
Haizeaz bestaldetik
Egileak
1978
Euskal Herritik erdal herrietara
(Egile editore)
1977
Oinarri bila
Irakur Sail
1974
Euskara batua zertan den
Jakin
1972
Hizkuntza eta Pentsakera
Gero
1970-08-30
Sustrai bila
Kritikatxo hau humorez hasten baldin badut, zilegi izanen zait gero azkenean desumorez bukatzea. Zeren Larresororen goitizenaren atzean ezkutatzen den euskaltzale fin eta zintzoa jakintsuaren aipuak irabazten ari da azken bolada honetan, batez ere Bordeleko unibertsidadean ematen dituen euskal klaseak gatik, honela, gure idazle hoberenaren sonari orain gramatikalari burutsuarena gaineratzen diola. Eta denok dakigu nola jakintsu klasikoek sustraiak eta gainerako tuberkuluak biltzen zituzten bere janaritzat. Ez da harritzekoa, beraz, Larresoro bere liburu honetan sustrai bila baldin badatorkigu.

Birtuteak eta akatsak

Liburu honek, gizonaren eskutik ateratako frutu guztiak bezala, bere birtuteak ditu, eta bere akatsak. Erromana bateko plater batean birtuteak eta bestean akatsak pisatzen baldin baditugu, lehena erortzen baldin bada behera, gizonaren egintza ona dateke; eta zenbatenaz eta pizkorrago erortzen den, hanbatenaz eta hobea dateke. Eta Larresororen obra guztietan, haren hiru nobeletan (Leturia, Leartzako eta Elsa) eta batez ere haren saio-liburuan (Huntaz eta Hartaz), birtuteetako platera ez da behera amultsuki jausten edo eroso erortzen, supitoki eta terrepente egiten da amildu.

Ni nerau ez omen naiz oso gizon lisontxaria. Ene aurpegi hasarratua (hala iruditzen zait, Pelay Orozkoren azken pitxikeriak irakurrita gero), atsoen ipuin izugarri bat bilakatu omen da (guti barru, amek lo egin nahi ez duten haurrei Aresti datorrela esan beharko diete). Fama hau sortu dautatenez gero, ez naiz hemen Larresororen laudoriotan hasiko, haren merezimendu merezituak aski klar eta gora mintzo baitira berez. Alderantziz, haren akats batzuk harrotuko ditut, irakurleak ikus dezan, nola, guztiz harroturik ere, ez-gauza diren, apur amatxiñi eta axola-gabe diren, eta ez inola ere haren birtute birtutetsua hain gora aipatuak itzal edo desargitzekoak.

Helburu bikoitza

Lehena hauxe da, eta funtsezko gauza denez gero, liburuaren giharrari berari eta agian idazlearen ideologiari dagokionez gero, ene iritzian akatsik larriena da. Liburuaren hatsapenean bertan honela baitiosku Larresorok ” …gure euskalkiok funtsean bat egiten dituena ager-arazi eta ezagut-arazi beharra dago; eta, era berean, euskalki guztiok erderatik berezten dituena”. Helburu bikoitz honek (hala dio berak) motibatu baitu liburua.

Helburuaren lehen partea txit ongi iruditzen zait, hori baita euskeraren batasuna lortzeko bide bakarra, hizkuntzaren barreneko historia eta dialektoen arteko konparazioa. Baina bigarrena? Bildur haundia ukan diet nik beti halako perpausei. Zeren euskera, berez, ba da ezer, edo ezer baldin bada, zer hori bakarrik erderaren funtzioan dea? Dikotomia bat agertzen dauku hemen Larresorok EUSKERA/ERDERA. Baina erderak milaka daude munduan, eta euskera bat bakarra dago, edo dagoela nahi dugu. Edo erdera dioenean, gaztelania esan nahi dua? Mesedez, Gereñok esan dautan bezala, ez dezagun euskerarekin anti-erdera bat egin.

Huts xipi batzuk

Gainerako hutsetatik (arinagoak baitira) gaingiroki eta azalez aipatuko ditut hiru:

Inperatibo etorkizuna (ikus 138. orrialdean EGIZU/ EGIKEZU) bizkaitartzat ematen du, eta Mogelen eta Añibarroren exenpluak dakazkigu bakarrik. Euskera batu eta orokarrerako aditz-denbora hau proposatzen du, eta haren gutizia zilegitzat emateko da, baldin eta kontuan hartzen badugu lapurtarrez ere oso usantza haundikoa izan dela. Etxeberri Ziburukoak ugari ekartzen dauzkigu halako formak, eta Etxeberri Sarakoaren latin gramatikan ehundaka datoz, milaka ez bada.

Beste alde batetik ERITZI aditzaren konjugazioa gaizki dakar Larresorok : Honela baitio “deritzat” lehen pertsona datiboa dela; eta ez da horrela, adizki hori hirugarren datiboa eta lehen aktiboa baita. Aditz horrek konjugazioaren joko guztia daduka aktiborako eta datiborako; baina pasiborako defektibo da, hirugarren pertsona plurala baizik ez baitu. Honela: NIK HIRI DERITZAAT (DERITZANAT), HARI DERITZAT, HIK NIRI DERIZTAK, DERIZTAN, HARI DERITZAK, DERITZAN, HARK NIRI DERIZT, HIRI DERIZK (DERIZNA), HARI DERITZA…

Desumoratzen nauen kapitulua

Beste kapitulu bat daduka Larresororen liburuak, ni, hasieran esan dudan bezala, desumoratzen nauena. Erdi-hasarre akaba dezadan neure kritika hau, baldin ENE/ NEURE eta gainerako izan-orde pareen berezkuntza ukitzen baldin badut. Berezkuntza hau, nahiz eta maiz platikatu baldin bada, hizkuntzaren estudio reflexo batean ez da seinalatu inoiz, eta ene eritzian txit balio haundikoa baita (latoizkoak baldin badira ere, erideleek bere joia aurkituei urre finezkoak balira bezala baiterizteza), guztiz laudatzekoa lizateke gure Larresoro, baldin bera izan balitz eridete honen kausantea; baina nola ez den, ez da hain laudatzekoa, bakarrik jende gehiagoren belarrietara hel-arazi duelako gramatika-erregela hau. Ez dut honekin esan nahi, indi-paboaren hegatsez bere burua hornitu nahi duen oilarra denik gure adiskidea; baina, beste kasu batzutan bezala, nondik hartua duen aipatu balu, ni ez nintzen izterbegitan muturtuko. Gainera NI/NEU eta gainerako pareen egiazko berezkuntzaz enteratuko zen. Dena dela, ba daki non nadukan.
1968
Elsa Scheelen
Kriselu
1965
Huntaz eta Hartaz
Goiztiri
1960
"Peru Leartza"ko Txillardegi´ren liburua
Barrenak ez dit agintzen ixillik egotea, liburu onek gaurko gazte-jendearen artean egin dezaken kaltearengatik. Leartza, liburu ontako giza-nagusia, europear biurtu zaigu, izurri gaizto batean, beintzat. Ez dugu emen olakorik bear. Naiko gaitz daukagu leen ere ta naiko kezka, oraingo gizaseme batzuei iruditzen ez ba’zaie ere. Ez uste izan gu, katolikuok, auzi orren berri gabe patxaran bizi geranik; oiek eta latzagoak ere jasaten ditugu gizonki, goiko laguntzarekin. Lengoak ikusi omen zuna: uri aundi batetik pasatzean, deabru bakarra omen zegon ateetan uritar guziak tentarazteko, eta geldi lanik gabe; baiña praille-Alkartegi batera iritxi zanean, bosteun deabru ari omen ziran lan eta lan, tentaketan, baten bat eroriazten ote zuten. Unamuno, Leartza ta olako oiek, guk aiña duda ta kezka izan ote dute fede-gauzetan? Ez diegu ohore ori emango. Santuago ta eraso geiago. Olakoetan, edo gogor eutsi, edo ez siñistu. Beste jarrera ori ez da batere filosofikua. Katolikuetan ere gerta oi dira banaka banaka erorikoak, filosofiari benaz ekitean, baiña gutxienak dira. Gure artean apaiz jendea da saiatuena gai ontan. Emen ditugu Zaragueta, Zubiri, M. Zubeldia, A. Alzo, Barandiaran… Leartza baiño saiatuagoak, baiñan ez dira kutsatu filosofi ustel orrekin. Leartzaren filosofia ustela ta merkea da: novela tzarretan ikasia. Jaun orrek ez du ukondorik urratu Aristotal istudiatzen. Au mutilla, oraindik ere, eskola nagusietan aipatzen eta istudiatzen dutena, bi milla ta laureun urte auetan. Metafisika-basoan dan zugatzik ederrena berak ezarri zuen, ousia. Leartzak ez du ametitzen ousia ori, ba-danik baldin ba’daki ere; baiña besteren agotik, Bergson’enetik ote? au esaten digu: “gauzetan ez dago ezer dirauenik”. Onela Bergson’ek itzez itz: “II n’y a pas de substances”. Eta gero: “mundua ez da ezer ni gabe”; “ba al da mundua ezer bere baitan?” (102 eta 118. orrialdeetan). Au ere Bergson’enetik artua diteke. Esaten baitu onek ere, “ni munduak sortarazten nau, ta berebat nik mundua sortarazten det”; alkar-sortze edo evolution creatrice da guzita; zer‘ik eta zerbait‘ik ez da; zerena edo zerbaitena, bai. Orain dala bi milla ta laureun urte, aurrak ere Grezia’n ti esaten zuten eta euskaldunak zer eta zerbait; eta emendik beste bi milla ta laureun urtetara, bi izkuntzak bizi ba’dira berebat esango dute. Iraizean, itz batzuk Bergson’engaz. Ni arrituta egoten naiz beti, kritikak nola jorratu ez dun geiago olako astapuzkeriak esan ditun gizona. Esaten ere du, gizona ekaia (materia) dala; l’etre, la cause, la liberté, la finalité, auzi ikaragarriak dirala ta ez dala oietan pentsatu bear: ce sont des problemes angoissants. Moral’a, berriz, gazteak ikararazteko superdreagnout omen da. Zer filosofu erosoa au! Auzi zaillak alde batera utzi. Ala ere, onela pake-pixka artzen ba’du, Leartza baino filosofuago da; au beti bere urduritasunera biurtzen baita, kakalardoa bere opiltxoetara bezela.

Leartza filosofian jantzia ez ba’dago, beste oinbeste erlijioan. “Jesusek piztu zuanean (sic piztu zanean ordez), ezpide zian tutik esan beste munduaz… Zergatik?” Piztu zan egunean zerura joan zan, lapur ona atzetik zula; baiñan andik egunero agertu zitzaien Apostolueri, berrogei egunez dagokala. Eta zertaz itzegin zien? — De regno Dei. Tutik esan ez, eta zeru-erriaz bestetaz ez mintzatu!!! Leartza jauna, gizonak astakirtena izatekotan, olakoxea nai luke. Kirtenkeri auek utzita goazen liburuaren euskerara.

Leartzak euskeraz ba-daki, ez gutxi ere: iztegi aberatsa du, esaera ere bai; ba du eragina, ba-du zartzua (garbo); ba ditu, parrafo bat baino geiago, euskal-idazlerik onenak bere egingo litukenak. Bakoitzari berea; bainan utsak ere ba’ditu erruz. 323 uts, irureunda ogeitiru, 152 orrialdetan. Lapitzez markaturik dauzkat liburuan bertan. Buruenak zazpi ditu, geienik berrizkotzen ditunak: 1) bere, bera, berak, beren, &, aren, ua, aiek, aien, ordez; 2) ere, ia beti oker darabil; 3) egon ordez izan; 4) egin (galdekizun edo inquisitivo ez danean ere); 5) adi-jabe edo sujeto’a -k’rekin edo ain gabe, naastu egiten ditu; 6) al, ala ordez ahal; 7) -la ordez -na, a. b.: badakit ala dana. Gure aldean ez det beinere entzun, eta belarrian miñ aundia ematen dit.

Egon ordez izan. Gure pizkundeko aurren-berri artan, zenbait idazle napar-euskalkira jotzen asi ziran, batez ere Orkaiztegi Jaunak Mendibururen Otoiz-gaiak argitara eman zitunean, edo Eleizalde’ren aholkuz, edo Aita Erroman Bera’ren adiskidegoz. Esaterako, gose naiz, egarri naiz, nago ordez. Gure egon eder onek ba du eginkizun jakiña, egoera adierazteko. Eguzkialdeko gure anaiak eta eguzkialdeko naparrak galdu dutelako, guk ez al diogu eutsi bear gureari?

Zazpi uts-mota auek, berrizkoak kopuratu ezkero, eun pasatxoak egingo ditutela nago. Beste gainerakoak alde batera utzita, leenbizikoa artuko det aztertzeko, irakaskizun aundia baitu. Lenengo 50 orrialdeetan ogei ta bost aldiz ateratzen du. Aspaldi ontan arau-billa ibilli naiz, eta bururako arau edo teoriakin ez det ezer iritxi. Orain egun batzuk, Leartza irakurtzen ari nintzala, arau bat asmatu nuun eskurakoa, edozeinek ondo erabilli dezakena, arrazoia atxikitzen ez ba’du ere: erderazko su, suyo orren aurretik, gizon, emakume, etxe gauza (noiz eta nola) ipini; bainan itz oieri -k atzetik erauntsi gabe; -k orrek uztarrerazi egiten baitu su, suyo ori, eta ordun bere bear du; da’rekin eta zan’ekin ez diteke uztartu, itsusi gelditzen baita; “etxe au berea da” ordez “gizonak etxe au berea du”. Ederki uztartzen da du‘rekin. Goazen esenpluetara:

“Olejua… igo nintzan bere ofizinara” (3?gn, orriald. azken lerroan). Ez diteke esan euskeraz igo nintzan (gizon) bere ofizinara, gizon aren ofizinara ordez. Gizon kendu eta kito. Obeto, bere ofizinara joan nintzaion, eta obeto, ofizinara joan nintzaion, bere kenduta.

“Olejua… kotxea artuta, bere (Monikaren) etxera joan zan”. (15-18). Kotxea artuta (emazteki) bere etxera joan zan; (emazketi) aren etxera.

“Bere ikarak atsegin eman zidan” (9-1). (Gizon) aren ikarak.

“Errodrigo… bere etxean dantza izango zuten”. (5-14). (Gizon) aren.

“Narda ematen zidaten bere kiñadak” (19-azken-ald.). (Gizon) aren.

“Bere lizunkeria zabarrak izkutatu egiten zuten bere zabartasuna (19-erditik beerago)… Aren, aren.

“Bistan zan (zegon) bere azalkeria” (7-azken-ald.). Gizon aren.

“Olejuaren aurpegi gorrixka… begi urdinak… bere abotsa… bere karraisiak… bere arrokeria” (22, azkenean). Au erdera uts utsa da: sus, sus, sus. Lenbizikoa aren egiñ ezkero, beste guziak kendu ditezke, ez bere ta ez aren.

“Enaiz bere izenaz oroitzen” (28-14). Gizon, emakume, aren.

“Bere ontzia urpetik omen zijoan”. Aren ontzia

“Bere ustez etzegoan erdian geratzerik” (32-22). Aren. Beste aldera ere esan diteke: Gizon arek etzeukan erdian gelditzerik (bere ustez).

“Bere itsasoa gizonaren asmamena da, eta bere ontzia guzien biotza”. Oso illun euskeraz, erderaz dagolako. Ipiñi dezagun du’rekin: Gizonak bere asmamena du ontzia; bere ontzia guzien biotza?

“Bere zainak lehertzear jarri ziran”. Aren… edota, zainak lehertzear jarri zitun (gizon ark). Euskera garbiz jarri zitzaizkion.

Naiko erakusgarri dira, idazleak inoiz utsegin ez dezaten.

Europear biurtu nai gaitute. Zertan, ordea? Zer eta zerbait eta izatea kentzen ba’ditugu, joan da pertza; Metafisica erro-errotik ateratzen degu, filosofiak dun zatirik ederrena. Arako ingeles filosofuarena: “lan-maiean ari naizenean, gauza guzia itxura ta irudipenak dirala uste det; baina otordu-maiean txuleta eder bat ikusten dedanean, ua zerbait dala iruditzen zait”.

Txillardegi’k bere liburua onela bukatzen du: “Arrazoi zenuen: burutik egina dago” (Leartza).

Nik ere artikulua onela bukatzen det: “Liburu au buruz egina ordez, burutik egina dago. Baztartu ezazute zoko illunera”.

Oarkizun. Orain ez daukat Bergson nerekin, eta ezin aipatu izan ditut orrialdea ta lerroa. Nik 78?garren argitaraldia irakurri nuun, eta seguru nago an, gizona ekaia (materia) dala esaten dula.

Nola, bada, dioke baten batek, materialistan aurka pagina ederrak idatzi bazitun? — Ez, beraren sistemari egi on zeriolako, ala gertatuz baizik (per accidens).

Naiago nuke A. Intxausti’k Ortega Gasset’ekin egin duna Bergson’ekin egingo ba’lu.
1960
Peru Leartzako
Itxaropena
1957-05
Leturiaren egunkari ezkutua
Oarra: Euskaltzale itsu-itsuak gaituzu, ala ere, euskera’kikoak oro egiaz ta begiaz ikusi nai genituke. Ori dala-ta, idazti baten beraren bi iritzi pozarren ematen ditugu, egiaren muina atzeman nairik. (E.G.).

Ona emen euskaltzaleok pozik ar genezaken idaztia. Dakarrena dakarrelako ta datorrenagandik datorrelako. Alper asko dugu euskeraz ikasten asten diranen artean. Asi… ta bertan utzi. Areago oraindik asteko kemenik ere ez dutenen artean. Gaurko idazti onen egileak ez du orrelakorik. Euskeraz ikasten asi, ta zazpi urterako onelako liburua ematen duan gizona, ez da baztarrerako egiña. Euskaldun berri degu, beraz, egilea. Ai onelako asko!

Eztegu, ala ere, intzentsu utsetan gure iritzia urtu nai. Liburuak goragarri asko ditun arren, ba-du alako gordin-antza ere. Bizi-bizi ta idazkera ebakia dakarkigu gazte onek; baña mirari zitekean euskaldun berri batek gure izkuntza zearo egosia agertzea. Ba-du, beraz, euskaldun berriaren usai pixka bat noizik bein. Ez da arritzeko, ta Txilardegi azkarrak artuko zion bere ume oni usai ori.

Ala ere, oso txalogarri jotzen degu egin duan lana, ta agertu digun eskua eleberri-sallean.

Dakarren gaia, gaur-gaurkoa degu gizaldi jorratu onen buruetan. Gizadia gudu-aizez astindua ikusi diguten gazteok, lengo bizieraren berri eztakite. Guzia erortzen ikusi dute, gizonen erakutsiak auen egiteetan urratuak ikusi dituzte. Ta gaztediaren galdera au da: Al-da ezer egiarik? Al-da egia ezagutzeko bide ziurrik?

Idazle gazte onek Unamuno’ren erakutsia ta burukera ederki azaldu zizkigun Aldundi’ko liburutegian. Unamuno, Ortega ta beste zemait pilosoporen gogoetak, gazte auen muñetan gogor eragiñak ditugu. Gure gaztediaren zalantza gaitza agertzen digu, ain zuzen, Txilardegi idazleak.

Leturia’k zoriona ta egia arkitzea du bere kezka zirikatzalea. Bakarrean pozik zegoena, Neskatxa baten agertzeak maite-irrikaz jo du. Maitasun-bideak ez dio Leturia’ri eragozpen asko ekarri. Eztegu emen zemait eleberrietako ari-mataza nasturik. Neskatxaren ezaguera, maitasun agiriko biurtzen zaigu lan aundirik gabe.

Maitalearen mundua poliki agertzen digu Txilardegi’k. Griña biziari oztopo asko jartzen ezpadizkio ere, maitalearen gora-berak, poz-kezkak, maltearen jokaerak, egoki daramazki bere artian.

Zoriona eskuratu du, ustez, eta orduantxe asten dira berriro Leturia’ren kezka zorrotzagoak. Zorion-jabe zalakoan ezkontzara jo du; ta-zorion-kabi ura utsik bilatzen du. Biotzak eztu arkitu an, uste zuen egon pozgarri-luzerik. Bereala aizez puztutako pilota bat, zulo txiki bat egiten ba-zaio andik uzten dan bezelaxe; alaxe gerta zaio gure ezkon-berriari. Zorionak urruti aldegin dio. Mendi-gañean ikusten ditugun lañoak, galurrera igo ta eskuz ikutu ezin ditugun gisan; ala dabil gure Leturia ezkondu ezkeroko bere bizitzan.

Orduan alderdi berriak ikusteari eman dio, ta ba-dijoakigu Paris’era. An ere orobat gertatzen zaio. Len-egunak pozgarri, aldi pixka bat igaro-ondoren, bere Zorion-bidea galdu zaio.

Gerokoa azkar dator. Emaztearengana itzultzen da senar gaztea. Gaitz larripean arkitzen du gaxoa. Gaitz arek luze gabe galtzen du emaztearen bizia, ta Leturia bere Zalantza-gaitzak menderatuta pendiz baten bera dijoa betiko pakearen bila.

Azken iluna Txilardegi’k bere Leturia’ri eman diona. Gaurko gazteen buruetan diran lañoen antzekoa.

Liburuak Lizardi zanaren Urte-giroak darabilzki gogoan. Aren itzala pizten du azkenerarte. Arek Udazkenean nai zukean jo-muga, Leturia’k Neguan arkitu du.

Euskeraz etzan onelako gairik aztartu egundaño. Au degu pozgarri. Gai berriak lantzea; kezka berriak arrotzea nai genduke gure izkuntzaren baratzan, ta auxe egiten digu txalogarriena Txilardegi gazteak.

Bijoakio gure zorion-agurra, ta iñola ere gure txaloak lanerako akulu balitu, biotzez jotzen dizkiot nereak, bide ortan aurrera jo dezan.
1957-05
Leturiaren egunkari ezkutua
Aldizkari onen zuzendariak liburu ontaz kritikatxo bat egiteko eskatu zidan luzaro ez dala. Anartean, Egunkari onen otsandia nereganatu zan or-andik, eta urduri nengoen eleberri aipatu ori noiz ikusiko. Ain zuzen ere, nere atsarteak asi ditudan egunean eskuetara zait Txillardegiren liburua, txukun ta apain Bilbao’ko “Len eta orain” argitaldariak oi duenez. Paketean zetozen beste liburuak aldebat utzita, Txillardegirenari ekin diot, gogoz ckin ere.

Eta egia esan, etziran ustel atera eleberri onen inguruko berri onak. Liburu berria benetan gure elertian, oraintasunez betea, idazle azkar baten arnaz beroaz oretua ta pizkortua. Bai, irakurle, oretua ta pizkortua. Idazlearen arnasa dariten liburu gutxi izan dugu orain arte gure artean: geienetan idazlea kanpoaldetik baizik ez zaigu agertzen, barnetik ez ordea. Txillardegiren liburu ontan aldiz, idazlea bera agiri zaigu oso-osorik bere esankizun, auzi ta gogoeta sakonetan, eta liburu au idazlea bera dala esan bear, ez estiloz bakarrik baita mamiz ta giarrez ere.

Ez da errexa, egia esan, norbere mami-giarrak, nolarebait mintzatzeko, papera iraultzea, eta orixe iritxi du bete-betean Txillardegi gazteak. Guk ere bear genuen orrelako zerbait. Euskal-idazleak eginkizun andi ori bear bezela betetzeko girorik sekula ez dutela izan esango nuke. Berez gera lukur ta esku-eutsiak euskaldunok barneko gure katramilla ta auziak gordinki ta ausarki biotz aratoletatik atera ta irakurlearen gogora aldatzeko. Maitasun gai ontan batez ere, beti ibilli izan gera erabe ta lotsati, ez noski euskaldunok maitabidean besteak baiño otzago geralako, axari-kumeago geralako baizik gere maite-kontuak estaltzen.

Mitxelenak ederki diñonez itzaurrean, milla eratan azaldu digute maitasuna idazleak, eta oraindik ez dira adierok akitu ezta akituko ere gizona gizon deño, ardatz orren inguruan baita biltza lur ontako auzi ta gora-bera guztiak. Orixe izan, ain zuzen, gizadiari berean eusten dion iturria, gizakiak ainbat ur-mota darizkin iturri agortu-eziña, berez bakar ta orokar. Eta Txillardegik argi ta garbi erakusten digu bere novela ederrean euskaldunok ere badugula esatekorik gai orren inguruan, eta esateko iakingarriak.

Ez zaitut aspertuko, irakurle, liburu onek iradoki dizkidanak azalduz eta ainbeste bulko ta ustekizun ernerazi dizkit nere baitan. Baten batzu idazle azkarrarekin bat ez datozenak, iakiña. Zerbaiterako dugu bakoitzak gere burutxoa, pentzatzeko alegia, eta bat bederak geure pentsamenduak ditugu edo bear genituke beintzat. Unamuno’k ziñonez, benetako idazleak zerbait ernerazi ta iradoki bear du irakurlea baitan. Txillardegik, ala fede, ederki iritxi du elburu ori bere eleberri zoragarriarekin. Beste gorapenik egingo ezpaliote, auxe luke aski gure letretan lenengo errenkadan ezarteko.

Izkerari buruz enoa ezertxo ere esaten. Ez naiz gramatikakeritan murgilduko gure artean oi danez. Novela au irakurtzean ez zait bururatu gramatika danik ere, ez itz-berririk ezta lapurtar klasikorik ere. Auxe bai; darabillen euskerak gogoa erabat iñarrosi dit, eta gogoak iñarrosteko gai dan izkera benetakoa ta egiña da.

Ongi etorria, Txillardegi, gure soro mear ontara, itzaurregillearekin mintzatzeko. Ez da gogoa, ala ere alako barne pozatsegiñak ekarriko dizkitzu noiztanka. Gaiñera zu bezelako langille azkarren bear-gorrian arkitzen da gure baratzatxo au.
1957
"Txillardegi" Jaunari
Ongi etorria euskal-alorretara! Ba-ditekek apika geu baiño ere aspalditxokoagoa izatea, baño bolaratxo ontan zabaldu duk emen ire berri. Gogoz irakurriak dizkagu ire idazlantxoak eta irentsia ire “Leturia-ren Egunkari Ezkutua”. Bejondaikela! Zorionez, gazte asmotsu baten zantzu nabarmena igarri dikagu ire lerroetan barna, buru argi baten erraiñuak. Ba-zikan gure euskerak ire gisako gazte egikor baten premi!

“Leturia-ren egunkari ezkutua”ri burua zer esan? Iruzkin luzetxo bat-edo egiteko asmotan nengokan, baiño nere iritzia -edonor batena- labur-abur adieraztea otu zaidak. Ba-zekikat Aita Villasante’k iruzkin sakon bat egiña dikala “Egan” aldizkarian azaltzekoa; baita gure Gaandiaga olerkariak olerkitxoren bat eskeiñia. Egoki zerizkiokat. Ez duk nolanaikoa erditu dukan eleberri ori. “Idazkerari iara geiegi egin gabe, bere almenak gai-arian biltzen dituan idazle bat bazetorkiguk noizpait”, zesaidakekan batek arestian. Etzaiok arrazoirik palta ere.

Entzuna nikan aspalditxotik idazle gazte batek “esistenzialista kutsuzko” eleberri bat argitara emanik zedukala. Irakurmin nengokan. Artu ta irakurri nikan. Iritzia eskatu zidatekan amaitu orduko. Zer eritzi jakin ez-ta geratu nindukan. Beste oei alako goraipamenak entzunda oker nengokelakoan geratu nindukan. Dana dala egiari zor gatzaizkiok eta itz-bitan adieraziko dikat nere irizpidea. Egia esan, naste-borraste bat-edo otu zitzaidakekan. Aria ondo eramana. Baiño arrunta xamarra… nere gardiz. Astuntxoegi ere ez oteduk? Maiz orrialdeak saillean pasatzeko gogoak ere ematen zidakekan. Irakurtzale porrokatu nauk izatez, batez ere elerti-filosofi gaietan. Ez dikat, bada, uste oitura-ezatik ditekeanik…

Gaiñera, nere ustez beintzat, gai oeik ekarrizkoak baiño areago izan bear ditek etorrizkoak. Ekarria ez duk erreza, ongi ekartzen beintzat; etortasuna duk zailenik eta bearrenik, eta onetxen palta zekuskat nik ire idazti ontan. Etortasun eza onek, indarka edo asma-egiñaletan bezela egiña zegokala zirudik. Alako zerbait iruditzen zitzaidakekan aurreneko atalean batez ere,”Udalen” delakoan, alegia. Onetzaz gaiñera, maitasuna, ezkontza, libertadea, aukerapena, ta bitan-edo azaltzen dukan Jainko orren irudi margul ori… Moral aldetik bakarrik ez, “Etika natural” aldetik ere etzekikat nola epaitu leizken… Dostoievski baten eleberrietan ireak baiña intziri etsituagoak arkitzen dituk orrialde bakoitzean, baiño egoki ta bere puntuan otutsen zaiok edonori. Naiz-ta bapatean Jainko ta gizaki guzien aurka biurtu, beti egoki. Etortasun, egitasun onen palta edo egokitasuna somatzen dikat ire ontan…

Nortasun egin baten pentsaera umotua baiño, esistanzialista joerako nobelari asko irakurritako baten saioak iruditu zaizkidak ire bururapenak. Ez dikat onekin liburu au ire seme ez denik idaroki nai, filoso-elergille oen kutsapena igan nabarmen somatzen dala baizik, “eragilleena” baitipat.

Enikek onekin ire asMo ta almenik deuseztu nai. Elbarritu baiño bizkortu. Nor arrituren duk ba, asi-berri batek bere aurreneko jardupena erdipurditan sortzea? Ekiok irmo bide oetatik. Bazegok gure errian bertan ikutu gabeko naiko eleberri-gai ederrik asko. Nork bilduko ta eleberrituko zizkiguk? Murgil adi gure erriaren barne-arazotan. Ez dituk nolanaikoak. Buru-argitasuna, biotz-unkitasuna, maitasun-garra, kultur-iakintza sakona, zer geiago erri baten problematika ulertzeko? Gure euskera’err-errian sartuko baduk ere, bearrezko zaiguk bide oek ere urratzea noizpait… Onetzaz besterik ez oraingoz.

Beste arlotxo bat ere ba-nikan trekin jardutekoa.

Barkatu zak nere ausardia. Enatorkik erasotzeko asmoz, adiskide antzean neure iritzia azaltzekotan baiño.

Irakurria dit ik emen bildutako euskerazko batzarraldi artan bidali ukan gutun idekia. Baita arestian Aita Villasante’ri idatzitakoa ere. Ire “Taupadak” ere bai. Mirestekoa duk benetan ire asmotasun sutsu ori. Aolkutxo bat idarokitzea zillegi al zaidak?…

Egia asan, alperrikako zerizkidak eta ez ain ongarri euretzat ere, gure aurrekoek geiegi arroturik duten euskera-joera kontu oietan naastea. Etenkigarririk baiño kalte geiago sortzen ditek gai oek; onetxek ere urruntzen dizkik gure aurrekoak elkarrengandik. Arrazoi aski badik gure Zaitegi jaunak Uztaila-Dagonila’ko “Eusko-Gogoa” aldizkariko atarian onako au ziagekanean: “Beste errietan gerta danez, gazteok begirunez ta itzalez io oi dute garako gizonengana argi-eske ta laguntza-eske. Gurean zoritxarrez, ez da orrelakorik gertatu: maiz gazteok asaldatu dira garako gizonen aurka: ortik gure alkar buru eziña. Zenbait gaztek uste dute berak agertu arte, ez dala euskeraz idatzi. Esate baterako 1.900-1937 arteko Azkue, Eguzkitza, Lizardi, Olabide, Orixe ta abar bazterrean utzi nai lituzkete. Gazteok egokiera aundirik eztute izan, nonbait, idazle bikain oien lanak bear den egonarriz auznartzeko. Euskerarik eztute lorrindu idazleok, ez orixe. Nik enun uste idazleok ain biurri izan litezkeanik, alako izugarririk egin litzaketeanik… Euskera orriloan eta gara betean utzi dutela esan badizute, orriloan eta gara batean dateke. Dana dala, gazteok garako idazleon lanak aztertu bearra lituzkete, egia danentz ikusteko”.

Garako idazle ospetsu oen artean, apaltasunak izkutarazi duan Zaitegi bera ere aipatzekoa dut, noski.

Jendea leporeño dagola uste dikat amaigabeko berriketa oeikin. Antziñako zaarrak aztertu bearr ditugula? Ondo zegok. Baiño gizaldi onen asieratik euskera bide okerretik abiarazi dutela? Utikan: Joan gizaldikoak, eta Axular bera ere ikusi nai nikek egungo gaietan barna! Itzalez ta begirunez ta mirespenez begira bear dizkagu gizaldi ontako idazle-sailla, eta oek batez ere. Oek, garako idazleak, urratu zizkigutek iakintza ta gizapide-landa guziak, ta onen bearra zikan batipat gure euskerak. Lan gegor eta astunena oen bizkar zamatu duk doi-doi.

Euskera-arazoa joera batek edo bestek askatuko dulakoan al ago apika? Arkitu al duk joera ori? Arraio pola!, barreia zak lau aizetaral Etziguk, nere ustez, korapillotxo au joera batek edo beetek askatuko. Asko ta ugari idazteak baiño. Joera-zaleak ba-zeudek euskal-idazleen artean, baiño egia esan, guziek bide berdintsutik zijoaztek. Batak ezin duna besteak asmatzen baitik. Oar zak euskal aldizkarietan ere, ainbesteko desberdintasunik somatzen al duk? “Orixe” iaunak senez diagonez, euskal-idazleok oraingoz bata besteaen ikasle gaituk. Eta bestela ain gaizki bagoaz, argitara zabaldu zak beste joera-edo bear luken bide “ezkutu” ori.

Eztit eman nai onekin euskerak batere arazorik eztaukanik, oztopo-alderdi oek geiegi anpatu bear ez ditugula baiño, Euskaltzaleok, euskaldunak orobat, urri gaituk oso, eta pamili txikien akats bereziak zeuzkagu. Bata besteenean naasi bear derrior. Zer genesaiokek nekaazari bat industri-teknikoen lanbidetan naastuko baukek? Ez al da berdin idazletxo tentel bat, gizon erdi landu bat filoloji-gaietan naastea? Bai, euskera etxekoa izan-da…

Amaitzera noakik, adiskide. Bestela neroni naastuko nauk ez dagokidan arloan. Ondo esanak onartu, ta oker daudenak barkatu. Erantzun nai izan eskero zabalik dauzkak YAKIN onen ateak,
1957
Leturiaren egunkari ezkutua
Euskal idaz-lanak
12/1997
Euskal Herria en el horizonte
Txalaparta, S.L.
12/1984
Elebidun gizarteen azterketa matematikoa
Udako Euskal Unibertsitatea
12/1983
Euskal dialektologia
Álvarez Emparanza, José Luis
11/2007
Horretaz
Elkarlanean, S.L.
11/1987
Lekuko
Editorial Kriselu, S.A.
10/1978
Gramática
Ediciones Vascas, S.A.
08/2004
Santa Klara gure uarte isla ezezaguna
Fundacion Kutxa Ediciones y Publicaciones
07/1984
Allende el viento
Haranburu, Luis
07/1979
Branka
Ediciones Vascas, S.A.
06/1984
Euskal kulturaren zapalketa
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, S.A.
05/1978
Euskal-Herritik
Álvarez Emparanza, José Luis
04/1987
Euskal dialektologiaren hastapenak (2. argitalpena)
Udako Euskal Unibertsitatea
03/1985
Gertakarien Lekuko.
Haranburu, Luis
02/1994
Soziolinguistika matematikoa
Udako Euskal Unibertsitatea
02/1984
Euskal Gramatika
Álvarez Emparanza, José Luis
01/1997
Lingua navarrorum
Orain, S.A.
01/1986
Leturia
Beramar, S.A.
01/1978
Cultura Vasca. (Tomo 2)
Erein Argitaletxea, S.A.
Hacia una sociolingüística matemática
Soziolinguistika Klusterra
Haizeak bestaldetik
Bibliotex, S.L.