Hasier Etxeberria Canales

Hasier Etxeberria Canales Atzera

2007
Iturrino handia
Susa
2005
Mutuaren hitzak
Susa
2004
Antso Erregea
Egilearen edizioa
2004
Sukaldean
(David de Jorgerekin) Lur
2003
Eulien bazka
Susa
2003
Partekamentua- El Compartimiento Narrazioa in Valerie Belin, argazkilariaren katalogoan
Koldo Mitxelena Kulturunea
2003
Patri maitea...
Alberdania
2002
Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan
Alberdania
2002
Cinco escritores vascos
Alberdania
2002
Gipuzkoako Gastronomia-Gastronomía de Gipuzkoa
(Martin Berasategirekin batera) Kutxa
2002
Gorroto Haut...
(beste egileekin) Alberdania
2002
Inesaren balada
Argitaletxe Elkartuak
2002
La Balada de Inesa
Editores Asociados
2001
Feriak
Ongarri Kultur Elkartea
2000
Arrainak ura baino
(berrargitalpena) Elkarlanean
2000
Estatua baten historia
(berrargitalpen berritua) Elkar
1999
Arrainak ura baino
Kutxa Fundazioa
1998
Erabateko sukaldea
(beste egileekin) Ttarttalo
1997
Karramarroaren aztarnak
Elkarlanean
1996
Sukaliztegi partikularra
Orain
1995
Alajaineta
Elkar
1988
Estatua baten historia
Elkar
1988
Mugetan
Elkar
1984
Ipuin ezberdinak eta erregalokoak
Elkar
07/2011
Euskal gastronomia
Instituto Vasco Etxepare = Etxepare Euskal Institutua
06/2006
Txikichef
Editorial Hariadna
03/2006
Porca memoria
RBA Libros
03/2005
Denboraren arrastoan = Al ritmo del tiempo (Esher Ferrer)
Diputación Foral de Gipuzkoa
A cocinar : las mil y una recetas para la cocina de casa
Lur Argitaletxea, S.A.
Bost idazle Hasier Etxeberria rekin berbetan
Alberdania
Cinco escritores vascos : entgrevistas de Hasier Etxeberria
Alberdania
Gipuzkoako gastronomia = gastronomía de Gipúzcoa
Fundacion Kutxa Ediciones y Publicaciones
Ipuin postmoderno bat egin diot neure buruari
Oso lo onekoa naiz, baina lehengo astearte gauean, ezin izan nuen begirik itxi. Gauero bezala, aspaldi behar nuen lotan. Nekatuta nengoen eta egunoroko zeremonia guztiak amaituta. Izaratan gozo, isiltasuna edonon, aparteko buruhausterik gabe mantapean, begiak itxi eta "lo egingo dut", pentsatu nuen. Baina bai zera.

Telefonoak jo zuen gauaren erdian. Eta okerrena, dei hura ez zen niretzakoa. Nestor Desjours ote nintzen galdegin zidaten frantsesez eta, bistan denez, ezetz esan nien. Ni ez naizela Nestor Desjours. "Pardon Monsieur" esan zidaten gero eta Monsieur ere ez nintzela esatera nindoanean, klik egin zuen telefonoaren beste aldeak.

Beste manta kozkor bat gehitu nion oheari, armairutik aterata. Begiak itxi eta lotara jarri nintzen, beraz, berriro.

Ia ia banengoen. Bestaldera etzan nintzen, ezkerretara. Izan ere, badaude postura majiko batzuk, zergatik ez dakigula, amaren altzora eramaten gaituztenak. Amatxoren sabelera, zerura bertara.

Amatxoren sabelean nintzen, beraz, supituan. Baina, nola hartzen ote nuen arnas amaren sabeleko ur haietan? Zer usain ote zegoen puxiga erraldoi haren barrenean? Nola entzuten ote ziren kanpoko hotsak? Eta nire aitak amari gona gorria ekartzen zionean, nola ote zen han barrutik? Izerditan itotzen hasi nintzen hainbeste galderarekin eta lehioa zabaltzera abiatutakoan, ilargi mehe bat ikusi nuen zeruan, inori kasurik egiten ez ziola.

Beste aldera jarri nintzen etzanda. Bat batean, zein ordu zen jakiteko gogo itzela etorri zitzaidan. Ez zitzaidan baina komeni. Ordularia ikusteko lanpara pizten banuen, berriro esnatuko nintzen behar baino gehiago. Lanpara piztu nuen, hala ere, eta bonbilaren argiak begiak erre zizkidanean, berriro esnatu nintzen behar baino gehiago. Lau t'erdiak ziren.

Lanpara amatatu eta gerora ere, bonbilaren argiak jarraitu egiten zuen nire betazalen azpian lapa baten antzera itsatsita. Begiak isten banituen, zirkulo hori bat ikusten nuen eta erdian, beste borobil urdin txikiago bat. "Kandinsky!", pentsatu nuen, eta grazia egin zidan neuk bakarrik uler nezakeen bapateko txiste hark. Begiak irekitzen banituen, ostera, sabaiko igeltsua ikusi baino gehiago, irudikatu egiten nuen iluntasunaren erdian. Hezetasunak eragindako margo aldaketak bakarrik nabaritzen nituen haren azal pitzatuan, ilargiak leihotik sartzen zuen argi meheari esker. "Tapies!", pentsatu nuen eta berriro hasi nintzen farrezka, neu bakarrik.

Hura ez zen ganora. Hala jarraituz gero, ez nuen sekula lorik hartuko. Lo egin behar nuen zela edo hala.

Ipuin bat kontatuko nion neure buruari, lotarazteko balio duen ipuin horietako bat. Protagonistaren izena baneukan gainera, Nestor Desjours deituko zen, eta belgiarra jaiotzez, bibolina jotzen zuen Miarritzeko orkestran. Lo egiteko interesgarriagoa iruditu zitzaidan bibolinjole bat asmatzea, tronpetari edo danborrari bat baino. Zer-nolako itxura zeukan ere berehala erabaki nuen: txiki samarra zen eta guztiz argala Nestor Desjours. Gizon bezala, deus ere ez.

Krudelegia nintzela jabetu nintzen. Bide horretatik segitzen banuen, lo egin beharrean, damutzen hasiko nintzela ipuineko protagonista hain txarto tratatzeagatik, eta sentimendu oker berorrek ez zidala lo lasai egiten lagako.

Nestor Desjours ez zen, beraz, txikia eta ñañarra izango. Ez eta bibolinjolea ere. Ez zegoen Miarritzen eta ez zen belgiarra. Lyongo sukaldaria zen, berrogei urteko gizon garaua. Galeperrak prestatzen ari zen aparteko bezero batentzat, Perigordetik ekarritako trufen saltsatan.

Berriz ernetu nintzen: ezinezkoa zen goizaldeko ordu haietan sukaldari bat galeperrak prestatzen aritzea. Are gutiago Lyonen.

Taxilari bihurtu nuen, beraz, Nestor Desjours azkenerako. Horregatik zegoen Baionako taxi geltokian aparkatuta, irratia piztuta eta erdi lotan. Haren logurearekin egin nuen bat neuk ere, eta gehiago gabe, lokartzen hasi nintzen hark entzuten zuen France Inter irratikateko musika entzunez.

- Taxi? -galdetu zuen baina emakume batek.

Salto batez irten zen Nestor autotik eta atzeko atea iriki zion bizkor. Nahikoa izan zuen emakume hura edonor ez zela jabetzeko. Haren lurrina bakarrik, gizon baten galera ekartzeko gauza zen. Hendaiara eramateko agindu zion emakumeak.

Nestorrek ez zekien zer zen egokiena: hizketan hasi, irratia ala musika jarri. Hizketan nola abiatu baina? Eta irratia edo musika jartzekotan, zein musika mota ote zuen gogoko Miss Mundo hark? Ez bata eta ez beste. Ezer ere ez. Ezer ez jartzea eta isilik geratzea erabaki zuen Nestorrek. Musika pitin bat ez ote zuen jarriko galdegin zion orduan emakumeak.

- C'est trés jolie - esan zion emakumeak Prince-ren musika bozgorailuetatik irteten hasi zenean- Ça va, merçi.

"Bingo!" pentsatu eta irrifarre batek egin zion argi Nestorri aurpegian. Atzera begiratu zuen ispilutik, konplizitate hitz haiek entzundakoan. Emakume hark gaua ez amaitzeko gogoa zeukala zirudien eta, zein hoberik Nestor bera baino horretarako? Nahi zuena, nahi zuen lekuan, nahi zuen bezala egingo zion berak emakume hari. Ezin da horrelako aukerarik galdu.

Izarak eta mantak igo egin nituen. Izerditan eta jiraka ibiltzeagatik, behera joanda zeuden hainbesteko kitzikadurarekin. Inbidia ematen zidan Nestorrek halako neska motzarekin.

Itsas bazterreko errepidetik joateko eskatu zion emakumeak. Ez zeukala presa handirik eta halakoetan beti izaten dela ederrena biderik luzeena. "Eguraldia" pentsatu zuen Nestorrek, "eguraldiaz hitz egingo diot".

Leihatilatik kendu zituen begiak emakumeak gidariak esandakoak entzuteko, baina irriño baten ostean, berriro bueltatu zen ezer esan gabe lehengora, zilartzen ari zen itsaso hartan begiak galtzera. Nestor ere konturatu zen emakume hark ez zeukala hizketarako gogorik. Are gutiago Baionako taxilari baten gogoeta metereologikoak entzuteko. Emakumea beste gogoeta batzuetan zebilen. Noizik eta behin gorputza egokitzen zuen eserlekuan, neuk mantapean bezala, postura bila.

Itsasoa ez-ezik, belardiak ere argitzen hasiak ziren asteazken goizalde hartan. Belarraren orban berde eta erregularraren gainean, bere zuritasun urdina islatzen zuen itsasoak, lauki luze baten antzera. "Mondrian!", pentsatu nuen, baina ez zidan batere graziarik egin orduan txiste berriak, Nestorren ipuinetik urruntzen ari bainintzen berriro.

Sokoako hondartzaren pareraino ekarri nuen, biderik batere ibili gabe, taxia. Nahi nezakeena egin nezakeen nik, neuretzat asmatzen niharduen ipuinarekin. Eta taxia Sokoaraino eraman nahi banuen, eraman eta kito.

Semaforo batean gerarazi nuen autoa: absurdua zen, guztiz absurdua. Zebrabide bat babesteko zegoen han argi gorri alferrikako hura, gauaren erdian piztuta. Alabaina, inor ez zebilen ordu haietan Sokoan. Itxadon egin zuen, hala ere, Nestorrek. "Absurdua", errepikatu zion behin eta berriz bere buruari.

"Duchamp!", egin zidan ihes ozenki pentsamendu berri batek, baina honek ere ez zidan egin graziarik eta beste buelta bat eman nuen maindirepean, etsiturik. Seiak aspaldi jo zituen auzoko ezkildorreak. Bi ordu eskas besterik ez nituen lotarako. Biharamonean kaka zaharra egingo nuen bulegoan, lana baino gehiago.

Lotaratu ordez ernetzen ninduen ipuin hura behingoz amaitzea pentsatu nuen, eta hala, Hendaiara sartzen ari zirela adierazi zion Nestorrek emakumeari, zein lekutara joan nahi zuen galdegin baino lehenago.

- Erotacilo 46 - erantzun zion emakume ederrak zalantza izpirik gabe.

Hura entzundakoan, salto bat eman eta eserita geratu nintzen ohearen gainean. Argia piztu eta begiak erre zitzaizkidan beste behin ere argi handiegiarekin. Zigarro bat isiotu nuen urduri: Erotacilo 46 neronen helbidea zen. Neure etxea. Hor ez dago besterik.

Bihotza hasi zitzaidan katxarrankaren dantzan. Taxia irudikatzen nuen gure kalean behera atariraino heltzen, emakume eder hura irudikatzen nuen nire etxeko lau egurrezko mailak igotzen eta ezkerreko horman esku ziurrez tirrina bilatzen.

Tirrinik ez baina, din-don egin zuen atea jo zutenean. Zigarro muturra hautsontzian azkar-azkar amatatu nuen urduri eta aterantz joan nintzen pijamaren gainean eskura neukan jertsey zahar bat jantzita.

Pasiloan kezka betean nindoala, "Dada!", esan nion neure buruari eta orduangoan bai, urduritasunaren gainetik, irrifar zabal bat sortu zitzaidan belarri batetik besteraino, atea irekitzeko unean.










La balada d'inesa
La Galera, SAU
Patri maitea
Alberdania
Sukaldean : mila eta bat errezeta etxean egiteko
Lur Argitaletxea, S.A.