Abelin Linazisoro Azkue

Abelin Linazisoro Azkue Atzera

2005
Aitortza
Txalaparta
2001
Iraganean galdua
Txalaparta
1995
Axun
Susa
1995
Axun
"Axun ezagutu nuen lehenbiziko uda hura beste edozein uda bezain normala izan zitzaidan. Bilbotik etorritako familia hartako neu baino urtebete gazteago zen neskatxa nahiko txoroa iruditzen zitzaidan, batez ere erabat buruarin zen neska koadrila baten lagun egin zelako. Herriko haizeenak eta tuntunenak! Eta hori gutxi bazen, gainetik frankista familiakoak! Uda hura amaitu zenean hain pozik geratu ziren senar-emazte udatiarrak, non gure amari eskatu baitzioten ea hurrengo urtean ere gordeko genien etxea. Gure amak, aitarekin kontsultatu ondoren, baiezkoa eman zien. Bai pozik eman ere! Agindutako hileroko dirutik aparte eskupeko zabala eman baitzioten!

Hurrengo bi udetan neure bizimodu arruntean jarraitu nuen: Lantegitik irten eta eguraldi onetan hondartzara joan, egun ilunetan etxean irakurtzen geratu, aldian behin arratsaldean edo gauean zinera, ostegunetan koadrilarekin tabernara karta jokoan gizon itxurak egitera, kafea, kopak, purua... Ia larunbatero kristoren parrandak botatzen genituen, etxera beti moxkortuta ailegatuz, igandetan musika plazara dantzan egitera, edo arrimatzera, edo kalabazak hartzera, ezezkoak jasotzera, alegia, eta gure istorioari dagokionez, zenbait ezberdintasunez ohartu ez banintz, lehenbiziko uda bezain arrunta izango litzaidakeen.

Ezberdintasuna? Axunengan ikusi nuena. Konturatu nintzen, adibidez, euskal kanta zahar asko zekizkiela eta oso ondo kantatzen zuela. Aste osoan Bilbon lanean jardun eta asteburuetan gure etxera etortzen zen Txistu Txinineko Gabrielek, Axunen aitak, gure aitarekin hitz egin ondoren erabaki zuten astean behin bada ere elkarrekin bazkalduko genuela, denontzat hobe zela-eta. Astegunetan, jakina, desberdinak ziren udatiarren janorduak eta gueak. Beraz, igandetan elkarrekin bazkaltze hark bi familien arteko loturaren bat sortu zuen, batez ere bat edo baten urtebetetzea ospatzen genuenean. Egun haietako bazkalondoetan kantuari ekiten genion postreak, kafeak eta kopak edan ostean. Bi zaharrak, gurea eta Axunena, kantari amorratuak ziren, beno, bi familiak ginen kantariak, beraz, nahiko gozatzen genuen egun haietan. Eta Axunek zuen kantatzeko era hark harritu ninduen bereziki. Euskal kanta zaharrak hain ondo eta halako sentimendu handiz kantatzen zuen neska hura ezin zitekeen izan txoroa! Beste era batera hasi nintzaion begira. Jakinminak bultzata, egun batean logelako mesanotxea arakatu nion."

-Jadanik jeloskor zeuden Pedro -begi dantzariekin Axun gazteak.

-Ez, ez. Oraindik txoroa zela iruditzen zitzaidan eta...

-Zeuk jakin gabe, inkontzienteki, jeloskor zeuden.

-Beno, beharbada bai. Baina oraindik garrantzirik gabeko zerbait zen.

"Senargaia ingeniari ikaslea zen. Axun baino hiruzpalau urte nagusiago, eta urtero, nonbait, familiarekin Santander aldeko herri txiki batera joaten zen uda pasatzera. Mutil hura ingeniaritzarako bidean egongo zen, baina gutun haiek ez zuten heldutasun handirik erakusten: No puedo vivir sin ti. Me aburro hasta en los guateques que organizan mis amigos. Te quiero demasiado para estar tan lejos de tí. Eta abar. Hitz batean esanda: Plasta bat. Pixkanaka Axunek herriko mutilekiko zuen jarrera ulertzen hasi nintzen. Senargairik izan ez balu bezala mutil guztiekin dantzan ibiltzen baitzen. Normala hala jokatzea, zer arraio gero! Eta... Mutil hartaz maiteminduta ez bazegoen? Ez zen, ba, familia arteko konponketaren bat izango? Neure buruari honelako galderak egiten hasi nintzen.

Baina beta izan nuen senargai hura ezagutzeko. Uda hartan eta hurrengoan, abuztuan, astebeterako andregaiarengana etorri eta elkarrekin aldian behin ikusten nituen, eta bazirudien ondo konpontzen zirela. Mutilak señorito tankerakoa ematen zuen eta gizajo samarra, itxuraz behintzat. Josē Antonio Larrauri zuen izena. Bilbotar familiakoa. Bi uda haietan, irailaren erdi aldera, Axun eta familia Bilbora aldegitekotan zirenean ere, mutila andregaiaren bila etorri eta biak elkarrekin, bakarrik, aldegin zuten... Honela, ba, iritsi gara laugarren udara... Nire maitasun istorioa hasi bakarrik egin zenekora."

-Hori esan beharrik ez zenuen, Pedro, -Axun gazteak eztiki- Zure maitasun istorioa onik amaitu izan balitz, zu ez zinateke hemen egongo emaztearen eta zure istorioa niri kontatzen, ezta? Gainera, badirudi ondo amaitzen ez direnak erromantikoagoak direla.

-Amaiera ona ala txarra izan alde batera utzirik, ni ez nintzateke hemen zure aurrean egongo hain, hain... nola esango nuke? Hain irekia edo hunkitua edo... ez dakit nola esan, hain ukitua sentituko ez banintz, eta zure aurpegiak, irribarreak eta, agian, izaerak ez balidate amodio zaharra berpiztu.

Hau esatearekin batera isilik geratu da Pedro, aurrean daukan emakumearen begi eder haietan murgildu nahi izan balu bezala. Lipar batean Axun gaztea ere indar bero eta amultsu batek heldu du.

"Uda hura oso berezia izan zitzaidan. Lantegian ere lehenbiziko aldiz hiru hilabeteko jornada intentsiboan hasi ginen lanean. Goizeko zazpietatik eguerdiko ordu bi t'erdiak arte. Arratsaldero libre nintzen, beraz. Baina uda haren berezitasuna nabarmenago nekusan Axunengan. Emakumeago, eginago, langileago etxean, txoro haizeak betirako bazterturik eta kezkatiago iruditzen zitzaidan. Lehenbiziko egunetan bakoitzak geuron bizimoduari jarraitu genion. Desberdintasun nabarmen batez: Axun jada ez zela irteten ohizko lagun taldearekin eta etxean geratzen zen irakurtzen ia arratsaldero.

Honela, ba, hondartzara nindoan egun batean galdetu nion ea haserre zegoen lagunekin. Erantzunak harrituta utzi ninduen: Txoroegiak aurkitzen zituela eta eurekin ibiltzeak aspertu egiten zuela. Herriko haizearen bulda baino txoroagoak ziren. Baina Axun erantzun hura ematen ari zitzaidan bitartean, niganako bere begiratuan eskari antzeko bat igarri nion, laguntza eske ari balitzait bezala.

Biharamunean ere eguraldi ona egiten zuenez, lau t'erdiak arte irakurtzen jardun eta gero, hondartzarako prestatzen hasi nintzen. Igeriko galtzak azpitik jantzi, toaja sorbaldan hartu, betaurrekoen funda fraken ezkerreko patrikan sartu eta irakurtzen ari nintzen liburua mahai gainetik jasotzerakoan, hantxe eserita zegoen Axunen aurpegiarekin topo egin nuen aurrez aurre. Hondartzara? Galdetu zidan. Bai, erantzun nion. Bezperako soa begitandu nion, baina are larriagoa.

-Bakarrik nago -bota zidan.

-Zer?

-Oso bakarrik sentitzen naiz.

Isilik, durduzatuta, haurtzaroan legez gaiztakeriaren bat egiten harrapatu baininduen, erantzuna asmatu ezinik geratu nintzen. Luze egin zitzaidan une labur baten ondoren, eta oraindik zer erantzun j akiteke, hasi nintzaion:

-Nahi al duzu...?

-Bai! Eraman nazazu hondartzara.

Deblauki neure burua neska-gazte eder harekin ikusi nuen. Gezurra iruditzen zitzaidan! Ahal nuenik irribarre goxoena asmatu ezinik, ados, goazen, ba, erantzun nionean arraitu egin zen Axunen aurpegia. Une hartantxe konturatu nintzen zein aurpegi eder eta zoragarria zuen! Barre ireki bat oparituz, segituan naiz zurekin, itxoin pixka bat, esanez aldatzera joan zen logelara.

Egongelan zutik itxaroten nengoen bitartean balkoi irekitik kanpoko hotsak zetozkidan: Haurrak kalean jolasean, dron, dron, Belandron, Belandroko eleizan zazpi gizon dantzan... Moilako grua kargako barkuak zamatzen, urrutian galdu zen txakur baten zaunka, teilatupeko habiako txorrotxioa... Halako batean, Axun keinu zentzukor eta era berean irrigarria eginez, agerkundea bailitzan azaldu zitzaidan gelako atean. Oraindik aurrean dakusat irudi hura: Belaunetarainoko gona lasai berdea niki gorri batekin. Ezkerreko eskua aldakan jarriz, zine beltzeko vamp estilora, eskuineko eskuaz buru gainetik, hello, my darling!, ingelesez agurtu zidan. Barre egin nuen. Goazen my darling Clementine!, erantzun nion, ikusi berria nuen John Ford-en filma zaharra gomutatuz.

Hondartzarako bidean sentimendu nahasiak korapilatu eta zurrunbiltzen zitzaizkidan barruan. Alde batetik ahalkea, zerbait bakarrik, inoiz neska-gazte bakar batekin irten ez denarena, eta bestetik harrotasuna, nire lagun arrantzalea Dionixiok esango lidakeen bezala, kristoren neska katxarroa neramalako alboan. Bai. Haizeak hanpatutako oihala baino harroago sentitzen nintzen. Kontu oso berezia gertatu zitzaigun gainera. Bioi bat-batean ikaragarrizko berriketarako gogoa sortuta, elkarri txanda eman ezinik ibili ginen, bai bidean eta bai hondartzan elkarren ondoan etzan ginenean.

Bion arteko komunikazio irekitze hark asko poztu ninduen eta banekien Axuni ere gauza bera gertatzen ari zitzaiola. Lehenbiziko egun hura ezin ederragoa joan zitzaigun. Honela, ba, nire lagun taldeaz erabat ahazturik, egunero irteten hasi ginen.