Hasiera > Hugoenea
Hugoenea
Katixa Agirre
Amaia Lapitz eta Kartagoko altxor ezkutua
Hugoeneako egonaldia Amaia Lapitzen bigarren abentura idazteko baliatuko nuke. Amaia Lapitzen lehenengo istorioa 2010ean argitaratu zen, Amaia Lapitz eta Erregina Gorriaren Hilobia (Elkar) izenburuarekin. Amaia Lapitzek Mexikora bidaiatu zuen lehen istorio horretan, Palenqueko eremu arkeologikora zehazkiago esanda, ama arkeologoa laguntze aldera. Oporraldi aspergarria dirudi, baina berehala maiak, zapatistak eta polizia ustelez betetako istorio batean endredatuko da protagonista gaztea, detektibe-lanak egitera behartuta. [Ikusi lagina]
Bigarren abenturarako, Amaia Lapitz, zeinek dagoeneko 14 urte bete dituen, kontinentez aldatu eta Tunisiara joango da ama eta amonarekin. Oraingo honetan ere, Tunisiakoak Gabonetako oporraldi lasaia baina ez dela izango dirudi, baina arazoak berehala ailegatuko dira. Amonak kasualitatez-edo magnate tunisiar bat ezagutu du: beste negozio askoren artean Kartagoko antzinako hirian inspiratutako parke tematiko baten jabe da, eta baita sekretu baten jabe ere, Dido erreginaren altxor galduarekin zerikusia duena. Ama hoteletik misteriotsuki desagertzen denean, Amaiak bilaketari ekin beharko dio, bertan ezagututako Ghasen eta Leila bikien laguntzarekin.
Lehenengo istorioan bezala, bigarren ale honetan ere abentura izango da nagusi. Amaia eta bere lagun berriek amari gertatu zaiona deskubritu beharko dute, eta bide horretan, Tunisiako agintari nagusiak zikintzen duen korrupzio trama bat argitara ekarriko dute. Gainera, Tunisiako egoerari ere erreparatuko zaio, izan ere Amaiaren abenturek gatazka garai batekin kointzidituko dute. Tunisiako herria bere agintari ustelen kontra altxatzen hasia da.
Istorio borobiltzeko Dido erreginaren legenda ere sartuko da abenturan. Eneidaren arabera senarra hil ziotenean Tirotik alde egin zuen Didok, altxor baliotsu batekin. Ihesaldi horretan gaurko Tunisiako kostaldera ailegatu zen, Kartago hiriari sorrera emanez. Altxor horrek paper inportantea beteko du Amaia Lapitzen bigarren abentura honetan.
Amaia Lapitz eta Kartagoko altxor ezkutua argitaratzeko konpromisoa Elkar argitaletxeak hartu du bere gain, eta aurreikusitakoaren arabera, 2011ko azaroan plazaratuko da.
Egonaldia burutzeko data: Ekainaren 20tik Uztailaren 4ra.
Prentsa dosierra: jaitsi
Prentsa dosierra: jaitsi
Prentsa dosierra: jaitsi
Pasaiariaren oparia: jaitsi