Bazkideak > Bazkideak Atik Zra

Mariasun Landa Etxebeste

Mariasun Landa Etxebeste Sormen-lanak

Errenteria, 1949.

Gizarte Laguntzarako ikasketak egin ondoren lau urtez bizi izan zen Parisen eta han Filosofian lizentziatu zen 1973. urtean. Frantziako hiriburutik itzultzerakoan, euskara ikasteari ekin zion; irakasle egon zen lehenengo Zarauzko ikastolan eta Lasartekoan geroago.

Zenbait urtez Oinarrizko Heziketan eta IRALEko irakasle gisa jardun zuen. Egun, Literaturaren Didaktikako irakaslea da Donostiako Unibertsitate Irakasle-Eskolan (EHU).

Argia, Egin, Punto y Hora eta Anaitasuna-n batez ere artikulugintzan jardun izan du, eta gaur egun ere horretan dihardu zenbait aldizkari eta egunkaritan.

1982an lehenengo ipuin liburua argitaratu zuen, Amets uhinak. Haur eta Gazte literaturan eman ditu bere literatur ekoizpenaren lanik gehienak; esparru honetan, hogeitahamar bat titulu argitaratu dituelarik. Asko Espainiako (katalana, galiziera, gaztelera) nahiz atzerriko hizkuntzatara (ingelesera, frantsesera, alemaniera, grekerara, arabiarra, koreanoa...) itzuli dira.

Jasotako sarien artean, honakook nabarmenduko genituzke: "Lizardi Saria" 1982an Txan Fantasma ipuinarengatik eta Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria Alex ipuinarengatik 1991n. "A.M. Labaien Narrazio Saria" ere eskuratu du Krokodiloa ohe azpian narrazioarekin 2002. urtean. Liburu honek Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala jaso zuen 2003. urtean.

Iholdi liburua, 1992an IBBYko Ohorezko Zerrendan sartu zen eta Elefante txori-bihotza liburua 2001eko Municheko Nazioarteko Haur eta Gazte Liburutegiaren White Raven (Zozo zuria) zerrendan dago. 2006ko martxoan, Krokodilo bat ohe azpian (Alberdania, 2002) IBBY Haur Liburuaren Nazioarteko Erakundearen ohorezko zerrendan sartu zuten.

Dabilen Elea 2011 Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek:  EEEk (Euskal Editoreen Elkarteak), APIE-EIEP (Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak), EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak) eta Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea eta EIEk (Euskal Idazleen Elkarteak) 2011ean.