Kirmen Uribe

Kirmen Uribe Atzera

2016
Elkarrekin esnatzeko ordua
Susa
2012
Mussche
Susa
2009-4-20
"Liburuak ibilbide luzea egingo du; barruan daukadan taupada bat da"
Euskarazko eleberri onenari dagokion Kritikaren Saria jaso zuen larunbat gauean, eta biharamun goxo batek esnatuta egin dio lekua garari idazle ondarroarrak.

Lehenengo eta behin, zorionak jaso duzun sariagatik. Nola jaso zenuen berria? Gogorra izan al da biharamuna?
Biharamuna oso goxoa izan da. Sari honek, guztien moduan, poz handia eman dit. Ezustean jaso dut eta ezusteko horiek ederragoak izaten dira. Oso pozik nago, aurten kalitate handiko lanak atera direlako, eta horien artean nire lana hautatzea poz handia da.

Apustu ausarta izan zen «Bilbao-New York-Bilbao»-rekin egin zenuena. Agian apustu hori izan da sari horretan pisu handiena izan duena?
Ez dakit. Boz bat baino gehiago egoten dira sari horietan, beraz, batzuek ausardia hori kontuan hartuko zutela uste dut. Beste batzuek, aldiz, liburua gustuko izan dutela, besterik gabe. Hala ere, liburu ausarta da baina erraz irakurtzen da. Berritzailea den edo ez den ahaztuta, esan diren gauza horiek guztiak alboratuta, irakurle arruntak liburua jasotzen duenean uste dut oso ondo irakurtzen duela eta hori da garrantzitsuena. Diskurtsoa, berritzailea dela, edo ausarta dela, hori guztia bigarren mailakoa da. Inportanteena da irakurle arruntak liburua irakurri duenean gustatu egin zaiola eta hori ikusi da saldu diren 6.000 aleekin.

Atzo epaimahaiak esandakoaren arabera, bere «prosa aberatsagatik» eta «hunkigarritasunagatik» saritu dute zure lana. Zer deritzozu zuk?
Prosarekin bat nator, gehien landu izan dudana estiloa izan delako. Estiloa oso landua dago, anitza da, hizkuntza asko agertzen dira -e-mailak, eskutitzak, egunerokoak, hizkuntza zientifikoa, literarioa...-. Hori guztia oso landua dago, eta nik gainera nahi nuen estiloak eramatea aurrera; hau da, irakurtzeko gogoa estiloak berak sortzea. Alde horretatik, bat nator; hunkigarritasunarena, ordea, uste dut gauza subjektiboagoa dela. Uste dut hunkitzen gaituztela benetan sinesten ditugun liburuek, liburuan sartzen garenean, orduan hunkitzen garela. Baina liburu hau ez dago hunkitzeko idatzita, inondik inora.

«Bitartean heldu eskutik» itzal handiko lana izan zen. Sari horrek «Bilbao-New York-Bilbao»-rekin hasitako bidea gehiago definitzen lagunduko dizula uste al duzu?
Bai, lagunduko dio. Liburu horrek ibilbide luzea egingo duela uste dut. Barruan daukadan taupada bat da. Euskal Herrian bide luzea egingo du eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Irakurri duten lagunek, gehienbat euskaldunek eta baita kanpokoek, hitz bat nabarmendu dute beti; `originala' dela. Originaltasun hori eskertuko dela uste dut. Azkenean liburuak Euskal Herriaren ikuspegi bat ematen du, anitza, koloretsua, baikorra ere bai momentu batzuetan, eta hori eskertuko da.

Kanpora ere bidaiatu dezakeela uste duzu, zer espero duzu hemendik aurrera?
Espero dut, alde batetik, jendeak sari honekin bigarren aldiz irakurtzea liburua eta beste begi batzuekin irakurtzea. Jende askok esan dit bigarrenez gehiago gustatu zaiola. Horrez gain, itzulia izatea nahiko nuke eta bere bidea egitea, pixkanaka pixkanaka, «Bitartean heldu eskutik»-ek egin zuen moduan, bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere.

Eleberrigintza eta poesia. Zein da Kirmen Uriberen kutunena?
Kutunena... Kutunena agian poesia izango da, beti. Azkenean lehenengo liburua poema liburua izan zen, eta «Bitartean heldu eskutik»-ek nire bizitza aldatu zuen. Beti eskertuko diot hori poesiari. Baina gusturen, idazketa lanetan, nobelagintzan aritu naiz. Oso gustura aritu naiz nobela hau idazten. Poemetan gehiago kostatzen zait, lan gehiago egin behar da agian. Ez dakit nola esan, bi erritmo desberdin dira. Baina gusturen, berriro diot, nobelagintzan aritzen naiz. Eta gustatzen zait istorioak kontatzearen kontu hori eta istorioak kontatzeko modu onena nobela da.

Beste «anaiarik» emango al diozu «Bilbao-New York-Bilbao»-ri? Orokorrean zeintzuk dira etorkizunerako dituzun egitasmoak?
Idazten jarraitzea eta disfrutatzen jarraitzea da nire asmoa. Ez naiz tipo obsesibo bat, ez ditut liburu asko eta azkar idazten, oso geldirik idazten dut eta erritmo horrekin jarraituko dut. Pausoak pixkanaka eman, eta ahalegindu liburu bakoitza irakurlearentzat zerbait desberdina izan dadin, ez dadila nire burua errepikatu.
2009-01-17
«Idazleok gure lotsak ezkutatzen ditugu eta nik azaldu nahi nituen»
Urte batzuk barru idatziko du Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) Bilbao-New York-Bilbao (Elkar) nobelaren barruan dagoen nobela. «Orain ez zitzaidan nobela hori interesatzen. Nobela beraren sortze prozesua gehiago interesatzen zitzaidan, idazleak zer kezka, zer beldur dituen, idazlea bera nola aldatzen den... nahiago nuen hori guztia kontatu, molde klasikoetan idatziriko nobela bat egin baino». Asmo berrizaleak zituen oroz gain idazleak.

Hasi da nobela bere bidea egiten...
Liburua, oro har, oso ondo hartua izan da. Jendea ahoz aho bata besteari gomendatzen ari dela dirudi. Liburu berezia da, duen arkitekturagatik eta duen alde intelektual horregatik eta ez dut uste berez oso liburu erraza denik, baina irakurle arruntak oso harrera ona ari dira egiten. Irakurle bakoitzak bere aldetik ikusten du liburua, hain denez aberatsa. Mosaiko baten modukoa denez, hainbat gai, hainbat hizkuntza... ikusi dituzte, eta hori nahi nuen. Nahi nuen jendeak irakur zezala zatika eta gero gera zedila pentsatzera, eta urrunera begira dezala. Ni oso pozik nago liburuarekin. Mila aldiz jaiota ere, liburu hauxe idatziko nuen. Nahi nuena idatzi dut, eta nahi nuen erara. Eta, gainera, debatea ere sortu da, eta hori oso positiboa da.

Beñat Sarasolaren kritikagatik diozu?
Beñatena iritzi bat da, oso kontuan hartzekoa. Eta ikasi egin dut kritika horretatik. Baina ez nintzen zehazki hortaz ari. Beñaten kritikaren atzean, nik uste, kezka bat zegoen: azkenean bazeuden espektatiba batzuk liburua argitaratu aurretik, eta irakurle edo kritikari bakoitzak bere erara ikusten zuen liburua, eta horrek ez dio lagundu liburu honi. Bitartean heldu eskutik liburuak izan duen ibilbide luzeak ez dio lagundu Bilbao-New York-Bilbaori,

Zergatik?
Baldintzatuta irakurri duelako zenbaitek. Gero, pentsatzen dut Bilbao-New York-Bilbaok bere ibilbidea egingo duela, eta onik irtengo dela. Iruditzen zait batzuek iritzi jakin bat bazutela argitaratu aurretik, eta aurreiritziez irakurri dutela, eta pena ematen dit horrek ez dielako utzi liburuan sartzen eta dituen alde guztiak ikusten. Baina gertatu den guztia ikastekoa da.

Baina hainbestekoa izan da mugimendua ala?
Ez, ez. Kritikengatik diot, batzuek zituzten espektatibengatik... Nik ez nuen sentitzen, baina badirudi jendeak bazuela gosea. Ikasi dut beharbada ez dudala hainbeste itxaron behar helduentzako liburu batetik bestera publikatu gabe. Eta, agian, irakurleari gako batzuk eman behar zaizkiola, zeren bat-batean agertzen bada, ezuste handiak hartzen dira, batez ere berrizalea baldin bada. Baina nik neure espektatibak bete ditut.

Kirmen Uribe pertsona eta idazlea ezagunak ziren, orain, Kirmen Uribe pertsonaia dakar liburuak.
Borges idazlea, Borges pertsonaia ezaguna, eta Borges pertsona bera. Liburuan ironia handia dago, umorea ere bai, baina batik bat ironia dago, autoironia. Gauzak kontatzeko modua oso ironikoa da, beti egia zer den zalantzan jartzen da, oroimena zalantzan jartzen da... Irakurleak sentsazio hori du; kalean gelditu eta hori galdetzen didate: «Hau benetan gertatua al da?». Gerta zitekeen, ala ez. Baina inportantena liburuan kontatzea bera da, kontaera. Eta badago kritika bat egiarena berarena, gauzak egia balira bezala kontatzearena.

Kirmen Uribe pertsonaiaren eskutik, indibidualismoari kritika egiten zaio, nahiz eta batzuetan goraipamena dela irudi duen.

Kritika da. Ricardo Pigliak esaten zuen norberari buruz idazten dugunean clown bihurtzen garela, eta nik clown-aren ikuspegitik idatzi dut. Nahi nuen narratzaile bat, eta nahi nuen narratzaile hori maskara gabea izatea, azken garaietako nobelaren maskara kendu eta norbere ikuspegitik kontatu nahi nuen nobela. Kirmen Uribe bat agertzen da, baina beti bigarren planoan dago, oso intimoak diren gauzak ez dira argi kontatzen, familiakoen deskribapen fisikorik ere ez dago, oso gauza txikiekin deskribatzen dira... Nahi nuen narratzailea izatea egilea bera, baina beste batzuen istorioak kontatu nahi nituen, arrantzaleenak, pintoreenak, idazleenak... ikusten dudana kontatu nahi nuen.

Berrizaletasuna izan da liburuaren nahi handiena?
Liburuarekin aspaldi izan dudan gogoeta bat paperera eraman nahi izan dut. Neure buruari galdera bat egiten nion: «Nola idatzi behar da gaur egun, eta zertaz idatzi behar da gaur egun?». Edo, «nik nola eta zertaz idatzi nahi dut?». Zertaz idatzi nahi nuen banekien, mundu bati buruz idatzi nahi nuen, mundu oso konkretu bati buruz. Eta nola? Gaur egungo gizartearen ezaugarriak eta idazteko moduak azalduz. Hor agertzen da ahozkotasuna, agertzen da idatzizkoa eta agertzen da mundu elektronikoa ere, hirurak. Idazketa blog bat izango balitz bezala dago egina, mosaiko handi bat da, zati askorekin osatua. Blog izaera hori azaldu nahi nuen, eta horregatik dator lehen pertsonan idaztea: sinesgarritasunagatik. Nobelaren izaera zatikatua berariaz egina dago. Gero zati horiek guztiak puzzle baten edo sudoku baten antzera bete ditut, istorio batek bestera eraman zezala.

Jauzi arkitektoniko horrek, ordea, nahi pertsonal soil bat baino gehiago, euskal literaturak berak emango zuen jauzi bat izan zedin nahi zenuela dirudi.
Bai, umiltasun osoz, baina bai. Ez nuen nahi geure burua errepikatzea, orain arteko ereduak errepikatzea. Zerbait berria eman nahi nuen. Orain arteko belaunaldiek ere ekarri dituzte berrikuntzak eta gaur egun argitaratzen dituzten liburu askok ere pauso bat ematen dute aurrera. Urte hauetan guztietan, kanpoan ibili naiz asko, eta asko irakurri dut eta ikusi dut zeintzuk diren konstante batzuk eta horiek ekarri nahi nituen Euskal Herrira.

Horrek publiko zabalari begira, dena den, badu arrisku bat, ezta?
Egun Dublinera joaten bazara, toki guztietan dago James Joyce, idazlerik irlandarrena da gaur egun. Berak idatzi zuen garaian, aldiz, Irlandan ez ziren oso ondo hartu haren lanak. Gauza batzuk agertzen diren garaian ez dira oso ondo identifikatzen... baina ez dut uste hau denik liburuaren kasua. Ikusten ari naiz jendea irakurtzen ari dela eta ahoz aho besteei irakurtzeko esaten diela.

Arkitektonikoki jauzi bat egin arren, zutabeetako goxotasun edo samurtasun horri eusten diozu nobelan.
Bai, ahots bera da. Ahots horrek dena biltzen du eta irakurlea ahots horrekin identifikatzen da.

Goxotasun hori helburu bat da?
Urte askotako lanaren bilakaera izan da. Nire zutabeak irakurri dituenak edo nire ibilbidea jarraitu duenak badaki nola joan naizen ahots hori ontzen. Zutabeak nire koaderno izan dira, han proba asko egin ditut, eta gero berreskuratu ditudan ideia asko atera dira zutabeetan. 98tik hona nire estiloa eginez joan naiz, jendeak errekonozitzeko estilo bat eginez joan naiz. Nik ez dakit ahotsa goxoa den, nik uste dut atsegina dela... Baina gauza bat da ahotsa eta beste gauza bat dira pertsonaiak. Pertsonaiak ez dira goxoak, pertsonaiak biziak dira. Gure aitaz adibidez -aitari buruz hitz egiten dut- gauza gogorrak esaten dira, oso era sotilean, eta aitonari buruz zeresanik ez. Oso eszena gogorrak daude liburuan, emakumeari senarrak zapatak kentzen dizkionean, edo Miel marinelari familia osoa fusilatzen diotenean eta Ondarroara etortzen denean papertxo batekin, helbide batekin; edo gure aitaren heriotza kontatzen dudanean... badaude eszena gogorrak, baina kontatzeko era bestelakoa da. Kontatzeko era gaur egunetik iraganerakoa da, iragan hori gainditua duen norbaiten ahotsa da. Hizkera goxoa izan liteke, baina inozoa ez, inondik inora.

Eta ez dirudi idazteko prozesua goxoa izan denik. Liburuan behin eta berriz agertzen da egileak zer-nolako presioa eta ezintasuna sentitzen duen, ama birjina bati ere laguntza eskatzen dio...
Nik azaldu nahi nuen nobela baten hasieran idazlea oso galdua dagoela, eta hasiera oso txarra izan litekeela. Philip Rothek dio hasierako urtean egiten duena zakarretara botatzen duela, eta ezer ez egiteko hartzen duela urte hori. Nik hori azaldu nahi nuen garbi, nola hasieran zalantzak izan nituen, eta ez zitzaidala hainbeste gustatzen idatzitakoa... idazteari utzi eta liburuarekin ahaztu egiten nintzela... zergatik ez hori kontatu? Idazleok gure lotsak ezkutatu egiten ditugu, eta nik lotsa horiek azaldu nahi nituen. Baina ez da gogorra izan, eta batez ere azken urte honetako idazketa prozesua oso gustura egin dut. Momentu batzuetan sentitu dut presioa, baina azken urtean ez. Gero, argitaratu ondoren, berriro sentitu dut presio hori.

Meryl Streepen galdera bat jasotzen duzu liburuan: «Balio du al du fikzioak gaur egun?».
Galdera hori liburu osoan dago. Asmaziotik sortutako fikzioaren kritika bat da liburua, errealitatetik hain urrun dagoen fikzioari eginiko kritika. Liburuan fikziozko pertsonaia bakarra dago, Renata Thomas da nirekin hegazkineko bidaia egiten duen emakumea. Kuriosoa da, liburu guztian ari naiz fikzioa zer den galdezka eta gero nobela bukatzen da fikziozko pertsonaia horrekin. Krisian jartzen da dena gero irtenbide txiki bat emateko. Fikziozko pertsonaia horrek jasotzen du mezu bat, «lagun nazazu», eta hor hasten da beste nobela bat. Errealismoaren mimesirako joera zalantzan jarri nahi nuen. Beti dago zalantza hori, zer da errealitatea eta zer fikzioa?

2008-11
"Dena kontatzearen teknika bukatu da"
Bilbao-New York-Bilbao eleberria kaleratu berri du Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970); erreferentziazkoa bihurtu den "Bitartean heldu eskutik" poema-bildumaren eta arrakasta izandako haur-literaturako kontakizun zenbaiten ondoren, ikusmin galanta piztu du obra berri honek, eta jakin-min hori asetzeko asmoz joan gatzaizkio galdezka.

Atera duzu azkenean eleberria, jende asko zain zegoena, gu barne. Badakigu urte askoan aritu zarela hau lantzen, ezta?
Sylvia Plathek amari kartak idazten zizkion, eta hor daude jasota bilduma batean, Etxerako gutunak, eta bertan kontatzen du nola, ikasten ari zela, asko estutzen zen, eta halako batean amak esaten dio: hiltzen zarenean zure hilarrian ez dira agertuko zure notak, agertuko dira zure izena eta datak. Horrekin esan nahi zion inportanteena ez dela noiz ateratzen den liburua, nolakoa den baizik, eta nik hori eduki dut denbora guztian buruan. Nahiz eta urte batzuk igaro diren Bitartean heldu eskutik atera zenetik...

Baina nobelarekin hasi zinela bost bat urte izango dira...
Bost bat urte ideia izan nuenetik, baina beti eduki dut garbi ez nuela arrapaladan egin nahi. Arkitektura argi izan behar nuela gero nobela idazteko.

Hala ere ikusten da azken hilabeteetan izan dituzula hainbat ideia, eta nahi izan duzula aldiberekotasun-sentipen bat sortu irakurleari, momentuko eta gaurkotasuneko elementuak sartuz, ezta?
Ia-ia denborari aurrea hartu diogu. Adibidez, nobelan agertzen da nola Obamak irabazi duen McCainekiko lehia, eta nik hori idatzi nuenean ez nekien Obamak irabaziko zuela. Nahi izan dut ahalik eta gehien gerturrastu nobelako datak. Zergatik? Ahalik eta distantzia gehien izateko iraganarekin eta modu errazago batean ordenatzeko ekintzak.

Nobela-eredu tradizionaletik harago

"Nobela" ari gara esaten, eta baten batek esango du: hau nobela da? Egia da ez dela XIX. mendeko nobela, baina nobela da hala ere.
Nobela da argi eta garbi, baduelako hari bat, hiru hari hobeto esanda, aurrera doazenak. Gainera, gauza batzuk gertatzen dira eta aldaketa batzuk daude, nik uste hortik doala nobelaren definizioa. Gertatzen dena da nik hasiera batean asmo bat nuela: geure mundua paperera eramatea. Hori egin zuen García Márquezek, hori egin zuen Irvingek El mundo según Garp horretan, hori egin zuen Salman Rushdiek Hijos de la medianochen... Orduan nik uste idazle guztiok dugula gogo hori, edo zor bat sentitzen dugu aurrekoekin, eta zor hori kitatu nahian idatzi nahi nuen galtzen ari den arrantza-mundu horri buruzko nobela bat. Hori nola egin? XIX edo XX. mendeko nobelaren ereduari jarraituz? Aitona, aita, ni, hiru belaunaldien istorioak kontatuz, saga familiar bat eginez, ala gaur egungo gizartearen ezaugarriak kontuan hartuz, kontaketa ere halaxe egin? Eta nola egin dut? Hor datoz hiru belaunaldiak, baina oso modu zatikatu batean. Puzzle bat da, eta badator liburu-hasieran zita bat, Sebald idazle alemanarena, eta bertan esaten du: bizitza lotzen duten hari ikusezinak, eta ni ere hori egiten saiatu naiz. Nolabait ere azala ikusten da, baina hari ikusezin asko daude nobela mugitzen dutenak. Ez da dena kontatzen. Dena kontatzearen teknika bukatu zen, Proustekin. Dena ez, baina irakurleak badaki gutxi gorabehera zer gertatzen den. Kontatzen da soilik beharrezkoa.

Sar gaitezen liburuaren edukian. Liburuari bizkarrezurra ematen diona, hegazkin bidaia bat da, Bilbotik New Yorkera doana.
Nahi nuen agertu ezleku hori, hegaldi bat izatea, kontakizuna ez izatea herri batean, Ondarroan, edo hiri batean, Bilbon, edo herri imajinario batean, Arranondo, Obaba edo nahi duzuna. Eztoki batean nahi nuen kokatu, mugimendua izatea narrazioaren ezaugarria. Bilbotik New Yorkera, denok dakigu zer dagoen azpian: ozeanoa dago, Atlantikoa. Hor kokatu nahi nuen. Mugimendua, nolakoa? Etxetik kanporakoa, Bilboik New Yorkera, barrutik kanpora. Oso diferentea izango zen New Yorketik Bilbora balitz. Keinua da barrutik kanporakoa, nahiz eta tituluan joan-etorria egon.

Bilbo-New York horretan badago sinbolismo bat ere, ezta?
Bilbo da gure hiria. Euskal Herria ezagutzen da Bilbogatik gaur egun. Nire Euskal Herria da Bilbo, XXI. mendean. Eta New York da munduaren erdigunea gaur egun. Kultura txiki bateko hiri bat eta munduko kultura handienaren hiriburua: bien arteko tentsio hori azaldu nahi nuen.

Hiru belaunaldi

Bidaia horretan zehar, atzera-saltoak eginez, kontatzen duzu XIX. mendetik XXI.era doan istorio bat, eta hor hiru belaunaldi, lehen aipatu duzun bezala.
Nahi nuen hiru egoera historiko jakin azaldu. Batetik gerraurrea, gerraurreko optimismo hori, Ondarroa hori non Rikardo Bastida arkitektoa, Guridi musikaria, Zubiaurre anaia pintoreak, Aurelio Arteta han egoten ziren, sortzen, uda han pasatzen zuten, eta hor badago sinbolo bat, zubi zaharra, Regoyos, Guiard, ia pintore guztiek pintatu dutena, beraientzat zen permanentziaren sinbolo bat, eta euskaltasunarena; giro liberal hori dago, ideologia dieferenteetako artistak daude, eta hori zapuztu egiten da gerran. Gero jada kontatzen dut aitaren belaunaldia, gerraostekoa, Francoren urte ilun horiek, eta arrantzaren gorakada, arrantza industrialarena, hori da bigarrena eta gero hirugarrena dator, gure belaunaldia, nola pasatu garen XXI. mendera. Baina hor inportantea da nondik natorren eta nora noan. Aitonaren mundu hori, Arteta-Bastidaren mundu argitsu hori, aitaren mundu iluna, lanaren zama, eta gero gurea. Zubi zaharraren eta permanentziaren guztiz kontrakoa, mugimenduak definitzen duena.Nobelan azaltzen da, zelan aldatu diren baloreak, familia ikusteko modua, hizkuntza ikusteko modua.

Hemen lekukotasun bat badago, ahoz jasoa neurri handi batean, irakurri duzuna, familiari buruz jakin duzuna... hori kontatzea, biltzea, forma bat ematea; baina aldi berean badago jakin ezin izan duzuna imajinatzeko edo asmatzeko ahalegin bat. Nolakoa ote zen aitona benetan, zuk ezagutu ez zenuena. Zenbateraino dago jakin duzunetik eta jakin ez duzunetik... zer dialektika dago bi horien artean?
Hor beste dialektika bat ere badago. Liburua alde batetik da oso dokumentatua, elkarrizketa asko egin ditut, egon naiz arrantzale zaharrekin, egon naiz orain Senegaletik etorritako arrantzale berriekin, liburutegietan egon naiz, artxibategietan egon naiz, Artetaren bizitzari buruz jakiteko, baita gure aitonari buruz ere, oso gauza gutxi baikenekien, baina niri gehiago interesatu zait beste aldea, kontatu ez zidaten beste hori, eta irudimenari bide eman dion beste alde hori: nolakoa zen aitona, zer harreman zuen pintore eta artista horiekin, zer jarrera hartu zuen egoera historiko jakin batzuetan, hori dena oso interesgarri egiten zitzaidan. Orduan, hor jarri dut batez ere indarra, kontatu ez zidaten horretan.

Zuk zeuk esaten duzu liburuaren hasieran: "amaren aldetik historia asko kontatu didate, aitaren aldetik oso gutxi". Eta aitaren aldekoak hartzen du pisurik handiena liburuan.
Bai, bitxia da, eta uste dut amak barkatuko didala. (Barrea) Baina bai, entzun ez nuena edo ez nekien hori, horrek hartzen du pisua. Eta aitonen artean ere, aitaren aitak dauka pisua eta ez amaren aitak, nik bizian ezagutu nuena, eta berarekin bizipen asko ditudana, beharbada beste liburu batzuetan agertuko direnak. Baina interesatzen zitzaidan beste aitona hori...

Liborio.
Libori hori, bai, "Dos Amigos" izeneko ontzi bat zeukana, inork ez zekien zergatik jarri zion izen hori. Gero, gerran oso hautu pertsonala... ez-korrektoa egin zuena... Beste aitonak ez, beste aitona, gaur egunetik begiratuta, bide zuzenetik joan zen. Baina gustatzen zitzaidan kontradikzio eta akatsak zituen aitona hori. Heroia ez zen aitona hori.

Kariñoz tratatzen duzuna, bestalde.
Dudarik gabe. Kariñoz tratatzen dut, eta saiatzen naiz ulertzen zergatik egin zuen egin zuena. Nik uste dut egin behar dugun ariketa dela, guk euskaldunok, ulertzea besteak zergatik egiten dituen hautu batzuk, eta zergatik egiten duen egiten duena, edo pentsatzen duen pentsatzen duena. Ni aitonaren tokian jartzen ahalegintzen naiz, eta aitonaren irudi horrekin hitz egin nahi dut, momentu jakin batean hautu "txar" bat edo, esan dezagun, hautu ez-egoki bat egin duten horiei buruz hitz egin nahi dut... inguruak bultzatuta edo beharbada inozentziak edo idealismoak. Aitonak hori dena sinbolizatzen du.

Ofizioaren jakituria

Ez duzu guztiz esplizitatzen baina oso garbi ikusten da, zu familiaren katebegi baldin bazara ere, nolabait katea eten egiten dela, itsasoarekiko katea-eta...
Hori oso argi dago, ze liburuan bertan kontatzen dut nola gure aita, aitona, aitonaren anaia, aitonaren aita, osaba guztiak... denak ziren itsas mundukoak. Eta pena ematen dit jakituria hori guztia galtzeak. Hor kontatzen da liburuan nola Harvardeko Unibertsitateko zientzia museoan badauden beiraz egindako loreak, Alemaniako beiragile batzuek egindako loreak, perfektuak. Eta beiragile horrek kontatzen zuen belaunaldiz belaunaldi zetorren tradizio bat zela eta ezinezkoa zela hori ikastea hutsetik; aita, aitona, aitonaren aita... Jakituria hori guztia bereganatu zuela berak, eta niri horrek ematen zidan tristura, nik ez neureganatzeak (nire aurrekoen) jakituria hori dena. Gure lehengusuetatik bat bakarra joan da itsasora, ez dago gehiago. Baina ez nuen ikuspegi ezkor bat eman nahi, horregatik datoz gero Afrikatik datozen arrantzale horiek. Ez nuen liburuan negar egin nahi, aurrera begiratu nahi nuen, gauza asko galdu ditugu, baina beste gauza asko irabazi.

Baikorra da liburua alde horretatik, badu espiritu alai, airos bat. Espiritu horrekin lotuta, estiloaz nahi nizun galdetu; nobela honetan erabili duzun estiloa, neurri batean, zutabeetan erabiltzen duzun estiloaren antzekoa da: oroitzapenak, irakurketak, esperientzia pertsolanak... horiek denak lotzea.
Bai, 1998an hasi nintzen zutabeekin. Hamar urte, eta ez dut gainera etenik izan. Hasieran Egunkaria zen, gero, itxi zutenean, Berria, tartean izan zen egunkari hartan ere idatzi nuen, Garan ere bai, eta beno... Zutabeetan nire estiloa ere aldatuz joan da eta landuz...

Eta trebatuz.
Ni oso eskertuta nago hor, aukera eman zidatelako zutabeak idazteko. Zutabeak izan dira nire gauzak gordetzeko kaxoiak bezala. Eta hor gordetzen nituen: astero-astero idatzi bat. Estiloa garatuz joan da; hasieran ipuin antzekoak ziren, ez zuten niri buruz hitz egiten hainbeste, gero joan naiz nire ikuspegia gero eta gehiago azaltzen, nik ikusten dudana kalean, eta... gero eta soilagoak joan dira bihurtzen, eta azkenean estilo definitu bat lortu dut urteen poderioz. Jende askok esaten dit igarri egiten dela, testu bat irakurri eta, "hau zurea da". Eta hori oso zaila da lortzea idazle batentzat. Azkenean hori lortu dut eta nobela idazterakoan, edo erredaktatzerakoan, egin dut estilo hori nobelara eraman, ez nuen horrekin apurtu nahi. Esaten zuen Juan Carlos Perezek: egin behar da zuk dakizuna egiten, eta hori egin dut, nire estiloa garatu dut hamar urteotan eta estilo hori eraman dut gero liburura. Gertatzen dena da liburua egiteko galdera asko sortu zaizkidala buruan: zein den narradorea, zein den ikuspuntua edo ikuspuntuak, eta zutabeek horri erantzuten ere lagundu didate.

Lehen pertsonaren garrantzia

Dena dela, niaren gainean eraikitako literatura momentu honetan abanguardiako edo puri-purian dauden joeretako bat da. Zenbaterainoko jokoa uste duzu ematen dizula oraindik etorkizunera begira?
Nik, hasiera batean, asmatu nuen pertsonaia bat, neska zen, New Yorken bizi zena, idazlea. Gaur egun badira idazleak kanpoan bizi direnak, ezta?, euskal idazleak. Ba, halako bat zen, itsas herri batekoa, eta hark kontatzen zuen bere iragana eta baita ere bere oraina, zer harreman zeukan Euskal Herriarekin han bizita, eta zer harreman pertsonal zituen, eta hori dena. Baina gero erabaki nuen hori ez zela bidea, eta gainera oso naturala izan da. Nik oso gustuko dut literatur teoria irakurtzea, "Bitartean heldu eskutik"en ere argi agertzea da eta hemen ere bai, eta ikusten nuen gero eta gehiago lehenengo pertsonak zer garrantzia zeukan. Eta fikzio huts horrek, hutsetik gauzak asmatzeak, gero eta susmo gehiago sortzen zuela, irakurtzen ari nintzen Amerikako liburuak edo dena delakoak bidaietan, eta ikusten nuen jendea gero eta ni-rago zihoala, gero eta gauza benetakoagoak kontatzera.

Bai, sintzeritate, sinesgarritasunaren eta enpatiaren bila.
Orduan konturatu nintzen neu ere horraxe nindoala. Eta ez da ni besteak baino lixtoagoa naizelako, ez, gizartea doalako horretara. Blogak daude lehenengo pertsonan kontatuta. Gaur eguneko interneteko mundua, fotologak-eta, gaztetxo batek jartzen du bere argazkia eta kontatzen du, ba, asteburuan non egon den, eta besteek ikusi egiten dute eta komentarioak egiten dizkiote.

Literatura beste gauza bat da, hala ere.
Bai, bai... Baina esan nahi dut... gizartea ez da sekula izan hain... hain indibidualista, gizartean ez du sekula niak hainbeste indar izan. Eta pixka bat literatura ere horra doa, niaren alde horretara, eta beste alde batetik benazkotasun gogo bat dago, bai zinean, artean, literaturan... Benetako gauzak nahi dira entzun. Hori fikzioari buruzko gogoeta bat dago, ikuspuntua nora doan mundu mailako literatura... Liburu honetan agertzen dut hori. Gero zer egingo dudan, ez dakit, baina nire koadernoetako batean, gaur goizean irakurri dut, elkarrizketa pixka bat prestatzen ari nintzela..., jartzen dut: "autofikzioarena da liburu honetarako aurkitu dudan tresna, baina hurrengo liburuak berak esango dit zer tresna hartua".

Liburua oso euskalduna da eta baita oso lokala ere nahi baldin bada, baina aldi berean oso unibertsala. Nik uste dut zu oso kontzientea zarela bikoiztasun horretaz eta bilatu ere egin duzula, ematen dituzun klabeetan, ematen dituzun erreferentzietan.
Hori da munduan egoteko daukagun modua, euskaldun izanda, nongoak izango gara bestela? Nik galestar baten liburua irakurtzen dudanean, Galesko herri txiki bateko istorioak kontatzen ditu, adibidez, bigarren mundu gerran gertatzen dena han. Eta hori mundu guztian zehar irakurtzen da. Orduan, nik ez dut pentsatzen hori herri txiki bateko istorioa kontatzen ari denik, baizik eta historia unibertsala kontatzen ari dela. Gales irudikatzen dut: zelai berdeak, itsasoa, ardiak, barkuak... Nik uste dut liburu hau ere hortik doala: liburu hau irakur dezake alemaniar batek edo amerikar batek, lasai-lasai. Zer topatuko du? Bilbo, hiri bat, gero Ondarroa, kostaldeko herri txiki bat. Atlantikoko beste edozein herri bezala. Orduan nik uste dut unibertsaltasun horretara joateko modua hori dela, norbere gauzak kontatuta, baina beti ere zabalik, izaera zabal batekin eta ez txikikeriak kontatuta.

Akatsak agerian jarrita

Edukietara itzuliz, liburuaren osagaietako bat da liburua nola idazten ari zaren kontatzea. Izan dituzun zalantzak, aldaketak, hautuak... hasieratik zenuen garbi horrela egitea edo harian-harian atera zaizu?
Work in progress bat egiteko gogoa aspalditik nuen. Nobela bera ez agertzea nobelan bertan. Hemen kontatzen da making off-a, nola egiten den nobela hori. Idazteko modu hori beti gustatu izan zait. Erabaki nuenean nik kontatuko nuela, Kirmen Uribe horrek kontatuko zuela, esan nuen: nik kontatzen badut neure burua nola agertzen da? Agertzeko modu bakarra zen akatsak agertuta, zalantzak agertuta, neure buruari barre eginda. Ricardo Pigliak esaten du egunkari bat idazten dugunean, clown bihurtzen garela, erredikulua delako. Clown batek bere buruari barre egiten dio eta hori argi neukan: barre egin behar nuen neure buruari buruz, azaldu behar nuen nobela nola hasi zen, enbrioi hori zein inperfektua zen, zelako bide okerrak hartu dituen honaino iristeko. Nobela baten prozesuan dena ez da bide zuzena, hasiera batean bide okerretik joaten zara, gero berriro atzera egiten duzu, gero berriro hasi. Inork ez du idazten nobela bat hasi eta buka. Amak esaten zidan "ezin duzu nobela hasi eta buka idatzi 15 egunetan?". Hori ez doa nire izaerarekin batera.

Liburuaren hasieran idazlea, zu zeu, agertzen zara ikusle, kronista edo jasotzaile. Baina aurrera egin ahala, esan daiteke zeuri buruz gauza gehiago kontatzen dituzula, nolabaiteko biluzte bat ere badagoela... Ez al duzu momenturen batean lotsa apur bat izan?
Baina biluztea oso astiro gertatzen da. Hori ere ez da gauza kontziente bat izan. Idazten ari nintzen bezala gertatu da. Hasieran egia da oso kanpotik ikusten ditudala gauzak eta protagonistak dira elkarrizketatuak edo bisitatzen ditudan pertsonak edo iraganeko kontuak edo New Yorkeko idazleak. Baina gero pixkanaka-pixkanaka bukaera aldera goazela ni neu biluztu egiten naiz, beharrezkoa zen nobelan. Bestela iruzurra izango zen, ezin duzu Ni-tik kontatu eta beti besteengatik hitz egiten aritu. Azkenean ni neu ere busti behar nintzen.

Nolabait zure heldutasunera doan prozesu bat kontatzen duzu, nobela eraikitzearen bateratsu gertatu zaizuna.
Ni neu aldatu egiten naiz, hasieratik bukaerara.

Nobela kanoniko guztietan bezala.
Hori oso ondo ikasi nuen Italian.

Momentu batean aipatzen duzu Foster Wallace idazlea. Nola hark, elkarrizketa batean, idazlanaren helburu gorentzat irakurlearengan emozio bat piztea jotzen zuen. Ez duzu esplizitatzen, baina badirudi ideia horrekin bat datorrela liburu hau neurri batean. Emozio bat, enpatia bat sortu nahi duzu irakurlearengan.
Emozio hitzak niri beldur handia ematen dit. Emozioa edo sensibleria, kursi izatea gauza bat da, baina beste gauza bat da, Foster Wallacek dioen moduan, liburu batek harrapatu egiten zaituenean eta liburu horrek tripak estutzen dizkizunean. Greziar klasikoetatik hasita, tragediatik, beti agertzen da hori. Liburu onenak pixka bat estutzen eta gero zabaltzen dizuten horiek direla. Foster Wallace bera oso esperimentu zalea da, berritzailea, formari garrantzi handia ematen diona, eta bitxiena da berak hori esatea hil baino gutxi lehenago. Nik ez dut hori bilatzen, baina uste dut gehiago doala benetakotasun horretatik. Bizitzan zer gauza dira inportanteak, hori bai azaldu nahi dudala: heriotza, bizitzan dauzkagun momentu larri horiek agertzen dira, umorea ere asko dago, ironia, hanka sartze horiek... Nahi nuena zen azaltzea idazlea irakurlearen maila berean. Idazleak irakurleak dituen kezka berdinak ditu, bizitzako alde onak eta txarrak azaltzen dira. Ez dut uste emozioa bilatu dudanik, baina ni neu probak irakurtzen ari nintzela emozionatu egin naiz.

2008-11
Bilbao-New York-Bilbao
Elkar
2007
Meanwhile Take My Hand
Graywolf Press
2006
En attendant, donnez-moi la main
Le Castor Astral
2006
Garmendia eta Fannyren sekretua
Elkar
2006
Portukoplak
Elkar
2005
Poetikak & Poemak (Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Joseba Sarrionandia, Miren Agur Meabe eta Castillo Suarezekin)
Erein
2004
Garmendia errege
Elkar
2003
Garmendia eta zaldun beltza
Elkar
2002
Mientras tanto dame la mano
Visor
2001
Bar Puerto. Bazterreko ahotsak.
Korrika 12
2001
Bitartean heldu eskutik.
Susa
1998
Ekografia.
Puerta Norte
12/2005
Guti
Elkarlanean, S.L.
11/2016
L'hora de despertar-nos junts
Edicions 62
11/2016
L'hora de despertar-nos junts : Traducció del basc de Pau Joan Hernàndez
Edicions 62
11/2016
La hora de despertarnos juntos
Editorial Seix Barral
11/2010
Bar Puerto
Elkarlanean, S.L.
11/2006
Portukoplak : itsas kantak eta poemak
Elkarlanean, S.L.
11/2001
Azken aldiko euskal narratiba
Udako Euskal Unibertsitatea
09/2014
Vidas y ficciones
Pamiela Argitaletxea
07/2004
Eu non son loira
Editorial Galaxia, S.A.
07/2004
Ez naiz ilehoria, eta zer?
Elkarlanean, S.L.
07/2004
Nun soi rubia ¿y qué?
Llibros del Pexe, S.L.
06/2017
A hora de espertarmos xuntos
Edicións Xerais de Galicia, S.A.
06/2004
No sóc rossa
La Galera, SAU
06/2004
No soy rubia
La Galera, SAU
04/2018
Abangoardia maite duen antzinako herria
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco
04/2018
Abangoardia maite duen antzinako herria = Un pueblo ancestral que ama la vanguardia = Un peuple ancien qui aime l'avant-garde = An ancient country in love with modernity
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco
04/2018
An ancient country in love with modernity
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco
04/2018
Un peuple ancien qui aime l'avant-garde
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco
04/2018
Un pueblo ancestral que ama la vanguardia
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco
04/2004
Zaharregia, txikiegia agian
Gaztelupeko Hotsak
03/2013
El que mou el món
Edicions 62
03/2013
Lo que mueve el mundo
Editorial Seix Barral
02/2015
Caída precedido de triunfo
Ediciones Amargord
Bitartean heldu eskutik
Susa
Ekidazu kaja
Elkarlanean, S.L.
Ekidazu, lehoiek ez dakite biolina jotzen
Elkarlanean, S.L.
Kukubel ; Txirrikiz ; Ekidazu : lehoiek ez dakite bibolina jotzen
Artezblai, Socidad Limitada