Mikel Peruarena Ansa Sormen-lanak
Ereñotzu, 1978. Agiri ofizialek Donostian jaio zela eta Hernaniarra dela dioten arren. Kazetaritza ikasketak bukatu gabe utzi zituen (hala gustatzen zaio esatea, aukera duen bakoitzean, “egun, karrerarik edo titulurik gabe ezer ez garen garaiotan, gustatzen zaidak frakasatu eskolar bat naizela esatea, probokazio ttiki hori egitea, alegia, ikasketak ez bukatu izanaz harro nagoala esatea”), baina bide horrekin kontraesanean aplikazio informatikoen garapenerako teknikari ikasketak egin ditu geroztik. Han-hemenka aritu da lanean, kazetaritzan gehienbat (bizitzaren ironiak), eta irratian bereziki, bere burua kazetaritzat aurkezteko gogorik ez duen arren, “kazetari lagun asko dizkiat eta lagun kazetariak ere bai, ez al zidatek gaizki hartuko, estimatzen diat, oro har, haien lana, baina ez diat estimatzen, modu konkretuen, gaurko kazetari-lana”. Gaur egun, Euskal Idazle Elkartearentzat Testuketan irratsaioa egiten du, Xabier Gantzarainekin batera, astean behin, Herri Irratian. Aresti eta Artzeren latigoaren eraginpean hasi zen poesia (“poesia-edo”, dio berak) idazten. Urruzuno sari bat irabazi zuen 1995ean, “txiripa hutsez”, eta funts handirik gabeko zenbait lan idatzi eta Susan argitaratzen saiatu eta ahalegindu ondoren, “nik uste bakean utz nitzan eskaini zidatela aukera”, Susaren webgunean zenbait poema eta istorio labur zintzilikatzea lortu zuen. Harrezkero Eguraldiaz Hizketan izeneko poema liburua argitaratu zuen 2003an Elkarrekin. Zenbait literatur sari irabazi ditu, “hori aipatzeak garrantzirik baldin badik, eta nere patrikentzat eta kafeentzat badik behintzat”, horien artean 2006ko Irun Hiria olerki saria. Sari horren karietara argitaratu zuen Kutxa Fundazioak Edan Ase Arte poema liburua 2006 urtean, Txus Aranbururekin abiatu duen proiektuaren oinarrian dagoen poema bilduma, alegia.