Jon Mikel Arano Aramendi

Jon Mikel Arano Aramendi Sormen-lanak

Itsasondo, 1961. Jon Arano eta Mikel Aramendi gisara ere sinatu ohi du, beste ezizen batzuen artean, Argia, Kantillape, Goierritarra, Ostiela! eta beste aldizkari batzuetan kolaboratu duenean. Oinarrizko ikasketak soilik egin zituen eta autodidakta izan da geroztik. Gaztetatik zaletu zen irakurtzen eta idazten eta 18 urte zituela zenbait poema argitaratu zizkioten Zeruko Argian. 1985ean Bileterik gabe poema liburuxka argitaratu zuen Susa sailean. Hortik aurrera Argia eta Susa aldizkarietan erredakzio-lanetan aritu zen, bai eta Egin-eko A ze astelena! sailean. Zenbait kolaborazio egin zituen han eta hemen eta ondoren, kultur dinamizatzaile gisa, jaioterriko Kantillape aldizkaria sortu nuen. Hurrena, berriz, Goierritarra, Goierriko aldizkaria, 89an, eta berau zuzentzen jardun zuen 1995 urtera arte. Tartean, Malezia Sorta poema liburua idatzi eta Hitz Etena (Eustakio Mendizabal Txikiaren olerkiak) paratu zuen Susarekin. Gerora hainbat kolaborazio egin ohi ditu Argia, Egunkaria, Egin, Aizu!, DV, Habe, Zurgai, Ordiziako Urtekaria, Putz, Berria, eta abarretan; baina garrantzitsuena, 95ean Paperzaleak kultur elkartea eratu eta Ostiela aldizkaria sortzea izan zen. EIEren enkarguz, Komatxo artean irratsaioa koordinatu zuen lehen bi ikasturteetan Herri Irratian (98/99); Euskadi Irratiko Lauretan Babel irratsaioan tertulianoarena egitea suertatu zitzaion kurtso batez; Pornolore aldizkariaren 1. zenbakia ere atera zuen 2002ean; 2003ean, bere antologiatxo poetikoa argitaratu zuen Koldo Izagirrek Susarekin, XX. Mendeko Poesia Kaieretako bat, alegia; eta 2004ean utzi zuen Ostiela!-ren ardura. 2005ean, Pirinioak idazleen topaketen koordinatzaile izan zen eta Joseba Jaka V. Literatur Beka eman zioten poesia alorrean. Goierriko Kasta literatur taldearen sortzaileetakoa da eta bere zenbait argitalpenen arduradun. Gainerakoan, Jexus Lete "Ibai-ertz"en Orrela ziran gauzak (Auspoa saila) liburua eta Joxe Luis Aramendik itzulitako Ehortzi ezazue ene bihotza Wounded Kneen (Dee Brown, Txalaparta/ Ostiela) laguntzaile eta bultzatzaile izan da, besteak beste. Udal Kultura Sailarekin batera, 2004 eta 2005eko Ordiziako Euskal Letren Eguna-ren antolatzailea eta horretarako egin diren argitalpenaren koordinatzailea ere izan da.

Azken hamaika/hamalau urteotan jaioterriko historia eta istorioak, dokumentazio ugari bildu du, liburu batzuetarako bai; zenbait argitalpen editatu (Iñaki Bodas Larraiozen Blok berdea), poema batzuk musikatu dizkiote [Mikel Inunziaga Inun-en Da nola-rako Karen], Jon Minerrek ere, adib...   Javier Arzuagaren A medianoche liburu lazgarria itzuli du: Gauerdi minean, argitaratzekoa; Deabruaren Eskola webean eta han-hemen aipuak, antologiatxoak egin zaizkio (Aspaldiko lagunen bisita-Susa); aspalditik eta geroztik idatzi badu ere, poesia, prosa, elkarrizketa liburu eta abarri irteera emateko asmo sendoa dauka. Joseba Jaka V. literatur beka eman zioten poesia alorrean Zeruak eta infrentzuak liburua egiteko. Itsasondoko Udaletik beste beka bat izan zuen jaioterriko arbeldegian, meatze eta tailerren, bertako jendearen, historia eta istorioak jasotzeko.  Javier Arzuagaren  A medianoche, Kubako Iraultzaren argilunen liburu lazgarria itzuli, Gauerdi minean izenburuaz, eta Booktegi.eus-en argitaratu zen 2023an. Era berean, Booktegi digitalean Errusiar erruletara jolastu nahi? ipuin luzea argitaratua du.