Jon Mikel Arano Aramendi

Jon Mikel Arano Aramendi Atzera

2007-10-28
"Euskal Herria da nire ama, nire arreba, nire ama, nire puta, nire amorantea..."
Ia hamasei urte igaro dira lehenengo poema liburu hartatik. Zertan aritu zara bien bitartean?

Ez diot inoiz poemak idazteari utzi. Normalean paper puntetan idatzi ohi dut eta ondoren horiek osatzen eta berrosatzen aritzen naiz. Horrelaxe igaro dut denbora hau guztia. Poema bakoitzaren hainbat eta hainbat bertsio egiten ditut, behin-betiko forma hartzen duten arte. Egia da, ordea, orain arte ez naizela argitaratzera animatu; ez nion zentzu handirik ikusten, bizitzari berari bezala. Egia esan, urteetan ez diot poesiari dedikazio berezirik eskaini. Bekak bestelako bultzada eman dit.

“Nire proiektu partikularra burutu nahi dut, benetako poemarioa” esan zenuen beka jaso zenuenean. Lortu al duzu?

Zerbait originala egin nahi izan dut, eta uste dut lortu dudala. Nire bizikizunetan oinarrituta idatzi dut herriko hizkera erabiliz. Zaharrari erreparatuta, zerbait berria egin nahi izan dut. Bestalde, bertsoak eta koplak beti interesatu izan zaizkit eta poema hauei behar zuten musika eta erritmoa ematen ere saiatu naiz. Hitz-jokoak asko atsegin ditut. Liburua ikusita, uste dut poesiak oraindik ez nauela abandonatu.

Zer aurkituko du irakurleak liburu berri honetan?

Era guztietako poemak daude: infernurako poema gorri-beltzak, purgatoriorako moduko neutroagoak edota paradisurako izan daitezkeen arrosa urdin argiak. Liburu osoan ironia dago pil-pilean, baita zinismoa ere. Beste poema batzuk badaude xaloak eta otzanak. Desertuko predikaria bezala ikusten dut nire burua. Profeta bat naiz, pailazoaren sudurrarekin.

Aurreko liburuetan esandakoaz damututa

Esandako hainbat gauza ez nuke orain errepikatuko. Hori jende askori gertatu zaio: “… izan nintzen poetari” abestu diote. Beti kritikatzen aritu izan gara baina, akaso, kritikatzeko baino gehiago dago aldarrikatzeko. Lehen mundua aldatu nahi genuen, orain konturatu naiz mundua ezagutu egin behar dela, mundu honetan denetik baitago, ezagutzea da kontua. Gauza da ez dudala orain dela urte batzuk bezala pentsatzen. Aldatu egin naiz eta hori nabarmen ikusten da liburuan.

Inoiz baino sentikorrago ikusi zaitugu liburu honetan? Enfant terrible izateari utzi nahi al diozu?

Koldo Izagirrek nitaz esan zuen konformismoaren eta sakratuaren aurka nagoela, eta miseria eta gezurra ikusi orduko antzematen ditudala. Egia da nire burua ongi ezagutzen dudala, eta baita nire miseriak ere, eta esango nuke besteenak usaintzeko ere gauza banaizela. Nik neure burua ikonoklastatzat hartzen dut, gauzei buelta eman eta denari punta ateratzea da nik egiten dudana.

Erlijioa eta baserri mundua oso presente daude zure poema hauetan?

8-14 urte bitartean mezamutil ibili nintzen, gaiztakeriak egiteagatik zigor moduan edo. Ongi ezagutzen ditut elizako zeremoniak, funtzioak, errezoak, kantuak eta baita Biblia ere. Mundu iluna zen hura, goizeko zazpietarako elizan egoten nintzen, mintxuriak jotzeraino egoten ginen kalbario bukaezinak entzuten. Arantzazuko egutegiak ere banatu ditut nik Itsasondoko baserri guzti-guztietan. Eta noski, orri bakoitza goitik-behera irakurtzen nuen. Horrek jakinduria bat ere eman zidan. Haurtzaroko mundu hartan errepresioa zen nagusi. Hala ere, bestetik oso mundu argia zen. Gogoan ditut auzoko sagastia, jolasak, paisaia...errealismo magikoa gogorarazten dute. Desagertu den mundu bat, zalantzarik gabe. Beti interesatu izan zait desagertu den mundu hori: aiton-amonak, baserria, erlijioa...

“Euskalduna naiz eta ez nago harro” aldarri egin zenuen orain urte asko Trinidadeko plazan.

Euskal Herria da nire ama, nire arreba, nire ama, nire puta, nire amorantea... Nik ezin ditut nire poemak itzulita imajinatzen. Ni nire munduan nago, euskara nire kultura da, nire ikusmoldea, nire unibertsoa. Euskara da niretzat jende naturalarekin aritzea. Gazteleraz hitz egiten badakit, baina ez da nire unibertsoa. Nik ez daukat zerikusirik telebistan euskara lardaskatzen duten horiekin. Baina, hiltzen ari diren zenbait aitonekin berriz badaukat. Naturaltasuna faltan botatzen dut. Euskal Herria ez da inoiz libre izango. Oso pesimista naiz. Euskaldunek oso ongi funtzionatzen dugu etxetik kanpo, munduan zehar...Euskaldun jendea munduan ikaragarria izan da; etxean, berriz, begiratu txar bategatik gerrarik ankerrena pizteko gauza gara. Harroak gara, gure miseria guztiekin.

Aipamen literarioak ugariak dira zure liburuan.

Ni txikitatik izan naiz irakurzale amorratua, hamar-hamabi urterekin hasi nintzen egunkaria irakurtzen eta geroztik dut afizioa. Ordura arte misiolari izan nahiko nuen seguruenik, baina laster ikusi nuen kazetari edo idazle izan nahi nuela. Borges idazleak esan zuen bezala, harroago nago irakurri dudanaz, idatzi dudanaz baino. Nirea, hala ere, ez da metaliteratura, bizitzaren esperientzian oinarritutako poesia da. Oraindik jarraitzen dut egunero hiru egunkari irakurtzen. Egia esan, harrapatzen dudan guztia irakurtzen dut. On Kixoteri bezala ez dakit, ordea, irakurketa horiek guztiek kalte ere ez didaten egin. Kaleko edozein paper puska ere irakurtzen dut. Egunero orduak galtzen ditut horretan. Literatura bizitzaren errepresentazioa da, bizitzak uzten duen aztarna. Bizitza bera baino eskuragarriago. Literatura, euskarri bat, helduleku bat ere bada niretzat. Nik txikitatik izan dut imajinazio literarioa. Agian, ez dut paperean adierazten jakin, baina badakit izan dudala. Beste harako errotari bezalakoa naiz, bere errota aurrean egonda, istorio mordo bat etortzen zitzaizkion handik eta hemendik, eta gero bertatik igarotzen ziren guztiei kontatu egiten zizkien berriro. Alde horretatik mundu asko ditut, edota mundu asko egin ditut nireak, neureganatu ditut.

Gizarteari, eta batez ere botereari, kritika zorrotza egin diozu beti?

Agintearen kritika da nik egiten dudana. Ikonoklasta esan izan didate. Ikonoei buelta emateko joera dut. “Ondo zaudete eta esaten duzue hemen oso ongi bizitzen dela”, horixe kritikatzen dut nik. Gezurra dabil goian-behean. Gezurrak sutan jartzen nau eta munduko bekaturik handiena iruditzen zait. Literatura bera gezurra da baina era politean esanda.

Gaur egun gizartean poetek ze funtzio betetzen dute?

Espartako gladiadoreak esan bezala, borrokatzen piztiek ere badakite, baina poetek bakarrik dakite jendeari edertasuna erakusten. Ni ez naiz edertasunaren poeta, ondo dakit, baina ezta malditismoarena ere. Gustatzen zait edertasuna. Ez dut malditoa (madarikatua) izan nahi, izan nahi nuen, baina orain ez dut izan nahi. Ez dut Leopoldo Maria Panero poeta bezalakoa izan nahi. Nire burua ispiluan ikusteak beldurra ematen dit. Amildegiak zer diren badakit, alderdi iluna hor dago eta ikaragarria da. Nik ez dut idazten “estetikaren plazeragatik”; gaizki pasatzen dut idazten dudanean. Ez dut izan nahi politikoki zuzena, baina ezta gaizkiesalea ere. “Nik esan nahi dut galtzen ari dela Goierriko errealismo magikoa, alperraren izerdia, basoko egurra, itsasoko euria.., gezurra goian-behean dabilen bitartean”.

2007
Zeruak eta infrentzuak
Elkar
2003
XX. Mendeko kaierak
Susa
2002
Jon Arano
Susa
2002
Pornolore, Larrugintzako eskuliburua
Ostiela
1992
Hitz etena (Eustakio Mendizabalen olerkiak)
Susa
1991
Malezia sorta
Susa
1985
Bileterik gabe
Susa
2013ko Mundu Akabera
Post Apokalipsia

Imajina ezazu lanean zaudela, eta telefono dei soil bat eginez mikrouhina pizten duzula; hartara, etxera iritsi ordurako bazkaria prest izango zenuke. Edota goizero zerbait beranduago iratzar zaitezke, "kafea berez egin delako". Harrigarria? Ba, ez, gaur egun hori guzti hori egin daiteke teknologia berriei esker. "Domotika eta erosotasuna elkarri eskutik helduta datoz" zuen izenburu aldizkariko artikuluak. Sarreran 2000. urteak burura ekarri zigun irudiaz ari zen: Nork ez du inoiz pentsatu metal-koloreko arropak jantziko genituela edo gure kotxeak zientzia-fikziozko filmetakoak bezalakoxeak izango zirela? Etxeari dagokionean ere, oso eraldatuta irudikatu izan dugu, eta halaxe gertatzen ari da apurka.

Argazki-oinetan zioenez, "Etxetresna elektriko adimenduek gizakiari lana asko erraztuko diote berehala, baina arriskuak saihesteko ere baliagarriak dira", eta web orri batean sartuta sistemari aginduak eman ahal izango genizkiola eta halako pitokeriak zetozen. Ez nintzen gehiegi ere harritu, txikitan genituen usteen aldean ere ez zen hainbesterainokoa-eta: gure inozentzian soldaduskarako garaia iristerako desagertua behar zuen morrontza horrek (baina egitea tokatu zitzaigun XX.-eko 80.-etan), edota handitzen ginenerako oilasko bat pilula moduan jan ahal izango genuen... Martitzen...! Eta tokitan zegoen hori oraindik 2000.ean...!
Funtzionarioa naiz eta aspaldidanik eman dizkiot bulegoko ordenadoretik ordenak nire etxe adimentsuari. Arrunta, aspalditxo bilakatu zen. Izan ere, domotikak aparailuen kudeaketa ahalbidetu izan zigun urteetan eta etxea kontrolpean genuen, sistema suteak, gas eta ur ihesak detektatzeko eta matxurarik balitz konpontzaileei deitzeko gai zen eta...

2004.ean eraiki genuen Etxe Berria. Unibertsoko Masterretakoa naiz, eta sentsore eta aparailu interaktiboez josi genuen, Internet Zisko Systems enpresari esker. Hozkailua, adib.: beira likidoko ordenagailua zuen atean eta horren bidez erosketak egin, nahiz barruko elikagaiei epea noiz amaitzen zitzaien ikus genezakeen; oporretan lorategia ureztatu ahal izan nuen ordenagailutik; edota gosaria prestatu edo pizza berotu; teilatupe osoan ipinitako kameren bitartez kontrolatu ohi nuen etxea, berogailu/argiak piztu eta itzali, edo alarmak lapurren beldur nintzenean; azken inbentu bat ere erosi nuen: zartagin adimentsua, janarien-olioen tenperatura eta punttuan ote zegoen abisatzen ziguna bere pantailatxo digital erantsitik...

"Millenium Technologies" eta exgauxak!!! Moddernillo bat izan naiz beti, GPSdun eskumuturreko ordulari, argazki kamera digital, patrikako super-sega-poto edo/eta ordenagailu, ciberwalkman, sormen arbel, sistema birtual oro eta ezdeus-kerietarako baino ez naiz bizi izan. Pentsa, lagun eta ahaide maiteekin egon ordez, haien ahots edota usainak gorde ahal ei zituen "emozio edukinontziaz" ere jabetu nintzen! Sokormazo artaburu talo-burni enteratu demonio halakoa! Eta gaur izan dut "izugarrizko aurrerakoizalea" izatearen ordaina. Merkea zirudiena garesti atera zaigu. Oinarri-oinarrizkoa ahaztu genuen. Ez genuen besterik merezi.

Iratzargailuko ahots zatarrak zazpiak, altxatzeko ordua errepikatu du, inor esnatuko ez ote zen beldur edo. Etxeak mortua zirudien. Labetik zortzi ogi xigortu, zortzi arrautza frijitu, hamasei hirugihar puska, kafe eta gaineratikoak atera dira. 2013ko abuztuak 4ean gaude, esan du gero sukaldeko bozgorailuak. Eoskor Herrian gaudela eta agendako jakingarri guztiak gogoratu ditu. Orduak ematen segitu du eta lanera, eskolara joateko agindu. Baina inortxok ere ez dio kasurik egin, trantzitutik inor ez da ibili, inork ez du zapaldu ongietorria, ateak ez dira ez itxi ez ireki. Kanpoan, detektagailu batek euria iragarri du. Pertsianak gora eta behera dabiltza edozein txorik ukituz gero fatxada. Garajeko ateak ireki egin dira, motorra martxan zuen autoak, baina mugimendurik egon ez denez, berriro itxi da. Arrautzak eta ogi xigortuak gotortu dira, kafe-esneak hoztu eta altzarizko beso batek, zakarrontzira ordez, harraskara bota ditu apurrak zirelakoan eta platerak garbigailuaren kristalaren kontra apurtu dira. Ondoren, ormetatik goma eta metalezko arratoi mekanikoak atera dira eta etxeko garbiketak egiten hasi. Hamarretan, eguzkia atera da euri atzetik. Hondakin eta errauts baino ez den hirian geratzen den etxe bakarra da gurea (?). Lorategia alfer-alferrik irrigatzen aritu dira iturritxoak eta leihoetatik sartu da ura, pareta ikaztuak blaituz. Guraso bion eta bi umeen argazki-markoak hondatu ditu. Hamar mila akolito ipurmiatzaileen aldarea da etxea, baina jainko berriak eta errito burugabeak berean dihardute temoso. Etxeko txakurra, uluka aritu da, bere munduan behintzat bakarrik dagoela ohartu arte. Eguerdian bazkaria prest mahaian. Gosariaren paraderoa izan du honek ere. Arratsalde kaotikoaren ostean, iluntzean, etxe atariko arbolaren adar bat hautsi, leihoa txikituz sartu eta beira-zeramikaren gainera erori da, sua sortzen duela bapatean. Argi gorriak piztu eta bonbak ura irrigatu dute sabaitik. Ahotsak sua, sua! diote, baina berandu da dagoeneko, garrek dena irensten dute eta errobotak ezin dute ezertxo ere egin harrapatzen duen guztiaz elikatzen den "su adimentsu" horren aurka. Eta prestaketa guztiak eta gehiago dituen etxea eta ahots guztiak hiltzen doaz gauean. Ordularia, musika, bideoak, belar-segari automatikoa, ateak eta leihoak, denak erotu dira. Mila gauza gertatu dira, erlojutegi batean erloju guztiak etengabe ordua ia batera joko balute bezala, zoramen maniatiko batean. Garbiketa-arratoiak errautsak etxetik atereaz darraite, suak eraikina leherrarazi arte. Azken su-euria gertatu aurretik, ordea, labeak psikopatia-tamainako afaria prestatu du. Etxea eraisten da azkenerako. Ganbara bigarren oinera doa, eta hau sotora. Goikoak behekoa alkantza dezake, beraz, asmoz eta jakitez... Izozkailua, besaulkiak, zinta grabatzaileak, denak hezurtegi bat osatzen dute. Baserriek 500 urte iraun zuten. Gure etxe adimentsuak 9. Gauerdirako, errausturik zetzan hiritik distira erradioaktiboa sortzen zen, hainbat kilometrotatik ikus zitekeena. Eta ez ni, ez nireak eta ez beste inortxo ere ez geunden jada mundu honetako egoitzan. Automatismoak eta p-arano-ia elektro-mekanikoak!

Astoaren burua pertzen,
hanka-belarriak eltzen,
a ze nolako sorginafaria zen
bartarratsen gure etxen!


Jon Arano Martziano (afterkopista)