Irati Jimenez Uriarte Sormen-lanak
Bermeo, 1977. Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatu zen, Informazio Zientzien Fakultatean (EHU), Leioan (Bizkaia). Irakaskuntz Gaitasunerako Agiria eman zion Euskal Herriko Unibertsitateak. Erredaktore, erredaktore-laguntzaile, gidoilari eta aurkezle lanetan jardun zuen Hau Komeria/Desde el gallinero arte eszenikoei buruzko saioan, Eskena SA-k Euskal Telebistarentzat egina. Euskadi Irratian kazetari aritu da urteetan, informazio-zerbitzuetan, gehien bat. Eroski Consumer webgunearen eta papereko aldizkariaren euskara edukien arduraduna da eta Interneterako zein komunikazio aholkulari jarduten du Mondragon Korporazioarentzat. Nabarra aldizkariaren azken zuzendaria izan da.
Igartza Sariaren akzesita lortu zuen Nora ez dakizun hori (Elkar) lanarekin eta Beterriko Liburua Saria ere bai. Aurretiaz, Augustin Zubikarai nobela laburren saria lortu zuen Bat, bi, Manchester (Elkar) eleberriari esker. Lehen lana Txalapartarekin argitaratu zuen: Malcolm X, Duintasunaren Kolorea, afroamerikarren eskubideen aldeko borrokolariaren biografia bat. Azken lanak ere Txalapartarekin egin ditu: Atsekabe zaitut narrazio ilustratua, Telezailak liburuan saiakera laburra eta Orgasmus bildumarako ipuin erotikoa.