Asel Luzarraga Zarrabeitia Sormen-lanak
Bilbo, 1971. Sei urterekin hasi zen lehenengo testutxoak idazten eta ingurukoei nagusitan idazlea izango zela esaten. Ume xelebrea omen zen. Orduan, ordea, erdaraz egiten zuen, bere buruari euskaldun oso bilakatzeko prozesu serioari 19 urte izan artean ez baitzion ekin. Unibertsitate garaian klaseko asperraldiari ihes egiteko olerkiak idazteari ekin zion, eta harrezkero poesiarako bidea tarteka landu du, horren emaitzak bere web orrian plazaratuz lantzean behin. Artikulu zein ipuinen batzuk argitaratu ditu han-hemenka, baina Hamaika ispilu ganbil argitaratzeak eta urte berean VI. Igartza beka eskuratu izanak, idazketa serioski hartzera bultzatu zuten. Igartza bekaren emaitza Karonte eleberria izan zen, Elkar argitaletxearen eskutik argitaratua. Abenturazko eleberria, zinema eta komikiaren generoak jorratzen ditu lan honetan. 2007an Mozorroaren xarma eleberria argitaratu zuen, Erein argitaletxearen bitartez. Eleberri honetan alde surrealista eta karikaturatik gertukoagoa landu du. 2009 eta 2010 artean, poliziaren jazarpena jasan zuen Txilen, bere ideien eta hango errealitateari buruzko idatzien ondorioz, eta espetxeratu eta kanporatua izan ondoren, Euskal Herrira itzuli zen. Esperientzia hori gazteleraz idatzi duen liburu bakarrean jaso zuen: Los buenos no usan paraguas (Desmontando un montaje, desnudando al Estado) (2013, Quimantú , Txile; 2014, DDT-Sorginkale, Euskal Herria; 2016, Cúlime Ediciones, Argentina). Haren kasua zabalik dago oraindik Ameriketako Giza Eskubideen Batzordean. 2008az gero, hainbat generotako eleberriak argitaratu ditu Txalaparta eta Elkar argitaletxeekin, bai helduentzat, bai gazteentzat. 2021ean bere lehen poema bilduma argitaratu zion Booktegik, Denboran zatika. Musikan ere aritu da, Punkamine (Euskal Herrian) eta Trio Ternura (Argentinan) punk taldeetan, eta GorriBaltz bakarkako proiektuan, eta gaur egun Analgy musika proiektuan dihardu. Argentinan Letras al margen literatura undergroundari buruzko programa ekoitzi zuen Antena Negra TV telebista komunitarioarentzat eta, bertan zenbait urte eman ondoren, Bermeon bizi da egun.