Elkarrizketa :: Garazi Albizua 2022/02/25
Danele Sarriugarte

"Euskal literaturan espezializatutako atari bat da Hitzen Uberan, eta literatura ahalik eta zentzurik zabalenean ulertzeko ahalegina egin dugu"

Kazetaritza, literatura, sormena, gertakizunak… Zeintsu dira Hitzen Uberaren atalak?  Hasierako hastapenetik oraingo momentura arteko ibilbidean atal berriak sortu al zaizkio? Bidean, baten bat gaixotu edo gehiegi indartu?

Aipatu dituzun alor guztiak biltzen saiatu izan gara beti. Euskal literaturan espezializatutako atari bat da Hitzen Uberan, eta literatura ahalik eta zentzurik zabalenean ulertzeko ahalegina egin dugu: antzerkia, poesia, itzulpengintza, musika, narratiba… Denei tokia eman nahi izan diegu, eta gauza bera argitaletxeei dagokionez, Idazleen Elkartearekin loturiko proiektu bat izan gara azken batean. Beti ez genuen asmatuko, baina asmoa argi eduki dugu.

Bestalde, agenda, elkarrizketa sakonak eta sormena inportanteak izan dira guretzat beti. Hasieran, argazkiek leku gehiago zuten, azala zeritzon atalaren bitartez, baina gero desagertu egin zen. Horretaz aparte, irakurle-taldeen mapa eta komunitatea atalak sortu ditugu bidean.

Noiz hasi zinen proiektuan? Zelan heldu zinen hara?

2014ko irailean hasi nintzen. Garaian Imanol Ubeda eta Oier Guillan ziren erredakzioko kideak –hasiera-hasieran, Oier bera eta Uxue Alberdi izan ziren proiektuaren sortzaileak–, eta beste norbaiten beharra ikusi zuten. Deialdira aurkeztu nintzen eta hautatu ninduten.

Nolakoa izan da Daneleren eta Hitzen Uberaneren arteko harremana? Nola eman diozu  gorputza Hitzen Uberaneri? Lortu duzu, modu batean, zu zarena hortik kentzea? Beharrezkoa al da inplikatzea? Norberaren nortasuna eta bizi esperientzia agerian utzi behar al dira? Horrekin lotuta, objektibotasuna zer da, demode al dago?

Oso harreman ona izan dut, niretzat ikasbide handia izan da, eta oso aukera polita. Imarekin eta Oierrekin lasai eta gustura egin dut lan, eta euskaraz idatzitako literatura gehiago ezagutzeko modua izan dut.

Uste dut inplikatzea beharrezkoa dela; mugak zaindu daitezkeen arren –eta zaindu behar diren arren–, norbera beti dago hor, egiten duen horretan, neurri handiagoan edo txikiagoan. Ez dakit objektibotasuna den hitz egokia, baina uste dut garrantzitsua dela rigorea edo seriotasuna mantentzea norbere lanarekiko eta norbere lanean. Hala ere, argi dago dakidanetik eta ezagutzen dudanetik aritu naizela Uberanen, eta hori nabarituko zela imajinatzen dut. Ona edo txarra baino gehiago, inebitablea iruditzen zait.

Bestalde, azken urteotan kolaboratzaile ugari izan ditugu, eta horrek aberastasuna ekarri digu.

Zenbat esparruetan egin du habia Hitzen Uberanek? Publikoan, literarioan, sozialean, pertsonalean… Bide berdinetik heldu al da?

Uste dut inguru literarioan egin duela habia bat, eta euskal literatura gogoko dutenentzat –idazle, itzultzaile zein irakurle– tresna interesgarria izan dela.

Zein irizpide jarraitu duzu Hitzen Uberanen agertutako mamia eraikitzeko?

Aktualitatearen berri ematea, aniztasuna islatzea, agian beste leku batzuetan –toki-faltagatik ziur aski– arretarik eskainiko ez litzaiekeen kontuak ekartzea…

Proiektu honen barrenean zaudela topatu duzu erreferenterik? Norentzat izan daiteke Hitzen Uberanek erreferente?

Nire lankideak, Ima eta Oier, erreferenteak izan dira niretzat. Beste medio batzuetako kultur kazetariak ere bai, noski. Eta uste dut lehen aipatu dudan komunitate literaturzale horrentzat ataria bera erreferentea bilakatu dela urteen poderioz, bai.

Zelan uztartu berehalakotasunaren beharra, sare sozialen indarra eta eduki trinkoaren presentzia bidean burua galdu gabe?

Erronka handia da, dudarik ez. Neroni sare sozialetatik aldenduta nabil ahal dudan heinean, hango dinamikek kalte egiten didate-eta. Hurbildu-urrundu formulak lagungarriak izan litezke agian. Halako kontuak hobeto ezagutzen dituen jendea dago, irakurketa kritikoak egiten dituzte, eta nire miresmen osoa dute. Ziur aski ez dago formula magikorik, beste hainbat gauzatan bezala.

Zure gaurko apalategian zeintsu liburu dituzu? Alegiazko apalategi batean, ordea… Zer topatuko genuke? Non egongo litzateke?

Tranparik egin gabe erantzungo dizut. Oraintxe bertan hiru liburu dauzkat hasita, momentuaren arabera irakurtzen ditut: George Sand idazleari buruzko nobela grafiko bat (Séverine Vidal eta Kim Consigny egileena), Lydia Davisen Essays Two (itzulpenari buruz hitz egiten du batez ere) eta iazko Goncourt saria irabazi zuen liburua, Mohamed Mbougar Sarr-en La plus secrète mémoire des hommes.

Alegiazko apalategi horri dagokionez, etxeko edozein txokotan jar daitezke, eta egiazko apalategiak etxeko txoko gehienetan dauzkat. Uste dut ezinbestean aipatu beharko nituzkeela Maggie Nelsonen The Argonauts eta David Foster Wallacen La broma infinita; asko markatu nindutela oroitzen dut. Norbere bizitzako materialetatik abiatuta modu berrietan lan egiten duten autoreek orobat eragin izugarria izan dute nigan, eta kontu horrekiko interesa ez da agortzen denborak aurrera egin arren. Jakina, euskaraz idatzitako eta euskarara itzulitako literaturak osatu nau puska handi batean.

Ubera: itsasontzi batek uretan uzten duen arrastoa baldin eta bada, zein litzateke Daneleren ubera? 

Imak eta Oierrek esandakoaren arabera, itzulpenarekiko sentikortasun edo hurbiltasun bat ekarri nuen Uberanera iritsi nintzenean. Gerora, denon ekarpenak nahasten joan direla uste dut. Serio eta errespetuz lan egiten saiatu naiz Uberaneko arlo guztietan: bai albisteak idaztean, bai eta kolaboratzaileekiko zein autoreekiko harremanean ere.

Garazi Albizua
Danele Sarriugarte
«Uste dut inplikatzea beharrezkoa dela; mugak zaindu daitezkeen arren –eta zaindu behar diren arren–, norbera beti dago hor, egiten duen horretan, neurri handiagoan edo txikiagoan»
Entresaka
«Norbere bizitzako materialetatik abiatuta modu berrietan lan egiten duten autoreek orobat eragin izugarria izan dute nigan, eta kontu horrekiko interesa ez da agortzen denborak aurrera egin arren»
Entresaka