Pentsatzea
Eta giltzari sarraila egokitzen badiogu? Egon gaitezke giltza-sorta gainezka jarri eta zuloari ertzak bortxatzen, temati, setatsu, burugogor, betea dagoena lehertzen, itsu, geure zilborrari emanak. Ari gaitezke ari garelakoan, ateak itxita jarraitzen duela bistakoa izan arren. Txirrina jotzea aukera bat litzateke, aldaba ere jo genezake, hatz erakuslearen hezur tolestuarekin saia gintezke bestela. Baina aritzea egitea delakoan, giltzak egin eta egin jarraitzen dugu, zuloari ertzak egokitzen ez zaizkiola eta nekatuta, kexati, ia madarikazioka. Giltzak puskatuko zaizkigu, sarraila hondatuko zaigu. Berriak egingo ditugu, giltzak eta sarrailak, gehiagoka aritzeak kontzientziaren azal-barrenak lasaitzen dituela sinetsita. Ateak, ordea, itxita jarraituko du. Eta giltzari sarraila egokitzen badiogu? Ipuin baten hasiera izan zitekeen… Bazen behin ate bat sekula irekitzea lortu ez zena-ez zutena-ez genuena…
Aurreko batean administrazioa eta ipuin-kontalaria solasean hezkuntzarako aukerez. Esaten dio administrazioak ipuin-kontalariari zaila dela hezkuntzan txoko bat egitea, gune eta une izatea, kanpo-eskaintzez beteta (lepo esan zuen) daudela ikastetxeak-ikasgelak-irakasleak-ikasleak: bide-heziketa, sexu-heziketa, elikadura osasungarria, jasangarritasuna… Ipuin-kontalariak bueltan erantzuna: akaso (ziurtasunez erantzun zion) pentsatzen irakastearekin nahikoa litzatekeela, lepoak buru behar lukeela. Pentsamendua entrenatu, ikusten eta entzuten duguna zalantzan jarri, jarrera kritikoa landu, solasaz haragoko eztabaida bultzatu eta sentitzen duguna sortu. Ipuinaren hasiera-korapilo-amaiera berriak izan zitezkeela horiek. Lepoarekin barik, buruarekin aritzea eskatzen duela horrek. Pentsatzen dakienak jakingo duela bideaz eta sexuaz, bideez eta sexuez. Eta gainerako guztiaz. Giltzari sarraila egokituz gero, ez genukeela giltza gehiagoren beharrik. Giltzarrapoak zintzilikatzen baino ez garela ari horrela. Ateak itxita jarraituko duela. Eta etorkizunak. Administrazioak baietz buruaz (eta lepoaz); pentsatzeko kontua dela. Eta ipuin-kontalaria ipuina kontatzen hasi zaio… Bazen behin ate bat…