Elkarrizketa :: ITXARO BORDA 2023/10/02
Pantxika Urruty

Pantxika Urruty: “Ximena, biziki inportantea izan da gutako bakoitzarentzat. Gurea den zerbait da”

Azken hamarkada hauetan badirudi Zuberoako pastoralaren antzerki-eredua hedatzen ari dela, bertan, bai eta Zuberoatik kanpo ere, gaitzeko arrakasta lortuz. Emazteak ari dira orain aktore, errejent eta idazle gisa ere. Baina ez da beti horrela izan. Pantxika Urruty (1955) barkoxtarrak, emaztez osatu Ximena pastoralean parte hartu zuen, 1979an. Bere esperientzia kontatu digu.

Duela berrogeita bost eman zenuten Ximena pastorala, Atharratzen eta Irurin, bi aldiz. Nola jin zitzaizuen ideia hori?

Luxi Etxekopar hasi zen horretan pentsatzen. Harremanak bazituen Etxahunekin, erran zion zerbait bazuela emazteentzat izkiriaturik. Luxi Etxekopar abiatu zen neskatilak herri orotan bilatzen pastorala emateko. Ezagutzen ginen elkar, Johaine Erbin apezaren bidez...

Ximena pastorala, Corneille frantses idazle klasiko idazlearen Le Cid antzerkiaren egokitzapen bat da...

Bai hori duzu, Rodrigo eta Ximena...

Nola sartu zineten istorio horretan, tradiziorik gabe, ordura arte emazteak ez ziren pastoraletan agertzen.

Ez ziren generoak nahasten, baina baziren emazte pastoralak. Azkena Ligin izan zen 1953an, Santa Helena pastorala. Bigarren mundu gerla aitzinetik ere egin ziren, eta lehen gerla aitzin oraino haboro. 1903, 1906 eta 1909an Urdiñarben. 1909an, hiru pastorala eman ziren urte eta kasik denbora berean. Hor gertatu zen izugarriko istorioa: jarlekuak segatuak izan ziren, eta norbait hil zen, preseski emazteen pastoralaren karietara.

Battitta Urrutik (1919-2004) noizbait erran zuen, ez zuela sekula Ximenaz beste pastorala hoberik egin..

Egia da, berarekin gozatu ginen, bera ere behar bada gurekin. Izugarri goxo zen eta ezti. Hor sartu ginen mustraketan, baina ni Bordelen nintzen ikasten eta beste zenbait ere ni bezala, baina bon, asteburu oroz herriratzen ginen eta biziki ona zen elkarrekin izatea. Berrogei bat arizale ginen, uste dut, eta herri orotarik jinik.

Eta musikariak?

Gizonak ziren, bata Mixel Etxekopar gazte-gaztea...

Sujeta nor zen?

Luxi Etxekopar izan zen Cid delakoa eta Jeanine Lechardoy Rodrigo, bi ziren. Bi pertsonaiak inportanteak ziren eta istorioa bien arteko harremanean errotzen zen. Bi boz ikaragarri ziren gainera. Izugarri ederki eman zuten.

Jende anitz jin zen ikustera?

Harritu ginen, jende asko etorri zelako. Guk hori nahi genuen, baina ez genekien batere nola zatekeen. Jin ziren saldoan, bai Atharratzera eta bai Irurira. Irurin soro batean eman genuen, taulada bat bazen erdian eta inguruan, patarrean, jendeak jartzen ahal ziren. Atharratzen, aldiz, errebotean zen, eta han aulkiak eta pilota plaza nagusiko jarlekuak baziren.

Atharratzen pastorala emateko ohitura duten lekuan...

Bai, hori duzu. Sei-zazpi ehun jende bildu ziren Atharratzen, goizean desfilea egin genuen, arrakastaz. Kuriositate zerbait bazen, eta guk ere, nahi genuen ongi egin, ez baldin bazen gizonek baino hobekiago. Ez genuen deus bata bestearen kontrako, baina nahi genuen ontsa egin haiek bezala.

Ordukoz bazenuen feminismoaren eta MLF mugimenduen berri eta kontzientzia hori?

Ez guk egiten genuen pastorala horretan. Baizik eta bakoitzak gure lekuetan. Ni Bordelen nintzen ikasle, eta bilkurak eta manifestapenak segitzen nituen. Baionan ere, hiru edo lau urte lehenago hasirik, baziren feminismoan ari zirenak. Han eta hemen ikusten nituen, baina tauladara ez ginen horregatik joaten, ez emazteen kentearen aitzina emateko, baizik eta sinpleki, pastorala emateko.

Bazenuten halere zerbait berri egiten zenutelako sentimendu bat?

Hori bai, zerbait berri zela, aitzinetik izanik zirela, baina aspalditik ez, eta sustut elkarrekin izate hori izugarri goxo zitzaigun. Gure artean bazen elkartasun bat, bagenuen kontzientzia hori, emazte ginelakoz menturaz. Aldarrikapen bezala, gutxiago. Froga badut: Parisetik erreportaje bat egin nahiz jin ziren batzuk jakinez emazteak ginela, eta haien lehen galdea zen: feministak zarete zuek? Eta guk bai, emazte ginela, baina ez feministak. Guretako feminismoa politika talde bat bezala zen, gu abertzaleak ginen, eta gutariko anitz hala ziren, eta gure borroka hor zen, eta ondoan izan zitekeen, zergatik ez, emazteen aldeko borroka, baina ez genuen feminismo hitza baliatzen. Guk erraten genuen ontsa gara emazteekin, baina gizonekin ere bai. Gure buruetan feminismoa gizonezkoen kontrako zerbait zen, emazteak baizik ez zirela biltzen, gizonik gabe. “Ez gara feministak baizik eta emazte” hori zen eman genien erantzuna. Ez ziren sobera kontent, jinik baitziren ustez gu ere feminismoaren ideia horretan ginela...

Zuen arteko elkartasuna aipatzen duzu, anekdota bat baduzu naski...

Bai, oraino ere aski gaitz zait horren kontatzea. Pastorala eman baino bi aste lehenago jin zen Etxahun Iruri. Ximenaren alaba bi ginen, Rodrigoren kontra ziren bi mutikoekin ezkonduak. Ezkondu eta oihan batera joan ginen, eta han bortxatuak ginen, testua hori zen. Etxahun etorri zen erranez: zuek estekatuak zarete, eta behar duzu arropa kendu... ez nuen sobera ulertzen, baina segitzen zuen en petite chemise zarete, eta pantiekin, eta gero uzkian pied de nez bat egiten duzue! Testuaren arabera bortxatuak ginen eta gainera gutaz irri egin nahi zuten. Erran nion ez nuela horrelakorik eginen. Etxahun tematu zen. Michellek ere erran zion ez zuela eginen. Kanpo joaten ahal ginela ihardetsi zigun. Ni joan? Pastoralaren antolakuntzan sartua nintzen, eta ez nintzela joanen ihardetsi nion. Gainerako arizaleek elkartasunez gure aldea hartu zuten, Pantxika joaten bazen, denak joanen zirela... Etxahun gaitzitu zen eta alde egin zuen. Momentu aski bortitza izan zen.

Ikuslegoak nola hartu zuen parte hori? Txalo? Txistu?

Jelkaldi hori agitzen delarik justuki, ene bertseta, “Aitak jakintü dianean, biak zütie ehoko” zen, kasik oihukatuz eman nuen. Jendea hasi zen mugitzen, txalo eta orroaz! Ontsa azpimarratzen genuen ez ginela bertset horiekin akort.

Giro onean iragan zen orokorki?

Bai, jendeek biziki ontsa hartu zuten, nahiz eta antolakuntza mailan beste istorio bat ere ukan genuen: hiru satan emazte baziren, eta ordura arte gizonak baizik ez ziren dantzan ari. Emazteak berantago sartuko ziren, 80ko hamarkadan edo. Barkoxen halere, biga baziren, Jeanine Lechardoy kantiniersa eta Marie-Josée Lechaurregui. Gure pastoraleko hiru satanek behar zuten dena ikasi. Ez zen dantza irakaslerik. Baina Battit Bosqek, Llargok eta Dominika Agergaraiek, gurekin baitziren, gure laguntzeko, atzeman zieten irakaslea eta satanen dantza biziki ederki eskaini zuten.

Eta kritikak? Zer ilki zen, eman dezagun Le miroir de la Soule eta holako astekarietan?

Izugarriko kritika onak. Ez zen batere lotu emazte izaerari, guk uste genuen hala zatekeela, baina ez. Uste dut, pastoral munduan bazela ideia hori, emazteak bereiz, pastoral egile izan zitekeela. Eta jendea jin zen ikusterat, jakitera, amiñi bat konparatzera ere bai. Ez ziren ezkorrak, jendea kontent ilki zuzun handik.

Zer kanbiatu zen Ximenatik landa?

Emazteak sartu ziren pastoraletan, hortik aitzina beti mistoak izan ziren. 1976an Santa Grazin Junes Casenaven pastoralean, emazteak sartu zituzten lehen aldiz, kantari taldean.

Kontent zineten ondorio horrekin?

Ez dakit guk egin genuenez bidea, edo xenda, edo borta ireki. 1980an, Urdiñarben, Jean Michel Bedatxagar izan zen Iparragirre sujeta, eta gauza bat argi zen hor denentzat, emazteak absolutuki sartu behar zirela. Nonbait ridikulua ere zen. Ikusi behar dira denbora haietako argazkiak. Emazte karguak eramaten zituzten gizonak bizargabeak eta begitarte finekin hautatzen ziren... Eta feminista gero eta haboro ba zen mundu horretan, Zuberoan ere gauzak aldatzen ari ziren, jendeak ideia berriak segitzen zituen...

Zu orain errejent zira, seigarren pastorala zuzenduko duzu Bastidan datorren urtean, ”Inesa de Gaxen” izenekoa... atxiki duzu orduko Ximenaren giro hartarik zerbait...

Ni han gozatu nintzen. Barkoxen plaza andere bezala ari izan nintzen lehenagotik, ardien aitzinean. Renée Harbustan eta biok Gaztelondokoak ginen eta kartierra ordezkatu genuen, errejentaren nahiz. Hor sentitzen da zerbait badela, kultur mailan zerbait azkar. Ximena pastorala izan zen funtsezkoa enetako, ikasi nuen zer zen pastoral baten muntatzea, zer indar behar den, zer baden baikor, zer ezkor, eta nola aitzina eraman. Eta behin parte hatzen duzularik, gogoa baduzu beti besteek zer egiten ikusteko...

Zertan zarete “Inesa de Gaxen” proiektuarekin?

Hasi gara jendeak biltzen, hiru bilkura egin ditugu, hiruetan gaitzeko interesa bada Xarnegu eskualdeko zazpi herri horietan eta inguruko baten batetan. Antolakuntzan ari dira... jadanik aipatzen dute pastoral eguneko bazkaria!

Azken galdera: Ximena pastorala zer izan da zuretako...

Oraino ere pastoral horretako emazteek biltzen garenean, halako elkartasun sakon bat sentitzen dugu. Jeanine Lechardoy hil zaigu, eta juntatu gara hamabost bat, Niko Etxartek musikatu “Rodrigori” kantatzeko... Ximena, inportantea izan da gutako bakoitzarentzat. Gurea den zerbait da. Gure oroitzapena. Elkartasuna segur, eta pastoral munduan emazte bezala sartzea, emazte izatez, taula gainera igotzeko eskubidea hartzea.

ITXARO BORDA
Pantxika Urruty