Osasun mentalaren kontra
«Gaixotasunetik sendatu nahi nauzue, / biologiatik sendatu nahi nauzue, / herentzia genetikotik, / nirea besterik ez den sistema linbiko honetatik». Horrela hasten da Sara R. Gallardo idazle eta ikerlariak «tortura pairatzen jarraitzen duten ahizpa eroei» eskaintzen dien poema. Testu horretara itzultzen naizenean (eta aitortu behar dut askotan egiten dudala), nire barnean gaizki dagoen guztia sendatzen saiatu diren mediku, psikiatra eta psikologoen hitzak etortzen zaizkit gogora, hiltzeko zorian utzi ninduten pilulak, ezagutzen ez nuen eta ispiluaren beste aldetik begiratzen ninduen itzala sortu zutenak. Lagunek kontatutakoak ere gogoratzen ditut, eta ehunka txio, artikulu edo liburuetan irakurri ditudanak: baimenik gabeko ospitalizazioak, sexu-erasoak, immobilizazioak, irentsi nahi ez ditugun pilulen albo-efektuak. Eta baieztapen bera, behin eta berriro: oso gaixorik zaude eta sendatu egin behar zara.
Urriaren 10ean Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna izan zen. Urtero bezala, hedabideak eta sareak osasun mentalaren garrantziaz jabetzeko mezuz eta irudiz bete ziren. Argitalpen askok estigmaren aurka borroka egiteko beharra azpimarratzen zuten, gaizki sentitzen garenean laguntza eskatu behar dugula oroitaraziz. Beste batzuek osasun mentala fisikoa bezain garrantzitsua dela aldarrikatzen zuten, depresioa diabetesarekin alderatuz, eta iruzkin askok psikologo eta psikiatra gehiago eskatzen zituzten, osasun sisteman, ikastetxeetan, lanean, gizartearen txoko eta bazter guztietan. Gure garaian ohikoa den bezala, nola ez (eta ni naiz horrelakoak egiten dituen lehena), sare sozialetan lehen pertsonan bizitako kontakizunak biderkatu ziren. Baina argitalpen gehienek ikuspegi bera partekatzen zuten, etengabe erreproduzitzen ari zen kopia baten kopia izango balira bezala: osasun mentalaren gaineko begirada medikoa eta indibidualista.
Zientziak dioena termino absolutuetan ulertzera jotzen dugun arren, gaur egun gaixotasun edo nahasmendu mental gisa izendatzen duguna ez da historia guztian zehar eta kultura guztietan modu berean ulertu den zerbait. Izan ere, osasun mentalaren gaineko marko kontzeptuala oso lotuta dago gizarte bakoitzaren testuinguru sozioekonomikoarekin. Kasu honetan, zehazki, ideologia kapitalista eta neoliberalarekin. Osasun mentalaren paradigmak dioenez, indar handiko sufrimendu emozionalaren arrazoia desoreka biologiko batean kokatzen da. Hau da, bada zerbait pazientearen burmuinean ongi funtzionatzen ez duena, eta sufrimendu horri aurre egiteko aukera bakarra tratamendua da, gehienetan psikofarmakoen kontsumoan oinarrituta. Tratamenduaren azken helburua pazienteak funtzionalitatea berreskuratzea da, gizartean integratzea eta produzitzen jarraitzea. Era berean, prozesuaren erantzulea pazientea bera da: sendatzeko ahalegina egin behar du, positiboa izan, yoga edo meditazioa egin, pilulak hartu, kalera irribarretsu atera eta krisialdia transformazio baten moduan ulertu, bere burua berrasmatuz. Sufritzen jarraitzen badu, noski, behar adina ahalegindu ez delako da.
Baina eskema horretan ez dago lekurik ondoeza edo herstura sentitzera, geure buruaz beste egitera eraman gaitzaketen beste baldintza batzuez hitz egiteko. Izan ere, pertsona bati eskizofrenikoa dela esaten badiozu, bizitza osoan zehar ahotsak entzuteari uzteko pilulak hartu beharko dituela, edo bere depresioa serotonina faltak eragiten duela, ez du pentsatuko arazoa kanpoan egon daitekeenik. Barrura begiratuko du, besterik ez.
Pandemia garaian argi geratu zen testuinguru sozialak, baldintza materialek eta besteekin dugun harremanak lotura estua dutela osasun mental deitzen dugun horrekin. Hala ere, lau urte beranduago ikuspegi biologizistaren terminologia erabiltzen jarraitzen dugu (osasun mentala, buru-gaixotasuna, nahasmendua, urritasuna…), krisialdi emozional bat eragin ditzaketen kanpoko faktoreak alde batera utziz: genero indarkeria eta indarkeria sexuala, eskola-jazarpena, prekarietatea, etxebizitzaren kostua, ziurgabetasuna, krisi ekologikoa, genozidioa, geroz eta azkarrago doan gizarte batean bizitzea (edo bizirauten saiatzea) eta, orokorrean, menderatze-sistema ezberdinetatik eratorritako indarkeria oro.
Sara R. Gallardoren poemara itzuliz, pixka bat aurrerago, ahots poetikoak honakoa dio: «Senda nazazue hutsetik, izendatzen dudala baldin badakizue; / senda nazazue itzaletatik, uholdeetatik, / senda nazazue sexu-erasoetatik, hazten ari diren landare igokarietatik, / senda nazazue jaitsieretatik, erraietatik, / senda nazazue nire pobreziatik eta zuen porrota ez da hain handia izango». Baina agian ez gara sendatu nahi. Agian ondoezak, iluntasun guzti horrek, zerbait esan nahi digu. Agian beharrezkoa eta normala da (psikiatriari hainbeste gustatzen zaion hitz hori) min edo estutasun handia eragiten diguten egoeren aurrean gainezka egitea, erotzea, gelditzeko beharra izatea, kapitalismoarentzat probetxuzkoa ez den modu batean jokatzea. Eta agian erantzuna ez dago diagnostiko eta pilula berri batzuetan. Agian transformazioak kolektiboa izan behar du eta berrasmatu behar duguna ez da geure burua, baizik eta inguratzen gaituen errealitatea. Elkarrekin, erotuta, gainezka eginez. Edo Sara R. Gallardok poemaren amaieran dioen bezala: «Ni naiz amildegian agintzen duena, / atera zaitezte hemendik. Ez nazazue sendatu».