Artikulua :: Pako Sudupe 2024/02/27

Oroimena

Badakizue Imanol Larzabalek eta George Moustakik kantatzen duten “Zergatik” kanta malenkoniatsu-ederrak zer dioen: Zergatik ikasi/ ahaztekotz gero/ ikasiak oro? (Letra: Jon Mirande). Eskerrak bizi garen artean ez dugula dena ahazten.

Oroimena zein axolazkoa dugun jabetzeko egokia izan liteke hona ekartzea Bertrand Russell filosofoak (1), zer gogoeta egin zuen oroimenaz, jarri zenean argitu nahian gizaki bat gaur, atzo izan zen pertsona bera zein zentzutan den.

Badakigu gorputzaren materia etengabe aldatzen dela elikatze eta higatze prozesuen bitartez. Eta garuna? Garuna ere bai. Pentsatzen dugu, sentitzen dugu eta ekintzak egiten ditugu baina pentsamendu, sentimendu eta ekintzetatik landa, ez dago entitate sinple bat, gogoa edo arima, gauza horiek egin edo jasaten dituenik. Pertsona baten buruko jarraitutasuna ohitura eta oroimen jarraitutasuna da. Atzo pertsona bat zegoen, zeinen sentimenduak oroitzen ditudan, eta pertsona hura nire atzoko egotzat hartzen dut; baina, egiaz, nire atzoko egoa soilik gogo-gertakari batzuk baino ez ziren, orain gogoratuak eta haiek oroitzen dituen pertsonaren zatitzat hartzen ditudanak. Pertsona bat ez da oroimenak eta ohitura deitzen dugunak batzen dituen esperientzia sorta bat baino. Horra memoriaren garrantzi alimalekoa.

Oroimenaren berebiziko garrantzia agerian utzirik, axolazkoa da bereiztea zein oroitzapen gorde behar diren eta zein ez. Eta hor emozioek paper garrantzitsua dute. Garuna aztertu eta lorpenen berri eman duten zientzialariek edota hausnartu eta luma dantzatu duten mediku neurokirurgialari, psikiatra, psikologo, antropologo, soziologo, filosofo eta idazleek sarri askotan jorratu dute oroimenaren gaia.

Zientzialari eta pentsalariengandik herritar arruntongana etorrita, bereziki adinean aurrera goazenona da oroimena galtzen joateko beldurra: Alzheimer edo Parkinson edo antzeko dementzia neuronalen bategatik oroimenik gabe gelditzeko kezka, baina gizakiotatik inor ez dago oroimena galtzeko arriskutik libre. Nahikoa da istripu malapartatu bat izatea jendea ezagutzeko ikusmen-oroimena galtzeko, edota entzumen-oroimena, ahotsak entzun eta norenak diren ez jakiteko; bada, noski, halakoa erabat galduta sentituko da, beste zenbait funtzio atxiki arren. Oroimen eta oroitzapenik gabe, zer gara?

Denok daramagu geure baitan bizi izandakoa. Oroipenak daramatzagu aldean; noiz alaitzen gaituzte eta noiz atsekabetzen. Modu naturalean oroipen atseginak gogoratzen ahalegindurik ere, badakigu bestelakoak ere baditugula. Eta badakigu, halaber, oroimena apetatsua dela, ahanztura den bezalatsu. Baldin eta bizi izandako guztia zehatz-mehatz gogoratuko bagenu, zoritxarrekoak izango ginateke. Gehienetan gure oroimena flash labur eta ondo zehaztugabeez zirtatua ageri zaigu, eta puska horiek eraldatu egin ohi ditugu. Garun aztertzaileek diotenez, oroimena argazki album finkatu bat baino gehiago paleontologoaren lanaren gisakoa da, oroimen-pusketekin gure bizitzako gertaera oso bat berreraikitzen trebea, oraineko interes eta ikuspegien arabera, azken hauek haiek baldintzaturik, eta ahanztura ere bai.

Zenbat oroimen ditugu?, zein dira oroimen indibidualaren bertuteak eta zein akatsak? Oroimen indibidual eta kolektibo edo historikoaren artean zer-nolako hartu-emanak zirriborra litezke gaur egun, gurean?, nola finkatzen dira oroipen kolektiboak?

Ikerlari eta dibulgatzaileei hartu dizkiet hemengo ideiak eta ikuspegiak baina aukeraketa neuk egin dut, neure erara antolatu ditut; eta, horrenbestez, arduradun neroni naiz.

Oroimenari buruzko artikulu sail honi hasiera emateko, hiru artikulutan laburbilduko dut memoriaren historia laburra. Horretarako itsumutil Juan Carlos Lopez mexikarra hartuko dut. Ederki laburbiltzen du hark, Hermann Ebbinghaus (1850-1909) aleman filosofoak Über das Gedächtnis: Untersuchungen zur experimentellen Psychologie (“Oroimenaren gainean: psikologia esperimentalari ekarpena”. 1885) deritzan monografia argitaratu aurretik, oroimenaren gainean zein ideia eta ikuspegi egon diren filosofo eta literatoen artean, grekoengandik hasita.

(1)  Por qué no soy cristiano. 2021: 130

Pako Sudupe