Martin Ugalde (1921-2004)
Oso indibidualistak jarrita gauden honetan, norbanako bakoitzak kasik bere proiektu pertsonalei bakarrik kasu egiten dien honetan, laurogeitaka urteko bizitzan andoaindarrak izan zituen hiru atxikimendu indartsuk biltzen didate arreta eta sortzen didate miresmena: familia, aberri eta euskararekiko haren atxikimenduak, eta bere izaera pertsonalari dagokionez, haren moldakortasunak.
Hamalau urte zituela, aterpe zuen familiak --beste askorenak bezala XX. mende gerratsuan--, sekulako astindu malapartatua jasan zuen Espainiako II. Errepublikaren aurka estatu-kolpe militarra jo zuten jeneral espainiarrek eragindako izuak hartaraturik. Joan Mari Torrealdaik xeheki kontatuak ditu 1936ko uztailetik, harik eta atzera berriz familia 1947an Venezuelan bildu zen arte, Martin Ugaldek Kataluniatik Frantziara bizi izan zituen gorabeherak.
Aita Andoainen zinegotzi izan zuen EAJtik, eta horregatik alde egin behar izan zuen gerrara, eta horregatik sakabanatu zen familia. Esan beharrik ez dago etxean II. Errepublika garaiko jeltzaletasuna edoski zuela, baina horrekin batean, familiaren garrantzia eta lehentasuna ere bai, norberaren familia baturik atxikitzearen axola handia eta horrekin batean familia handiagoarena, hots, euskaldunon aberriarena.
1940an Frantzian zen, eta dilema honen aurrean egokitu zen: alemanentzat arma-fabrika batean lan egin edo frankisten mendeko Andoainera etorri; jaioterrira itzuli zen. Laster soldadutzara Afrikako Tetuanera, eta han bi urte eginik, Andoainera berriz. Bizimodu berri bat hasi zuen: soldata ona zuen, etxebizitza alokatu zuen, Euskalduna elkartean idazkari zen, futbolista ere bai, neska laguna ere bazuen. Diario Vasco-n Andoaingo kronikak idazten zituen 1946-1947 urteetan, baina aita Venezuelan zen, eta gerrek banaturiko familia batu nahi zuen, eta horregatik onartu zuen Martinek Caracasera joatea.
Venezuelan eman zituen 22 urtean venezuelar bilakatu zen eta venezuelarrei Venezuelako gaztelanian idatzi zizkien kazeta-artikuluak eta ipuinak. Horregatik adierazi dugu, besteak beste, honen hasieran oso moldakorra izan zela.
Lehenik, saltzaile hasi zen. Hurrengo urtean General Motors-en. 1949an General Motors-eko lan finkoa bertan behera utzi eta hiru aldiz gutxiago irabaziz free lance gisa hasi zen idazten Elite zeritzan aldizkarian, Caracaseko astekari bakarrean. Lanbide aldetik gero eta garbiago zeukan: kazetaritza eta literatura. Eta aberriari zegokionez?
Martinek idatzi zuen Caracaseko Euskal Etxean Euskal Herri txiki bat aurkitu zuela. Bertan babestu zen hasieran; eta gerora ere, beti egon zen Euskal Etxeari lotua. Eusko Alderdi Jeltzalean kidetu zen. ELAn ere bai. Eta 1948an Caracaseko Eusko Gaztedi sortu zuen, “mistoa”. Bertako Euzkadi aldizkariaren zuzendari ere izan zen. Euskal Etxeko lehendakari ere bai, 50eko hamarkadaren amaiera aldera. Aldi batez bera izan zen EAJren kanpoko (Hego Ameriketako) batzordeko lehendakari ere. Erbesteko hainbat aldizkariren (OPE, Alderdi, Tierra Vasca…) eta berdin barneko argitalpenen (Zeruko Argia) zubi eta banatzaile ere bai.
Atzera bizibideari zegokionera etorriz, Elite-n baimena eskatu eta ingelesa ikastera joan zen Ipar Ameriketara, urte eta erdirako, 1952an. Ann Arbor hirian (Ohio-tik 56 km-ra) ingeles ikastaroa egin zuen. Hurrengo hilabeteetan New York-eko unibertsitatean literatur ikastaroak burutu zituen. Egonaldi oparoa izan zen idazlanen aldetik ere, ekonomikoki bizi ahal izateko ipuinak, erreportajeak eta bestelako lanak bidaltzen baitzituen Elite astekarira. Ameriketatik bueltan enpresa aldatu zuen, Creole taldera pasaturik. Ipar Ameriketako petrolio konpainia horrek bi aldizkari zituen: El Farol eta Nosotros. El Farol aldizkari literarioa zen, tirada handikoa. Nosotros, aldiz, aldizkari industriala, bertako langileentzat egiten zena, 30 milako tirada zuena. Konpainia horretan iraun zuen Euskal Herrira etorri arte.
Laburkiro bada ere, ikusi dugu erabat venezuelartu zela, eta diru aldetik ez zuela batere arazorik han bizitzen gelditzeko. Aberriak barrua mugitzen zion, ordea. Konpromisoa sentitzen zuen. Gaur egun aberriaren alderako konpromisoa asko beheratua dugu. Martin Ugalderen bizitzaren narratiban, familiarekin batera aberriak eta harekin estu loturik euskarak leku handia izan zuten.
1964an bisita bat egin zuen aberrira. ETAko buruzagitzarekin bildu zen: Txillardegi, Benito del Valle, Aingeru Irigarai eta Julen Madariaga. Eusko Alderdi Jeltzaleak Beyris-en zituen alderdikideekin ere bai: Unzeta, Solaun eta Eli Etxeberriarekin. Eta bere lehengusu Eusebio Zubillagarekin, hura izanik zubigile. Telesforo Monzonekin ere egon zen gutunetatik ikus daitekeenez. Abertzaleen arteko zatiketa gogorra gertatzen zitzaion.
Behin betiko 1969an itzuli zen Euskal Herrira. Euskal Herrian ez zuela lana aurkitzea erraza izango, eta aurrez hasi zen lan bila eta Francoren mendeko Espainian sartzeko gestioak egiten. Ez zioten utzi baina emazte eta hiru haurrei bai, eta haiek 1967an Irunen jarri ziren bizitzen eta 1969an Hondarribian bostak. Erabaki horrekin estatus sozial ona eta kazetari eta idazle karrera arrakastatsua utzi zituen Venezuelan.
Joan Mari Torrealdaik zioen arrazoi bat baino gehiago izan zituela Martinek Euskal Herrira itzultzera bultzatu zutenak. Bat indar handikoa seme-alabak euskaldun hazi eta hezi nahi izatearena. Proiektu propioak ere bazituen. Chicago ondoko Evanston-en kazetaritza ikastaroak eginik, bere burua prestatua ikusten zuen profesionalki eta bere hoberena euskararentzat eta Euskal Herriarentzat eman nahi zuen. Pentsatzen zuen burua ezin altxaturik ikusten zuen euskal kulturaren alde bazuela zer eskainirik. Bere jaioterrian lan egin nahi zuen, eta euskaraz. Motibo politikorik ere ez zitzaion falta. Agirre lehendakariaren heriotzak, 1960an, sekulako zauskada eman zion Martini. Hutsune hori, Martinen ustetan, ezin zuen aurrerantzean pertsona bakar batek bete. Askoren artean ordezkatzekoa zen, eta bera zatekeen horietako bat.
Martinek Euskal Herrira etortzean euskaraz idatzi nahi zuen. Zeruko Argia-ra eta Euskaltzaindira hurbildu zen, baina ezin zuen horretatik bizi. Bestelako lan batzuei heldu behar izan zien bitartean. Hizkuntzaren inguruko alderdi teoriko, historiko eta sozialen kezka aspaldikoa zuen, bere hainbat idazlan eta bereziki Unamuno y el vascuence saiakeran agertu bezala. 1977an, Euskaltzaindiaren "El libro blanco del Euskera" zuzendu zuen. Horren segida den "Conflicto lingüístico en Euskadi" liburua laburtu eta berridatzi zuen.
Deia egunkari sortu berrian zuzendariordea izan zen, eta euskal taldearen arduraduna. Euskarazko Deia-k, abiapuntuan, kazeta bat kazetaren barruan izan nahi zuen, autonomoa eta osoa, Martinen ardurapean. Bere taldera eraman zituen Mikel Atxaga, Amatiño, Antton Aranburu, Nikolas Aldai. Eta zuzendaritzaren bidez hartu ziren Miren Jone Azurza, Xabier Aranburu, Antton Zubikarai eta Juan Mari Mendizabalekin osatu zuen taldea. Egitasmo hura Deia egunkarian txertatzea eta bideratzea ezinezkoa gertatu zitzaionez, utzi egin zuen kargua,urtebetera.
Honaino iritsita, politikari doakionez, Garaikoetxea eta EA alderdia aipatu beharko genituzke, baina gauza bat azpimarratzearekin etsiko dugu: alderdi gizona baino askoz gehiago aberri gizona izan zen Martin.
90eko hamarkadara etorrita, prentsa lankidetzak hirurehundik gora izan ziren, eta Euskaldunon Egunkaria izan zuen urteotan bihotzeko proiektua. Lehen ordutik izan zen talde eragilean, "Egunkaria Sortzen"-en garaitik, 1989an hasita. Euskaldunon Egunkaria sortu zenetik Administrazio Kontseiluko Lehendakaria izan zen 9 urtez, eta harrezkero Ohorezko Lehendakaria. Egunkaria gidatzeaz gain, bertan kolaboratu zuen --200 lankidetzatik gora--.
Sofoclesen Antigona tragediaren dilema etortzen zait gogora Martin Ugalderen bizitza laburtzera etorrita: bere sinesmenen arabera bizi izan zen funtsean, eta ez espainiar legeen arabera, eta beste guztien gainetik familia eta euskaldunon familia handiagoa eta gure hizkuntza jarri zituen, eta haien aldera leial izan zen bere bizialdi guztian. Merezi ditu gure ohoreak eta aitortza!