Elkarrizketa :: MIREN AMURIZA 2023/09/21
GARAZI ARRULA

Lurraz beste (Txalaparta) 

Poltsan dakargun liburuko protagonistetako bi izan gintezkeen Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta biok, plastikozko landareak dituen kafetegi zaharberritu bateko mahairik diskretuenean eseri eta, bizkotxo puska bana jaten dugun bitartean, elkarrizketatzailearenak eta elkarrizketatuarenak egiten. Editorea, itzultzailea, idazlea da eta bigarren argitaraldian doa udaberrian publikatu zuen Lurraz beste (Txalaparta) ipuin-bilduma.

Zer moduz zaude liburuaren lehenengo aurkezpen errondaren ondoren?

Kontent nago prentsan izan duen oihartzunarekin eta, batez ere, irakurleen erantzunarekin. Liburu berriak atera eta atera aritzen gara eta, askotan, ematen du sei hilabete pasatzerako zaharkituta geratzen direla; saiatzen gara argitaletxe moduan dinamika horretan ez erortzen baina, egia da, liburuek iraungitze data laburra dutela gaur egun. Udazkenean irakurle-taldeekin jarraituko dut eta gogoz nago; solasaldi intimoagoak izaten dira, parez parekoagoak.

Gure belaunaldi-kide bati baino gehiagori entzun diot erretratatu gaituzun moduarekin identifikatuta sentitu dela: “ostegun iluntzetik igandera bitartean tabernari aritzen zinen (hautuz); aste barruan ikasle (zuhurtziaz) eta aste osoan kale-animazioan (ezinbestez). Horixe zen inguruan zenuen eredua, hainbat konbinaziotan”. Posible ote dira konbinazio horiek gaur egun?

Ez dut uste hiru aukera horiek bere horretan jasangarriak direnik. Ez dakit lehiakortasunagatik edo gazteek daramaten zamagatik den baina, esanen nuke, ikasketekin presio handiagoa daukatela orain. Dena den, adinari dagokion zerbait ere bada urgentzia hori; unibertsitatean genbiltzanean, guztiak ematen zuen hil ala bizikoa.

Testuinguru politikoa eta soziala erabat aldatu dira harrezkero eta liburuko protagonistetako batzuk ere hortxe dabiltza, gatazka pertsonalak kolektiboekin gurutzatzen diren puntuetan, aurrera egin nahian.

Hala da, bai. Gatazka armatuak lehen planoan egoteari utzi dionean, beste batzuk bistaratu dira, betidanik egon direnak, baina txokoan; zientzialari guztiek esaten dute larrialdi klimatikoa ez dela gauza berria. Ni garai konkretu bati buruz aritu naiz liburuan, baina pertsonaiak noraez horretara eraman dituzten gatazkak, unibertsalak dira: maitasuna, heriotza, nostalgia… Gertatzen dena da, krisi horiei aurre egiteko heldulekuak aldatu direla: garai batean fedea izanen zen, edo familia, edo borroka politikoa. Orain beste batzuk ditugu.

Laguntasuna, adibidez? Oso ondo jaso duzu ipuinetan belaunaldi batetik besterako ikuspegi aldaketa: gure kuadrillakoak izan zitezkeen Andrea eta Uxuerentzat ezinbesteko bizi-euskarria den bezala, gure amen ahotsa izan zezakeen izenik bako pertsonaiak familiaren eta bikotearen azpian kokatzen du zaintza-sareaz diharduenean.

Iruditzen zait laguntasuna oso gutxi esplotatzen dela literaturan zein gizartean; adiskide bat bizitza osoan zehar eduki dezakezu hor, igual beste inor egonen ez den bezala. Andrea eta Uxue aurreko ipuin-liburutik erreskatatu nituen (Gu orduko hauek, Txalaparta), iruditzen zitzaidalako beraien erlazioaren garapenak bazuela zer emana. Balio eta sentimendu asko harreman sexu-afektiboei egozten dizkiegu esklusiboki, baina ez da horrela; jeloskortasuna, adibidez, agertzen da lagunen artean ere.

Bikote harremanak, sarriago ez eze, plano teorikoagoan ez ditugu fikzionatzen? Zuk geruza terrenalenak arakatu dituzu.

Askotan pentsatu izan dudalako: teoria badakit, baina orain nola pasatzen da hau gorputzetik? Nola eraginen digu sukaldean, elkarrekin bazkaltzen ari garenean? Ezagutza kokatua interesatzen zait. “Felicidad” ipuinean daude bi plano horiek bereizien: buru-jana eta tripetatik datozen pultsioak. Dena den, ez zait gustatzen teorizazioak sartzea ipuinaren mesedetan edo pertsonaiaren bat ezaugarritzeko ez bada, zeren kalean dagoena ez da hori. Benetan inporta diguten gauzak prosaikoagoak dira.

Horrelakoxea da zure kontaera ere, epikarik gabea; eszena domestikoak, plano motzak eta mugimendu hunkigarriak; Marga amondua, Lore eta Ellerekin, hondartzan selfie bat ateratzen.

Eta baten batek esanen dizu: ipuin hauetan ez da deus gertatzen! Ba, ez. Baina eguneroko bizitzan zenbat gertatzen da, ba? Sukaldean, kanpineko harraskan edo ginekologoaren itxarongelan, hor gertatzen da bizitza, gauza txikietan. Niretzat balio literario handia daukate eta enpatia gehiago sortzen dute; irakurleak bihar bertan izan dezake zitologia baterako hitzordua.

Gure belaunaldiko euskal idazleek literatura enfokatzeko modu berri bat ekarri dutela iruditzen zaizu?

Esanen nuke baietz. Baina iruditzen zait denbora bat eman behar zaiola egiazko joera aldaketa bat izanen den ikusteko. Ugaritasuna badago, hori bai; gaur egun beste espazio, istorio eta harreman mota batzuk dira kontagai eta ez salbuespen modura, garai batean bezala. Eta inportanteena: idazleon artean elkar irakurtze bat eta dialogo bat sortu da.

Nik berehala konektatu dut zure umore kodearekin, adibidez.

Bai? Pozten naiz hori entzuteaz, zeren sekula ez dut neure burua pertsona umoretsutzat eduki eta literaturan erabiltzea oso zaila iruditzen zait. Askotan geratzen naiz zalantzan idazten dudanarekin eta pentsatzen dut: honek eginen dio graziarik inori?

Bertsolari emakumeon artean ere askotan aipatzen dugu geuretu beharreko espazio bat dela umorea. Zuk zertarako baliatu nahi izan duzu liburuan?

Pertsonaien krisialdiei kontrapisua egiteko. Desdramatizatzeko. Aurreko liburuan baino askeago idatzi dut alde horretatik, begirada gaiztoxeagoarekin, eta disfrutatu egin dut. Talde handietan ez dut askorik hitz egiten eta beti egonen da hitza nik baino lehen hartuko duen norbait edo txistea nik baino lehenago eginen duena; aurrez aurrekoan ez dudala umorea lantzeko aukerarik eduki, alegia. Idazketak eman dit horretarako modua.

Idazketaz aritzen gara gehienetan, baina esango nuke zure ipuinak sarri-sarri berridatzita daudela, mimoa besteko zorroztasunarekin. Zeri erreparatzen diozu azkenengo puntadetan?

Arreta handia jartzen dut elkarrizketetan, adibidez. Oso zaila iruditzen zait dialogo onak idaztea: batetik, ahozkoak bere horretan emanda, idatzizkoan igual funtzionatzen ez duelako eta, bestetik, hizkuntza erregistroen matizak aldatuta ahotsak bereiztea interesatzen zaidalako; zenbaitetan, irakurleak esaldi bat aski du hizketan ari den pertsonaia nor den jakiteko. Egitura aldetik oso gauza gutxi aldatzen ditut, oso pentsatua doa idazketa. Amaiera argirik ez dut beti edukitzen baina istorioak, hemen, nire buruaren atzealdean, habia ongi eginda izaten du normalean; adartxo bat, eta beste bat, eta beste bat jartzen joaten naiz, osorik dagoela sentitu arte.

[Argazkilaria: Ane Eslava]

 

MIREN AMURIZA
GARAZI ARRULA