Artikulua :: Miren Mindegia 2024/10/22

‘Querer’ eta indarkeriak izendatzearen garrantzia

Aukerak imaginatzeko fikzioak duen gaitasun horrek magnitude handiagoa hartzen du pertsonaietan bakarrik ez eta egoeretan eta egoera horien erranahian kokatzen denean. Gure buruak irudikatzeko eta identitateak eraikitzeko zilegiak diren bide berriak eskaintzeaz gain, izan ere, errealitateak identifikatzeko balio dezake. Eta hori da, hain zuzen ere, plataformetara iritsi berri den eta Nagore Aranburu erraldoi bat protagonista gisa duen Alauda Ruiz de Azua zuzendariaren ‘Querer’ telesailaren indarguneetako bat. Oraingoz ikusgai dagoen lehenengo kapitulutik, ziztada baten moduan, zuzenean doa gaiaren muinera: hiru hamarkadaz ezkonduta egon eta bi seme izan ondoren, Mirenek bere senarra utzi eta bortxaketa jarraiagatik salatzen du. 

Ez senarrak ez bi semeek –eta erabaki estrategiko bikaina dirudit gizonezkoen presentzia itogarri hori– ez dute printzipioz egoera hori sortu zitekeenik atzeman. Bi semeen erreakzioak ere azpimarratzekoak dira. Nor sinetsi? Zer pentsatu? Egia ote edo burua joan zaio amari? Ez ote du egoera gaizki interpretatu? Zalantzak nabarmenak dira biengan, baina erantzuna desberdina izanen da: bata zalantzak beretzat gorde eta sufritzen ari den ama babesten saiatuko den bitartean, besteak ama gogor epaituko du. Ez da bere alboan jarriko, parean baizik. Planoen eraikuntza ere alde hori nabarmentzera bideratuko da. Seme gazteenak bere etxeko logelan, ohean bata bestearen ondoan eserita adi entzungo du amak esan beharrekoa. Ez du ama zalantzan jarriko, ez dio galderarik egingo. Besterik gabe, hurbildu eta besarkatuko du. Seme zaharrenak, aldiz, sukaldean izanen du solasaldia amarekin. Hau eserita dagoen bitartean, zutik mantenduko da, parean eta gainetik, zalantzan jarriz, presionatuz eta galderak eginez, epaile-epaitu binomioaren indarkeria areagotuz. Senarraren erreakzioa, bestalde, espero genezakeena da: Mirenek dioena ukatuko du eta honek iritziz aldatu dezan saiatuko da estrategia desberdinak erabiliz, “badakizu maite zaitudala” klasikotik gaslighting-era. 

Nagore Aranburuk pertsonaia nagusia interpretatzeko duen modua, nola esan, ikaragarria da. Halako egoera batean aurkitzen den emakume baten indarra eta zaurgarritasuna nola kudeatzen dituen, neurrian agertuz bai bata eta bai bestea, guztiz sinesgarria egiten den oreka kasik ezinezko hori mantenduz… Gutxik egin zezaketen zerbait bada. Hori, noski, Ruiz de Azuak emakumezko pertsonaiak idazteko duen gaitasunari esker ere eraikitzen da. Bien artean, fikzioak eskaintzen duen arma boteretsuena, errepresentazioarena, ezin hobe erabiltzen dute, onespenaren edo, hobe esanda, honen faltak eragiten duen indarkeria ikusezina ikusgarri egiteko.

Guzti honetan badago beste faktore garrantzitsu bat, eta hori klase faktorea da. Izan ere, familia hau ez da preziski behe klasekoa. Hori nabarmen ikusten dugu luxuzko etxebizitzan, Mirenen jantzi eta bitxietan, seme zaharrenaren etxean, senarraren trajean eta lanbidean. Halako testuinguru batean bizi den familia baten baitan, ustezko normaltasun batean bizi den senar-emaztearen artean, existitu daiteke bortxaketa jarraitua? Ez dakit ikusle guztiak, baina kontzientzia feminista duen edonor zalantzarik gabe Mirenen aldean jarriko da.  

Ostegunean iritsiko da telesailaren bigarren kapitulua –lau dira guztira– eta ziur nago pertsonaien argi-ilunetan murgiltzen jarraituko duela. Ruiz de Azuak berak emandako elkarrizketa batean nabarmendu bezala, ez du Mirenen pertsonaiarekin “biktima perfektua” eraiki nahi izan, “biktima perfektua ez delako existitzen”. Ikusiko da nondik eta norantz joko duen trama nagusiak. Baina erran gabe doa dagoeneko garrantzitsua den zerbait lortu duela Ruiz de Azuak: akaso askok biolentzia bezala ere definituko ez luketen egoera bati izena jartzea, indarkeriaren identifikazioan urrats garrantzitsu bat ematea.  

Miren Mindegia