Elkarrizketa :: Miel A Elustondo - zaldi ero 2024/07/16

“Uste dut denok sortu edo eraiki beharko genukeela bizi garen artean”

Hastetik, zure liburuaren izenburuak Virginia Wolfengana garamatza nahitaez. Barruan, argi eta garbi ageri duzu hura gogoan ibili duzula. Hark gela bat nahi zuen, zuk, berriz, etxe bat duzu.
Etxe bat norberarena, bai. Liburu hau gose batetik dator, norberaren etxea izateko gosetik. Hala ere, izenburua azken orduan jarritakoa da. Lehenengo, Etxe bat nire zahartzaroari izan zen. Iaz, artean liburu hau ehun folioko idatzia zenean, proiektu bat aurkeztu nuen Poesia Orduetarako [2023, Donostia Kultura eta EIE], onartu egin zuten, eta emankizuna antolatzen hasi nintzen Peru Galbeterekin. Harako, berriz, Etxe bat jarri genuen izena, luzeegia izan ez zedin. Liburua ateratzean, ordea, Etxe bat norberarena izan behar zuen, zeren ia-ia 100 urte dira Virginia Wolfek esan zuena emakume idazleok gela bat norberarena, eta soldata, behar genituela.

Gela bat, bakean eta lasai idazteko, alegia.
Horixe. Eta ehun urte pasatu dira, eta gela bat ere badugu, beharbada, edo izan dugu. Baina idazteko izan behar zuen gela hori, azkenean, kasu askotan, besterik bihurtu izan da: arropa zabaltzeko leku, inor hartzeko gela, trasteleku... edo dena batera. Eta, horrela, urtea joan eta urtea etorri, norberaren leku hori bilatzen ibili beharra izan dugu, edo izan dut nik, behintzat. Horrekin batera, ordea, leku bat nahi nuen, neurea, idazteko ez ezik mundua neure erara ideatzeko, aske sentitzeko eta aske amets egiteko. Idaztea horren ondorio bat da. Liburua idatzi ahala, konturatu nintzen gogo hori aspalditik datorrela.

Noizdanik, jakin baliteke?
Gure gurasoen garaitik bai, behintzat. Gure gurasoak ez ziren etxejabeak izan. Ezkondu zirenean, etxezain joan ziren: guardesak ziren. Etxearen jabeak Madrilen bizi ziren, udan baino ez ziren Etxebarriara etortzen, eta bitartean gure gurasoek zaintzen zuten etxe hura, errentaren ordainetan. Bestalde, ama jostuna genuen, eta nola eta noiz josten zuen ikusten nuen, sukaldeko mahai handi hartan. Baina afaria zela edo beste zerbait zela, hantxe ibili behar izaten zuen josteko trasteak hartu eta jasotzen, handik hona eta hemendik hara beti, bere trasteak hartuta, bere denbora eta leku propioa bizitzari edota besteei lapurtzen ariko balitz bezala...

Bere gelarik gabe, esan nahi duzu?
“Lehenengo besteak, eta halako batean norbera...” izan da andrazkook jaso dugun lekzioa oso-oso aspalditik.

Hortik sortu duzu Etxe bat norberarena?
Nik, batez ere, etxearen gosea neukan, eta horretaz idazten hasi nintzen. Horrekin batera, 60 urte betetzera nindoan eta, bestalde, ama itzaltzen ari zela ikusten nuen, eta hori ere buruan nerabilen, burrunbaka. Langile autonomoa naiz, idazle autonomo daramat bizitza erdia, idaztetik bizi naiz; haur eta gazte literatura, gehienbat, eta jakina da haur eta gazte literatura idazleok ez daukagula “kategoriarik”... Autonomook ahal duguna egiten dugu geure ametsekin, eta hortxe dira beti nahiak, ahalak, eta halabeharrak! Borroka horretan.

Borrokan, idazten, etxerik gabe.
Baina, bitartean, [idazteko] leku ederrak ezagutu ditut: kafetegiak, liburutegiak, Kabiene [autonomoentzako Elkarlan Gunea Usurbilen]... Oso gustura egin dut lan toki horietan, bizitza egin dut, bidea, eta orain, berriz, neure tokia dut, etxea. Arraroa da, eta erreala. Da bizitza oso baten emaitza, eta da metaforikoa, eta sinbolikoa ere bai. Aldarri bat ere bada: emakumea izan arren, sortzera emana bizi nahi izatea –idazlea, dantzaria, eskulturgilea, pintorea...–, ez da bekatua. Eta egin daiteke. Eta zeure tokia izan dezakezu. Nik neure etxe-tailerra nahi nuen, eta orain badaukat.

Bide zaila, inondik ere, liburua irakurri eta ohartu garenez...
Zaila da, bai, idazteak –edo amesteak, sortzeak, ideatzeak, eraikitzeak...–, ez duelako irabaztea bilatzen, askatasuna baizik, norberak nahi duen erara bizitzeko, edo bizitza kontatzeko, askatasuna. Baina hori ez dago boladan. Joaten naiz ikastetxeetara [Idazleak Ikastetxeetan kanpaina], eta lehenengo galdera egiten didatena: “Zu famosa zara?”. Horixe da lehenengo galdera! Non daude irakasleak galderak gidatzeko? Dena delako liburua pixka bat landuz gero, galdera hori ere etorriko da, baina bukaeran, ezta? Edo paper-mutur ziztrin bat hartu eta etortzen zaizkit ikasleak: “Sinadura, sinadura!”. “Ez, nik paperik ez dut egiten, nik liburuak egiten ditut”. Horrelaxe!

Bost ataletan banatu duzu liburua: “(H)abiaguneak: planak eta planoak. Oinordetzak: odolaren mintzoa, kumak eta eskolak. Bitarteak: nahiak, ahalak eta halabeharrak. Diasporak: lur berri baterako amuak. (H)ariguneak: (H)abia berrietarako lumak”. Zein asmori erantzuten dio bakoitzak?
Aurrena, liburuaren zimentuak daude, liburua goitik behera eta ezkerretik eskuinera zeharkatzen duten aldagaiak. Eta horiek dira andrazkoa izatea, euskaraz bizitzeko hautua egin izana, langile autonomoa izatea, zahartzaroaren umezarora heldu izana, espazio propioaren beharra... Zimentu horiek gogoan izanda ulertu behar dira liburuaren bost atalak. Eta atal horiek etxe baten eraikitze-prozesua biltzen dute, baina literaturgintzan ari naizenez, hitz-jokoen bidez agertu nahi izan dut atal bakoitzaren muina. Lehen atalean asmoak datoz, habiari eta abiatzeko guneari erreferentzia eginez, hitzen musika eta muina jokoan: planak eta planoak. Bigarrenean, lehendik dakarguna, oinordetza, ikasitakoa eta jasotakoa: odolaren mintzoa da familiaz edo transmisioz jasotakoa, kumak dira sehaskak, edo zaindu gaituztenengandik jasotakoa, eta eskolak, berriz, modu arautuan ikasi duguna esan nahi du.
...
Hirugarrenean, bitarteei edo prozesuei erreparatu nahi izan diet: nahiak dira asmoak, ahalak dira mugak, eta halabeharrak dira bizitzaren gorabeherak. Laugarren atalean datoz minen ondoko ajeak eta baita aje horien baitan gorde ohi diren aukerak, edo areago, modu berri batean aurrera egiteko aukerak; hortik “diaspora” hitza eta ondoko esaldia: “lur berri baterako amuak”. Azkenik, hasierako “habia” eta “abiatze” hitzak berreskuratu ditut, zirkulua ixteko, ziklo-aldaketa edo “berpizte” gisa.

Horiexek egituraren zioak, beraz. Arestian esan diguzu idatzi eta idatzi jardun duzula. Bazenekien hainbeste kontu sartuko zenituela liburuan? Horixe zenuen helburu?
Ez. Nik, idatzi ahala egin ohi ditut nire lanak. Sortzeko milaka era daude. Eskolan modu bat erakusten dute, baina ez da bakarra, sortzeko garaian ere ahal duenak ahal duena egiten du eta. Nik idatzi-idatzi-idatzi egiten dut eta, gero, formak topatzen hasten naiz, liburuaren egitura bilatzen. Kasu honetan, gainera, baimena eman nion neure buruari: “60 urte betetzera zoaz. Kito! Idatzi gogoak ematen dizuna, eta gogoak ematen dizun moduan!”. Baina errazagoa da esaten, egiten baino.

Irakurleak ikusi, edo ikusiko, duenez, askotariko testuak ditugu Etxe bat norberarena liburuan. Saiakera kutsua dute batzuek, narratiboagoak dira beste batzuk. Batean, poesia; bestean...
Motxean idazten ahalegindu nintzen, esaldi bakoitzak, eta hitz bakoitzak, bere esanahia izatea nahi nuen eta. Azkenerako, modu horretara idaztea erronka bihurtu zen, erronka eta jokoa. Goxoa zen motxean idaztea, eta bukaeran kolpea jotzea. Aforismoak tartekatzera ere jo nuen. Egia esan, narrazioa egiten hasi nintzen, baina ez zitzaidan modu hura gustatu. Eta Etxebarrian-eta, guk belarriz jaso dugu hizkuntza, eta halaxe idaztea gustatzen zait. Kontua da nahi hori nola bihurtu literatura.

Idazle zara, zeuk esango diguzu...
Ni, idazten hasi nintzen. Baneukan beharra ere, azkeneko bost urte honetan gauza asko pasatu dira eta: Covid-a, [Ukrainako] gerra, era guztietako materialak garestitzea... Besteak beste, etxea egiteko behar diren eraikuntza gaiak. Etxe hau ez zela bukatuko ere uste izan nuen! Eta etxearekin, nire ametsa! Covid garaian etxe barruan egon behar izan genuenean-eta, sekula etxea ez nuela izango pentsatzera ere heldu nintzen. Momentu horietan, idazteak hauspoa eman zidan, sortzeak egoera dramatikoa eramaten lagundu zidan, gauza asko “ahaztu” egiten zitzaizkidan. Bestalde, asteburuetan amagana joaten nintzen, zaintzera, eta ikusten nuen nola ari zen gastatzen eta gastatzen... Biharamunean, aldiz, eskola batera joan, eta ikusten nituen ikasleak, haien hizkuntza maila, eta haien sormena.

“Haien hizkuntza maila, eta haien sormena”. Kexu zara...
Asko apaldu da ikasleen sormena, euskara maila bera ere asko apaldu delako: toki askotan ez dago hizkuntzarekin jolas egiteko mailarik, girorik ere ez, eta irakasleen formaziorik ere ez. Ez da ikaslea hezten literaturara zaletzeko, liburuetara zaletzeko, ezta ondo irakurtzeko ere. Letrak bai, baina besterik ez. Apurtuta etortzen nintzen eskoletatik.

Oinarria hori dugula, zer ekarriko du geroak?
Sinesten dut pertsona solteak badirela, frikiak –hitzaren zentzu onean–, eta ezagutu ditut eskoletan. Masak ez du ez irakurriko, ez pentsatuko, ez iritzirik edukiko du. Ematen diotena grausk!, eta irentsiko du, esaten dioten moduan egingo du bizimodua, hiltzen den arte. Baina badago bestelako jendea, esan dudanez, jende frikia: ikasleak dira batzuk, irakasleak, aldiz, besteak. Gauza berriak egin nahi dituen jendea da. Kontua da inertzia dugula oraingo etsairik handiena. Bide berriak urratu nahi dituen jendearen aurrean, masa dago, bide berrien aurrean ezer egin nahi ez duena. Baina esan dizut, umeen artean ere ume bizi asko daude, solte dabiltza, bakarrik, edo bakarrik sentitzen direla.

Gauza asko ikusi dituzu “Idazleak Ikastetxeetan” kanpaina horren bidez...
Ikastetxean dena ikusten da, egiten dena, eta egiten ez dena, eta badakit umeei besterik eskainiz gero, gustura hartzen dutela. Ahozkotasuna-eta, ezta? Hortxe hasten da hizkuntzarekiko lilura, eta norberaren irudimena, irudiak sortzeko ahalmena, ez kanpotik datozen irudiak bereganatzekoa. Baina norberak sortu ahal izateko, lehenago norbaitek kontatu egin behar digu, ozen irakurri, musikarekin... Badakizu zenbat haur poesia eder daukagun? Eta hantxe egoten dira liburuok, irakurleren baten zain beti. Zertarako egiten ditut irakasle-tailerrak, bertan landutakoa gelan aplikatuko ez bada?

Ama aipatu duzu gorago, haren presentziak pisu handia du liburu honetan. Ama zaindu zenuen, zaintza ezker-eskuin aldarri bihurtu den honetan.
Gaur egun dena da merkatua, eta eslogana, eta morala eta etika bera ere eslogan bihurtzen ditugu. Zaintza da, berriz, besteri ematea. Eta ez da erraza. Askotan da ezintasuna. Nekatu egiten zara, ahitu, baina aurrera egin behar da, eta batzuetan ezin da... Eta horrelaxe idatzi nuen ospitaleko hori, takada batean. [“Korapilatuz doa asteburua ospitale beroan pertsianak itxita atea zabalik makinako kafea hartzen eta soinurik gabeko telebista aurrean”...] Ama hil baino hilabete lehenago izan zen, orduantxe hasi zen-eta ama zeharo bajatzen. Eta nik amari lagundu nahi, eta ezin! Eta berak ere aurrera egin nahi, eta ezin!

Eta, kinkan, zuk idatzi.
Bai, idatzi. Eta idatzi ahala, irakurri. Eta berridatzi, eta berrirakurri, eta ariketa horretan ari nintzela, liburua forma hartzen hasi zen. Baina liburuak asko du berrirakurri eta berridaztetik. Ama jostuna nuen, eta nire lehen liburua ere Jostorratza eta haria (Alberdania, 2001) izan zen.

Egia! Irun Hiria irabazi zenuen! Ahaztuta ere bageunden!
Hura [Jostorratza eta haria] egin nuen alaba jaio eta aita hil zitzaigun urtean, eta oraingo hau, berriz, ama hil denean eta loben umeak jaiotzen hasi direnean... Zelan diren gauzak!... Idazteari dagokionez, hor bada gauza bat amak txikitan esaten zidana, josteari buruz: “Jostekoak berak esango dizu nondik jo!”. Eta nik ere uste dut sortzen ari garenean testuari gorputza hartzen utzi behar diogula, eta horrek arreta eskatzen du: zaintzeko modu bat da, alegia, eta horri emana egon behar duzu. Prozesu horretan, egitura logiko bat atera zitzaidan, edo egin nuen. Sortzaile baino gehiago, eraikitzaile naiz eta: piezak egiten ditut, eta piezaka-piezaka etxea egiten dut.

Liburu hau ere halaxe egin duzula esaten ari zara?
Bai, zatika-zatika. Adibidez, bukaeran testu bat sartzea erabaki nuen [“Diasporak: lur berri baterako amuak”], orduko aldartea esplikatzeko. Batzuek esaten dute min handi bat dagoen bitartean ezin izaten dela idatzi, baina nik esango nuke mina, poza, ezina, purrustada, dioska... denak ibili ditudala liburu hau idatzi bitartean, eta on egin didala, gainera. Aitortu ere egiten dut: sortzeak salbatzen gaitu. Uste dut denok sortu edo eraiki beharko genukeela bizi garen artean. Horixe izango litzateke lehen ikasgaia, sortzea, sortzeak “irakurtzera” behartzen gaitu-eta, inguruko mundua “irakurtzera” eta, horretarako, geure buruari eta inguruari arreta emanda bizitzea.

Hauxe ote duzu oraindaino arteko zeure libururik pertsonalena?
Egiten dudan guztia da pertsonala...

Kar, kar...
...Baina, beharbada, bai. Literatura beti da oso pertsonala, intimitatez josi behar da. Andre idazlea, euskalduna, autonomoa, adin jakin batekoa...

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria, alegia!
Beste batzuek beren burua ikusi dute liburuan, edo bertako zati batzuetan, behintzat. Ni naiz, baina badira nire moduko emakumeak. Mari Luz Estebanek Andrezaharraren manifestua idatzi zuen, Arantxa Urretabizkaiak, berriz, Azken etxea... Hortxe da errebeldia puntua, eta errebeldia ez da erraza. Errebelde izatea ez da purrustada bat egitea, ez. Da iritzi kritikoa izatea, pertsonala, bestelako ikusmolde bat izatea, bestelako ahots bat, bestelako bide bat.

Zeure burua mozorrotu gabe jardun duzu...
Ez nuen nire burua mozorrotzeko gogorik. Esan nahi nuena esan nahi nuen, ahalik eta dotoreen, gordin –baina testu hau ez dago gordin, oso ondo egosita baizik!–, baina gordin irakurtzeko moduan! “Oso erraz irakurtzen da!”, esan izan didate, eta nik: “Baina gero berriro irakurri behar da!”. Horrelaxe nahi nuen. Denbora guztian oso presente izan ditut emakumetasuna, euskal kultura, adina, autonomoa, eta garai gezurti hau, ze hau gezurra da, eta denok dena irentsiz bizi gara. Dena. Eta norbaitek ezer ezberdina esaten badu, ez mugitzeko esaten diote.

Etxe bat norberarena, garaipen bat ere bada, ezta? Lorpena, alegia. Zer esango ote luke Virginia Wolfek?
Virginia Wolfek esaten zuena baino pauso bat gehiago egin dugu, ezta? Zer esango lukeen? Pozik etorriko litzateke. Eta nik, berriz, barrea eragingo nioke.

Uxue Alberdiri eta Jorge Gimenezi esker onez ari zara liburuaren atariko...
Euskal andrazko idazle gazteago baten iritzia jakin nahi nuen eta halaxe jo nuen Uxue Alberdirengana. Uxuek gonbitari baietz esateaz gain, zapatu bakarrean irakurri zuen liburua, bi eserialditan. Mezuak eta audioak bidali zizkidan, irakurri ahala. Giltzarria izan zen zapatu hura, eta ez dut inoiz ahaztuko. Jorgeri dagokionez, berriz, iaz hil zen...

Askoren gogoan irauten du Alberdaniako editore adiskideak...
Halaxe da... Liburu hau dela-eta, iaz bertan jarri nintzen Jorgerekin harremanetan. Hots egin nion, eta esan nion aurrez aurre hitz egin nahi nuela berarekin –testuaz, alegia–, ez nuela nahi telefonorik ez e-postarik. “Etorri!”, esan zidan, eta joan nintzaion. Joan den udazkenean izan zen, gaixorik ikusi nuen, baina oso ondo hartu ninduen, eta liburua argitaratuko zuela esan zidan: “Gainera, beti ibili dut buruan zure Jostorratza eta haria berrargitaratzeko asmoa, baina hau ere aterako dugu”. Aritz Galarragak egin zituen editore lanak, eta Bartzelonan bizi denez, Durangoko Azokara etorri zenean harrapatu nuen, eta adostu genituen izenburua, eta azala.

Ume batek egina, inondik ere.
Bai. Peru Galbeterekin ikusentzunezkoa egin nuenean, esan dizut Etxe bat jarri geniola izena. Kartel bat ere egin behar genuen emanaldia iragartzeko, eta Peruk: “Esan zeure ilobaren bati etxe baten marrazkia egiteko”. Eta iloba batek egin zuen, ilusioz. Ez aldizkarietako etxe bat, ez perfektua, baina dena daukana. Horixe zen nik nahi nuena, Etxe bat norberarena... Eta orain gustura, jendea etortzen zait liburuaz galdetzera, edo hitz egitera, eta jakin dut 50-60 urteko emakumeak nire liburu hau elkarri oparitzen hasita daudela...

 

Miel A Elustondo - zaldi ero
“Emakumea izan arren, sortzeari emana bizi nahi izatea ez da bekatua. Eta egin daiteke”
Entresaka
“Idazteak ez du irabaztea bilatzen, askatasuna baizik, norberak nahi duen erara bizitzeko, edo bizitza kontatzeko, askatasuna”
Entresaka
“Sortzaile baino gehiago, eraikitzaile naiz: piezak egiten ditut, eta piezaka-piezaka etxea egiten dut”
Entresaka