Elkarrizketa :: Miel A Elustondo – zaldi ero 2023/10/25
Pau Vadell

“Poesiak oraina esplikatzeko balio du, eta, ahal bada, etorkizuna esplikatzeko ere bai”

Urrian egonaldia egin zuen Pau Vadell Vallbona (Calonge, Santanyi, 1984) idazleak Pasaia Donibaneko Hugoenea idazle-etxean. Historian lizentziatua eta Literatura Katalanetan Masterra da, eta poeta, editore eta kultur kudeatzaile. Idazle gazteen Pèl Capell kolektiboaren sorreran parte hartu zuen 2008an, Adia Argitaletxea sortu zuen duela hamar urte. 2017an, Jocs Florals de Barcelona Poesia Saria irabazi zuen Esquenes vinclades (Bizkar elkartuak) lanarekin. Poeta baita, poesia liburu bat hartuta joan gintzaizkion: Hilda dago poesia? ¿La poesía está muerta? (Pamiela, 2016) Joseba Sarrionandia egile.

[Liburua ikusi orduko hasi da hizketan]

Bitxi da, bitxi! Kataluniako Idazleen Elkarteko lehendakariorde nintzela, Josebaren [Sarrionandia] liburu horrexek jaso zuen itzulpen onenaren saria.

Irakurri dizudan poesia, Sarrionandiarena ez bezalakoa da, adibidez.

Nire poesia askoz hermetikoagoa da. Josebarena [Sarrionandia] askoz zuzenagoa da, eta askoz komunikatiboagoa. Gauza asko esaten ditu, eta irakurleak aise ulertzen du esan nahi duena. Nire kasuan, saiatzen naiz irakurleak ni ez ulertzen. Kar, kar... Uste dut oso kriptikoa naizela. Nire ustez, poesia gauza guztiak laburtzeko modua da. Poema batean, nobela bateko esperientzia guztiak sartu behar zaizkizu. Asko kondentsatu beharra dago. Gauza asko esan behar dituzu, espazio tarte txikian. Alegia, horixe da nik poesiaz dudan ideia. Beste batzuek nobela bat egiten dute, handik eta hemendik mozten dute, eta poemategia egin dutela esaten dizute! Hala ere, poesia eta nobela, bi prozesu zeharo diferente direla uste dut.

Gure artean zaitugu, poemategi bat burutzea helburu: Si escates un salvatge. Burutzea, edo burutzeko bidean jartzea, bederen.

Bai. Hamaika arlotan ari naiz beti lanean, eta inoiz ez dut gogoetatzeko tarterik. Eta halaxe etorri naiz, idaztera ez, baina gogoetatzera. Katalanez badugu hitz bat, vaga, eta esan nahi du ezer ez egitea, pentsatzea besterik. Poesia dut lanbide: poesia-zentro bat koordinatzen dut, argitaletxe bat ere badut eta, besteren poesia egiten ematen dut eguna, besteren poesia komunikatzen, sustatzen, maketatzen... neure buruari tarterik eskaintzeko astirik gabe. Eta Hugoenean hamar eguneko egonaldia egiteko aukera bazela jakinik –hamar egun besteren poesiarik gabe, ni neu bakarrik–, etorri egin nintzen, gogoetatzera, pentsatzera, baina produktibo izateko beharrik gabe.

Idazteko obligaziorik ere gabe...

Baina zerbait idatzi dut, hala ere. Nire idazteko prozesua halakoxea da: beharbada, hilabeteak egingo ditut ezer idatzi gabe eta, gero, halako batean, dena okada batean botako dut. Halaxe egin izan dut orain arte, eta emaitza onak izan ditut. Eta Pasaiara [Donibane] etorri, eta ikusirik hainbeste turista zebilela kalean, etxean sartzea erabaki nuen. Hala ere, hemendik Donostiarainoko mendi-ibilaldi hori ere egin dut. Idazteari dagokionez ez naiz zeharo produktibo izan, baina poesiari emana egoteari dagokionez, bai: nahi beste gogoeta egin dut, eta idatzi ere egin dut zer edo zer. Ez dut liburua amaitu, zeren liburu bat ez baita inoiz amaitzen, baina aurreratu dut.

“Liburua ez da inoiz amaitzen”.

Ez. Kendu egiten dizute eskuetatik. Lana entregatzera behartzen zaituzte, eta bertan uzten duzu liburua, abandonatu egiten duzu. A zer topikoa, ezta!? Kar, kar... Baina egia da, entregatu ezean, aldaketak egiten jardungo genuke, etengabe. Oraingo proiektu honek [Si escates un salvatge (Piztia bati ezkatak kenduz gero)], Kataluniako Letren Institutuen beka jaso zuen, eta liburua amaitzera beharturik nago. Bestela, ez nuke inoiz burutuko, ez nuke burutzeko denborarik izango, beti besteren poemetan lanean.

Hamar egunean ezin liburua burutu.

Ez, ez dago modurik, eta banekien hamar egunean ez nuela amaituko, baina lanak eta aktibismoak ez didate uzten egun libre gehiago hartzen, eta halaxe. Hala ere, aurreratu dut: aspaldi ez nuen hamar eguneko tarte hau bezalakorik.

Aktibismoa aipatu duzu, eta horixe irakurri dut: idazle zara, editore, aktibista, Santanyiko (Mallorca) poesia zentroa koordinatzen duzu...

Bai. Poesiaren Etxean hirurak arte jarduten dugu lanean, baina asteburuan ez da atsedenik: errezitaldiak, kontzertuak, poesia jaialdiak... Eta, hortaz, gainerako lanak gauez egin behar izaten ditut. Argitaletxeko lanak, oroz gain, neuk egin baititut lan guztiak, testuak zuzentzea eta inprimatzea ez beste guztia. Gautxoria naiz. Gau eta egun, poesia da nire bizitzaren ardatza. Ezin deskonektatu.

Nola sortu zen gogo hori?

Txikitandik. Nik uste, hamar urte nituela eskolako sari guztiak irabazten hasi nintzen, eta berdin institutu garaian ere. Izan poesia, izan narratiba, niretzat denak. Eta kontua da gure etxean ez zela liburu askorik, gurean ez ziren idazle, ez irakasle. Colangekoa naiz, Santanyi bera baino herri txikiagoa, eta irudimena landu behar izan nuen, han nire adinekorik batere ez zelako. Gero, institutuan, lagun bat izan nuen Blai Bonet [poeta eta eleberrigilea, Santanyi, 1926 – 1997] idazle ezagunaren iloba: “Tori, zuretzat, gure osabaren lan postumoa!”, eta liburua erregalatu zidan. Hurrena, Bartzelonara unibertsitatera estudiatzera joan, eta Mallorcako zenbait ikaslerekin bildu nintzen, ghetto moduko bat osatzen baitugu mallorcarrak. Eta, horrela, aldizkari bat egiten hasi ginen.

Unibertsitatera Bartzelonara. Hemezortzi urte izango zenituen...

Bai. Historia ikasketak egiten hasi nintzen, hizkuntza ez gorrotatzeko. Zerbait ikasi behar nuen, ogibide bat izateko, zeren hizkuntza jolaserako nahi nuen, atseginerako. Banuen kezka, filologia ikasiz gero –greziera, latina...–, hizkuntza gorrotatuko ote nuen. Filologiak ez du ikustekorik idazten jakitearekin, batere ikustekorik ez. Filologiak ez dizu irudimenik ematen, ez zorroztasunik ere.

Poesia dugu zure hautua.

Bai, besterik idazteko denborarik ere ez dut. Hainbat poema liburu idatzi ditut, eta saiatu naiz beti ildo nagusi bat bilatzen, poemategiaren egitura behar bezala osatzen. Eta poema laburrak dira gutiz gehienak, oraingo irakurleak ere ez baitu testu luzerik irakurtzeko pazientziarik, ez patxadarik, ez arretarik: oso motza da dena, laburra, txioak, lerroburuak... Eta ez dakit nola moldatuko diren hezkuntzan, gure garunak ikaragarri aldatu baitira, ezin ezer trankil egin. Benetako munstroak sortzen ari gara. Ez dakit ezer idatziko duten ere.

Idatzi baino lehen, irakurriko dute?

Harrigarria da, inoiz baino liburu gehiago saltzen dira, baina jendeak ez du irakurtzen. Ez dakit zer egiten duten liburuak hartuta: adreilu modura hartu, eta etxeak intsonorizatu? Liburu asko egiten dira, idazleak ere inoiz baino gehiago dira. Argitaletxearen web atarian jarria dut, ez original gehiago bidaltzeko, nahi eta behar baino gehiago jasotzen baititut: urtean, 200 baino gehiago, ez dudala gehiago jaso nahi adierazita ere! Eta ez pentsatu liburu baten 200 ale saltzerik! Idazle asko, eta irakurle gutxi, idazle askok ez baitute irakurtzen. Eta ez dakit nola moldatzen diren. Eta, perbertsioaren akaboa --katalanezko literaturan–, da urteko fakturazioaren %60 egun bateko salmentatik datorrela, Sant Jordin. Eta jende lamada liburuak erosi eta erosi. Eta haien %10 ere ez dela irakurtzen esango nuke. Baina liburua erregalatu behar, eta hortxe jendea, ero moduan.

Ez zaizu hori interesatzen.

Ez. Ez hori, ez liburu elektronikoa ere. Niri, autorearekin lan egitea gustatzen zait, liburua egiteko prozesua: papera aukeratu, koadernatzea, zabaltzea... Poesia elektronikoki irakurtzen hasten diren egunean, uste dut ez zaidala interesatuko.

Zergatik ez da irakurtzen oraingo egunean? Inoizko bitartekorik behinenak ditugu eskura.

Baina jendea bere baitan barreiaturik bizi da. Lehen, erreferentziak baziren: Carles Riba [Bartzelona, 1893 – 1959], eman dezagun. 300 aleko tiradak egiten zituen. Orain, berriz, milaka autore dituzu, halakoxe tiradak eginez. Saldu, berriz, Ribaren garaian bezainbeste saltzen dira. Ez dakit, bada. Irakurtzen da, baina askoz ere desordenatuago: jendeak informazio gehiegi du, lerroburu gehiegi buruan, eta informazio anabasa horrek irakurtzeko plazera galarazten diola uste dut. Ezin liburu bat irakurtzera jarri! Ni neu, garai batean, liburu bat irakurtzen hasi, eta ez nuen besterik. Orain, aldiz, hasten naiz bat irakurtzen, bestera jotzen dut, emanaldi baten entsegua egiten... Barreiaturik bizi gara, barreiaturik irakurtzen dugu.

Poesía hilik dago, liburuaren azalak dakarrenez?

Ezta pentsatu ere, dena baita poesia. Baina kontrakoa esan digute. Esate baterako, baten batek idatziko zizkion, bada, letrak Shakirari? Kantua poesia da, baina besterik balitz bezala saldu digute. Poesia inoizko biziena dago, aldatzen ari da, eboluzionatzen. Zeuek zarete adibide, zeuen bertsolariak dira poesiaren garrantziaren etsenplu.

“Ez zait poesia gustatzen”.

Ez dakizu zer den, eta ez dakizunez, ez zaizu gustatzen. Esan zenezakeen ez duzula poesia irakurtzeko ohiturarik, ez dagoela zure kultur menuan, baina ezin esan zenezake ez zaizula poesia gustatzen. Denok torturatu gaituzte poesiaren bidez eskolan. Denok izan dugu poesia gaizki azaldu digun irakaslea. Poesia ez dago behartzerik, nork bere erara bereganatu behar du. Nik uste jende askok poesia gorroto duela, eskolan oker esplikatu izan dutelako beti. Gogoratzen naiz, guri, batxilergoan, Katalan literatura esplikatzen hasten zitzaizkigunean, hasieratik hasten zirela, XIII. mendeko Ramon Llul hartuta. Eta nola gustatu behar zaio hamalau urteko neska-mutil gaztetxoari Erdi Aroko katalanez idatzitako poesiarik? Ezinezkoa.

Herrialde kultutzat dugu Katalunia...

Katalunia penintsularra, beharbada. Gehiago irakurri dute, eta espainiar estatuko liburugintzarik indartsuena ere hantxe dute. Mallorcan ez da horrelakorik. Iragan mendeko 60ko hamarkadako turismoak kalte handia egin zuen Balearretan: lana erraz, eta gazteek ikasteari utzi ohi zioten, eta ostalaritzan hasi ziren. Hor eten bat gertatu zen, eta egoera ez da irauli. Eta, hala ere, azkeneko literatur sariei begiratu, eta gehienak Mallorcako idazleek irabazi dituzte.

Azalpenik bai?

Duela urte batzuk, Katalunia penintsularrean “katalan erraza” ezarri zuten: gaztelaniaren antz handieneko hitzak erabiltzea zen gakoa, katalana errazago ulertzeko. Era guztietako hedabideetan ezarri zen katalan erraz hori, eta uste dut horrek hizkuntzaren aberastasuna kaltetu duela, pobretu. Nik, berriz, munduaren ipurtzuloan dagoen mila laguneko herrian egunero erabiltzen ditudan hitzak ekartzen ditut idatzietara –lexikoa eta sintaxia–, eta jendeari aberastasun horixe gustatzen zaio, nonbait. Gutxiago irakurtzen didate Katalunian, nire lexikoa ez dutelako ulertzen, baina, bestalde, gehiago preziatzen dute, harritu egiten dira. Nik, berriz, ez dut aparteko lanik hartzen, nire eguneroko hitzak dira. Baina, jakina, haiek galdu egin dituzte.

Sari mordoxka irabazia zara, luzea duzu zerrenda, baina 2017ko Lore Jokoetakoa dateke inportanteena.

Bai, XIV. mendeaz gero ematen den saria da, eta nire izenari aipu eta sona handiak eman zizkion. Baina horrexegatik egin genuen unibertsitate garaiko aldizkaria, inork ez gintuelako aintzakotzat hartzen. Eta poeta gazteen antologia bat osatu genuen, Pedra Foguera [Herrialde Katalanetako Poesia Gaztearen Antologia, 2008]. Bestela bezala, idazle guztioen e-posta helbideak ezarri genituen liburuaren atzeko aldean, eta jendeak katalogotzat erabili zuen publikazio hura, eta harrezkero zerrenda huraxe baliatu zuten batzuek eta besteek idazle gazteok jaialdietan kontratatzeko. Gauza puztu egin zen, eta idazle gazteoi hoska hasi zitzaizkigun batetik eta bestetik. Eta sariak irabazi genituen bata bestearen atzetik. Hogeitsu urte nituela, sariren bat edo beste irabazi, eta, urte batean, hiru liburu publikatu zizkidaten!

Nola hartu zintuzteten belaunaldi zaharragoko idazleek?

Esan dizut ez gintuztelako aintzakotzat hartzen bildu ginela, hargatik egin genuela antologia. Guk, garai hartan, 70eko eta 80ko hamarkadetako idazleak aldarrikatzen genituen. Haien atzetik etorri zirenek, justu gure aurrekoek, instituziotako postu guztiak bereganatu zituzten: tapoia egin zuten. Hargatik egin genuen antologia, edo osatu genuen argitaletxea, ez zigutelako batere kasurik egiten. Gu, orain, idazle gazteei laguntzen saiatzen gara, baina ez da beti erraza, ego handiarekin baitatoz. Hala ere, tapoirik ez egiten saiatzen gara.

Dena den, hogeitsu urte zenituela, hiru liburu ere publikatu zizkizuten urte berean. Esaten dute autore bat beraren lanek ere denbora behar dutela batak besteari oztopo ez egiteko.

Baina halaxe jokatu zuten urte hartan. Horrekin batera, garai berean, argitaletxe handienak, korporazioak, literatura argitaratzeari utzi zioten, eta papera egiten hasi ziren. Ordu arte, best seller-en diruarekin poesia argitaratzen jardun zuten –etxeari prestigioa ematen baitzion–, baina poesia bildumak bertan behera utzi eta, besterik gabe, dirua egiteari lotu zitzaizkion. Horrek zera ekarri zuen, hainbat argitaletxe independente sortzea. Eta korporazio handiek bazter utzitako literatura bereganatu, eta argitaratzen hasi ziren. Eta orain argitaletxe handiak dira, beren merkatu-hobia aurkitu dutelako: hortxe Males herbes etxea, narratiba fantastikoa lantzen duena, edo laBreu, poesia argitaratzeko erreferentziazko argitaletxea Bartzelonan. Duela dozena urteko apustuak dira.

Gure kasuan, literaturaren ezaugarri berezienetakoa da feminizazioa: emakumearen presentzia normaltzen ari da letretan. Zertan da egoera hori katalanaren eremuan?

Idazle on asko daude. Emakume idazle onak, esan nahi dut. Haien presentziak, idazle gaztearen presentziak, oro har, asko du literaturaren marketingetik. Nahikoa da argitaletxe independente batek ahots berri on samar bat publikatzea, argitaletxe handia atzetik etorri, taloitegia erakutsi, eta bereganatzeko. Argitaletxe handi guztiek ezinbestekoa dute halako idazle bat izatea beren katalogoan: gaztea, ederra, hogeita hamar urtetik beherakoa, arin samar idazten duena... Nahikoa dute bat, ez gehiago. Batzuetan, nesken kasuan, feminismoz janzten dute, baina nik alderantziz dela esango nuke, matxismoaren erakusgarri da, emakumearen irudiaz baliatzen dira, erabilera hutsa egiten dute, ez besterik. Ez dakit, neska banintz, halakorik onartuko nukeen.

Hitz erdi bat besterik ez bada ere, zure AdiA argitaletxearen gainean.

Hamar urte bete ditugu. Inork ez zigunez kasu egiten, argitaletxe horixe asmatu behar izan genuen gauza onak argitaratu ahal izateko. Zortzi urte bizi izan nintzen Bartzelonan, hau eta hura ikasten, eta ez nekien besterik zer egin. 2013. urtea etorri zen, krisia berriz ere, eta ez bainekien zer egin eta nondik jo, Mallorcara joan nintzen udan, gogoetatzera, berriz Bartzelonara itzultzeko asmotan. Baina bertan gelditu nintzen, Mallorcan. Argitaletxe proiektua egin nuen, bi lagunen poesia liburuak publikatu nituen, eta horretan ere ari naiz harrezkero.

Gerra hotsa da bazterretan, eta adiskide batekin hizketan zu elkarrizketatzera etorri baino lehen, Mahmud Darwishi egindako galdera baten berri eman zidan: “Posible al da poesia idaztea gerra garaietan?”.

Beti ari gara gerran. Poesiak, berriz, oraina esplikatzeko balio du, eta, ahal bada, etorkizuna esplikatzeko ere bai. Gerra garaian, ahots inportantea izan dezake poetak, gatazka beste inori ikusarazteko bidea izan liteke haren poesia. Gerra denean, orduan eta aldarri gehiago egiten dira, eta, askotan, idazleen bertsoen forma hartzen dute aldarriek.

Ziurgabetasun garaia

Haragia hezurretik urratu didazu

miazteko zatirik ez geratzeraino.


Zure arkumearen magnitudeak

jada ez dira noizbait

asebete gintuen jakia.


Orain haragi koipetsua eta

ustela gara, amorru zornatua

harategian xehatutako

ezpalekoa.


Esklusa-ile adobatuak gara

eta supermerkatuko

zaborra.


Maitasuna gara betiko.

 

 

Miel A Elustondo – zaldi ero
Pau Vadell
“Poema batean, nobela bateko esperientzia guztiak sartu behar zaizkizu”
Entresaka
“Gau eta egun, poesia da nire bizitzaren ardatza”
Entresaka
“Zeuen bertsolariak dira poesiaren garrantziaren etsenplu”
Entresaka