“Patxada eta gelditzeko abagunea eman dizkit Hugoeneak”
Zeren bila heldu zara Hugoenera?
Parentesi moduko bat nahi nuen. Mila saltsatan ibiltzen naiz, gauza publiko edo jendaurrekoak dira horietarik asko.Horietarako balio izan dit atalka edo txatalka jarduteak, baina oraingoan eskuartean dudana sakonagoa edo behintzat luzeagoa izanik, gelditu beharra sumatzen nuen, agenda ahal bezainbeste hustu eta horretara jarri behar nuela. Hugoeneko egonaldia aukera ona iruditzen zitzaidan, batez ere, orain arte egindakoa berrikusteko eta kokatzeko.
Nola jakin zenuen Hugoeneko berri?
Sareen bidez, oker ez banago. Entzunda baneukan, bakarren batek komentatuta-edo. EIEren webgunean begiratu nuen gero eta hor agertu zitzaidan aukera.
Zer transmititzen dizute etxeak, herriak, hemen ikusten duzun jendeak? Zein sentsazio duzu?
Iritsi nintzenean toki idilikoa iruditu zitzaidan, inspirazioa berez etorri zitekeela hemen. Lagundu egin dit, batez ere parentesi hori hartzen. Bestalde, nobela izango den honetan sortu nahi dudan paisaia edo eszenatokia itsasoa da. Beraz, iruditzen zitzaidan bat egin zezakeela eta bidea emango zidala honek, itsasotik hain gertu egonik. Patxada eta gelditzeko abagunea eman dizkit batez ere.
Beraz, egonaldiak izango du islarik zure nobelan.
Bai. Eta horren bila etorri nintzen, webgunean deskubritu nuenean aproposa iruditu zitzaidan. Gainera, itsasoaz gainera, uda giroa ere badugu hemen, eta kutsu hori aproposa zait.
Arrantzale mundua ezagutzen zenuen?
Itsasoa du pasaia, baina ez da bereziki arrantzale munduan gertatzen. Protagonistak itsasoa bilatzen du. Momentuz hori besterik ezin dut esan.
Bertsolari gisa hasi zinen, eta orain hizkuntzari lotuta dauden jardun gehienak probatu dituzu. Esplika iezaguzu zer ematen dizun bakoitzak.
Bertsoa ikaragarri gustatzen zait eta asko eman dit, baina iruditzen zait hizkuntza maite nuelako hasi nintzela bertso eskolan, hitzekin jolas egitea gustatzen zitzaidalako, eta horrekin gozatu egiten nuelako. Oraindik ere, adin batera arte behintzat, eskolaz kanpoko jardunen artean aukera bakarrenetako bat dela esango nuke. Lehen besterik ez zegoen. Literatura edo poesia eskolarik eduki izan banu eskura, joango nintzatekeen. Bertsotik hasi eta beste hainbat ate irekitzen joan naiz. Hala suertatu zelako ekin nion hortik, eta egia da asko eman didala bertsolaritzak, baina erdi kasualitatez.
Lehen bezala orain ere, sormena lantzeko edo hasteko bide gehiago beharko genituzke gaztetxo nerabe euskaldunentzat. Gero badira literaturari lotutako gauzak eta egitasmoak, baina apur bat geroago dira horiek. Bertso eskolak, berriz, nahiko sustraituta daude eta ez da kasualitatea beste sormen esparruetan gabiltzan asko hortik pasatu izana.
“Idaztea motelegi joatea da” esan zuen nerabe batek, Hegats aldizkarian.
Bertsolaritzan kosta egin zait ahalduntzea, hau da, “bai, bertsolaria naiz” esatea. Lehen “bertsotan ibiltzen naiz” esaten nuen. Idazle etiketarekin are gehiago kostatzen zait. Gero, jabetzen naiz nire egunerokotasunean oso presente dagoela idaztea, ia egunero idazten baitut. Baina sozialki badu aura bat edo pisu bat, ez dakit, astun samarra.
Nolanahi dela, bertsolari eta idazle, oso gustuko ditut biak. Bat-batekoa eta idatzizkoa, pentsatzeko eta sortzeko hain modu ezberdinak direnez, elkarren osagarri dira, elkar elikatzen dute. Idazketarekin lantzen dudanak gero bertsotarako ere balio dit. Eta bertsotan, adi nabilenean, alerta sentsazio horrek ere balio dit gero idazteko. Egia da bakoitzak bere erritmoa duela, baina hain zuzen horregatik gustatzen zaizkit biak.
Niretzat sormena ez dago diziplina hertsietara lotuta, batetik besterako saltoak egin eta elkar osatzea gustatzen zait. Sortzaile naizen neurrian, aberasgarri iruditzen zait jardun bakarrera ez mugatzea eta mugak lausotzea, ez jakitea non hasten den bertsoa, non idatzia…
Bestela ere, jardun guztiak ari dira lausotzen eta uztartzen.
Aldi berean kezka sortzen dit, mila saltsatan ari garelako momentu honetan, batez ere emakume bertsolari gazteak. Lehen izan zen epe bat, non bertsolaria bertsolari zen eta kito. Beharbada beste lan txiki batzuk ere egingo zituen horrez gain, baina bere esparrua bertsolaritza zen. Gaur egun, errezeloa dut ez dela nahikoa bertsolaria izatea; bertsolari izateko beste sormen alor batzuk ere landu behar dituzula. Nire kasuan ona iruditzen zait, neronek bilatutako zerbait delako eta gustuko dudalako, baina kezkatzen nau, egon beharko lukeelako aukerarik horretarako ere: bertsolari eta kito.
Lan egin beharrak izango du zerikusirik.
Bai, jakina. Eta merkatuarekin ere badu zerikusirik. Orain askoz ere bertsolari gehiago dago lehen baino. Azkenean, plaza guztia berregituratu da. Bertso eskolan hasten den batek eduki ditzakeen erreferenteak, bertsotan ez ezik beste hamaika tokitan ere ikusiko ditu.
Zer nolako panorama ikusten duzu literaturan, idazkuntzan?
Euskal literaturan oso proposamen interesgarriak ikusten ditut. Asebetetzen nautenak eta bilatzen ditudanak emakumezkoak dira, beharbada ni ere emakumea naizelako. Azken urteetan gazteek egindakoak ditut gogokoen. Adibidez, Itziar Ugarteren poema liburua, baita Maddi Ane Txoperenaren lanak ere. Badira idazleak benetan miretsi ditudanak, baina nire belaunaldi inguruko idazleak irakurriz, gaiak edota paisaiak hurbilagoak egin zaizkit. Nitaz ere ari zirela iruditu zait.
Zer perspektiba duzu, nola ikusten duzu zure burua hor?
Bere momentuan, eta batez ere Txakur Gorriari esker, oro har sormenetik bizitzeko hautua egin genuen. Presio handia izan dugu. Ahalik eta ate gehien ireki eta zabalik mantendu nahi izan ditugu, batek huts eginez gero beste bati heldu ahal izateko batez ere. Beste fase batera iristen ari naiz orain. Benetan gustatzen zaidan horretara etortzen ari naizela ikusten dut.
Sormenetik bizi naiz, langile autonomoa naiz eta horrela jarraitu nahiko nuke. Hauxe da nahi dudana. Bide honetatik, ahalik eta gustuen eta ahalik eta duinen bizitzen saiatuko naiz. Benetan gozatzen dut hainbat esparrutan arituz. Beti ditut hamaika proiektu buruan, eta gehienetan denbora falta zaidala iruditzen zait.