“Pasai Donibanen egositako materiala landu eta gero, noizbait, liburua etorriko da”
Xavier Queipo du idazle izena, nahiz Francisco Xavier Vazquez Alvarez (Santiago de Compostela, 1957) den egiaz. Biologia eta Medikuntza eta Zirujia ikasketak eginak ditu. 1989az gero Bruselan lan egin zuen –Europako Arrantza Zuzendaritza Nagusian beti–, iaz erretretan sartu zen arte. Ártico e outros mares (Artikoa eta beste itsaso batzuk) izan zuen lehen lana, 1990ean, eta bide zinez handia egin du handik hona. Literatura genero guztiak landu ditu: narrazioa, poesia, haur eta gazte literatura, saiakera, itzulpenak, performantzeak… eta nahi beste sari ere jasoa da, eta, zerrenda handian, hortxe dira nabarmen Xerais eta Blanco Amor sariak. Hamaika aldizkaritan kolaboratu du, eta, oraingo egunean, galegoz argitaratzen den Nós Diario egunkarian idazten du astero. Bateko eta besteko idazle elkarte eta kontseiluetako kide da, Galizian, Bruselan eta Flandrian.
Pasai Donibaneko EIEren Idazlearen Etxean izan zen urrian hamabost egunez, eta egonaldia burutu bezperan hartu gintuen hantxe berean.
Xavier Queipo, idazle-izena…
Aitak esan zidan: “Idaztekotan, ez erabili familiaren izenik, faborez”. Kontua da vazqueztarrek janari denda handi bat zeukatela Santiagon. Ezagunak ziren, eta gure aitak ez zuen bere burua ikusi nahi semearen saltsetan sartuta, zeren seme hura –ni, alegia–, ezkerrekoa baitzen, eta, are gehiago, gay zen. Begiratu hor! [Atzealdera jiratu dut burua, Xavier Queipo lurrera ari baitzait seinalatzen] Ikusten ostadarraren isla?… Koloretako marra horiek ez dute hutsik egiten, gay-ak seinalatzen ari dira beti, zuzenean. Identifikaturik gaude!… Hortaz, aitak esanari kasu egin eta, etxeko izena gabe, Queipo hobetsi nuen, eskolako lagunek jarritako ezizena baitzen.
Zure deitura aditu eta Queipo de Llano etorri zitzaidan gogora… Espainiako armadako militarra, 1936 matxinatua, terrorezko erregimena ezarritakoa Sevillan, Malagan eta bestetan...
Baina queipo-k hainbat esanahi ditu galegoz. Besteak beste, morroi bat pentsatia, isila, “filosofoa” izendatzeko erabiltzen da. Borroka politikoan sartuta ibili nintzenean ere horixe ibili nuen gerra-izena: Queipo. Eta zer pentsatu behar zuen –zein polizia faxistak, alegia–, militante batek Francoren aldera matxinatutako jeneral baten izena izan behar zuela! “Ez naute erraz inon kokatuko”, pentsatu nuen. Erro hark ez zuen errodura errazik!
Gazte izateari utzirik hasi zinen idazten, 1990ekoa duzu lehen lana...
Batetik, ordurako, hainbat liburu irakurrita nengoen. Bestetik, bizi-esperientziak metatuak nituen! Lehen liburua, Ártico..., hala ere, ez da batere autobiografikoa, narrazio bilduma bat duzu. Irakurketak eginak nituen, espedizio liburuak gustatzen zitzaizkidan, eta, halaxe, zenbait testu idatzi, eta adiskide bati bidali nizkion. Suso de Tororen anaiari, hain zuzen. Xelis de Torori. Zoria zer den, Xelis argitaletxe bat sortzeko lanetan ari zen garai hartan, beste adiskide batekin batera. Argitaletxearen lehen bi liburuak nirea eta berea izan ziren! Merezimendu handia bildu nuen, horrati! Kar, kar…
1990eko abendukoa Ártico e outros mares, Espainiako Kritikaren saria ondoko urteko apirilean.
Neuri eman zidaten saria, bai, baina bistan da, ez nindutelako ezagutzen! Barneko azaleko argazkian neu agertzen naiz, baina Artikoan egindako argazkia duzu, han lanean ari nintzela egindakoa, eta halaxe ageri naiz, kapusaia jantzita, eta txano bat begietaraino sartua. Alegia, argazkia ikusita ere, inork ez luke egiaz ezer ikusiko, ez ninduke berehalakoan ezagutuko. Garai hartan, Bruselan ari nintzen lanean, eta banuen kezka, idazletzat hartuko ote ninduten, ez biologotzat, zeren aldi bateko kontratua besterik ez baineukan Europako Arrantza Zuzendaritzan... Queipo ezizena asmatu nuen, anonimatoan irauteko guztizko asmotan. Eta kasik hamar urtean halaxe iraun nuen, anonimatoan.
Esan duzu ez zintuztelako ezagutzen eman zizutela saria.
Bai, besteren bat nintzelakoan, uste dut, zeren sariak adiskideen bitartez heldu ohi baitira, beti edo gehienean. Adiskideen adiskideen adiskideak dira tartean, beti edo gehienean. Haatik, sari hark bihotz eman zidan. Eta batera eta bestera egindako bidaietako egunerokoak eskura nituenez, testuak lantzen eta argitaratzen hasi nintzen. Kritikak harrera ona egin ohi die nire lanei; irakurleak, aldiz, ez ditut ondoan izan, batzuetan dentsoegia naizelako-edo. Hiztegi aberatsa-eta. Baina halakoxea dut background-a: aitaita-amamen etxaldeko bizia dut, batetik, eta bakailao-ontzietakoa, berriz, bestetik. Oraingo egunean, adibidez, idazle hasiberri batek ez daki txori izenik kasik batere, ezta orgaren hagen izenik ere. Niri dagokidanez, itsasoko hiztegia ere barru-barruan daramat, eta ontziko oihalen eta soka-mutur guztien izenak dakizkit, lanean ibili ditudalako, ez besterik. Baina, jakina, irakurleari ez eskatu bederatzitik zazpira hiztegira jotzerik. Gaur egun, gaitz erdi, hortxe duzu sakelakoa, esku-eskura beti, baina orain dela hogei urte, laugarren oihalaren izenera heldu eta irakurleak bertan utziko zuen nire liburua! Kar, kar… Gaiak benetan harrapatu ez bazuen, behintzat.
Zuk esanak esanagatik ere, hainbat sari eta errekonozimendu jasoa zaitugu lehen sari harrezkero.
Sari zerrenda dut, egia da, baina esan dizut, ez dut arrakastarik, irakurleen artean harrera handirik ez. Esan dizut dentso samarra ere banaizela, hiztegia ere halakoxea dut, eta bada besterik: tartean-tartean, idazten ari naizela, ingelesezko hitzak botatzen ditut, edo italierazkoak, edo beste hizkuntzaren batekoak, baina hizkuntza aniztasuna eguneroko ogia izan dudalako nire bizian! Nire lanean ez zen arrotza, ohikoa baizik, hainbat jatorritako lagunak elkartzea: ingelesa, italiarra, letoniarra, greziarra eta galego naizen hau, adibidez. Ingelesez aritzen ginen, ezinbestean.
Horixe omen da hemen eta munduan laneko lingua franca, are gehiago Bruselan, non ehunka hizkuntza korri dabiltzan…
Bai, baina, nire kasuan, bazitekeen tartean ingelesez baino frantsesez hobeto hitz egiten zuen baten bat gertatzea, eta denok frantsesez ekitea. Edo ni bi italiarrekin eta portugaldarren batekin tokatzea, eta laurok italieraz hitz egitea. Alegia, laneko biziak hizkuntza batetik bestera erabili nau, eta, idaztean, ez dut ezer asmatu beharrik izan, halaxe datozkit hitzak, hizkuntza batean eta bestean. Eta, horrela, nire narrazietako zenbait pertsonaiak hizkuntzatik hizkuntzara jauzika dabiltza, halaxe ezagutu ditudalako lankideak. Alegia, nire baitan natural-natural sortzen dira italierazko edo beste hizkuntza batzuetako esamoldeak, eta natural datozkidanez, halaxe isurtzen ditut nire testuetan. Eta, hori, esate baterako, zailtasun gehigarria zaio irakurle askori. Zer egingo diogu, bada!?
Zailtasun gehigarria, esan duzu. Bestelako zailtasunik ere badute, hortaz, zure lanek?
Irakurlearen arabera. Matematikan, dakigunez, izendatzaile komun handiena dugu, batetik, eta izendatzaile komun txikiena, berriz, bestetik. Literaturan izendatzaile komun txikienaren bidetik jotzen baduzu, gauza arin eta axala idatziko duzu. Aski izango dituzu 500 hitz, whatsappean ibiltzen dituzun horiexek gutxi-asko. Guztiz interesgarria da eguneroko bizimoduan… beharbada. Baina literaturaz den bezainbatean, hutsaren hurrena balio du horrek. Hori baino gehiago behar da. Ni, bederen, uste horretakoa naiz, urrutiago joaten saiatzen naiz, eta urrutiago joaten saiatu naiz hemen egin dudan hamabost egun honetan ere.
Pasai Donibaneko Idazlearen Etxean egin duzun egonaldiaz ari zara. “Botanica sentimentala” proiektua ekarri duzu galtzarbean. Erretretan sartua, hainbat urtean idatzitakoa “biltzeko, aztertzeko eta gogoetatzeko garaia” omen zenuen, EIEra helarazitako asmoan idatzitakoaren arabera.
Bai, baina lehen idatzitakoak aztertzeaz gainera, gauza berriak ere idatzi ditut. Hamabost egun honetan hainbat ohar hartu ditut, eta burutik pasatu zaizkidanak idatzi, jakina. [Kuadernoa erakutsi dit. Oharrak gabe, idazkiak dira, ez laburrak, eta, haiekin batera, zenbait etiketa, pegatina eta bestelako, ageri dira] Hauxe dut grow material-a, oinarrizko gaia… Izendatzaile komunez jardun dut arestian, eta Pasai Donibaneko egonaldian ere izendatzaile komun handiena izan dut xede: ohar franko hartu ditut, eta bi zutabe idatzi ere ditut Nós egunkarian: “Paseo (I)” eta “Paseo (II)”. Lehen ibilia, Pasai Donibanetik Jaizkibelera egin dudan igoaldia duzu; bigarrena, Uliara egin dudana. Gogoeta egiteko baliatu ditut bi ibiliak, Jean-Jacques Rousseauren Les Réveries du promeneur solitaire (Ibiltzale bakartiaren ametseriak) liburua abiaburu harturik.
Zer dago zure “Botanica sentimentala” asmoaren atzean?
Hogeita hamar urte ere badaramatzat munduan bateko eta besteko lorategi botanikoak bisitatzen eta oharrak hartzen. Sidney, Lisboa, Bartzelona, Hong-Kong, Leuven, Valentzia, Liberec… hamaika lorategi eta negutegitan izan naiz, eta bisita horiek umetako oroitzekin batzera egin dut, aitaita-amamen etxaldean landareez ikasitakoarekin lotu, eta, are, unibertsitatean ikasi nuenarekin. Pasai Donibanen ere zenbait landare bildu ditut, eta sailkatu ere ditut. Baina, ororen buru, prozesua interesatzen zait, hau da, botanikak nire baitara dakarzkidan oroitzak. Batzuetan, umetan, nire lehen murgiltze linguistikoaren garaian, udan aitaita-amamen etxaldera joaten ginenean ezagutu nituen landareen oroitzak dira. Bestetzuetan, oroitza horiek solztizioaren esanahiaz gogoetatzera naramate, hostoak erortzea dela eta hau eta hura. Adibidez, victoria amazonica uretako nenufareari buruz irakurtzen aritu naiz hemen… Ez dakit nenufare hori ezagutzen duzun...
[Nik ezetz, eta lorearen prozesua kontatu dit xehe-xehe eta osoki. Eta honelaxe burutu du azalpena:]
...eta victoria amazonicak kanpoaldea arantzaz betea du, eta arantza horiek inguruko landareak ziztatzen dituzte, eta hiltzen dituzte. Izugarria da! Alegia, lore horrek urmaeleko azalera osoa okupatzen du, ez du besterik hazten uzten. Eta, harira etorriz, victoria amazonica horrek gainerako landareekin duen borrokak –espazioaz jabetzeko borroka da, finean–, testu bat idatzarazi dit. Mikroadreilu bat, egia esan.
Mikroadreilua?
Bai, pieza txiki bat: adreilu, edo mikroadreilu. Pasai Donibanen hainbat adreilu idatzi ditut. Hurrena, poliki-poliki leunduko ditut. Itsasoko gesalak eta enbatak ezarian-ezarian hemengo zenbait etxetako hareaharria leundu duten moduan, finduko ditut nik neure adreiluak, hemen idatzi ditudan piezak, eta halaxe osatuko dut neure botanika sentimentala.
Munduko lau ertzetako lorategi botanikoetan hasitako bideari jarraiki zatzaizkio Pasai Donibanen.
Bai, eta, horrela, Textos escritos en jardínes botanicos (Lorategi botanikoetan idatziak) izeneko sailari jarraipena eman diot. Donibane Lohizuneko lorategi botanikoan ere izan naiz hemengo egonaldiaren bitartean, eta harako bisita erantsi diot lehengo bildumari. Testu horiek guztiok enumerazio modura antolaturik daude. Eta horretan ere jardun dut hemen, material hori prestatzen, lehen idatzia dudana gainbegiratzen, orrazten eta zuzentzen, eta, aldi berean, testu berriak idazten. Hamabost egun honetan, 50 orrialde eskuz idazteko astia izan dut. Gainera, arestian aipatutako Nós egunkarian bi artikulu publikatzeko gaia bildu dut, dozena erdi poema ondu ditut, eta El Grial aldizkarian argitaratu asmo dudan lan bat abiatu dut, La carta de Pasai Donibane, non herri honen ezaugarrien berri emango baitut, eta, besteak beste, bi data ageri dituen harrizko idazkunaren historia azalduko baitut. Azalduko dizuet hurrena. Kar, kar… Horiek denak egin ditut, eta elkarrizketa hauxe.
Kar, kar… eta elkarrizketa hauxe! Kar, kar...
A!, eta pilota partida bat ere ikusi dut.
Kar, kar…
Ez barre egin, badu garrantzia! Kar, kar… Gogoan dut, txikitan, frankismorik gorrienean, pilota partidak ematen zituztela telebistaz [Esku huskako final nagusia]. Ikastetxean baziren bi anaia, erlijiosoak, non edo non hemengoak. Euskal Herrikoak, esan nahi dut. Tartean behin, hona etortzen ziren, eta, harakoan, hemengo pilotak eramaten zizkiguten, benetakoak, ez gomazkoak. Hemengo pilotak gogorrak iruditzen zitzaizkigun, min egiten ziguten, baina haietxek ziren benetakoak, eta eskuak bil-bil egiten genituen, oraingo pilotarien modura ia-ia. Oso dibertigarria zen. Bai, euskal pilota nire heziketa sentimentalaren atala da, eta halaxe joan naiz pilota partida ikustera ere.
Zuk Galiziara alde egin bezperan ari gara, egonaldian zehar egin duzun lanaren berri eman diguzu, uzta oparoa, baina gustura hartuko nukeen zu lehenago ezagutzea, zuk idatzi duzunik gehixeago irakurtzea...
Horretaraz gero, nik gustura hartuko nukeen errezitaldiren batean-edo parte hartu izana. Beharbada, prosagile astuna naizela pentsatzen dute, adreiluatzar pisua besterik ez dudala egiten, eta inori ez zaio bururatu ekitaldirik antolatzea. Ez dakit nola esan… Euskal Idazleen Elkarteak aukera bat eskaini zidan, hemengo egonaldi hau burutzeko egokiera aparta, eta, nik, ordainen bat eman nahiko niekeen elkarteari eta Pasai Donibaneko herriari. Hemen egositako materiala landu eta gero, noizbait, liburua etorriko da, baina liburua besterik da, liburua ez zaio jende askori helduko. Aldiz, hemen idatzi dudana, nahiz behin-behineko testuak izan, erakutsi ezinik ez nuen.
Damurik!
Herriko bibliotekara joan nintekeen, eta neure burua aurkeztu eta eskaini, baina ez naiz bibliotekara joatekoa, nik neure biblioteka baitut eta, bestalde, nahi eta behar ditudan liburuetarik asko, nahi beste, sarean baititut. Oraingo egonaldi honetan, esaterako, botanikari buruzko gaiak ere irakurri ditut eta, tartean, zoragarrizko gauzak. Liburu bat irakurri dut, irakurtzen ari naiz, Atlas de Botanique poétique (Botanika poetikoaren atlasa) oso interesgarria. Batean, oinez dabilen landare bat duzu; bestean, dantza egiten duena... Aukera handia ematen du liburuko joko horrek. Eman dezagun, adibidez, goroldio espainiar bat asmatzen dugula, eta goroldio horrek penintsula osoa inbaditzen duela, tapizatzen… Zinez irakurketa interesgarria iruditzen zait... Eta holaxe.
(Nós Diario egunkarian argitaratuak dituen bi artikuluetarako loturak: https://www.nosdiario.gal/opinion/xavier-queipo/paseo-i/20221013103325154462.html
https://www.nosdiario.gal/opinion/xavier-queipo/paseo-ii/20221020152153155007.html
nahiz hirugarren bat ere argitaratua duen honezkero)