Elkarrizketa :: miel a elustondo – zaldi ero 2023/04/27
Gidor Bilbao

“Oihenarten poema berriak aurkitu ditugu, eta bila segitzen badugu, gauza gehiago aurkituko ditugu”

Arnaut Oihenart (Maule, 1592 – Donapaleu, 1668), historialari eta idazlea. Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae historia liburua argitaratu zuen 1638an, eta 1657an, berriz, Les Proverbes Basques, recueillis par le Sr. d’Oihenart; plus les poésies basques du mesme auteur, literatura lana, bi zatitan bereizia; atsotitz bilduma dugu, batetik, eta poemak, bestetik: Oihenarten gastaroa neurthitzetan. Gauza bere horretan zegoela uste genuela etorri da aurkikuntza, idazlearen poema berriak aurkitu baititu EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko irakasle eta Monumenta Linguae Vasconum taldeko ikertzaile Gidor Bilbao Telletxeak (Bermeo, 1965). Inondik ere, gure literatura zaharraz genuen ikuspegia berritzen lagunduko digun leihoa ireki digu irakasleak.


(Oihenarten Kobla berriak liburuko lehen bi ahapaldiak)

Denbora batez, irabazi

uste nuen zintudala;

geroz, zerkbait gibelerazi

dakusat zerauztadala,

eta zatozkiel(a) ardura

esauzatzeko puntura.

 

Hori eztakit ala den jiten

gure bekaitzen kozuti,

ala duzun zuhaurk egiten

ixendo zure buruti,

bekaitzen enganatzeko

edo ene porogatzeko.

Aurkitu dituzun Oihenarten poema berrietakoak ditugu goikoak, Kobla berriak liburu aurkitu berriko lehen bi ahapaldiak. Horiez gainera, xikitoak edo jorraleen koblak ere aurkitu dituzu. Lehenik, horixe jakin nahiko genuke, alegia, nondik nora zenbiltzala azaldu zaizkizun.

Badira zenbait leku, katalogo eta biblioteka, aditu guztion iritziz ere susmopekoak direnak. Haietan ibiltzen gara denok, eta, askotan, gauza ederrik aurkitu dugu. Nire kasuan, eta orain baino lehen, kilometro asko egina nago, Joseba Lakarrarekin batera, Oihenarten arrastoaren atzetik. 90eko hamarkadaren hasieran, adibidez, biderik ibili nuen. Garai hartan ez nuen gauza askorik aurkitu, baina bere horretan iraun du interesak. Orain, berriz, sarean dugu, besteak beste, Frantziako Katalogo Kolektiboa, eta nire perbertsiotxoa da astia dudanean han eta hemen arakatzen ibiltzea, izan Frantziako Katalogo Kolektibo horretan, izan Espainiako Ondare Bibliografiko eta Dokumentalaren Gordailuan, Euskarianan, Liburukliken, Bilketan… Sarean dira Europa osoko biblioteteketako materialak ere: hortxe dugu Europeana. Denetan ikusi ahal dira liburuetako erreferentziak, eta askotan baita argazki oso onak ere.

Baina bila ibilirik ere, helburua ez da beti hor. Bere gisa lan egiten du Internet bilatzaileak, hara eta hona zaramatza...

Euskarazko materialen bila banabil ere, beti, ebidenteak ez diren sailetan ere begiratu behar izaten da: “Euskara” ez besteko sailetan, alegia: “Cantabria”, “Vasconia”, “Gasconia”… nahitaezkoa da ebidenteak ez diren sailetan arakatzea. 2005ean-edo, esate baterako, 1800 kilometroko bidaia egin nuen Avignoneraino [Okzitania], hango bibliotekako katalogoan halako Vasconican bat agertzen zelako, XVI. mendeko testu batean. Eta, oporretan, autoa hartu eta Avigonera, esperantzan. Zoritxarrez, material hura ez zegokion euskarari, gaskoiari baizik.

Oraingo honi dagokionez, Oihenart-en bila zenbiltzan.

Baina Oihenart izena ere hainbat modutara idatzirik dago batean edo bestean. Esaterako, haren izena latinez idatzitako Notitia Utriusque Vasconiae liburutik heldu da, eta, han Oihenarto ageri da, kasu ablatiboan. Hortik, Oihenartus ere atera izan du zenbaitek. Konbinazioak ez dira gutxi. Hango eta hemengo katalogoetan arakatzen ari nintzela, beraz, Grenoblekora heldu nintzen. Oihenarten Oten gastaroa neuthizetan poema-liburuaren ale ezezagun bat han zegoela ikusi nuen, eta, honenbestez, ongi ez katalogatutako besterik ba ote zen begiratu nuen. Eta hantxe, Cobla berriae. (Vers basques) ikusi nuen, akats eta guzti, alegia, berriac ordez, berriae. Ez datarik, ez lekurik, ez autorerik zuen. Orri kopuruak, Baionako udal bibliotekan gordetzen den Oihenarten liburura eraman ninduen. Baionako alea Pariseko Biblioteka nazionaleko ale ezagunenaren antzekoa da, baina orri gehiago ditu, hau da, poema gehiago. Grenoblekoan, lau orrialde gehiago ziren. Hori ikusi, eta kopia bidaltzeko eskatu nien Grenobleko biblikotekakoei. Konfinamendu gogorraren garaian zen, etxetik ari nintzen uneoro, eta kopia eskatu, eta berehalaxe bidali zidaten. Eta jaso orduko ohartu nintzen poema berriak zirela! Begi bistakoa gertatu zitzaidan!

Eta?

Eta? Poza! Kar-kar! Eta sekulako lana etorri zitzaidan gainera, jakina. Patxi Altuna eta Jose Antonio Mujikaren edizioan [Euskal atsotitzak eta neurtitzak / Proverbes et poesies basques / Proverbios y poesías vascas, 2003], banuen susmoa zerbaitek huts egiten zuela. Hala ere, artean ez nekien –eta orain ere ez dakit guztiz seguru–, Grenoblen agerturiko Oihenarten poemek liburu bat osatzen zuten, edo Oten gastaroa neuthizetan ezagunaren eranskina ziren; bi liburuz ari ote ginen, alegia. Oihenartek nola jokatzen zuen pentsatu behar izan nuen, bere lanak non argitaratzen zituen aztertu, zer egiten zuen bere liburuekin… Oihenartek ustez inprentara eramandako guztia aztertzea erabaki nuen, latinez, frantsesez, nahiz euskaraz, eta aleak banaka-banaka aztertzea. Horretan guztiz lagungarri izan zait [Julien] Vinsonen lana, Essai d'une bibliographie de la langue basque (1891-1898), Vinsonek esaten baitzuen, besteak beste, Oihenarten Notitia... liburuaren 1638ko eta 1656ko edizioak ez zirela berdinak, baina 1656koan 1638ko edizioko kaierak berrerabili zituela. Bidean, Vinsonek ezagutu zituen euskarazko lanen sei aleez gain, beste lau ale ezezagun aurkitu nituen: bat Frantziako Biblioteka Nazionalean (Parisen), bat Dijongo Udal Bibliotekan, eta bi Grenobleko Udal Bibliotekan.

Zein ditugu, beraz, aurkitu dituzun Oihenarten poema berri horiek?

Grenobleko aleetako bati esker argitu dugu Oihenartek bi poema liburuxka argitaratu zituela: lehendik ezagutzen genuena (1657an, Oten gaztaroa neurtitzetan), eta geroago, ez dakigu ziur noiz, Kobla berriak. Bigarren honetako poema gehienak ezagutzen genituen, Baionako udal bibliotekako alean daudelako, baina, orain dakigunez, Baionako alearen parte horrek orri bat du eskas hasieran, eta beste bat amaieran (guztira lau orrialde). Lehenengo orrian Kobla berriak izenburua dago, eta orain arte ezagutzen ez genituen zazpi ahapaldi (poema horretako azken hiru ahapaldiak ezagutzen genituen, Baionako aleari esker). Bestalde, Jorraleen koblak izenburua ezagutzen genuen, Baionako alearen azken orrialdearen barrenean zegoelako, baina ez genituen ezagutzen poemak. Orain, berriz, azaldu da falta zena: Jorraleen koblak I eta Jorraleen koblak II. Eta XX. mendearen hasieraz gero ezagutzen genituen xikitoen moldekoak dira jorraleen hauek.

Zer esan liburuxkaren hasierako kobla segidaz?

Kobla klasikoak dira, maitearen luzamenduekin eta atzera eta aurrerako jolasekin nekatuta dagoenaren kexa: “zurea naiz, nizaz ez duda” esaten du batean. Hurrengoan, berriz: “enganatuko bide zira, (…) baduzu uste zure begira egonen ahal nizala”. Sei bertso-lerroko ahapaldiak, egitura jakin bat dutenak, errimadunak. Kobla hauetan, Oihenartek beste inon erabili ez duen egitura metrikoa darabil, eta irudipena daukat horrek egilearen helburu nagusietako bat salatzen digula, hau da, euskarazko poesiagintzan era askotako egitura metrikoak erabil daitezkeela erakustea. Hori, azken finean, bat dator bere L’art poetique-n adierazi zuen asmoarekin.

Oraingo grafiara ekarri dizkiguzu kobla horiek, ASJU aldizkariaren webgunean.

Lehenengo, XVII. mendeko liburuxkan dauden daudenean utzirik erakutsi ditut Oihenarten poema berri hauek, ez ditut aldatu ez grafia eta ez puntuazioa. Gero, gaurko grafiara eta puntuaziora egokiturik ere editatu ditut. Batxilergoko ikasle bati edo edozein irakurzaleri erakutsiko niokeen moduan ezarri ditut. Eta, bestalde, ohar mordo bat egin behar izan dut, pentsaturik Oihenarten poemak ulertzea ez dela gauza erraza. Hasteko, ez da erraza neuretzat! Hortaz, uste dut irakurle arruntari Oihenarten lanak ulertzen laguntzea dagokigula, eta helburu hori lortu ahal izateko nire iritziz behar diren ohar denak egin ditut. Horretan saiatu naiz, behintzat.

Zer esango zenuke Oihenarten Jorraleen koblak izeneko segidari buruz?

Oihenart asko irakurria da, idazle kultua da, eta, beraz, XVII. mendeko idazle kultuak eskain dezakeena eskaintzen digu. Hori horrela, bereziki polita iruditzen zait Jorraleen koblak izeneko testua, xikitoen tradiziokoa delako. Orain arte, “xikitoak” esaten genuen, baina hemendik aurrera “perraka-xikitoak” esan beharko genukeela iruditzen zait. Orain arte uste genuen beti gizonezkoa gizonezkoari ari zitzaiola, gizonezko artzaina gizonezko artzainari ari zitzaiola xikito!-ka. Oihenarten kobla hauek, aldiz, besterik erakusten digute, andreak gizonari “xikito” esaten diola, baina gizonak andreari, berriz, “perraka”, esan nahi baita “piltzarra” edo “andre zarpaila”. Horrek esan nahi du, seguruenik, bazegoela ahozko tradizio bat –guk XX. mendearen hasieraz gero baizik ezagutzen ez duguna–, guk uste duguna baino zaharragoa eta aberatsagoa. Ez dut uste Oihenartek tradizioari aldaera berria erantsi zionik, emakumea jokoan sartu zuenik. Berak asmatu zituen xikito hauek, baina tradizioaren barruan ari zen, seguruenik, eta emakumea tradizio horren parte zen.

Idazle kultua dela esan diguzu.

Poema berriok behar bezala aztertu ahal izateko, Oihenarten gainerako lan inprimatuak ere landu behar izan ditut, eta, adibidez, lehen aipatu dudan haren L’art poetique (1665) lana, bere poetika erakusten diguna, alegia. Uste dut Oihenartek kobla hauetan praktikan jartzen duela bere teoria poetikoa, hainbat bertso molde nola erabil daitezkeen erakusten digu, neurri ezberdinak saiatzeko asmoa du. Oihenartek dio, adibidez, Andre Emiliaren eresikoa dela poesiari ondoena egokitzen zaion neurria. Eta Leopoldo Irigaraik XX. mendearen hasieran bilduriko xikitoetan ere, kobla molde hura baliatzen du. Oihenart idazle kultua dela esan dut, eta ahozko tradizioak duen balioaz oharturik dago, bere poemetara dakar ahozko tradizio hori.

Zer ekarri egiten dio aurkikuntzak gure literaturari?

Batetik, Oihenarten jokatzeko moldea ezagutzen jarraitzeko bidea dugu. Funtsean, da liburu bat egitea, eta horren urrenkina, eranskina, gero. Ez dakigu besterik erantsi ote zien bere lanei. Oihenarten jokamoldea zen liburuak etengabe osatzen joatea, eta, uste dut nire lanean hori erakutsi dudala, jokamolde horixe erabili baitzuen era guztietako lanetan, bai atsotitz bilduman, bai poesian, bai historia liburuan. Bestetik, poesia berriak ditugu, poema gehiago. XVII. mendeko poesia berriak agertu zaizkigu, eta ez da gutxi. Gure literaturako lanak irakurri eta preziatu behar ditugu, eta lehenengo begi-kolpean ulertzen ez baditugu ere, ulertuko ditugu bosgarrenean, ulertzeko modukoak dira eta. Hala ere, ez ditugu puntu guztiak guztiz argitu, filologook badugu lan oraindik. Eta aurkikuntza honen azken ekarria, esperantza. Hurrengo ikasturtean masterreko ikasleei jakinarazteko irrikan nago: esperantza, bila segitzeko gogoa. Oihenarten poema berriak aurkitu ditugu, bai, eta bila segitzen badugu, gauza berri gehiago aurkituko ditugu.

Hemen dira Oihenarten poema berriak, XVII. mendekoak. Orain zer? Berriz gordean utzi, zabaldu?...

Sarako Idazleen Biltzarrean ere hitz egin nuen horretaz. Edozer gauza egin liteke Oihenarten poema hauekin, edo gure literaturako testu zaharrekin, baina ordena inportantea da: lehenengo, edizio filologiko zalantzarik gabekoa egitea dagokigu. Testuaren irakurketa filologikoa zehazki zein izango den ezarri gabe ezin ibili gintezke testuak jendetaratzen. Nire lehenengo lana da, beraz –eta nire irakasle-ikertzaile soldataren barruan sartzen da–, egitekoaren lehen partea ondo betetzea, hau da, edizio filologikoa ondo egitea. Horretaz ari naizela, damu naiz, joan deneko hogeita hamar urtean ez dudalako behar beste lan egin bigarren parteari dagokionean, materialak jendetaratzen, alegia.

Horretan ari zara Oihenarten poema berriokin, ala?

Oihenarten kasu honetan hiru urrats egin ditut: edizio filologikoa aurkeztu, grafia egokiturik eskaini, eta parafrasia ere osatu, erakutsiz nik testua nola ulertzen dudan. Hortik aurrerakoak, beharren, gaitasunen eta abilezien arabera egin behar dira. Oihenarten poema hauetatik abiaturik kantu bat egiteko abilidadea duenak, egin dezala! On egingo die gure gazte eta gaztetxoei, haiek kantuak buruz ikasten dituzte eta. Beste batek, Oihenarten perraka-xikito hauek hartu, eta hurrengo erantzunak asmatu litzake, ezta? Ez dugu batere mugarik jarri behar, baina, esan dut, beti lehenengo lana da edizio filologiko ona egitea. Bestalde, gordean utzi behar ditugun, edo zabaldu, nik ez daukat ez abilidade ez zaletasun berezirik aurkikuntza ez Twitterren ez bestelako sareetan zabaltzen ibiltzeko, edo prentsaurrekorik antolatzeko. Zeu etorri zara, eta pozik ni!

Zuberoara joan beharko genuke honen berri zuzenean ematera…

Bai. Poz-pozik joango naiz, nahiz eta Oihenart Maulen jaio arren Donapaleun [Nafarroa Beherea] hil zen.

[Eta Oihenarten poema berriak irakurriz hasi baitugu elkarrizketa, Jorralen koblak segidako lehen biak irakurri eta isildu gara]

Jaukizarrea Motil Gaztearen aldeti

Bata hordi, bertze hor(i) ito,

orok ez balio bi behito.

Hor den putarik handienak

erran bezat niri “xikito”. Perraka.

 

Neskatoren inhardespena

Eztuk hebe hordi ez putarik.

Bana hire leinukoetarik

dikusaguk, traidor(e) izanez,

dilindan ardur(a) urketarik. Xikito.

...

 

 

miel a elustondo – zaldi ero
Gidor Bilbao
“[Grenobleko bibliotekako materiala] Jaso orduko ohartu nintzen poema berriak zirela! Begi bistakoa gertatu zitzaidan!”
Entresaka
“Oihenart idazle kultua da, ahozko tradizioak duen balioaz oharturik dago, eta bere poemetara dakar tradizio hori”
Entresaka
“Orain arte, ‘xikitoak’ esaten genuen, baina hemendik aurrera ‘perraka-xikitoak’ esan beharko genuke”
Entresaka