Elkarrizketa :: Miel A Elustondo – zaldi ero 2023/07/20
Eneko Bidegain Aire

“Beti nuen literaturara itzultzeko gogoa”

Joan den aspaldian hainbat saiakera argitaratu eta gero, literaturara itzuli da Eneko Bidegain Aire, udaberrian nobela argitaraturik, Bichta éder (Elkar, 2023). liburuaren azaleko jauregi zaharrak Ipar Euskal Herrian ohi den higiezin proiektu baten atariko dugu. Promotorearen asmo ezkutua, batetik, eta asmoaren ilunaz oharturik ikerketari ekingo dion kazetariaren lana, bestetik, eta hainbat hari, pertsonaia eta istorio tartean: eleberri mardul ederra dugu emaitza.

Ezustean harrapatu gintuen zure Bichta éder-ek, eta, are, lanaren luzerak. Non da liburu honen hazia?
Gogoratzen naiz prentsaurreko bat izan zela, nik azkenaurreko eleberria [Mahatsaren begia, 2005] bukatzen ari nintzenean-edo. Esan behar dut, zernahi gauza txiki inspirazio iturri izan daitekeela, eta prentsaurreko hartan, justuki, zabortegi baten proiektuari buruz ari zirela. Lurra behar zuten horretarako, lokalizatua zuten terreno egokia ere, baina ezin zuten deus egin han, gaztelu zahar baten lurretan baitzen terreno hura, eta gazteluaren jaberik ezin baitzuten lokalizatu, gaztelua hainbat jabek jasoa baitzuten herentzian, baina haiek aurkitu ezinik zebiltzan. “Hemen bada ideia bat!”, esan nion neure buruari. Eta, esaterako, hortik abiatu nintzen eleberri hau idazten.

Turismoa, eta turismoari loturik datozen higiezin proiektuak, oraintxe ere, gatazka iturri dira Euskal Herrian...
Baina hastapeneko nire ideia ez zen bereziki lotua turismo proiektu bati buruz, topikoa izan zitekeela ere pentsatu nuen, ohiko gaia. Bestelako proiektu bi ere, guztiz eroak, etorri zitzaizkidan burura, guztiz fikzio izango zirenak –ekologiari lotutako astakeria bat edo beste--, baina, gero, pentsatu nuen: “Zer da hemen sinesgarria, gerta litekeena?”. Hala erabaki nuen turismoari lotutako gaia hartzea, espekulazioa, hori hemen sinesgarria baita, hori baita gure errealitatea. Eta, adibidez, idazten ari nintzela, jauregiaren okupazioa asmatu nuen. Artean, ez ziren horrelakoak gertatuak, gerokoa izan zen Arbonakoa, baina ordurako liburua entregatua nuen! Kar, kar...

Kasik hamabost urte dira ordudanik, eta kasik 500 orrialdeko eleberria dugu Bichta éder, hainbat pertsonaia, istorio eta gertaera, bata besteari ongi josirik, irakurlea ez galtzeko moduan zuzen egituraturik lana
Ez nuen, hala ere, hasi eta bukatu idatzi. Zatika-zatika idatzi eta handitu da istorioa. Lehenik, galdera egin nion nire buruari: “Fikziozko jauregi bat asmatuko dut, eta, horrekin batera, jauregiaren inguruan zer proiektu egin nahi duten erabakiko dut. Eta, ondoan, proiektuaren kontrako mobilizazioa”. Hori zen, hasteko. Gero, jauregiaren jabeen historia eraikitzea zegokidan. Paraleloki eraiki ditut bi istorio edo adar horiek. Hirugarren adar bat zen jauregiaren lehengo historia; hein bateko pisua du nobelan, ez oso handia, baina hein batekoa, bederen. Horrela osatu dut nire lana, pixkanaka-pixkanaka, eskemak eginez, haiek zabalduz, gero eta istorio konplexuagoa osatuz, gero eta lan mardulagoa, eta, beti, idazte faseak eta eskema fintzeko faseak tartekatuz; eta pertsonaiak gorpuztuz. Ez dut lehenbizi eskema osoa egin, eta jarri naiz gero idaztera, ez, arriskua baita eskema egiten inoiz ez bukatzea, eta idazten ere noizbait hasi beharra baitago istorioari bizia emateko!

Azaletik bertatik galdera eginarazten dio nobelak irakurleari. Frantses grafian emana da euskarazko izena: Bichta éder. Hor bada intentzioa...
Baina liburuaren izena ez dut hastapenetik sortu. Denbora eman dut nire lanari izenik eman gabe: ez proiektuak, ez liburuak, ez jauregiak zuten izenik. Momentu batez, etorri zitzaidan: “Bichta éder”. Izenari kasu eginez, irudikatzen dugu leku horretatik bista ederra dagoela, turismoari lotutako proiektua dela, eta, bestalde, Bichta éder izena duen leku anitz, ostatu eta beste, bada Ipar Euskal Herrian, non aski ohikoa baita euskarazko izena ematea lekuei –eta lekuei bakarrik, hortik aitzina euskarari ez baitzaio lekurik ematen–, eta euskarazko izenak direnean ere, frantses grafian idazten dira.

Horretarako arrazoirik bada?
Ene ustez, bi arrazoi badira hor: bata, izen horiek frantsesei zuzenduak direlako --eta ez euskaldunei--, euskaraz bezala ahoska ditzaten. Euskarazko grafiaren arabera idatziz gero, frantsesek beste modu batera ahoskatuko lituzkete izen horiek. Beste arrazoia izan liteke, nire ustez, Frantziak hizkuntza gutxituak gutxiesteko duen joera. Frantziarentzat, euskara ez daiteke izan hizkuntza mintzatua baizik, frantsesa baino hizkuntza apalagoa. Frantsesei, adibidez, asko kostatzen zaie onartzea euskarak balio duela literatura idatzirako, balio duela akademiarako, kazetaritzarako eta abar. Idatzizko araua bera ukatzen zaio euskarari, eta horiek denak ekarri nahi izan ditut azalera liburuan. Kezka horren inguruko gogoeta egiteko bidea eman dit izenak, eta, baita ere, liburuan agertzen diren hainbat gairen artean lotura egiteko.

Higiezin proiektu ezkutuko bat da ardatz, proiektuaren eragileak batetik, proiektuaren asmo ezkutuari buruzko ikerketan ariko den kazetaria, bestetik, eta nahi beste adar, pertsonaia eta istorio kontagai, eleberria konplikatzeko arrisku gorrian.
Baina uste dut ez dela liburu konplikatua, bai arretaz irakurtzekoa. Uste dut ez dela irakurlea liburuko orrien artean galtzeko arriskua. Ohituta gaude pertsonaia askoko eleberriak irakurtzen, baita serieak irakurtzen ere, eta, bestalde, Bichta éder-en badira pertsonaia batzuk lehen mailakoak –beti hor direnak, liburuaren bizkarrezur direnak–, eta, beste batzuk, bigarren mailakoak-edo, noiz behinka, edo behin bakarrik, agertzen direnak. Ez da inportante pertsonaia horiek denak gogoan hartzea, istorioa aitzinatzen laguntzeko baitira horiek hor: momentu batean, ate bat irekitzen digute irakurleoi, guk ate horretatik aitzina egiten dugu, baina pertsonaia han gelditzen da; baliteke pertsonaia hori berriz agertzea, edo ez, baina irakurlearentzat ez da trabagarri izango, eta liburuaren haria segituko du aski erraz.

Eta abiatuko gara intrigazko nobelan, Eñaut Oihenart kazetariaren ikerketa gidari...
Nire abiapuntua jauregiaren inguruko misterioa izan da. Norbaitek argitu behar zuen hori: detektibe batek, notario batek... kazetari ez beste ofizioa zuen batek, beharbada. Baina ni kazetari izana naiz, eta, beraz, bestelako ofizio horiek urrunagoak zaizkit, ezezagunagoak, eta horietako bat aukeratuz gero, erabateko murgiltzea egin beharko nukeen ofizio hartatik serioski idatzi ahal izateko, baina ez gara idazle profesionalak eta ez dugu astirik horretarako. Alde horretatik errazera jo dut protagonista horren ofizioa aukeratzean, kazetari izan bainaiz nire bizitzako zati handi batean, ofizio ederra iruditzen zait, ni errazago identifikatu naiz halako pertsonaia batekin, eta iruditzen zait irakurlea ere errazago identifikatuko dela kazetariarekin, sinpatia handiagoa izango diola kazetariari, poliziari baino; Euskal Herrian bereziki.

Kazetariaren ondoan, Aitziber, besteak beste jauregiaren historia azalera ekartzeko baliatuko duzuna, haren adar bihurriak. Eta, oro har, Historia.
Liburuan gertakari txiki anitz aipatzen dira, Historian zehar gertatu direnak. Horiek fikzionatuta daude, baina dokumentatuak dira. Adibidez, jauregiaren lehengo jabea, Theodore Vermandois-ek, Bigarren Mundu Gerla garaianhalako jarrera bat izan zuen, eta guri jarrera bitxia iruditu arren, existitu ziren halako jarrerak; Biarnon, bederen. Jauregiaren istorio zaharra da, kasik aldatu gabe, Urtubiako ipuinekoa. Eskuin muturrari dagokion trama dela-eta, hainbat erakunde fikziozkoak dira, baina baten bat egiazki izan zen: OAS, adibidez. Eta eskuin muturrari lotutako trama hori dokumentatua da, existitu zen Bigarren Mundu Gerlaren ondoren. Zorionez, gaur egun Internetek dokumentu anitz eskura ezartzen dizkigu, eta aski erraza da dokumentazio lan hori egitea.

Bigarren, eta, are, hirugarren mailako pertsonaiak ere ez dira gutxi. Bistan dena, arkitektura lan handia egin duzu eleberri honetan.
Adibidez, zergatik sortzen dut Jazminen pertsonaia? Ez du pisu handirik, ez presentzia handirik ere, baina korapilo bat askatzeko behar nuen pertsonaia hori! Denek behar zuten justifikazio bat. Altzari bat muntatzea bezala izan da: muntatzen duzu altzari bat etxean, eta, bat-batean, pieza bat sobran! Zerbait gaizki egina duzun seinale, zeren ez baitizute piezarik sobran ematen... Nobela, hastapenean, luzeagoa zen argitaratu dena baino, baina arriskua zen eszena bat kentzea, edo hari-mutur bat moztea, edo pertsonaia bat ezabatzea... eta etxea goitik behera erortzea! Nobelan, gauza bakoitzak beste gauza bati eusten dio. Eta aipatu baituzu arkitektura, orain ez naiz gai arkitektura lan hori nola egin dudan esateko. Kar, kar... Baina esaten ahal dut eskema anitz, gezi anitz egin ditudala, segurtatzeko hari guztiak momentu batean juntatzen direla.

Hamaika gai dira liburuko orrialdeetan, gaur eguneko gizarte auziak ez gutxi. Ez dakit batere utzi duzun kanpoan...
Segur aski, bai! Badira gai anitz ukitu ez ditudanak, eta, bestalde, badira anitz pasarte kendu ditudanak: presoen hurbilketari buruz-eta egindako gogoetaren bat, edo euskal kantuak aipatzen ziren pasartea, Anje Duhalderen Amnistiaren dema edo Etzakiten “...lehenbailehen ekarri behar dira presoak Euskal Herrira..” [Gurekin]... Eta zenbat urte pasatu ditugu kantu horiek kantatzen, pentsatuz berehala izanen zela hori? Eta pasatu dira hogeita hamar urte eta ez da halakorik gertatu. Esan nahi dut bazela halako pasarte bat, baina ken zitekeen, liburuari kalterik egin gabe, eta kendu nuen. Eta beste gauza anitz, burutik pasatu ez zaizkidanak, ez ditut aipatu, den-dena ez da aipatzen ahal, denarentzat ez da lekurik. Gainerakoan, pertsonaiak Euskal Herrian bizi dira, eta Euskal Herrian gertatzen den fikziozko gatazka bat kontatzen du liburuak, eta hor, nahi ala ez, testu inguru horretako elementuak gurutzatzen dira, eta naturala izan da horiei leku ematea.

Eskutik helduta eraman gaituzu irakurleok, kapitulurik kapitulu, amaiera arte.
Irakurlearengan pentsatuta idatzi dut beti liburua. Nahi nuen irakurleak kapitulu bat irakurri eta hurrengo kapitulua irakurtzeko gogoa izatea, atal bakoitzean jakin-mina piztuz. Haria sinpleegia izan balitz, jakin-mina ere ez zen handia izanen, eta, beraz, hariak konplikatua behar zuen izan, hein batean konplikatua, pista faltsuak ere eman... Inportanteena zen, hala ere, hari-mutur anitz irekita ere, denak korapilo batean biltzea. Hari mutur denek zuten justifikazio bat behar liburu honetan.

Irakurlearengan pentsatuta idatzi duzula esan diguzu, zein irakurle?
Irakurlego zabala. Nire ikasle izandakoa, adin guztietako jendea... Hori ere izan dut buruhaustea: ez nuen liburu errazegi bat egin nahi, baina ezta zailegia ere. Bien arteko orekaren bila ibili naiz. Irakurleari ez zaio irakurketa sobera erraztu behar –ez da tontotzat ere hartu behar–, baina sobera konplikatu ere ez, zeren irakurtzea plazerez egiten da, lanetik landa irakurtzen dugu, burua akitua denean eta pausatu nahi dugunean... Plazer bat izan behar da irakurtzea, eta nik hori nahi nuen, liburua irakurtzea plazera izatea, eta ez buruhaustea. Baina plazer izateko ere ez du sinpleegia izan behar. Konparatu izan dut liburu honetako trama sudoku bat egitearekin. Momentu batetik aitzina sudoku errazak aspertu egiten zaitu, eta orduan nahi izaten duzu sudoku zailena egin. Berdin da gurutzegramekin. Hori ere kontuan izan dut.

Zein duzu euskara moldea? Estandarra baliatu duzu, baina badu kolorerik.
Orekaren bila ibili naiz. Euskal Herri osoko irakurleak nituen buruan. Nik idatzia da liburua eta, beraz, ez nintzen hasiko gipuzkeraz idazten, ez euskara oso estandarrean ere, baina ezta bakarrik Ipar Euskal Herrian ulertuko litzatekeen euskara estilo batean. Oreka. Euskara batuan idatzia den liburua duzu, baina lexikoz eta esamoldez Nafarroa Beherean erabiltzen den euskaraz osatu dut. Eta, betiere, ulergarritasunari traba sobera ezarri gabe.

Noiz eman zenuen amaitutzat eleberria?
Hori garbi erantzuten ahal dut: 2021eko udazkenean. Ordurako kasik fini zen. Uste dut 2018an hasi nintzela serioski liburu honetako lanean. Oporraldiak-eta horretan ematen nituen, zenbait ibilaldi ere bai, eta 2021eko uda finitzerako idatzia zen liburua... Edo, beharbada, lehenago ere bai. Baina idatzi eta gero, behin eta berriz irakurri dut liburua, behin eta berriz, eta gauza txiki batzuk aldatu beti. 2021ean azken irakurraldia egin nion lanari, Renon [Nevada, AEB] nintzenean, arratsetan, etxera biltzen nintzenean: dena xeheki irakurri, utzi, eta bukatu behar nuela pentsatu nuen, bestela ez zen sekula bukatuko. Eta noizbait bukatu behar zuen, gerta zitekeen garaia pasatzea ere, eta nik garaikidea nahi nuen, sobera denbora pasatzen uzten banuen, bitartean pertsonaia batzuk “hil” zitezkeen. Eta bukatu, eta bidali nion Xabier Mendigureni [Elkarreko editore], “Baina honek balio du?”, ene baitan, “Edo kaka-meta bat da?”. Duda horrekin igorri nion, eta erantzuna pozgarria izan zen, gustatu zitzaiola erran zidan, publikatzeko gogoa erakutsi zidan. Baina, hastapenean, “Beharbada nehork ez du publikatuko nahi!”, pentsatu nuen ene baitan.

Eta hainbat saiakera argitaratu ondoren, fikzioa ekarri diguzu...
Egia da urte askoan literatura idaztea zokoratua izan dudala. Ez dut proiektu hau sekula abandonatu guztiz. 2005ean hasi nintzen eskema batekin, banituen orrialde frango idatziak!, baina, orduan, Iparretarrak idazteko proposamena etorri zitzaidan. Gai interesgarria zen, eta kazetari lana! Anitz gustatu zitzaidan hura egitea, sakontasunezko kazetaritza zen, eta, aldi berean, aukera eman zidan idazketa ere lantzeko. Ez zen guztiz literarioa baina hein batean, bederen. Gero, Patxarena [Patxa. Besta bai, borroka ere bai, 2010] eskatu zidaten. Hurrena, doktoretza tesia egiten hasi nintzen, aski parentesi luzea nire literatur ibilbidean, eta publikatu zuen Euskaltzaindiak, laburtua, 2013an. Handik bi urtera, Lehen Mundu Gerlaren 100 urteurrenaren harira, saiakera argitaratu nuen. Eta etapa bat itxi zen hor. Iritzi artikulu anitz idazten nuen garai hartan, naziotasun eta lurraldetasun gaietara eraman ninduten haiek, eta aski gogoeta bildurik liburua osatu nuen: Lurraldea eta Herria (2018). Baina beti nuen literaturara itzultzeko gogoa, eta 2018an erabaki nuen literaturari lotuko nintzaiola. Eta hola.

Idazle profesionala ez zarela esan duzu, irakasle zaitugu Mondragon Unibertsitateko Huhezin, baina askok baino gehiago publikatu duzu...
Gure lanbideak markatzen digu denbora, eta laneko denboratik aparte beti izan ditut liburu proiektuak buruan, eta horrek perspektiba ematen dit. Bichta éder, adibidez, 2021eko udazkenean entregatu nuen, eta, orain beste proiektu batzuk baditut esku artean.

Miel A Elustondo – zaldi ero
Eneko Bidegain Aire
“Aski ohikoa da euskarazko izena ematea lekuei, eta lekuei bakarrik, hortik aitzina euskarari ez baitzaio lekurik ematen”
Entresaka
“Inportanteena zen, hari-mutur anitz irekita ere, denak korapilo batean biltzea”
Entresaka
“Batuan idatzi dut, baina lexikoz eta esamoldez Nafarroa Beherean erabiltzen den euskaraz osatu dut”
Entresaka