Elkarrizketa :: ANE LABAKA 2023/05/25

«Nobelak edo saiakerak idazten dituztenei ez diete inoiz galdetzen zergatik idazten dituzten nobelak edo saiakerak»

Aintzane Usandizaga Lopezek (Lasarte-Oria, 1988) maite-maitea du literatura. Artearen Historia ikasi zuen eta kultur kudeaketan zein arte bitartekaritzan jardun du. Helduentzako Kabitu ezina (Elkar, 2019) ipuin-liburua eta umeentzako Etxe honetan (Pamiela, 2019) idatzi ditu. Azken hau Gaston ilustratzailearekin batera egindako albuma da, Etxepare Saria irabazi zuena. Esther Ferrer eta denbora (Pamiela, 2022) album ilustratua ere ondu du Aran Santamariarekin. Martxoaren azkenetan argitaratu zuen bere bigarren narrazio-liburua: Zomorrotu (Elkar, 2023).

Ez da denbora asko igaro Zomorrotu argitaratu zenetik. Ajerik utzi al dizu zeuk zeure kasa horrenbeste landutakoa guztien eskura jartzeak? Nola bizi izan duzu plazaratzea?

Liburu honekin gertatu zait ajearen zati bat behintzat argitaratu aurretik pasatu dudala. Nahiko prozesu luzea izan zen niretzat eta hainbat krisi izan nituen bidean, itxialdia tarteko. Momentu batean gainezka egin nuen; edo orain ateratzen da edo ez da sekula ateratzen. Itxarotea tokatu zitzaidan, hala ere, argitaletxeak lanez lepo zeudelako. Kasu honetan, on egin dit itxaronaldiak. Beste gauza batzuk idazten hasi nintzen, liburutik askatzen... “Oraintxe ez dut liburuaz ezer jakin nahi” fasea aurretik pasa dudala iruditzen zait, atera zenerako distantzia bat hartua nuela jada liburuarekiko. Errealistagoa naiz, bere alde on eta ez hain onak onartzen dizkiot, eta, beraz, erosoago nago.

Behin aipatu zenidan zu ez zarela idazle sentitzen, baina idatzi idazten duzu... Orduan, izan bazara idazlea, ezta?

Buelta asko eman dizkiot gai honi. Lehenago ez bezala, orain eroso nago idazle deitzen didatenean. Gehiago da zer karga jartzen zaion hitz horri. Ohartu naiz idazleen artean ere denetariko jendea dagoela; batzuk plazandre edo plazagizonak dira eta beste batzuk ez horrenbeste, beste batzuk pixkanaka ikasten dugu publikotasun horretan mugitzen… Ni hasi naiz pixka bat deseraikitzen hitzaren zama –intelektualarena, jenioarena…– eta pentsatzen idazlea izatea dela, batetik, idaztea eta, bestetik, asko irakurtzea, literaturarekin emozionatzea zure lagun “normalek” ulertzen ez duten modu batean eta istorioak buruan bueltaka izatea, ez bakarrik eserita eta idazten pasatzen dituzun orduetan. Zentzu horretan, nik uste esan dezakedala idazlea naizela eta seguraski beti izan naizela.

Zerbait aldatu al da lehenengo narrazio-liburutik bigarrenera? Nolakoa izan da bilakaera?

Lehenengo liburua modu inkontzienteagoan idatzi nuen, batez ere hasieran ez nekielako liburu bat izango zela. Gero, publiko egin zenean, beldurrak etorri ziren eta hain famatua den “iruzurgilearen sindromea”. Bigarrenarekin, prozesuan izan ditudan trabak bestelakoak izan dira erabat. Uste dut sartu naizela gehiago liburuan egin nahi nuen erronka baten aurrean jarriz. Gogoa neukan egitura zehatz batekin borrokatzeko, jakinda agian ez zela aterako, eta horretan saiatu naiz. Ez nuen berriro berdina idatzi nahi, zailtasun txiki batzuk behintzat jarri nahi nizkion neure buruari. Horrekin batera, uste dut liburu honetan askoz ere diziplinatuagoa izan naizela. Nik uste eskaini diodan denborak eta idazteko moduak testuaren kalitatean ere asko lagundu dutela. Pasarteren bat kentzeko denbora bat beratzen uzteak, adibidez.

Oraingoan erosoago irten naiz plazara. Lehenengo liburuarekin ez neukan hainbeste lagun literatura munduan. Lehenengotik bigarrenera adiskidetasun sendoagoak sortu dira eta horrek asko lagundu dit bai prozesuan bai eta baita gerora plazarakoan ere. Kanpo begirada bat baino gehiago izateak asko laguntzen du, nire ustez.

Idazlearen lana lan bakartitzat hartu izan da sarri. Nola bizi duzu zuk? Liburuaren eskertzetan adierazten duzunez, izan dituzu ezinbesteko konplize batzuk ere bidean.

Liburu bat idazteko sare literarioa nahiz sare humanoa guztiz beharrezkoak direla iruditzen zait. Idazketa lan bakartia dela mito bat baino ez da, jenioaren mitoari estuki lotzen zaiona. Artean ere pasatzen da, garai bateko jenioez hitz egiten denean. Asko jenioak ziren beste norbaitek egiten zielako dena; ez kezkatu fakturez, ez kezkatu umeez, ez kezkatu etxeaz, zuk bakarrik egin zurea. Berezko gaitasun bat ere egongo da hor baina ea zeinek daukan luxu hori, ezta? Orduan nik uste inoiz ez duzula bakarrik idazten. Noski zaudela zu eta zure burua eta zure ordenagailua ordu asko eta hori kudeatzen jakin egin behar da, baina hain justu ere horregatik, logistikarekin lagunduko dizuten pisukide, lagun, bikote edo dena delakoak behar dituzu ondoan, zure gorabehera animikoetan ere babestuko zaituztenak. Ni behintzat idazten burubelarri nagoenetan oso zomorro bihurtzen naiz. Ez da ezer txarra, baina ez zaude hain presente. Zure errealitate paralelo horretan zaude.

Are gehiago, sarea beste modu batera ulertuta, ni seguraski ez nintzen plazara irteten ausartuko ez banitu aurrez entzun Uxue Alberdi, Danele Sarriugarte eta beste batzuk plazak dakarren zamaz hitz egiten. Ez da bakarrik zure sare inmediatoa, belaunaldien arteko sare bat ere bada, emakumeon kasuan behintzat.

Eta gizonen kasuan?

Gizonen sareak ere badaude, noski. Euskal argitaletxe askok sorreratik bertatik izan dituzte oinarrian gizonezkoen sareak, baina horretaz ez da horrenbeste hitz egiten. Badirudi berezkoa dela, emana datorren zerbait. Guk josi egin behar izan ditugu sareak, modu kontziente batean bilatu eta politizatu. Gizonen artean ere badaude sareak baina guk behar gehiago sentitzen dugula esango nuke. Beharra ez bakarrik saretzeko baizik eta sare hori beste batzuentzat ere ikusgarri egiteko.

«Liburu bat idazteko sare literarioa nahiz sare humanoa guztiz beharrezkoak direla iruditzen zait.»

Zergatik idazten dituzu ipuinak?

Galdera honek grazia egiten dit zeren eta nobelak edo saiakerak idazten dituztenei ez diete inoiz galdetzen zergatik idazten dituzten nobelak edo saiakerak. Badirudi genero batzuk idaztea naturala dela eta besteen alde egitea ez horrenbeste. Nik beti erantzuten dut ipuinak asko gustatzen zaizkidala, eta hala da, baina nobelak eta saiakerak eta antzerkia ere asko gustatzen zaizkit. Orduan pentsatzen dut ipuinaren estrukturak baduela zerbait asko erakartzen nauena. Errelato fragmentatuak, elipsiak, osatu beharrak… asko gustatzen zaizkit irakurle bezala ere. Badaude horrelako nobelak baina nik uste ipuinetan ohikoagoa dela horrela idaztea. Idazle bezala ere gustatu egiten zait jolas hori. Kendu-lan handia egiten dut. Asko gustatzen zait prozesu hori non soberan dagoena kentzen duzun eta, adibidez, pertsonaia bat definitu behar duzun lau ezaugarrirekin bakarrik eta erabakitzen duzun zein lau ezaugarri diren. Prozesu horiek gustatzen zaizkit asko eta nik uste horregatik jotzen dudala ipuinetara.

Zomorro-mozorro hitz-jokoa eraman duzu izenburura. Zer adierazi nahi zenuen? Hasieratik zenuen argi izenburua?

Izenburu asko dauzka liburuak; ipuin bakoitzaren izenburua gehi azpi-izenburu asko ipuin bakoitzean. Horiek joan ziren ateratzen nahiko modu naturalean. Niri izenburuak jartzea asko kostatzen zait eta, gainera, garrantzia ematen diet, baina oraingoan horrela eskatzen zidan, seguraski izaera fragmentario horren osagarri bezala. Izenburu orokorra jartzeko unea iritsi zenean asko kosta zitzaidan. Idazten hasten naizenean saiatzen naiz beti behin-behineko izenburu bat jartzen testuari eta gero aldatzen joaten da. Eduki zituen bi lehenago eta hirugarren hau ere behin-behinekotzat nuen baina denborarekin gustatu egin zitzaidan. Gustatzen zait, batez ere, adiera asko dauzkalako. Zomorroa bera bakarrik izan daiteke mamua, izan daiteke mozorroa, izan daiteke intsektua... eta zomorrotu aditz bihurtuta guk beti erabili izan dugu zure baitara bildu eta isolatzearekin lotuta, bakartzearekin. Pertsona xomorroa da pixka bat arraroa dena, bere kabuz ibiltzen dena. Beste euskalki batzuetan zomorrotu mozorrotu da; zomorroa edo mozorroa jarri eta beste zerbait bihurtu. Gainera, ipuin batean bi pertsonaik beste esanahi bat ematen diote zomorrotzeari.

Liburu honetan egitura izan duzu erronkatzat. Unibertso oso bat aurkezten duzu txatalka, eta unibertso horren zatiak poliki-poliki ezagutuz joango da irakurlea. Egitura ere hasieratik pentsatuta zenuen? Zein izan zen lehenengo hazia? Nondik hasi zinen?

Uste dut bi hasiera momentu daudela. Aurrenekoa ez nekien hasiera zenik ere. Aurreko liburuaren maketa zuzentzen nenbilela eszena solte bat idatzi nuen, eta liburuan zama berezirik ez daukan eszena bat da orain. Ugutz eta Kali –une horretan Kali ez zen Kali– elkarrekin oheratu dira, eta bietako batek liburu bat hartzen du eta ikusten du bi orri-aurkitzaile dauzkala. Eszena hori idatzi nuen duela lau urte edo eta hor gelditu zen. Beranduago, horrekin loturarik gabe printzipioz, L ipuina idatzi nuen eta hor ikusten nituen pertsonaia batzuk bide gehiago eskatzen zidatenak. Orduan hasi nintzen pentsatzen baneukala gogoa istorioak kateatzeko eta, batez ere, pertsonaia berdinak eta gertaera berdinak ikuspegi desberdinetatik lantzeko, eta izan zedila irakurlea bere iritzia osatuko zuena, egunerokoan gertatu ohi den bezala.

Ordenari buelta asko emango zenizkion, ezta? Badirudi asko neurtu duzula pertsonaia bakoitzari buruzko zer, zenbateraino eta zein momentutan kontatu.

Nik ipuin liburu bat dela defendatzen dut beti. Egia esan, generoa etiketatzea ere gehiago da industriaren behar bat gurea baino, baina zuk esan duzun hori da seguraski nobelara gehien gerturatzen duen ezaugarria. Ipuinen ordena aldatu nuen behin baino gehiagotan eta horrek ipuinak aldatzea eskatzen zidan nahitaez. Informazioaren dosifikazioa neurtu behar nuen aldiro; zein pertsonaia errebelatu nahi nuen, zein momentutan, zein mozorro geruza erakutsi nahi nituen… eta ipuinen ordena aldatzen nuen bakoitzean hori guztia aldatu behar nuen.

Elkarrizketa asko agertzen dira liburuan. Hautu bat izan al da? Aurretik gidoilari gisa lan egin izanak izan ote du eraginik?

Ez nuen aurrez planteatu horrela egiterik. Uste dut idatzi ahala eskatzen zidala horrela egitea helburua zelako pertsonaia bakoitzak testuinguru desberdinetan nola jokatzen duen erakustea. Gero hori lortzea oso zaila da. Dialogoak modu sinesgarri batean idaztea oso zaila da nire ustez. Ziurrenik eragina izango du gidoilari bezala egindako lanak ere, baliteke. Digresioak asko gustatzen zaizkit irakurle bezala ere baina iruditzen zait beti barne-hausnarketetara mugatzen bagara ez dela modu berean ikusten pertsonaia eta batez ere pertsonaiaren alde soziala. Gainera, uste dut digresioetan agertzen dela gehien egilea, gure hausnarketak, etab. Ez duela zertan, ez? Badaude digresio batzuk ez daukatenak egilearen pentsamoldearekin zerikusirik. Bestalde, pertsonaia desberdinak irudikatzen saiatzen ari nintzen eta batzuk agian joera handia izango dute barne-monologoetarako baina beste batzuk agian ez.

«Dialogoak modu sinesgarri batean idaztea oso zaila da.»

Harreman mota desberdinak irudikatu dituzu: gurasoen artekoak, maitasun harremanak, kuadrilla eta lagun artekoak…

Nire obsesio handiena da seguraski; ondoan daukagunaren arabera jokaera nola aldatzen dugun. Uste dut modu jakin batekoak garela segun eta zeinekin gauden edo zeinekin harremantzen garen; ez garelako berdinak lagunekin edo lanean, edo gure maitalearekin edo gure amaginarrebarekin. Nik ezin dut ulertu pertsonaia baten izaera osoa bere harremanak ulertu gabe. Asko kostatzen zait. Horregatik da liburu honen helburua konexio horiek azaleratzea.

Pertsonaia asko agertzen dira. Nabarmena da keinuak, hitz egiteko moduak… harrapatzeko saiakera egin duzula. Behaketa lanik egin al duzu?

Nik uste berez fijatzen naizela asko. Badaukat buruan horrelako biltegi moduko bat, informazioz betetzen eta betetzen joan dena eta gero ez naiz gogoratzen nondik datorkidan zer. Badaude idazle batzuk izugarri zehatzak direnak horretan, ni ez. Pertsonaia mota bat izango dut buruan akaso eta biltegi horretatik erreskatatuko dut pertsonaia horrentzako moduko keinuren bat. Adimen artifizialaren antzeratsu, nolabait esateko, datu pila bat gordetzen ditut eta existitzen ez direnak sortzen ditut baina aurretik jaso dudan informaziotik.

Nolako pertsonaiak dira liburukoak?

Oso pertsonaia arruntak dira; identifikagarriak. Batzuetan badirudi zuk ez daukazula zerikusirik ez dakit zer pertsonaiarekin ez daukazulako bere bizimodu berdina baina sentsazio batzuk partekatuak dira. Gaztaroaren eta helduaroaren arteko trantsizioan kokatzen dira, erabaki dutenaren eta erabakitzeke dutenaren artean. Badirudi heltzea ilusioei amore ematea dela hein batean. Esaten da berrogei urteko krisia dela bizitza honetan egin nahiko zenituzkeen gauza guztiak ez dituzula egingo onartzea dela. Badago hori onartzetik. Hala ere, badago borroka edo tentsio bat ere: agian guztiak ez baina batzuk bai, ezta? Eta ilusio horiei eustearena. Ilusioak eta entusiasmoak eta zerbaiti ehuneko ehun eskaintzeak oso zaurgarri egiten zaitu ze gero ez bada ondo ateratzen… Orduan pertsonaiak talka horretan daude: eroso geratu edo arrikastu. Nik uste gazteak garenean pentsatzen dugula beti iritsiko dela momentu bat listo, geltoki finko bat, eta listo hori ez da existitzen.

Liburua lehen aldiz irakurri nuenean aipatu nizun emozio falta moduko bat sumatzen niola, halako “hoztasun” bat transmititzen zidala. Idazkera analitikoagatik izan daiteke; distantziagatik. Zuk ere hala ikusten duzu?

Aurrez aipatu bezala, pertsonaiak esaten dutenaren eta egiten dutenaren bitartez soilik ezagutzen ditugu. Ez digute agian beraien emozioez hitz egiten eta, gainera, asko ari dira beraien emozioak erreprimitu nahian, zaurgarritasunari beldurra diotelako. Posible da hortik hoztasun bat jasotzea. Sorkun, adibidez, bere ilusio eta egitasmo guztiak giltzapetuko dituela erabaki duen pertsonaia bat da. Ez dago desgarrotik hitz egiten duen inor; denak ari dira kontentzio ariketa betean. Egia da batzuk lehertzen direla momenturen batean baina denak ari dira saiakera horretan. Gainera, posible da liburu honetan nire begirada analitikoagoa izatea bost ahotsen arteko oreka mantentzen saiatu naizelako. Idazterakoan pertsonaia batzuk zugandik hurbilago egon daitezke eta beste batzuk urrutiago. Ondorioz, nire ariketa eta erronka izan da ez izatea onberaegia batzuekin eta gaiztoegia besteekin. Tentazio bat da batzuei egurra ematea eta besteei ez horrenbeste. Horregatik saiatu naiz argi-ilunak orekatzen, beti lortu ez dudan arren, eta horretarako ere distantzia bat hartu dut. Izan daiteke. Oso interesgarria iruditzen zait.

«Pertsonaia asko ari dira beraien emozioak erreprimitu nahian zaurgarritasunari beldurra diotelako.»

ANE LABAKA
«Liburu bat idazteko sare literarioa nahiz sare humanoa guztiz beharrezkoak direla iruditzen zait.»
Entresaka
«Dialogoak modu sinesgarri batean idaztea oso zaila da.»
Entresaka
«Pertsonaia asko ari dira beraien emozioak erreprimitu nahian zaurgarritasunari beldurra diotelako.»
Entresaka