Elkarrizketa :: miel a elustondo – zaldi ero 2022/09/12
Koldo Alijostes

«‘Bizitzak’ ez da gure familiaren biografia bakarrik, historia liburu bat ere bada»

Urte eta erdi da Bizitzak argitaratu zela. Han eta hemen aurkeztu izan duzu, irakurri ere du hainbatek. Zer dio irakurleak?

Gustatu zaiola. Azken finean, kontu zaharrak kontatu ditut. Gauzak ahaztu egin zaizkigu, baina hortxe daude. Amezketan, adibidez, liburuan aipatzen ditudan hainbaten seme-alabekin hitz egin dut, irakurri dute liburua eta hunkituta daude. Adineko jendearentzat, berriz, garai bateko bizitzan berriz murgiltzea izan da, oroitzapenen mundura sartzea, une bereziak berriz bizitzea, ze kontuan hartu behar da oso garai bereziak izan zirela.

Garai bereziak, diozu.

Frankismo garaia, alegia. Baina esan beharrik ez dago hortxe dagoela gerra ere, azkeneko gerra Euskal Herrian. Historian zehar gerraz gerra ibili gara hemen, baina 1936koa dugu azkena: jende asko hil zen, askok erbesteratu behar izan zuen, jendeak gosea ezagutu zuen… Hitz batean, sufrimendu handiko garaia. Espainiako Errepublikak egindako zenbait aurrerapenen bukaera ekarri zuen gerrak, hezkuntzan egindako urratsak, burujabetzaren bidean egindakoak… Frankismoa etorri zenean, dena zapuztu zen, kito ordu arteko dena. Nire oroitzapenak frankismo sasoiko errepresioarenak dira, eta, hala ere, nik frankismoaren azkena besterik ez nuen bizi izan. Atera kontuak zer bizitu zuten gure gurasoek, eta nagusiagoek.

Zuk zeure gurasoen eta nagusiago direnen historia bizia biltzen asmatu duzu. Zerk jarri zintuen langintza horretan?

Etxe askotan bezala, gure aita kontalari ona zen, kontatu egiten zuen, asko, eta nik, berriz, aditu. Hain zuzen, liburuan ikuspegi hori ere ageri da, umearen begirada, alegia. Ni hain txikia izanda ere, barruan gelditu zitzaizkidan aitak kontatutako asko eta asko. Izugarria iruditzen zait. Gauza batzuk ahaztu egiten zaizkigu eta beste batzuk, aldiz, barru-barruan gelditzen, grabatuta. Aitari kontuak behin eta berriz entzunda, testimonio hura gorde beharra zegoela pentsatu nuen, eta halaxe grabatu nuen familiaren historia, Euskal Herriaren historia, azken finean.

Noiz hasi zinen grabatzen?

2008 aldera-edo. Batetik, historia gorde nahi nuen; bestetik, gurasoen urrezko ezteiak ospatu. Grabatutakoa-eta erabili, eta gurasoen bizitza osatu, idatzi eta liburuxka bat egin nuen, Bizitzak honek duen egituraren antzekoa erabiliz. Gurasoei zuzenduta zegoenez, bertso batzuk ere sartu nizkion, sentimendu handiagoa erantsi… Hiru ale atera nituen: bata, gurasoei oparitu nien; bestea, anaiari; hirugarrena, neuretzat gorde nuen. Oso gauza polita izan zen: beren bizitza paperean idatzita ikusi zuten! Hala ere, gurasoak ez ziren ikasiak, ez ziren eskolatuak: hamahiru urte arte ikasi, eta lanean hasi ziren. Aitak, dena den, bazuen kezka –gizarte gaiak, Euskal Herriari buruzkoak… hortxe zituen beti–, liburuak erosteko joera zuen… Eskolatua ez izanda ere, kezka eta interesa zituen, eta bi semeoi transmititu zizkigula esango nuke.

Zenbait garai ere badira zure liburuan: baserritik kalerako garaia eta gerraurrea, batetik, gerraondoa eta diktadura, bestetik.

Gerraurreari buruz, baserri eta herri txikietako bizimodu gogorra azpimarratuko nuke. Abertzaletasun tradizionalaren eta literatura zaharraren bidetik etorri zaigun herri txikiko bizimodu lasai, eder, idealizatu horren kontrakoa, askotan, eta Txomin Agirreren Garoa-ko euskaldun zintzo, langile, kristau eta jatorraren irudiarekin bat ez datorrena. Baserriko bizimodua bestelakoa zen, ez zegoen aurrerapenik, autosufizienteak ziren, ez zuten beste erremediorik ere, baserrian ateratzen zutenetik bizi ziren, egun osoa lanean eman eta gero! Eta hainbestean, baserri-jabea izanez gero!

Ez baitzen zuen kasua izan...

Ez, bada. Gure birraitona, Juan Tomas, XX. mendearen hasieran Leitzako Maieta baserrira ezkondu zen, bertako alaba bat andre hartuta. Lehen umeaz erditzean –gure aitona Martin–, hil zen ama, hil zitzaion andrea gure birraitonari. Zer egin zuen? Bigarren alabarekin ezkondu, baserrian bertan. Maitasunez? Beharrak eraginda?... Hiru ume izan zituzten, baina hirugarrenaz erditzean, ama hil. Bigarren andrea ere hil zitzaion birraitonari. Eta zenbat emakume, eta zenbat ume ere, hiltzen ziren erditzean garai hartan!… Orduan zer? Gure birraitona kanpotik joana zen baserri hartara, bertako bi alabekin ezkondu zen, biak hil zitzaizkion, lau ume zituen ordurako… Baserrian, berriz, semea hazi egin zen, bera zen maiorazkoa, eta esan omen zion: “Juan Tomas, ez daukazu hemen gelditzerik, ezkontzera noa, alde egin behar duzu”. Goian zerua, behean lurra gelditu zen gure birraitona, kale gorrian lau umerekin. Etxe bana inguratu behar izan zuen bere umeentzat, morroi, eta bera ere morroi jarri zen.

Latza.

Gogorra iruditzen zait, eta gogorragoa birraitonak esaten omen zuena… Igandeko meza nagusiaren ondoren elkartzen omen ziren aita eta lau umeak Leitzan, eta esaten omen zien aitak: “Gu oraindik elkartuko gaituk noizbait! Diru pixka bat bildu eta errentan hartuko diagu etxea, denok bilduko gaituk han”. Baina Juan Tomas gazterik hil zen, eta umeak ez ziren berriz inoiz elkartu… Haren semeetako baten kontuak ez dira gozoagoak: osaba Patxi jaso zuten baserrian, aberea balitz bezala tratatu zuten. Gerraurreko giroa, baserrian!

Hobeko dugu, hortaz, ez idealizatu… Nola bizi izan zen gerra zuen etxean?

Gure familian bi aldeak ezagutu zituzten: aitaren aldeko aitona Luis gerrara joan zen –ELAn zebilen–, eta gorriak ikusi zituen. Tolosan paper-fabrika asko zegoen garai hartan, eta gure aitona haietako batean ari zen lanean: postu ona zuen, enkargatua zen. Luisen andrea, gure amona Maria ere –Etxarrikoa, sortzez–, paper-fabrikan ari zen, eta hainbestean ziren, bi umerekin. Gerrak ekarri zituen gabeziekin, berriz, oso estu bizi izan ziren. Amaren aldetik, aitona Martin, Leitzatik Ibarrara etorri zen –nazionalak sartu ondoren, juxtu; han gerra bukatuta, nolabait esateko–, errementari hasi, eta bizimodua atera zuen, gabeziak gorabehera.

Gosearen berri ere ematen duzu liburuan, lekukotasunari zeure aitari jasoa...

Gure aitak askotan esaten zuen gosea pasatu zutela, beti goseak bizi izan zirela. Aitona Luis gerratik itzuli zenean, ez zuten lanean hartu, enkargatua izandakoa zena! Obran hasi behar izan zuen, eta goizean jaiki eta lehenbiziko gauza, leihotik begiratzen omen zuen, ea eguraldiak laguntzen zuen, ze laguntzen ez bazuen ez zegoen lanik. Horrek esan nahi zuen eguraldi txarreko egunetan ez zutela kobratzen, eta larri. Aitak horixe esaten zuen beti, goseak egoten zirela, eta gaztainetara edo egurretara joaten zirela, nondik zer aterako jan ahal izateko.

Gabriel Arestik “Gosetea” poeman idatzi zuena: “Probatu zutenek behintzat, ondo gogoan edukiko dute, hemengo gerra ondoren eta kanpoko gerra bitartean izan zen eskasia, eta probatu ez zutenek, berriz, hola hobe dute”.

Aitak kontatzen zuen bere amak, gure amona Mariak, ezagun bat zuela Amasan –eta Ibarratik Amasara zortzi bat kilometro daude–, bisitan joaten zitzaizkiola, eta aita gustura baino gusturago joaten zela hara amarekin, han taloa ematen ziotelako. Oinez Amasaraino, goseak, taloa jateko pozak! Beste behin, aitak kontatzen zuen leihotik begira zegoela, ikusi zuela Txiki txakurra txorizo-mutur batekin, eta puska bat jan eta bestea etxe aurreko baratza batean zuloa egin eta gorde zuela. Jaitsi omen zen aita baratzara, eman omen zion ostikoa txakurrari, atera zuela txorizo-muturra lurretik eta jan zuela.

Txiki txakurrak badu beste istoriorik ere, liburuan kontatzen duzunez.

Bai: aitona Luis langile-batailoietan ibili eta gero itzuli omen zen gerratik, gerra ondo bukatuta ordurako… Gazteek jakin beharko lukete hori, ezta? Beti gabiltza nazien kontzentrazio-esparruak gora eta behera, presoek gorriak ikusi zituztela, haien tristura eta hau eta beste, hainbeste nobela eta hainbeste oihartzun, eta ez dakigu, aldiz, hemen ere izan zirela kontzentrazio-zelaiak, hainbat jendek ez zuela ez epaiketarik ez ezer izan, gerra galdu zutenek estatuarentzat egin behar izan zutela lan, errepideak egiten, ur-biltegiak, edo dena delakoa. Langile haietako batzuek enpresa pribatu zenbaitentzat jardun zutela lanean. Florentino Perezen aitonak halaxe ibili omen zituen gerrako presoak langile bere enpresan. Musutruk, jakina.

Txiki txakurrarena...

Aitona laurogei kilorekin gerrara joana, berrogeita hamar ez zituela itzuli zen Ibarrara, hezur eta azal. Gurasoen etxera etorri, eta ez aitak ez amak ezagutu omen zuten semea. Baina Txiki txakurra ere atera, eta salto eta salto hasi omen zitzaion gure aitari. Orduantxe jabetu omen ziren gurasoak zarpail hura semea zutela, urteak eta gero etxera itzulia!

Gerraondoan aurrera, 1968an Txabi Etxebarrietaren heriotza dugu mugarri, zuen osaba Eduardo Osa lekuko zuzen zela. Hain zuzen, berak gidatzen zuen Etxebarrieta eta Sarasketa Tolosatik Lazkaora zeramatzan autoa. Aitak zuri kontatua, osaba zenak zuen aitari kontatua. Aranzadi elkarteak zuen osabaren bertsioa baliatu du, besteak beste, gertatua argitzeko.

Bai, eta autopsiaren emaitzek gure osabak esaten zuena berresten dute, bertatik bertara hil zutela Txabi Etxebarrieta, tirokatzerik eta enfrentamendurik gabe. Osaba Eduardok gure aitari kontatu zionez, Etxebarrieta autotik atera, eta pistola ateratzen hasi zen orduko, guardia zibil batek gogor besarkatu zuen, inmobilizatzeko, alegia. Orduan, bigarren guardia zibil batek tiro egin zion, bertatik bertara. Nonbait, beste tiro bat ere egin zion erortzen ari zela. Bigarren tiro konturik ez zuen osabak kontatzen...

Pardines guardia zibilaren eta Etxebarrietaren heriotzen ondotik, betiko errepresioa Tolosaldean, hainbat atxilotze eta beste. Zuen aita ere atxilo hartu zuten, eta zuk zeure begiz ikusi zenuen…

Nik 7 urte izango nituen orduan. Amezketako plazan nengoen. Garoa-k margotzen duen giro eder horietako bat egiten zuen, pilotan ari ziren batzuk frontoian, lasai zeuden beste batzuk… Etorri zen guardia zibilen jeepa, eta gure etxe atarian gelditu zen, frontoiaren pare-parean. Sartu ziren gure etxera, eta aita atera zuten, eskubilurrak lotuta, eta ni hantxe, ondo-ondoan, begira. Aitak ere begiratu egin zidala gogoratzen naiz… Da oroitzapen bat betiko irauten duena.

Ez duzu, haatik, gogoan iltzatua duzun oroitzapen bakarra.

Beste behin, gogorra izan zen, atxilotuko zutela espero zuenez, aitak etxetik alde egin zuen, ehizara zihoan aitzakian; ehiztaria baitzen. Ama, anaia eta hirurok etxean geundela, goizeko orduetan, guardia zibilen bisita. Hura ere izugarria izan zen: hainbeste guardia zibil, hainbeste metraileta eta tri-tra-tro! Etxe guztia errekistatu zuten, baina aita ez zegoen. Joan zirenean –ez zait sekula ahazten–, ohe batean sartu ginen hirurok, hantxe heldu-heldu eginda hirurok. Ez dakit batere lorik egin ote genuen gau hartan. Hura inpresioa! Ume baten buruan josita gelditzen diren gauzak. Kontatzen hasiz gero, beste behin, Tolosako Santa Maria elizan ikurriña jarri zuten. Zer zen hura, ordea! Gaur egun gauza folklorikoa iruditzen zaigu ikurriña han edo hemen jartzea, baina orduan, kanpandorrean ikurriña jarri zutela ikusteak askatasun sentiarazten zuen. Etxetik irten eta aitarekin joan nintzen hura ikustera.

Etxean bildua jaso duzu, eta landu. Besteak beste, informatzaile gehiago ere kontsultatu dituzu, eta lekukotasunak osatu ere dituzu.

Gauzei testuinguru bat eman beharra zegoela iruditu zitzaidan. Nire ustez, Bizitzak ez da gure familiaren biografia bakarrik, historia liburu bat ere bada. Nik ildo pertsonala eta historia uztartu nahi izan ditut. Ildo pertsonaletik abiatuz historia kontatzea oso gauza egokia iruditzen zait, ze horrek historiari gertutasuna ematen dio, benetako bizipenen indarra oso handia da eta. Hala ere, bizipen horiek garai jakin batean gertatuak direnez, historia kontatzeko bide ere ematen dute: gutxitan kontatu diren historiek Historia kontatzen laguntzen dute; Historia ofizialak kontatu ez dituen historiak dira. Orain memoria historikoa esaten dena, alegia, ofizialki kontatu ez dena kontatzea. Historia ofizialak kontatzen ez diren moduan ere gertatu dira gauzak. Jendeari bere ikuspuntu perts ilonala, bere egia kontatzeko aukera ematea inportantea da, txikitik handira jotzea, kontatu ez digutena kontatzea.

Zuk, behintzat, kontatu duzu, eta besteri ere berdin egin dezan gonbit egin diozu liburuan.

Bai, damu dudalako jakin-min edo kezka hau lehenago ez izatea; aitonari ez grabatua, adibidez. Gurasoei entzunda dakizkit kontuok, aitona Luisek gerra garaian bizitakoak, aitona Martin umezurtzarenak, Etxebarrieta eta Sarasketa zihoazen autoa gidatzen zuen osaba Eduardorena… Aitaren eskutik jaso ditut, ez beraien ahotik. Beraien bizitzaz gehiago ez jakin izanaren damua daukat. Gonbit egiteari dagokionez, horixe esan didate liburua irakurri duten askok, beraien familiako kontuak jasotzeko kezkaz jabetu direla eta batzuk hasi direla kontuak biltzen. Familia guztietan dira historiak –horixe du nire liburuak ere giltza–, familia guztietan gertatu dira gauza bereziak, gertaera interesgarriak. Familia bakoitzak berea jasotzea izan behar du helburu. Jasotzen ez bada, gure nagusiak joaten direnean, galdu egingo da historia hori, haizeak eramango du.

Hitz beste eginez, azken hitza eginez, Euskal Herriko mitologiaren jainkoak eta jeinuak liburua egina duzu orain baino lehen, Oroimenaren harra webgunearen sortzaile eta kolaboratzaile zaitugu, esku bete lan beti eta proiektu berriak ere bai tartean?

Bai, ari naiz… Beste ildo bat ere urratu dut, pertsona berezi baten historia, eta haren historiaren bidez, herri baten eta garai baten historia kontatu nahiko nuke. Gustuko dut formatua…

miel a elustondo – zaldi ero
Koldo Alijostes
“Gure aita kontalari ona zen, kontatu egiten zuen, asko, eta nik, berriz, aditu”
Entresaka
“Gutxitan kontatu diren historiek Historia kontatzen laguntzen dute”
Entresaka
“Familia bakoitzak berea jasotzea izan behar du helburu”
Entresaka