Elkarrizketa :: miel a elustondo – zaldi ero 2023/02/16
Ainara Azpiazu Aduriz

«Jendeak talentu izugarria du hemen, baina lagundu ordez zanpatu egiten da»

Ilustratzaile zaildua da, hainbat hedabidetan ageri dira bere lanak, askotarikoak beti. Batean da komikia, bestean liburu bateko marrazkia edota hormatzar handi batean murala. Haatik, Ainara Azpiazu Adurizek bestelako lana ekarri digu oraingoan, nobela grafikoa. Maialen Lujanbioren hiru bertso abiapuntu hartu, eta ondu du Utzi azalari (Dobera, 2022).

Harrigarria iruditu zaizu gu zuregana elkarrizketan etortzea...

Komiki bati buruz elkarrizketa? Uau!

Komikia da, ala nobela grafikoa?

Nobela grafikoa da, komikia da… gauza bera-edo da. Komikiak forma jakin batzuk ditu, Tintinen edo Asterixen komikien album-formatu franko-belga da ohikoa, gauzak egiteko modu bat ezarri zuten komiki haiek. Hala ere, gero, bestelako bideak saiatu zituzten, produktu komertzialagoa egiten ahalegindu ziren, jendeagana gehiago hurbiltzen, formatu txikiagoa erabiltzen, bestelako eduki batzuk lantzen, orrialde gehiagoko lanak publikatzen… eta hortik dator nobela grafiko izena. Irizpide horien arabera, Utzi azalari nobela grafikoa da.

Hasteko, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian Maialen Lujanbiok kantatutako hiru bertso ditugu abiapuntu. Horrekin batera, Dobera elkartearen ekimena. Ondoren, zure lana, asmoa gauzatu duena.

Jexux Eizagirre zen garai hartan Doberako buru, eta, hark, gogoan hartu zituen Maialenen [Lujanbio] bertso horiek. Jexux [Eizagirre] kultur interes handia duen pertsona da, komikizalea ere bada, eta zinemazalea, sormen mundua asko interesatzen zaio, eta hortik etorri zen ideia: “Zerbait egin beharko genuke bertso horiekin!”, esan zidan Jexuxek. Dobera elkarteak hainbat proiektu berezi gauzatu ditu, eta halaxe etorri zen lan hau. “Egingo zenuke komikia?”, galdetu zidatenean, baietz esan nuen. Maialeni [Lujanbio] baimena eskatu, finantzazioa landu, eta etorri zen nire lana.

Hauxe zen bertsoak kantatzeko gaia: “Dena ondo zihoan argia piztu zen arte”. Maialen Lujanbiok, berriz, zenbait pertsona egiten ari diren bidea kantatu zuen, era bateko gorputzarekin sortuagatik ere, beren egiazko identitatea bestela definitzeko lanean ari direnak. Gai horretaz nobela grafikoa egiten hasi zinen garaian, kontziente zinen pertsona horien egoeraz?

Bai, neurri batean, behintzat. Batzuetan ematen du beste planeta bateko jendeaz ari garela, baina trans jendea ez dago gugandik aparte. Bestalde, feminismoaren barruan azken aldian foko gehiago hartzen ari diren gaien artean –gorputz eraikuntza, biolentzia instituzional sexualizatua, arrazakeria…–, dago transexualitatea. Betidanik hor egon den eta ikusia izan ez den errealitate bat da. Banuen sakontzeko nahia, eta lan honek horretarako aukera eman dit.

Erraz jardun duzu lanean?

Ez, erraz ez. Egoera zaurgarrian dagoen pertsona baten historia kontatzea inoiz ez da erraza. Delikatua izan behar duzu. Erantzunkizun bat da. Erraza da sofan eroso eserita honetaz edo hartaz jardutea, baina besterik da ezer egin nahi duzunean, baina serio egin. Nire kasuan, Hernaniko Loratuz lotu elkartekoekin jarri nintzen harremanetan, hainbat gauza irakurri nituen, trans jendearekin hitz egin nuen… Egoera honetan bizi izandako jendearekin hitz egin beharra neukan, narrazioaren protagonistekin, alegia. Hurbiletik kontatu nahi nuen, abstrakzio hutsean ez gelditzeko. Konkreziora jo behar nuen…

Eta horra konkrezioa liburuan, zenbait atalen bidez zehazturik: Elene, Mikel, Behatu, Jantzi, Azala, Erantzi, Aldatu…

Hari bat behar nuen, atal batzuk, eta atalak lotuko zituen elementu bat, metafora bat, trans izatearen irudia izan zitekeena. Eta, horretan, irudi hori sugea izatea erabaki nuen, azala aldatzen duen izaki biziduna. Azal hitzak ere garrantzia du Maialenen [Lujanbio] bertso horietan, potentzialtasun handia ere badu hitz horrek, eta uste nuen hortxe behar zuela, bistara. Horrelaxe jo nuen sugea aukeratzera, eta azala, edota larruazala, aldatzea liburuko atal bakoitzean agertzera. Hari horrek historia kontatzeko balio zezakeela iruditu zitzaidan…

Horixe izango zen zailena, ala?

Bai. Bestalde, hortxe nituen bertsoak ere, eta haiek non jarri erabaki behar nuen: hasieran, amaieran, tartean... Bertsoak hartu, eta ondoren etorri daitekeena kontatu behar nuen? Hori oso ur handietan sartzea zatekeen. Izan zitekeen hasieratik kolpea jotzea, baina nola eutsi lehen kolpearen intentsitateari? Orduan, bertsoak amaieran jartzea pentsatu nuen, bertsotan egiten den bezala, bukaeratik hasiko nintzela erabaki nuen. Eta galdera zen, “nola iritsi dira bi pertsonaia hauek egoera honetara?”. Trans pertsonaiaren subjektibitatek garrantzia zuen, jakina, baina baita beste pertsonaiarenak ere. Bigarren honek gizartea errepresentatzen du, haren ezaugarriak, eta beharrezkoa nuen hori ere, liburuko bi pertsonaiak elkartzen direnean “kolpea” gertatu dadin. Halaxe eraiki nituen pertsonaia biak, istorioa nondik kontatu nahi nuen erabaki eta gero.

Zeure eskarmentutik ere jardun duzu...

Nire esperientziak ere kontuan hartzea da ezer kontatzeko modurik hoberena. Horretarako, Arte Ederretako ikasle bat hartu nuen trans pertsonaiatzat, horrek artearekin eta nork bere gorputzaren eraikuntzarekin jostatzeko aukera ematen zidalako. Bestetik, gizonezko cis, hetero, tradizional bat aukeratu nuen, Euskal Herrikoa eta nekazaritza eremukoa, eremu hori gaur egun ertzekoa baita, bazterrekoa, eta horrek sentsibilitate berezia izan lezakeen pertsonaia baliatzeko bidea ematen zidalako.

Nekazari horren aita guztiz da garai batekoa, gizarte tradizionalaren ispilu osoa.

Propio aukeratu dut. Gure izateko modu baten errepresentazioa egin dut pertsonaia horren bidez, molde zurrun horiek-eta, “pulamentua”, “gauzak horrela egiten dira eta kito!”… Beharbada, garai batean, baserriko bizimoduak izateko modu horixe behar zuen, ez zegoen bizirauteko beste modurik. Hortik gatoz, ezta? Hala ere, ez dut inor ez ezer epaitu nahi izan, belaunaldi jakin bat era horretakoa izan dela erakutsi baizik. Ondoko belaunaldiko pertsonaia den horrek askoz zalantza handiagoak ditu, baserritik basora ihes egitea behar du, irakurtzea gustatzen zaio, idaztea, irekiagoa da, eta zalantzak ditu.

Sortze prozesuak berezkoa omen du krisia; uneren bat, bederen. Izan duzu horrelakorik?

Koskak izan dira, bai, dexente, gainera. Hiru-lau urte eman ditut lan hau egiten, ez erabat horri emana, baina denbora, hala ere. Beste zenbait lan tartekatu ditut, hainbat irakurketa egin… eta, beti, zalantzak. “Zeinek agindu ote dit lan honetan hasteak!”. Kontua ez zen nik komiki bat egin nahi nuela, baizik bertso batzuk hartu, gai konplexu bat, eta komikia osatu behar nuela. Inoiz ikusi ez dudan gauza! Alde batetik, horixe pentsatzen nuen, eta, bestetik, aldiz, nire lanean zailtasun horrexek daukala zentzua. Eta halaxe etorri dira koskak. Batzuetan oso katigatuta egon naiz, liburua irakurriko duenak nola hartuko ote duen pentsatzen, ulertuko ote duen esaten ari naizena, edo esan nahi dudana.

Hartzailea gogoan duzu, beraz.

Bai, zeharo kontuan daukat irakurlea. Badakit zein ezaugarri dituen nire komikigintzak: komikigilea naiz, emakumea… eta uste dut propio aukeratu nuela komikigile izatea, komikietan ikusten ez nituen edukiak behar nituelako. Horretan, hartzailerik ez duen komikigilea izan naiz, komikizale askori ez zaizkie-eta nire komikiak gustatzen, zeren komikizaleak gizonezkoak dira gehienetan, eta oso istorio konkretuak gustatzen zaizkie. Askotan esan didate: “Hau arraroa da… Ez zait gustatzen… Ez duzu ezer kontatzen...”. Horrelako asko entzun ditut, eta, beraz, hartzailearengan pentsatu beharra daukat. Badakit minoria batentzat ari naizela, baina nahi nuke minoria hori pixkanaka haziz joatea.

Esan duzu komikietan ikusten ez zenituen edukiak ikusten ez zenituelako zarela komikigile…

Asterixen komikiak hartu, eta: “Zein naiz ni hemen?… Falbala?… Baita zera ere!”. Errepresentazio horiek eguneratu beharra dago, eta komikigintzan ere erakutsi! Bai, hartzailea gogoan hartzen dut, eta Utzi azalari lan honetan ere gogoan izan dut irakurlea. Errespetua erakutsi nahi nien bertsoei eta trans gaiari, eta, bestalde, ikusi nahi nuen ea jende gehiagok irakurtzen dituen komikiak; bertsozale jendeak, besteak beste. Esandakoak esanda, esan behar dut askok, jende askok baino gehiagok, idatzi didala esanez liburua asko gustatu zaiola. Asko poztu nau horrek.

Aho-gustu goxoa utziko zizun horrek…

Bai. Oso jende diferenteak idatzi dit, eta pozik ni. Idatzi didaten batzuk dira bertso mundukoak, beste batzuk literaturakoak, gidoigileak, miresten ditudan ilustratzaileak, komikigileak, liburu honetara feminismotik hurbildu den jendeak ere idatzi dit… Jende askok idatzi dit, askok baino gehiagok, eta denek erakutsi didate, nik zalantzak nituen esparruei dagokienean, lan honek kalitatea duela, eta hori garrantzitsua zait. Irakurri duten den-denei ez zitzaien gustatuko, noski, baina iritzi onak jaso izana estimatzen dut. Lanari begira jarri, eta uste dut ahal nuen ondoena egin nuela. Komikia egitea oso gauza zaila da, eta, esate baterako, gidoia egiteak marrazkiak egiteak baino lan handiagoa eman dit. Bertsoak oinarritzat hartuz nobela grafikoa egitea, hitanoa erabiltzea, gaia behar bezala lantzea… Uste dut nire maila eman dudala.

Soziologia ikasi zenuen, Arte Ederrak ere bai, han eta hemen eta bateko eta besteko aldizkarietan ageri dira zure lan eta kolaborazioak, haur eta gazte literatura liburuak ilustratu dituzu, egin dituzu kartelak, muralak, komikiak… Zein toki dagokio Utzi azalari zure bide horretan?

Tontor txiki bat dela esango nuke, gailurra izan gabe ere. Egia esan, ez dakit inoiz gailurrik lortuko dudan. Ez da nire helburua ere. Ez dut Everest igotzeko asmorik. Adarra mendira (Urnieta) joaten naiz, edo Oinddira (Hernani) eta zoriontsu naiz ttonttor ttiki horietan. Hori esanda ere, esan behar dut Utzi azalari lan pertsonal bat dela, erronka bat izan dela, orain arte kontatu ditudan istorioak baino luzeagoa delako, gidoia ere neuk egin dudalako. Eta horrek pertsonaletik asko du.

Oraindik orain, youtube-n ikusi dugunez, Arrailak lana egin duzu Maite Larburu kantariarekin batera. Utzi azalari hau bezain lan pertsonala, beharbada.

Bai. Hor ere neuk egin dut irudien gidoia, libre utzi naute lanean, eta oso lan pertsonaltzat daukat hori ere. Maite izugarri miresten dut. Artista handia da, bai kantuan, bai musikan, idazten, aktore lanetan… Hitzek indar handia dute berarekin egin dudan horretan, kantuak ere bai, eta lehengai horiek hartu, eta nahi dudana egiten utzi didate; irudiei dagokienez, alegia. Lan hori ere ttonttor ttiki bat dela sentitzen dut. Basoan barna (Txalaparta, 2031) liburua, Hernaniko murala… ttonttor ttikiak ditut, tripetatik atera zaizkidan lanak. Eta horrelaxe egiten segitu nahi nuke. Gailur handiegi edo lan handiegi baten aurrean jarriko banintz, uste dut ezer egiteko gogoa ere galdu egingo nukeela. Gailur bat handiegi ez iruditzeko pizgarri, barruak astintzea izaten da. Orduan indarra berez ateratzen da.

Ilustratzaile zara lanbidez. Zertan da zure langile bizimodua?

Oraintxe krisian sartuta nago. Ez dut horrela jarraitu nahi, eta ez dakit noiz arte iraungo dudan lanean oraingo moduan. Hau ez da bizitzeko modua. Maitasun erromantiko historia bat da gurea. Beti besteri ematen ari gara. Eta, bestalde, egitura juridiko-administratiboa gu etengabe estutzen eta zanpatzen ari da! Gazte nintzenean, ilusio handia neukan. Orain, berriz… Eta, bestalde, sormenak gainezka egiten dit eta ezin sortu gabe egon!

Marra gorriak?

Bai. Nik hiru zutabe ikusten ditut lan batean. Eta horietan marra gorriak daude. Lehena, enkarguaren edukia da. Bigarrena, epea; eta epeari dagokionez, askotan gabiltza korrika eta presaka, eta presaka ez da lan onik egiten. Enkargua egiten duenak batzuetan uste du enkarguarekin berehala jar zaitezkeela, baina noski, zu gaur duela bi hilabete hartutako lanak egiten ari zara, eta denbora bat behar duzu azken horrek eskatu dizuna lanen katean sartzeko. Eta hori ez da erraz ulertzen. Hirugarrena, diru-ordaina, batzuetan aipatu ere egiten ez dena. Edo justifikatu behar duguna, balio dugula erakutsi. Ez da behin bakarrik gertatzen den gauza bat. Eta, azkenean, frustrazioa nagusitzen da. Hamabost urte daramatzat lan honetan, hilero-hilero ordaintzen dut gizarte segurantza, sistemaren arauak betetzen ditut –gustatu ala ez gustatu, betetzen ditut–, baina sistemak nire jarduera txikitu egin nahi duela iruditzen zait, eta lortu duela. Lanak negoziatzeak eta kudeatzeak eskatzen duen energia, sarri, lanak berak behar duena baina handiagoa da. Nire lana marrazten aritzea da, burua forma, kolore eta konposiziotan izatea… askotan horren irrikitan egoten naiz.

Sistemak zure jarduera txikitzea lortu duela esan duzu...

Horixe da sentsazioa. Maitasun erromantikoa? [Administrazioaren aldetik] Sortzaileok tratu txarra jasotzen ari garela iruditzen zait, tratu txar harremana nagusitu dela, eta ez da bizigarria. Administrazioan ere gure jarduna erregistratzea ez da erraza. Nirea, esate baterako, epigrafe jakin baten azpian dago, baina gauza batzuk BEZarekin eta beste batzuk zerga hori gabe fakturatzekoak dira. Eta bien arteko muga ez da zehatza, administrazioaren arauetan ez dagoelako pentsatuta ni bezalako jendea dagoela.

Lan-egoera zailean da euskararen langilea.

Gure lan-egoerari oro har begiratuta, dena da ezegonkor, ez dakigu noiz jasoko dugun hurrengo enkargua, bata egitearekin batera hurrengoaren bila aritu behar dugu. Epeak ondo kalkulatu, diru-sarrerak ere bai, urtea planifikatzen asmatu, fakturak ordaindu baina zureak noiz ordainduko zaizkizun jakin ez… eromena da. Oraintxe dudan sentsazioa da nire betebeharrak fundamentuz betetzeko, neure buruari egin diodala kalte. Nituen kolaborazio finko urriak bukatu zaizkit eta ez dut ezer segururik oraintxe. Ahitu samarra nago. Posible zela sinesten nuen: euskaraz sortzea eta bizimodua ateratzea. Emakume gaztea nintzen, euskalduna, artista, lan asko egiteko prest nengoen… Banekien ez zela erraza izango, eta izugarrizko lana egin dut urte hauetan…. Jendeak talentu handia du, izugarria, Euskal Herrian, baina lagundu ordez, hemen, zanpatu egiten da. Hori ere entzun beharra du gizarteak.

miel a elustondo – zaldi ero
Ainara Azpiazu Aduriz
«Egoera zaurgarrian dagoen pertsona baten historia kontatzea inoiz ez da erraza»
Entresaka
«Nire esperientziak ere kontuan hartzea da ezer kontatzeko modurik hoberena»
Entresaka
«Gidoia egiteak marrazkiak egiteak baino lan handiagoa eman dit»
Entresaka