Elkarrizketa :: miel a elustondo – zaldi ero 2022/02/18

«Idaztea utziko dudanean, hilko naiz»

90 urte handi egitera doa. Bitartean, Bi neska miseria aztertzen (Dakit, 2021) narrazio berria plazaratu digu Txomin Peillen Karrikaburuk (Paris, 1932), eta, aurten berean, bi lan gehiago argitaratzeko gogotan dago: Kristina Bolsward —berrargitalpena—, eta ipuin beltzen bilduma berria.

Txomin Peillenen nobela berriko protagonista nagusia Parisko Eliseo Zelaien gunean jaiotako emakume gaztea dugu: Sofia Rafeli. Zuzenbide ikasketak dituzke eginak, eta epaile izateko asmotan da, doktoregoa eginez. Tesia idazten hasi delarik, aitak inoiz esana hartu du gogoan: «Epaile izateko, eta justizia eskaintzeko, aurrena injustizia zer den ezagutu behar duzu». Eta injustizia zer den —eta, are, miseria beti gorrian den, jendea aztertzeko bidaian, Claudia izango du lagun. Honenbestez, abiarazia da narrazioa...

Zeure hitzak aldatuko dizkizut hona, liburuaren gaiaren aurkezteko baliagarri: «Sendi aberats bateko alaba ikasleak epaile izan nahi du. «La France d’en bas», hots, gizartearen behereko jendeak ezagutu nahi ditu eta, honela, Frantzia iparraldetik hegora eta ekialdera kurrituz, behartsuen leku zenbait ikuskatuko ditu».

«La France d’en bas» duzu kontzeptu bat, jaka horiekin edo lehenago sortutakoa, nahi baduzu. Jaka horiak ere aipagai baititut liburuan. Idatzi dut lan hau, baina ez dut dena behar bezala kontatu. Gauza batzuk galdu ditut, eta idazteko borondatea ere galdu ez gutitan! Bi neska miseria aztertzen lan honetan esaten dut Frantzian gaizki bizi dela jendea, ez denak, bistan dena, baina ehuneko 20-edo. Zenbaki handia da hori. Batzuk, lasai bizi dira; besteak, gaizki edo nolabait. Pobreak dira batzuk, eta miserian dira beste batzuk. Bi gauza ezberdinak baitira txirotasuna eta, hura baino okerragoa, miseria edo miseria gorria, euskaraz askotan erabiltzen den bezala. Txirotasuna eta miseria ez baitira gauza bera. Txirotasunean zarelarik, gauza jakina da, ez zara aberatsa. Alegia, duintasun bat gordetzen duzunean ere, ez zara miserian.

«Txiro zoriontsuak?», egiten duzu galdera zure liburuko ataletako batean.
 
Batzuek onartzen baitute beren txirotasuna! Horixe nahi dute batzuek! Gure etxe ondoan bada market bat, eta hor dira beti eskekoak. Haiekin hitz egin dut nik! Ez dutela lanik egin nahi esaten didate. Eta zertan egin behar dute, bada, lanik? Bazkaria badute eguerdi guziz, eta nahi badute, afaria ere badute. Eta, gero, 400 euro hilean, estatuak emanik. Lana egin? Dirua iristen denean, mozkortzen, mozkortzen eta mozkortzen dira. Eta aurrera! Aurkitzen dute non lo egin, ez dute kanpoan lo egiten. Guti dira kanpoan lo egiten dutenak. Hotzarekin, neguan, haietarik nehor ez da kanpoan lo. Kalean hatxematen dute batak bestea, eta leku berotu batera biltzen dira taldean loaren egiteko. Zakurrak dituzte, ez dutelako sartu nahi haientzako eginak diren etxeetan, baitira etxe sinple batzuk, estatuarenak. Nahi badute han lo egin dezakete, baina ez dute nahi. Zakurra hartzen dute aitzakia, animalia ezin baita leku horietan sartu. Holaxe, gero!
 
Behereko Frantzia eta jende horretaz ari zara zure liburuan. Frantziako errepublikaren erradiografia edo disekzioa osoki egiten duzu hamabi ataletan, arlo bat erakutsiz haietarik bakoitzean: indarkeria matxista, migrariak, justizia sistema, ospitaleetako larrialdiak, nekazari handi eta txikiak, espetxeak, Pariseko legebiltzarra, jaka horiak…,
 
Horiek denak kontatzen ditut, baina dena ez dut asmatua, liburuan badira bizitu ditudanak ere! Adibidez, [Ipar] Euskal Herriko politikariek esanak ere biltzen dira hor! Haiek hitzez hitz esanak ere baliatu ditut liburuan! Haiek frantsesez mintzatzen baitira, itzuli ditut haien hitzak euskarara: hor dira bateko diputatua, besteko senataria, Baionako auzapeza eta denak. Esate baterako, presoen aldeko seminarioa egiten dute Baionan, eta liburuan kontatzen dudana egiaz gertatua da, ez dut asmatu osoki. Publikatu du Jakilea-n giza eskubideen defentsarako batzordearen buletinean, frantsesez. Politikari horietarik bakoitzak zer esan zuen han publikatu dute, eta nik hitzez hitz eman dut. Ez dut asmatu. Liburuan badira hainbat gauza asmatu ez ditudanak, baiki.
 
ETAz eta Euskal Herriaz ere egiten duzu aipurik. Maite H. abokatuaren ahotan zuk nobelan ezarria, adibidez: «Frantzian eta Espainian euskalduna ez da beste herritarren mailakoa, ezen norbaitek gurasoak eta andrea hiltzen baditu ere, ez du zigor osoa betetzen. Aldiz, euskaldunen artean borroka armatua bukatua delarik, bere buruz borroka hori utzi arren, zigorra bete arren ez dira libratzen ETA militarra berpitz lezaketelako».
 
Bai, bi neska horietako bat ez baita frantziarra, jatorri portugesa baitu, batak besteari gure herriaren berri ematen dio. Frantzian hainbat gutiengo baitira, eta horien berri ere eman nahi izan dut, euskaldunen bidez, esaterako. Beharrik, orain Frantziako gutiengoak elkarrekin dabiltza, elkarrekin biltzen eta elkarrekin politika egiten ari. Eman dezagun, hezkuntzan eta mintzairaren alde. Orain, bretainiarrak, euskaldunak, katalanak, kreolak, korsikarrak… batera doaz, ez dute barkatzen ministerioaren aurrean. Egiten duten borroka nahikoa den, besterik da!
 
Jean-Louis Davanti irakurria diot noizbait Enbatan, monarkia presidentzialista dela frantziar errepublika, gero eta botere gehiago dituela presidenteak…
 
Aspaldi idatzi dut hori nik! Frantsesez idatzi ere aldizkari batean. Presidentzialismo hori ere hor da beti, bai.
 
«Behartsuen, eskekoen eta gaizkigileen munduan injustiziaz ikasten ibili naun. Mediku baten gisa ibili nahi ninduken ezin sendatuzko gizarte gaitz horien ondorioak eztituz...». Epaile lanbidea hartu nahi duena zaigu horrela mintzo. Ezin sendatuzkoa da gure gizarte gaitz horiek guztiek joa?
 
Ez da salbamenik. Ikusten duzu neska aberats hori, nobelakoa, jakobinoa zen, jakobino jarraikitzen du. Ez du ulertu herria zer den, ezta miseria zer den ere. Guk «populua» deitzen duguna zer den ez du ulertu… Frantziaren harrokeria apaltzeko, beheratzeko saioa dut liburu hau, nahiz harrokeria hori ez duen liburu batek apaltzen ahal. Harrokeria hori odolean dago, ez da apaltzen, ez aldatzen ere. Hori dut esplikatzen nobelan! Ez dute ikasten, ez dute nahi. [Manuel] Vallsen [Frantziako lehen ministroa 2014-2016] Frantzia nahi dute. Hori nahi zuen Vallsek, eta onartzen zuen horrela nahi zuela. Hor dira beti hark esan zituenak, l’ insertion social eta beste. Gizarteratzea, alegia. Horiekin hitz egin behar da? Ez dakit, bada. Holaxe.
 
90 urte betetzera zoazela argitaratu duzu liburu hau. Ez da gaizki!
 
Hobeki egiten ahal nuen, baina ez nuen gehiago borondaterik. Banituen gauza gehiago kontatzeko, eta idatzia nituen batzuk, baina galdu nuen materiala. Adibidez, ikusi eta entzun nituen Parisen maliar batzuk, mintzatzen. Jo nuen testu bat entzun nuenaz, eta, gero, testua galdu! Galtzen ditut testuak! Batzuetan, berehala konturatzen banaiz, testua buruan, oroimenean daukadala salba dezaket. Gertatu zait 90 orrialde galdu, eta berriro saiatu eta errekuperatzea laurogei! Ez liburu honetan, baina beste batean. Horrela ere galtzen du idazle batek idazten ari den hartaz gehiago idazteko borondatea. Ez idazteko gogoa, hala ere. Bi liburu argitaratu nahi ditut aurten.
 
Bi liburu? Bi neska… hau ez du argitaratu zaharra, eta bi berri orain? Guk irakurri baino arinago idazten eta publikatzen duzu zuk. Ez da erraz zuri jarraikitzen. Gainera, nahi beste argitaletxe igaro dituzu. Editore bat ez duzu inoiz izan.
 
Orain [Sabin] Oregik publikatuko dizkit. Jokin [Apalategi] eta Paulo [Iztueta] izan ditut garai batean editore. Elkar-en, adibidez, pertsona non grata naiz. Ez naiz sekula gonbidatua izan euskal liburu baten aurkezten dutenean. Gonbidatzen dituzte hau eta hura, literaturaz arduratzen ez den jendea, baina ez ni. Nahi dutena esango dizute, baina egin, besterik egiten dute. Jokin [Apalategi] adiskide nuen, gehiegi esan nuen noizbait Elkarrekoei buruz, ez beti kontra, eta ez zaie gustatu. Jokin [Apalategi] haien etsai edo izterbegi bezala hartua baitute. Horrek ez nau lagundu. Askok ez naute lagundu. Kristina Bolsward hori, adibidez, BBKk publikatu zidan [1991], baina ez banatu! Orduan, aurkeztu nuen Ereinen, eta ez zuten argitaratu nahi izan. Aurkeztu nuen Alberdanian, eta ezezkoa. Ez nuen zorterik izan.
 
1989an Euskaltzaindiaren saria jasoa da Kristina Bolsward nobela.
 
Bai, eta orain, berriz, lan astoa egin behar izan dut dena zuzentzen. Eskanerretik pasatu du Oregik, baina akatsez betea atera da. Hizki batzuk eta besteak nahasi ditu makinatzar horrek, eta bi aldiz irakurri eta zuzendu behar izan dut liburua, osoki. Eta 140 orrialde baditu! Modernismoaren gaitzak! Garai hartako grafia eta gomendioak dira ageri liburuan, eta orain bestelakoak dira haiek. Eta nire hutsak ere badira! Joan den mendean idatzia da Kristina Bolsward! Feminismoaren borroka lehenengo erakutsi duen euskarazko liburua da. Ez borroka politikoa, hala ere, baina egunerokoa: emakume batek bere bizitzan egunero jasaten dituenak ageri dira liburu horretan. Baina, esan dut, ez zen banatu. Biltegi batean dago, eta Euskaltzaindian ere badituzte ale batzuk, baina liburua ez da sekula banatu, ez sekula aurkeztu. Eta holaxe.
 
«Holaxe?», hainbat idatzi duzu, hainbeste liburu dituzu argitaratuak, bi gehiago dituzu bidean, neke da zuri segitzea…
 
Gehiegi idatzi dut, beharbada, baina idaztea utziko dudanean, hilko naiz.
 
Hara, bestea! Jon Mirandek ere gisa berean esan zuen azken egunetan, klinikan zelarik…

Bai. Ama hilez geroz [1958], psikastenia zuen Mirandek. Ordudanik eta hil arte, eri zen nerbioetatik, eta lo egiteko arazo gaitzak izan zituen beti. Azken urtean, berriz, Bretainian izan zen, Châtelinen, hara eraman baitzuen bere lagun Golvenn Pennaodek, Guy Etienne Abanna psikiatrarenera. Hark galdetu ziolarik zer egin nahi zuen, zer zukeen bizigarria, Mirandek «idaztea» erantzun zuen. Sendagileak, orduan: «Idatz ezazu». Eta Jon Mirandek: «Ezin dut, ez du balio bizitzeak».

Aurten dira 50 urte hil zela. Jon Mirande, alegia. Nola atxiki behar dugu gogoan Mirande?
 
Bada gutun bat Koldo Mitxelenak niri Salamankatik igorria —Jon Mirande hil eta laster—, eta han Mitxelenak esaten zuen Mirande hasi zela, lehenik, gerla ondoan, bide berriak urratzen. Gero, hori ikusi dut Patri Urkizuk erreproduzitu zuela Gauaz parke batean liburuaren sarreran, aipu gisa. Nik, bestalde, beti esan dut Jon Mirande ez dugula ez behar baino gorago eta ez apalago ezarri behar. Eta holaxe... Eta zuk, irakurri duzu El imaginario en las creencias populares y cultas nire liburua? [Dakit, 2020] Beste bat ere egin nuen, Baloreak Euskal Herrian eta beste gizarteetan [Utriusque Vasconiae, 2005], filosofia kutsuko liburua. Egin nuen, baina ez zen oihartzunik izan. Inork ez zuen aipatu ere egin…
miel a elustondo – zaldi ero
«Frantzian gaizki bizi da jendearen ehuneko 20-edo. Zenbaki handia da hori»
Entresaka
«Dena ez dut asmatua, liburuan badira bizitu ditudanak ere!»
Entresaka
«Frantziaren harrokeria beheratzeko saioa dut liburu hau, nahiz harrokeria hori ez duen liburu batek apaltzen ahal»
Entresaka