«Gurean ere, gertatu direnak gertatu dira eta hala etorri gara gaurko egunera»
‘Axularren gerizapean’ ekarri zigun iaz Durangoko hitzordurako Kepa Altonagak, kate gero baino gero luzeago baten begia. Folin markesarenak kontatzen hasi zenetik (1990), Armand David, Etxepare medikua, Arnaut Abadia... gidari hartu eta hamaika bide eder ibilarazi dizkigu, euskararen parnasoko hainbat idazle ezagutarazi, prosa inbidiagarria erakutsi. Altonagak horixe baitu helburu, prosarako eredua, irakurleari testu atsegin eta gustagarriak eskainirik beti. Edo gehienetan.
Axularren gerizapean, irakurtzen hasi, eta lehen pertsonaia, lehen izen ezezaguna: Maurice Souberbielle. Eta, hain zuzen, horixe dugu lehen atalaren izenburua: “Uztaritzeko jaun medikua, eta Aldudekoa”...
Gauza bi gurutzatu dira lan honetan. Axularren gerizapean idaztearekin batera, beste proiektu bat daukat bidean: Maurice Souberbielle, alegia, Uztaritzeko mediku izandakoa, Jean Etxepare hil eta gero Eskualduna astekarian Etxepareren “Osagarriaz” sailaz arduratu zena. Souberbielleren obra ez dago inon bilduta. Garai batean, Arnaut Abadiaren artikulu zoragarriak bildu –zoragarriak baitira–, animalien ingurukoak hartu, eta antologia bat osatu nuen [Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa, Pamiela, 2011]. Idazleari buruzko sarrera substantziatua ere idatzi nuen, merezi zuen moduan. Uste nuen Souberbiellerekin berdin gertatuko zitzaidala, dokumentu gehiago agertuko zitzaizkidala, baina, zoritxarrez, ez da hala gertatu. Lan oso bat ezin Souberbielleri eskaini, nahita ere. Aldiz, aukera eman dit XX. mende-hasierako Lotilandia erakusteko: Uztaritzeko giroa, Edmond Blazy, Jule Gabilondo…
Orduko Euskal Herria, Bidasoaren bi aldeetakoa.
Eta hor dira Souberbielle –mediku kontserbadorea–, eta ondoan, Etxepare, euskal mundu barnetik etorkizunari aurre egin nahi diona. Horrela hasi nintzen, esku artean neuzkan elementuak neurera ekartzen –Etxepare, Argentinako La Vasconia, Unamunorena eta beste argazki batzuk…–, eta kontatzea pentsatu nuen. Baina kronika siku bat idatzi ordez, beste estrategia narratibo bat baliatzea hobetsi nuen. “Eta Kirikiñok honetaz zer esan zuen?”. Eta hari batetik eta bestetik tiraka, eta hainbat gauza lehenago ere irakurrita neuzkala, heldu nintzen mugarri batzuetara: Sarako Axularren eguna, baina baita egun hura baino lehen, lau urte lehenago, Oiartzunen idazleek egindako bazkarira, eta Zornotzakora: aurretiko urratsak, gerora inportante izan direnak. “Sukaldatu” esaten da orain, ezta?
Abiatu, eta hasten zara izenak eta gertariak josten…
Eta horixe da kreazio-lanik nekosoena, piezak buruan dauzkadala, bata bestearekin gardainatzen, mosaikoa osatzea. Eta igual pasatzen ditut hilabeteak pentsatzen, teselak zelan elkarretaratu. Eta hori zelan egin badakidanean, hurrengo momentu txarra-edo izaten da hasierako esaldia erabakitzea, bai liburuarena, bai kapituluarena: lehen esaldiak, askotan, atzetik etorriko denaren tonua markatzen du. Back to Leizarraga-n, adibidez: “Luzaroan ez dut oso gustukoa izan Xabier Amuriza”. Banekien liburuaren hasieran Amuriza nahi nuela, eta amaieran ere, kolofoi, bera nahi nuela.
Eta, idazten hasi zarela, lehen esaldia erabakita, baduzu xederik, ala bidean ibiltzea besterik ez duzu gogoan? Ikerlan detektibeskoan zabiltzala du iduri, aurkikuntzak eginez ari, hipotesiak formulatuz ez gutxitan...
Zer idatzi buruan daukadanean hasten naiz idazten, baina buruan daukadana paperera eramatea ez da erraza, baina ordurako badakizu nondik nora zabiltzan. Tartean ez bazaizu agertzen beste istorioren bat harira datorrena eta dokumentatu nahi duzuna. Nirea ez da idazketa automatikoa, irakurle-klub batean entzun nuenez. Nire kasuan, kolkoan daukat idatzi nahi dudana: hasiera bat, liburuarena, zein, kapituluka, lanaren segida osoa. Hala ere, nire lanetan ere desberdina da protagonista nagusi bat izatea –Etxepare, Folin markesa edo Armand David–, edo ez izatea. Lehen kasuan, bada biografia bat, datu batzuk eman beharrekoak… hor ere izango dira meandroak, ez duzu zertan inoren jaiotza kontatzen hasi, abia zintezke kontatzen Armand David Txinara bidaltzen dutela panda deskubritzera, eta abar.
Hortaz, protagonistarik ez dagoenean meandroak dituzu nagusi?
Horrelako liburuetan tesi bat izaten dut. Hala ere, tesi hitza ez zait larregi gustatzen. Back to Leizarraga [Pamiela, 2015] egin nuenean, adibidez, prosarako eredu bat neukan buruan. Eredua argudiatu nuen, ez modu akademikoan, jakina, besteak beste ni intrusoa naizelako, eta ez ditudalako arlo horretako oinarri teorikoak, baina erabilerak, usaimenak, instintuak, gauza asko erakusten dizkizute, eta nire proposamen inplizitua egitera naramate. Eta, gerora, arrakastatxoa izan dut, harrokeriak-eta bazter utzita. Inor ez da konturatu, baina Back... horrek segida eduki zuen Duvoisinen liburuan [Duvoisin kapitainaren malura, Pamiela, 2018].
Inor ez dela konturatu esan diguzunez, oharrarazi beharko gaituzu.
Back to Leizarraga-n ez nuen aurkezterik, 140.000 karaktere ez baitira nahikoak nik aztertu nahi nuena ganoraz defendatzeko: prosarako eredua gehi, harekin batera, gure dialekto zorionekoekin gaur egun gertatzen dena. Oraingo desastrea, esan nahi dut... Duvoisinen lanean, Luis Luziano printzea hartu, eta bilbe bat egin nuen protagonista zenbaitekin; tartean, protagonista kaltetuak, Duvoisin bera, adibidez. Dialektoaren inguruko iritzi batzuk, nire begietarako, oso kaltegarri gertatu direla adierazi nahi izan nuen, gure prosarako ereduaren aldetik, eta hor daude gaur egunean ikusten dugun erreferentzialtasun-falta, dispertsio ikaragarria, eta mordoiloa, zentzurik txarrenean.
Erreferentzialtasun-falta, dispertsioa, mordoiloa…
Gaur egun jada ez dago euskalkirik, hondakinak baizik, sukalkiak. Liburu hartan ere banuen tesi bat, azpitik, eta erruten ari naizen hurrengoan ere lurpeko erreka horren azaleramendua etorriko da, etortzen denean, Patagoniakoa, Iridioarena, edo oraingo Axularren gerizapean etorri diren moduan: bada tesi inplizitu bat, eta badira, harekin batera, oso istorio ilustratibo, polit eta gustagarriak, ondo kontatuz gero, elkarrekin ondo gardainatuta, liburu kilikor atsegina ekarri dezaketenak. Eta, beti dago ahalegin estilistiko bat, erakutsiz gauzak gustagarri egin daitezkeela euskara jaso, zalu eta leizarragatar batean. Testu erakargarria egin nahi nuke, ez irakurleari atzeraka eragingo diona.
Leizarragarena, Patagoniakoa, Duvoisinena, Iridioarena… Axularrena orain… Nola heldu zara garai honetara, genero hau osatzera?
Barraskiloetatik. [Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan, Elhuyar, 1998] Barraskiloek frogatzen omen zuten euskaldunak Atlantidatik datozela. Hala irakurri nuen artikulu zientifiko batean. “Ez da posible!”, pentsatu nuen. Eta irakurketan aurrera, dokumentatzen ari zarela, topo egiten duzu Armand Davidekin. Eta Armand Daviden giroaz hitz egiteko, azaltzen dira Arbelbide, eta beste. Eta idazleen testuak, edo literatura. Abiapuntuko kezka, hala ere, prosarako eredua nuen. Literatura gris asko idatzi eta irakurri behar izan dut, unibertsitateko idazlanak, apunteak eta beste. Eredurik ez zen, baina bai, aldiz, aurreiritzi asko: garbi, estu, inespresibo idatzitako adibideak tonaka eman ahal ditut. Eta kezka horretatik iritsi naiz hona. Karniboro, ala haragijale? Karniboro, ez dago dudarik! Baina iaz arte ez zen sartu karniboro Euskaltzaindiaren hiztegian. Eta sartu zen herbiboro ere, baina ez omniboro. Aurreiritzi mordoa dugu.
Prosarako eredua diozunean prosa zientifikoaz ari zara…
Prosa zientifikoa prosa arruntaren esparru espezifiko bat besterik ez da. Prosa gris asko kontsumitzetik, gogoetatzetik, etorri zen Back to Leizarraga, eta liburu guztietan, epidermiak epidermi, horixe da nire kezka: prosa. Eta pozik nago, Back… eta gero anaforikoak ikusten ditudalako prentsan-eta, baina ez nik gurako nukeen moduan! Tradizioan, anaforikoak barra-barra erabili dira, XIX. mendearen amaiera edo XX. mendearen hasiera arte. Hor krak! bat gertatu zen, estigmatizazio bat. Ordu arte modu dispertsoan erabili izan ziren anaforikoak, baina mekanismoa garbia da: zeina… bait… mugatu singularrean, zeintzuak… bait… pluralean, anaforikoa beti aurreko hitz mugatuari egiten baitio erreferentzia. Horretaz ari naiz nire lanetan, eta, beharbada, irakurlea konturatu da mekanismoaz. Hala ere, anarkia eta dispertsioa ikusten ditut oraindik han-hemengo testuetan, prentsan-eta.
Zein dituzu, zure baitan, lan honetako gertakari eta pertsona mugarriak? Halakorik bada, bederen. Edo dena segida bat ote dugu?
Badira, bai. Kirikiño batek, adibidez, garrantzia dauka. Edo Tene Mujikak… Hala ere, nik esango nuke liburu hau nahiko korala dela. Hasten zara, eta baduzu intentzio bat, baina idazten zoazela testu ederrak, ilustratiboak, irakurtzen dituzu –gure klasikoak, azken finean–, eta nahi izaten ditut neure liburura aldatu, dauden-daudenean. Pentsatzen dut irakurle inteligenteak dauzkagula, ez direla umeak, eta orain dela ehun urteko euskara erakusten diet, bere horretan bisualizatzeko. Eta, batean, Jule Gabilondoren kronika kriptiko intransitablea erakutsiko dut, horrore bat, eta, horrekin batera, Edmond Blazyren kronika argi eta ederra. Ikusten ditut gauza batzuk, explizitatu gabe ere egoera bat erakusten dutenak, zorionez gaur egun gainditu duguna.
Zenbait emakume ekarri dituzu liburura, Maddi Elizaga, Maddi Ariztia, Tene Mujika… baina ohar ere egiten duzu, misoginiaz.
Bai, baina ez dut uste Euskal Herrian giro bereziki misoginoa zegoenik. Uste dut han eta hemen eta hor giroa bera zela. Darwinek ere orduko datuak, orduko paisaia erakusten du. Laurent Apestegi apaiz bereziki misoginoa da? Ez. Testua bera da ederra, eta hala ekarri dut liburu honetan, baina, lehenago, esaera Igela aldizkarian dago jasota. Handik ezagutzen nuen, eta Anuntxi Aranak ere bere tesian dakar. Oztibarreko esaldia omen: “Jende guti, emazte ainitz”. Baditut kezkak, inkorrekzio politikoa dela eta ez dela, baina lagun batek, adibidez, esan zidan gustatu zaiola nola tratatu ditudan emakumeak. “Pozten naiz”, esan nion. Baina badut kezka.
Garai bateko liburu eta aldizkarien irakurketan barrendu nahi duen irakurlearentzako ere gida ditugu liburuak, garbi erakutsi ohi dituzu iturriak…
Nik ez daukat copyright-aren kezkarik. Ikusia kontatzen dut, baina inork kontatu ez duelako. Gustatuko zitzaidakeen beste inork idatzita irakurtzea, ez nik neuk eginikoa. Lan kolektiboa da prosarako ereduarena, eta XX. mende hasierako garaiaz, hor dugu gure parnaso bat, ezagutzen ez duguna, edo gutxi edo gaizki ezagutzen duguna. Oiartzunen idazleak batu ziren eguneko argazkirik ez da ezagutzen, baina ni konbentzituta nago atera zituztela argazkiak. Begiratu dut han eta hemen, Eskualtzaleen Biltzarraren artxiboetan eta beste hainbat tokitan, baina ez dut Oiartzungo egun horretako argazkirik topatu. Gerra garaian galdu ziren? Ez dakit, beharbada baten batek aurkituko ditu hurrengo batean. Nago etsipenez ez ote zara zenbaitetan mintzo, euskaldunok hizkuntzaz, eta kulturaz, egin dugun utzikeriaz.
Abandonuaz idatzi dut, bai, gure idazleek egin dituzten irteera nuluez: Maddi Elizagak ez zuen euskaraz publikatu, Maddi Ariztiak lan bat baino ez… Jon Casenavek, esaterako, Pierre Lhanderekin konparatzen du [Jean] Etxepare. Etxeparek euskaraz egin zuen bere obra osoa, baina humus bereko Lhandek, frantsesez gehiena. Zer da hor? Eta gaur egun ere gertatzen da…
Lanean euskaraz jardunagatik ere, are, euskalgintzaren barruan, liburuak gaztelaniaz argitaratzen dituztenak dituzu gogoan. Berrikitan, gaztelaniaz ekari du Jugoslaviari buruzko liburua Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Kanporako proiekzioa eman nahi izan omen dio. Mikel Aiestaranek, gaztelaniaz. Mikel Reparazek, gaztelaniaz...
Eta izen gehiago ematen ahal dira. Konstante bat da, benetako odolustea. Hemorragia ikaragarri bat. Eta hemorragia mozten ez bada, heriotza dator. Ni, neure pesimismo optimista horretatik ari naiz, egoera explizitatzen, erakutsi guran, bestela konturatu ere ez gara egiten. Zeuk aipatu duzu, Ikastolen Elkarteko presidentea. Gaztelaniaz egin du: izan da polemikarik? Ez ditut twiter eta halakoak segitzen, sare sozialak esaten den hori, baina nire bide normaletatik ez dut horren inguruko polemikarik jakin, izan baldin bada, behintzat. Gauza bera gertatzen ari da diskogintzan, euskaraz zein gaztelaniaz kantatzen batzuk, edo kanta beraren barruan gaztelaniazko hitzak sartzen kantaria! Euskara da gure territorio libre bakarra?
Gure belaunaldiko batzuen territorio libre bakarra, beharbada. Irakasle zara EHUn, zein da ikasleen territorioa?
Bilinguismo autonomikoa da nagusi gaurko gazteen artean, baina bilinguismoa denean ere, hizkuntza bat aukeratu behar duzu. Ni gauza horiek ere explizitatzen nabil, ze badakit explizitatzen ez badira jende askok ez dituela ikusten, eta ez baditu ikusten ezin dituela ulertu. Hor dira inertziak, soziologiak eta gainerako guztiak. Nirea etsipena ote den galdetu didazu gorago, eta ez, ni hor nabil ganoso, neure arloan, neure indarrez, hemorragia horri torniketea egiten. Ez tragiko jarri zu ere: pentsimista, etsitu!
1925ean Saran ospatutako Axularren eguna dugu liburuaren haste samarrean, eta haraxe itzultzen gaituzu amaieran, What if… galdetuz. Alegia, “zer gertatuko zatekeen, baldin...”.
Iban Zalduarena duzu What if… hori. Berria-n irakurri nion, eta noizbait erabiliko nuela erabaki nuen. Historia kontingentea da, ez da fatalismoa. Jakin behar da zenbait opzioren artean bata ala bestea aukeratzeak ondorio batzuk dakartzala, bata aukeratzeak bestea ukatzen duela askotan, itzultzeko bidea ere nekez hartzen ahal dela. Gurean ere, gertatu direnak gertatu dira eta halaxe etorri gara gaurko egunera.
Eta halaxe amaitzen duzu liburua.
Bai, bada: Balizko errotak irinik ez. Joanak joan.