Elkarrizketa :: miel a elustondo 2022/03/25
Castillo Suarez

«Gauzak modu ezberdin batean, originalagoan, landuagoan… idaztea izan dut beti buruan»

Duela bi urte argitaratu zuen Irautera (Elkar, 2019) poema liburua. Pandemiak eta gainerakoak iraganik solasean joan gatzaizkion garaiko, beste liburu zoragarri bat ere argitaratu duela ohartu gara: Elurra elurraren gainean (Autoedizioa, 2021). Bi lanok mahai gainean ditugula jardun dugu poesiaz, oro har, bizitzaz, oroz gain. Castillo Suarez Garcia (Altsasu, 1976), poemagintzan aintzakotzat hartzeko moduko bidea egina duen idazlea, merezimendu ez gutxikoa.

argazkiak: zaldi ero

Zure poema liburu Irautera-ren bila joanik, zure azken lana ere eskuratu ahal izan dugu, aski ezustean: Elurra elurraren gainean. Bata irakurri lehenik, bigarrena irakurtzen ari, eta hantxe, «Elurraren gatz usaina» poemaren eskaintza, hiru izen, aski pertsona ezagunenak, deigarri: Joseba Otondo [Baztango Balleko alkate], Miren Agur Meabe eta Joanmari Larrarte.

Bi liburuak nolabait lotuta daudelako. Nik esatera, Joseba Otondo izan da Irautera-ren detonatzaile. Berak burutan zeukan beka deialdi bat egitea landa-eremuko literatura sortzen laguntzeko. Lagunduko ote nion esan zidan, baina berak nik baino erreferentzia gehiago ditu, mugaz gaindikoak ere bai askotan. Otondok frantses tradizioa ezagutzen du, zer ari diren ere badaki, eta zenbait erreferentzia eman zizkidan, bi liburuotan ere baliagarri gertatu zaizkidanak. Otondok, besteak beste, hurbilekoari begiratzen erakutsi zidan. Horregatik, bada, nire esker on hori.

Joseba Otondok hurbilekoari begiratzen erakutsi dizula esan diguzu. Zer ikusi duzu hurbil horretan?

Ni Sakanakoa naiz, industriaz betetako eskualdekoa, alegia. Ez naiz, beraz, herri txiki batekoa, baina, hala ere, zuhaitzez inguraturik bizi naiz… Hurbil horretan, inguruan, besteak beste natura ikusi dut eta horrexegatik daude bi liburuotan ere hain presente naturako elementuak.

Zer esan nahi du hizpide dugun lehen liburu horren izenburuak? Nondik heldu da Irautera hori?

Iratzea hartu, eta jarri dut azalean, sinbolotzat: iratze, iraute… Hor bada antzekotasunik. Bestalde, iratzea landare primitiboa da, primitiboenetakoa, lur azidokoa, ur gutxi behar duena. Ezer ez dagoenean ere, lehendabizikoa da sortzen. Ez dut ezer asmatu, Jon Gerediagaren ondotik etorri naiz, haren ideietako bat zera duzu: «Beti egonen naiz iraun behar duenaren alde». Nik ideia horixe hartu, eta neurera ekarri dut, nire paisaia sentimentalera. Maitasunaren botanika moduko bat egin dut liburu honetan. Beti harremanei buruz idazten ibili naiz, baina kasu honetan naturako elementuek harilkatzen dute liburua. Egiazki, azkeneko urteetan askotan erabiltzen ari naiz elementu horiek. Zenbait idazlek modu erromantikoan baliatzen dute natura. Hasier Larretxeak, adibidez. Ez nuke esango Hasierrek-eta [Larretxea] ikuspegi idealizatua erabiltzen dutela, baina bai erromantikoa, bederen. Ni paraje eder batean bizi naiz, baina natura oso zakar eta krudela ere izan daiteke. Ikuspegi erromantikorik ez dago nire naturan.

Liburuaren izenburu ez ezik, poema batena ere bada Irautera

Poema jakin horren izenburua jarri nion liburuari, Xabier Mendiguren Elizegi editorearen iritziaren kontra. Titulu anbiguoa zela zioen. Irauteko, hainbestean, baina Irautera?… Eta bilaketa egin eta Xabier Gantzarainen Zuloa liburuaren hasieran agertzen zela ikusi genuen. Editoreak ez zuen titulu hori maite. Itzultzean, berriz, Evergreen eman dugu ingelesez eta hizkuntza latinoetan, berriz, Permanencia. Ez da erraza izan titulua asmatzea! Eta esan behar dut liburua euskaraz argitaratu baino lehen ere, galegoz eta katalanez ere irakurri dudala. Zenbait errezitaldi egitera joan nintzen Galizia eta Kataluniara, eta Irautera liburu honetako poemak eraman nituen.

Liburu osorik ez, baina hona «Irautera» poema, beraz: “Batzuei bakardadeak ez die minik ematen, / eta arrangurak hartzen nau / ni bezalakoak ez direlako; / aurrera baino ezin duelako egin batek, / irautera baino ez duelako egin batek, / lanturik jo gabe. / Elurretan oinatzak uztea bezala da bizitzea, / urrats bakoitzean uztea arrastoa, / besteen oinatzak zapalduz. / Ahanzturaren elur finak egingo du gainerakoa”.

Horrexegatik hain zuzen, beti egongo garelako iraungo duenaren alde, beti jarriko naizelako etsiko ez duenaren alde. Horixe dut ezaugarria, ez dut inoiz etsitzen, eta etsitzen ez duen jendea gustatzen zait. Koldarkeriaren kontrako tratatua ere bada Irautera, nahi baduzu.

“Batzuei bakardadeak ez die minik ematen, / eta arrangurak hartzen nau / ni bezalakoak ez direlako...”. Ez dago ukatzerik hitz batzuek beste batzuek baino karga pisu handiagoa dutela. Horien artean da bakardade hitza. Behin baino gehiagotan agertzen da liburuan...

Baina zera hori ere esaten dute, ezta?, bakarrik doan arraina indartsuagoa dela saldoan doana baino. Bakardadea ez dago ongi ikusia, kutsu negatiboa du: tabernan kafea hartzea, bakarrik; edo zinera joatea, bakarrik… Eta ez dakit, bada, zergatik! Azkenean, bakarrik bizi gara, egiazki! Nire obsesioetako bat da bakardadea. Ni auzo batean hazi nintzen, Altsasun. Han ez zegoen nire adineko umerik. Ahizpa bat nuen, gazteagoa, baina ez nintzen harekin jolasten, adinaren aldeagatik, hain zuzen. Eta oroitzen naiz ama, etxeko leihotik niri deika: «Hor al zaude?»… Bakardadeak, alde batetik, indartsuago egiten gaitu. Beste aldetik, berriz, jendearen begietara errukarri. Zer dela-eta errukarritu behar du inork inoren bakardadearen aurrean. Bakarrik bizi gara denok!

Irautera irakurri, eta poema luze bakarra irakurri ote dugun gaude...

Bi hilabetean idatzi nuen, baina, jakina, hilabetean ez da libururik idazten. Asko irakurri behar izaten da aurretik, asko bizi, eta argi izan behar da eskema. Ni horretan nengoen. Gero, idazten hasi eta bi hilabetean idatzia nuen Irautera. Zuk poema bakarra esan duzu, baina nik, aldiz, liburu hitza erabiliko nuke, estilo bariazioak baitaude hor. Musikan bezala, obra bat da Irautera, eta mugimendu ezberdinak ditu. Alde horretatik, oso harro nago, ez dakit neuk esatea oso egokia den, baina halaxe da, oso harro nago. Eta, jakina, hor dator kezka, hurrengo liburua hobea egitea zailagoa izango baita. Alegia, zer idatzi behar dut hau idatzi eta gero?

Amodio galdua nahiz maitasun hautsia indarrez ageri da liburuan. Eta ondoko dolua, beharbada. Doluaren faseak ere hortxe dira, beharbada: ukapena, amorrua, tristezia, negoziazioa, onarpena.

Askotan hitz egiten da heriotzaz eta heriotza ondoko doluaz eta honetaz eta hartaz. Niri, berriz, iruditzen zait askoz ere naturalagoa, errazagoa dela heriotzak dakarren dolua bizitzea, irenstea, pasatzea, maite duzuna galtzeak dakarren mina baino. Niri ez zait gaixotasun larririk gertatu, horretan zoriak lagundu dit. Niri, maite nuena galtzea da bizitza honetan tokatu zaidan gauzarik zailena. Maite duzuna izan liteke laguna, izan liteke bikotea. Eta galera horren kontra ez dago ezer egiterik. Norbaitek zurekin egon nahi ez badu, akabo, ezin duzu ezer egin.

Inork terapia gisara baliatu dezan idatzi duzu liburua?

Ez, poesia idatzi dut, ez terapia. Ez dut modu terapeutikoan ezer idatzi. Nik literatura idatzi dut. Maitasun galduaren poemak hainbat dira literaturaren historian. Nahi beste idatzi dira. Esperientzia lazgarriak asko dira pertsonaren bizitzan, bateko heriotza eta besteko galera, baina ezer idazten hasiz gero, idazleak idatziko duenaren balio poetikoa izan behar du helburu, hau da, balio literarioa. Eta horregatik, adibidez, iruditzen zait Elurra elurraren gainean liburuak balioa duela. Horko poemak une jakin zehatzetan irakurritakoak dira, baina balio dezakete bestela ere. Ez naiz esaten ari literaturak atenporala izan behar duela, unean uneko gauzak idatzi behar ez direla... baina niretzat literatura traszendentzia da, niregandik zuregana, ez dadila izan kontakizun hutsa, izan dadila garai batetik bestera iraganarazteko modukoa.

Poetaren ahotsa estalkirik gabe eta biluzirik ageri da liburuan...

Baina aldi berean ez naiz neure buruaz ari. Talde bat ere ordezkatzen dut, jende multzo bat. Esaterako, Elurra elurraren gainean argitaratzerakoan ohartu naiz horretaz. Beharbada horixe zen neure buruaz neukan irudia: pertsona serioa, ez oso adierazkorra, ez oso hiztuna… Badakit ez naizela pertsona ireki bat, baina ohartu naiz badaukadala abilezia —baina egiazki abilezia den, ez den ez dakit—, maitetasuna adierazteko. [Joseba] Otondori egiten diodan eskaintza, adibidez. Ez dut eragozpenik Otondori, Miren Agurri [Meabe] edota Joan Mariri [Larrarte] diedan maitetasuna agerian adierazteko. Beharbada horretan ere trebeagoa naiz idatzian, ahozkoan baino. Zer egingo diogu, bada!

Mamiz bezainbat estetikaz landua Irautera, zuzen ari da idazlea, korapilo bihurririk gabe irakurleari…

Nik beti daukat presente nire lana norbaitek irakurriko duela. Beti daukat presente. Ez dut niretako idazten. Ezer ere ez. Ez dut esan nahi dena argitaratuko dudala. Idazten den guztia ez da argitaratu behar. Hainbat idazleren gabezia da hori, dena argitaratzea. Ez. Destilazio lana derrigorra da, galbahea edo dena delakoa. Baina nork bere buruarentzat idazteak balio literariorik ez du, nire ustez.

Idatzi, poetikoki zuk, poesian, nahiz prosan.

Ez da gauza erraza prosaz eta poetikoki idaztea. Prosa poetikoa ez da formatu erosoa irakurlearentzat. Irakurleak nahiago du narrazioa, korrelazioa, esaldiak modu ordenatuan jostea. Prosa poetikoak lan gehigarria eskatzen dio irakurleari, eta hor, noraino bai eta noraino ez, zaila da neurtzea. Prosa poetikoak, hala ere, badu bertuterik, iradokitzailea izatea.

Eta «Poetika» poema prosazkoa? “Ez da komeni ez ankerregia ez argiegia izatea poema bat idazteko...”

Beti eskatzen dizutena da. «Erakutsiguzu zure poetika». Askotan eskatu didate hemen barna nabilela ere. Eta poetika da, berriz, zer zaren zu, idazle gisa zein dituzun erreferentziak, zein iturritatik edaten duzun, nola ulertzen duzun idatzi duzun hori… Nolabait, koartada bat da. Poetika deitzen dugu baina koartada da, egiazki, idazleok behar dugun koartada. Eta, kasu honetan, inork galdetu baino lehen, jartzea erabaki nuen.

«Poetika» poemaren amaieran: «Ez idatzi poema bat ez baldin baduzu aldez aurretik beste liburu batean irakurri».

Horixe. Zer egiten dugu, bada, idazleok? Handik eta hemendik jaso duguna geure barnean egosi eta irakurleari berri bezala eman. Badira idazle batzuk esaten dutenak: «Nik ez dut irakurtzen»… Barkatu? Ongi idazteko asko irakurri behar da, oharrak hartu, hartaz pentsatu… Idazle batzuetatik sortu dira besteak. Hutsean, eta hutsetik, idazteko… oso pertsona berezia izan behar da, oso pertsona berezia behar da irakurri gabe idaztera heltzeko, ez baldin bada, behintzat, ahozkotasun handiko girokoa zarelako, edo irudimen handikoa… Irakurri ezean, bestelako ezaugarri batzuk izan behar dituzu idaztera heltzeko. Bestela, ez dago.

1999koa duzu lehen poema liburua, Amodio galduak. Handik hogei urtera etorri da Irautera hau.

Idatzi nuen lehena, idatzi nuen bigarrena, hirugarrena, laugarrena… Eta zer izan dut beti burutan sartuta? Gauzak modu ezberdin batean, modu originalago batean, landuagoan… idaztea, beti zerbait gehiago eta hobea egitea. Eta, esate baterako, Irautera-n benetako poema liburua egiten saiatu naiz. Iruditzen zait poema liburu askoren gabezia —nireena, besteak beste—, horixe dela, poema sortak izatea. Egiazko poema liburua egitea oso zaila da. Poema liburua, ez poema sorta. Poema liburu bat argitaratzea oso erraza da, idatzi dezakezulako gaur poema bat halakori buruz, bihar beste bat beste halakoren gainean… Erraza. Eta, euskaraz, errazegia ere bai! Gauza txar asko argitaratzen dira.

Hemen ari natzaizu ni, zure lanaren zenbait lits ateraz… Zuk zeuk zer dabilkizun buruan jakin nahiko nuke.

Zer datorren liburu honen atzetik, adibidez. Iristen da momentu bat, hoberik ezin duzula egin iruditzen zaizuna. Nik sentsazio hori daukat, eta ez nuke ezer argitaratu nahiko, ziurtasun hori izan gabe; alegia, argitaratuko dudana aurreko lana baino hobea dela. Baliteke pretentzioso samarra izatea, baina jada badut izen bat poeta gisa, eta badakit edozein gauzarekin ezin naizela plazara atera. Elurra elurraren gainean liburuarekin konturatu naiz horretaz. Ez zen liburu bat komertzialki banatzeko, lagunei egin nahi nien oparia baizik. Liburua etxean neukala, banatzen hasi aurretik, jendeak idatzi egiten zidan, liburu eske. Batere usteko ez nuen jendea! Iruditzen zait poesiak baduela ezaugarri bat narrazioak ez daukana, edo ezberdina, behintzat, eta da irakurleak oso leialak direla. Iruditzen zait narrazioak irakurtzen dituena errazago dabilela egile batetik bestera, azpigenero batetik bestera. Niri liburu honek erakutsi dit zein ezezagunak zitzaizkidan irakurleak, liburu honen bidez jakin dut nire irakurleak neskak direla, emakumeak, eta liburu honexen zain zeudela, opari bat gertatu zaiela. Literalki, oparia!

Edizioaren ederragatik, besteak beste. Deigarri da edizioaren berezia.

Poema bereziak diren aldetik, burutan neukan edizio berezia egitea. Kontua da gisa honetako proiektuak gauzatzeko unerik zailenean gauzatu dudala asmoa: papera garesti, kartoia inguratzeko zailtasunak, banatzaileak gorabeherak, eta jendeak diru gutxi daukanean! Lagunek erosi didate, baina hala ere ez dut liburu hau egiten erabili dudan dirua berreskuratuko. Eta, bestalde, opari egin diot askori. Ez naiz literaturatik bizi, eta ez naiz inoiz literaturatik biziko, baina egina da!

Poema enkarguz eginak dira Elurra elurraren gainean liburukoak...

Garai ezberdinetakoak, enkarguzkoak denak, denak neuk irakurriak, salbu Unai Hualdek irakurria [Euskaltzaindiaren mendeurrenean, Nafarroako Parlamentuko lehendakari zela]. Poema bereziak direla esan dut, zeren beste batzuen larruan jarri behar baitzara gai jakin horien gainean poemak idazteko, eta, gainera, ekitaldian irakurri behar dituzu, jendaurrean, batzuetan baldintzak onak direla, eta beste batzuetan, aldiz, desegokiak. Batzuetan, ekitaldiaren tokiaren ezaugarri teknikoak dira traba, beste batzuetan, jendearen hunkidura… Gauza asko.

Inoren minetik sortuak dira poema horietarik guztiz gehienak…

Minari buruzko poema bat, txarra, egitea oso erraza da. Kartzelari buruz poema asko egin dira, baita Euskal Herrian ere, eta asko, oso txarrak! Gai horiei buruz poema ona egitea oso zaila da, egoera berez delako lazgarria, eta begirunez ezer idaztekotan, ahalegin literario handia behar da. Kartzela barruan askatasunik ez duen pertsona bati buruz idaztea, zaila.

Irautera-ko poemak baino luzeagoak dira Elurra elurraren gainekoak liburukoak.

Arnas luzeagoa eskatzen dute poema horiek, garapen handiagoa… Poema horiek jasoko dituena ez da nire ohiko irakurlea. Bestalde, behin entzungo diren poemak dira. Edo hala ziren orain arte, zeren orain liburuan argitaraturik daude. Baina, gainerakoan, dena delako ekitaldian behin entzun, eta kitto. Irautera-koak behin eta berriz irakurri daitezke, hortxe gelditzen dira, irakurlearentzat dira. Elurra...-koak, aldiz, ez.

Elurra… liburuan, elurra, has eta buru!

Beti esaten dut: inork tesia egin nahi badu eta ez badaki zertaz egin, egin dezala nik neure lanetan elurraz egiten dudan erabilerari buruz. Ideia ona litzateke, egiazki… Elurrak dena estaltzen du. Dena, edo ia dena, gauza garrantzitsuak uzten baititu agerian. Elurrak gauza ageriko asko estaltzen ditu; beste batzuk, aldiz, ez. Elurrak, bestalde, geldotasuna dakar. Nire kasuan, beti nabil batetik bestera korrika eta presaka... elurra egiten duenean izan ezik. Kontraesana ere bada, elurrak urduritu egiten bainau, haurrak ere urduritu egiten ditu… Eta estetikoki, berriz, ederra da elurra, lurmentzen denean izan ezik. Orduan ez dugu poemarik egiten. Eta zer diren gauzak, hemengo «Elur maluta» poemarekin, postalak egin zituzten [“Badira elur maluten gisakoak diren pertsonak. / Ederrak, hotzak, gu ukitutakoan desagertzen direnak”]. Batek ingelesera itzuli zuen, besteak frantsesera… Poema motz horiek, bi lerrokoak, dira jendeari gehien gustatzen zaizkionak, eta dira oso zailak egiten. Ez dira bata bestearen ondoan ateratzen. Nahiago nuke nire burua haikuak egitera eman, baina lan horretarako beste batzuk daude...

miel a elustondo
Castillo Suarez
«Maitasunaren botanika moduko bat egin dut ‘Irautera’ honetan»
Entresaka
«Niretzat literatura traszendentzia da, izan dadila garai batetik bestera iraganarazteko modukoa»
Entresaka
«Poetika deitzen dugu baina koartada da, egiazki, idazleok behar dugun koartada»
Entresaka