Elkarrizketa :: miel a elustondo argazkiak: zaldi ero 2022/04/08
Jasone Osoro

«Ez dakit inportantzia handiegia ez ote diogun ematen sortzaileari»

Sorkuntzari guztiz emana bizi zara, jakinarazi didatenez...

Sorkuntza nire lanaren parte bat da. Nire lana idaztea da, eskoletan ibiltzea, formakuntza ikastaroak zuzentzea… Formakuntza ikastaroak, literatur sorkuntza lantzeko, alegia. Elgoibarren, esaterako, emakume talde batekin ari naiz lanean, literatur sorkuntza genero ikuspegitik aztertzen. Eta, bestalde, nerabeentzako tailerrak ere zuzentzen ditut, han eta hemen. Bada Aupatuz izeneko elkarte bat, Donostian, adimen handiko haurren gurasoak biltzen dituena. Besteak beste, Sakonduz izeneko atal bat dute, eta lau modulu. Horietako batek literatur sorkuntza lantzen du, eta hortxe ari naiz ni, modulu hori gidatzen. Horixe dut bizimodua. Oso libre nabil, denbora neuk kudeatzen dudala, eta asko baloratzen dut hori.

Nola asmatzen duzu lan horiek guztiok egin ahal izateko denbora kudeatzea?

Diziplina behar da, zeure buruari agenda ezartzea, eta hura betetzea, ingurukoei ere garbi adieraziz lanean ari zarela, nahiz eta etxetik ari. Dena den, alabak haziak ditut, nahiko autonomo dira, eta haiek eskolara joatearekin hasten da nire jarduera. Hortik aurrera, egunean datorrena, ze egun guztiak ez dira berdinak. Batean, Agurainen; bestean, sorkuntza halako tokitan. Hurrengoan, fiskalitate lanak. Egunaren araberako lanak, alegia.

Agurainen elkartu gara, Idazleak ikastetxean programaren barruko saioa baliatuz. EIEren ekimenik inportanteenetakoa da egitasmo hori. 360 saio ere badira urtean, literatur zaletasuna sustatzea helburu, oro har. Nola ikusten duzu programa?

Inportantea iruditzen zait ikasleek idazlea ezagutzea. Haurretan nik ez nuen halako erreferenterik, garai hartan ez zen horrelako ekimenik egiten, Idazten nuen, baina ez nuen idazlerik ezagutzen. Sekula ez nuen pentsatu idazletza lanbidea izan zitekeenik. Gaur egun, hori, behintzat, ikasleek badakite, errealitate horren berri badakite. Musikariek kontzertuak ematen dituzten bezala, guk eskoletan egiten ditugu gure boloak. Ikasleentzat aberasgarri izan liteke gure berri izatea, sorkuntzaz dioguna, alegia, eta guretzat ere aberasgarri da haiek ezagutzea, liburuari buruz daukaten iritzia jaso eta horrelakoak.

Zer iritzi jaso ohi dituzu umeen aldetik?

Hasteko, inportantea iruditzen zait ikasleekiko aurrez aurreko kontaktua. Arreta handia jartzen dut beren aurpegietan, begietan, emozioetan, harritzeko gaitasunean —urteekin galtzen den horretan—, zeri ematen dion inportantzia eta zeri ez. Oso indartuta atera naiz saio hauetatik. Energia asko galtzen da, baina, bestalde, da idazten jarraitzeko modu bat. Niretzat irakurlea bera da idazteko motibazioa.

Idatzi nahi duzunaz pistarik ematen dizute ikasleek?

Batzuetan bai, besteetan ez. Batzuetan, pertsonaiak sortzeko garaian, adibidez, baliagarri dira harreman hauek. Tira, edozein lekutan dago sorkuntza, edo sorkuntza piztu lezakeen edozer gauza. Jakina, gero, beti, landu, birziklatu eta istorio bihurtu beharko da. Horretan, beharbada, laguntzen didate saiook.

Eskolaz ari, literatura zaletasuna eta hau eta hura, askotan esaten da: «Bai, baina lehenengo, irakasleak berak izan behar du zalea». Irakasleen artean zer giro sumatu duzu?

Denetik. Irakasle bakoitza mundu bat da. Batzuek gogoz lantzen dute literatur liburua. Beste batzuentzat, berriz, lan hutsa da. Denetik dago, gainerako arlo guztietan bezala. Inportantea da irakaslea irakurle izatea? Zalea bada, jakina, bestelako goxotasun batekin landuko du liburua, prestatuko du idazlearekin egitekoak diren saioa. Gurasoek irakurtzen badute, hori ere lagungarri da. Liburuak eta idazleak hedabideetan gehiagotan, edo beste modu batera, agertuko balira, horrek ere eragin positiboa izango luke. Erantzukizuna ez da pertsona bakar batena. Kontua ez da eskola, etxea edo administrazioa, da gizartea, oro har. Horrek ez du esan nahi denok irakurle izan behar dugula.

Zu zeu irakurle zaitugu, hasteko.

Ni irakurle naiz, irakurtzen dut, irakurtzean zoriontsu naizelako, irakurtzean libre naizelako. Eta gaur egun naizena, neurri batean, literaturari zor diot. Literaturak, besteak beste, burua irekitzea ekarri dit, pentsamendua irekitzea, eta niri hori oso inportantea iruditzen zait, gizarte edo mundu justu bat egin nahi badugu. Horrek ez du esan nahi denok irakurri behar dugula, da nik sentitzen dudana. Beste batek esango du beste zer edo zer eginez dela zoriontsua. Bada, aurrera! Nork bere bidea egin behar du. Nik, eskoletan, ikasleei, probatzeko esaten diet: «Hartu liburua, zeuek aukeratu zein, eta irakurri». Nire ustez, eskolan denek irakurri behar dute zerbait, derrigorrez, matematika ikasten duten bezala. Irakurri, derrigorrez, baina liburua libre aukeratuta. Liburuak aukeratzen utzi behar zaie, proba dezatela bat, probatu bestea. Halako gustatu zait, halako ez…

Justu kontrakoa egin ohi da, ordea: hiru hilabeterik behin, liburu bat irakurri ohi dute ikasleek, hizkuntza banatan.

Eskola bakoitzak bere erara antolatzen du irakurketa, eta formatu diferenteak ere saiatzen dituzte irakasleek, ikaslea non sentitzen den erosoen jakiteko. Ez da erraza. Formula edukiko bagenu, aplikatuko genuke! Nork bere erantzukizuna dauka, esan dut gorago. Nik neure esperientziatik jarduten dut nirea kontatzen. Batzuei mezua iritsiko zaie, beste batzuei ez.

Eskolara sartu eta zenbatetan esan dizu irakasleak, «bai, irakurri nuen zure Tentazioak»...

Bada, ez zait askorik tokatu. Bestelakorik bai, eta horrek adinarekin du ikusia: «Nik Jara irakurri nuen». Belaunaldi aldaketa gauzatu da! Duela hogei urteko lana da Jara. Hamabi urterekin Jara irakurri zuenak, hogeita hamar urte ditu orain eta irakasle da! Gutxik aipatzen dit Tentazioak liburua.

Garai hartako klixea hautsi da... «Jasone Osoro: gaztea, emakumea, literatura erotikoa».

Beharbada, horrek batzuen gogoan iraungo du, baina niri dagokidanez, gaztea ez, emakumea beti, eta literatura erotikoa, berriz, ez da gaur egun lantzen dudana. Klixe horiek, hala ere, oso errotuta izan ditut, onerako nahiz txarrerako, baina esan dizut, gaur egun irakurleek ez didate Tentazioak aipura ekartzen.

Boom bat izan zen, haatik, Tentazioak. Aurrekaririk izan zenuen, erreferentziazko emakume idazlerik, izan Amaia Lasa, Arantxa Urretabizkaia edo Mariasun Landa, adibidez?

Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox nire liburu kuttunen artean egon da beti, baina niretzat Arantxa Iturbe izan zen erreferentea, bere liburuak irakurri nituen, telebistan ere ikusi izan nuen elkarrizketaren batean eta, eredu bat zen, idazle izateari gorputza jarri zion lehen pertsona izan zen Iturbe. Edonola, Tentazioak argitaratu zutenean izan nintzen ni neure emakume izaeraz kontziente, han eta hemen horixe azpimarratu zutelako. Kanpotik jarri zidaten etiketa bat izan zen. Emakumea naiz, baina emakume izateak pertsona batengan nola eragin dezakeen, Tentazioak argitaratzean konturatu nintzen. Horrek bai, markatu ninduen. 27 urte nituen orduan.

Ekar dezagun gogora Patxi Ezkiaga...

Ikastaro bat egin nuen berarekin, Eibarren. Ipuinak idazten ikasteko tailer bat zen, eta esango nuke Patxi [Ezkiaga] eta Felipe Juaristi zirela irakasle. Patxirekin, hala ere, harreman berezia izan nuen, Tentazioak liburuan lagundu ninduen, laburtzearen, moztearen garrantzia azpimarratu zidan. Azalekoa, istorioari ekarpen handia egiten ez diona, mozten erakutsi zidan. Batez ere, haren babesa sentitu nuen momentu hartan. Gerora harremana galdu bagenuen ere, Patxi oso inportantea izan zen hasierako ibilbide hartan. Patxi, eta Xabier Mendiguren [Elizegi]. Hau nire bizitzan azaldu izan ez balitz, ez dakit inoiz ausartuko ote nintzen nire ipuinak argitaletxe batera bidaltzen. Beharbada, bai, baina gogoan hartzekoak ditut biak, Patxi Ezkiaga eta Xabier Mendiguren [Elizegi].

Gaur egun, eta ordukoaz alderatuz gero, emakume idazlearen presentzia da euskarazko literaturaren ezaugarrietarik bat...

Tentazioak argitaratu nuenean, oso emakume gutxi geunden euskarazko literaturan. Karmele [Jaio], Miren Agur [Meabe], Yolanda [Arrieta], Ana Urkiza… garaitsuan edo pixka bat geroxeago hasi ziren. Gutxi ginen. Arraroak ginen, eta hedabideek ere horixe azpimarratzen zuten, emakumetasuna. Oraindik ere gertatzen da, nahiz eta gehiago garen —baina gutxiengoa gara oraindik—, nahiz plazan orduan baino askoz emakume idazle gehiago dabilen. Hogei urte baino gehiago igaro dira. Orduko hartan, «Emakumezkoa eta gaztea», lerroburu horixe ibili zuen egunkari batek nire lanaren berri emateko. Hori irakurri nuenean, horixe pentsatu nuen: «Hori da azpimarratu behar dena?». Hogeita zazpi urteko mutil batek lehen liburua argitaratu, eta lerroburua ez zatekeen izango: «Mutila eta gaztea». Horrek bai, markatu ninduen.

Orain, hedabideetan da emakumea, lehen liburua eskuetan harturik.

Hedabideek erabakitzen dute zer tratamendu eman albisteari. Hasteko, literaturari bi orrialde ematea beti da positiboa, lehen liburua nahiz azkena izan, emakumezkoa izan nahiz gizonezkoa, eta albistegiak ere beti gerra, birus eta kirol berriak eman ordez, kultur gaiekin irekiko balituzte, noizean behin bada ere, primeran. Kultura edota literatura ere bizitza dira, horiek ere behar ditugu bizirauteko.

Kultura eta literatura ere bizitza direla esan duzu… Koronabirusaren garaian horixe azpimarratu da, kultura garrantzizko dela, alegia.

Kultura behar da: kulturak egiten gaitu, entretenitzen gaitu, hausnartzen laguntzen digu, hari esker pentsatzen dugu. Covid-aren garaian oso inportantea izan dugu entretenitzea eta, gogoetatzeko, berriz, beharbada gutxiegi hausnartu da. Propaganda bai, ugari, baina eztabaidatzeko, hausnartzeko eta ikuspegi ezberdinak partekatzeko aukerarik ez da izan. Hori, neurri batean, kulturak ematen du. Nik, alde horretatik, faltan bota dut kultura pandemian.

Bateko koronabirusa, besteko pandemia… Sortzeko garaia izan duzu?

Festa liburua, adibidez, itxialdian idatzi nuen. Denbora geneukan, gaia ere bai, eta alde horretatik emankorra izan da itxialdia. Iaz [2021] hiru liburu argitaratu nituen, Go!azen-eko [ETB 1eko telesail musikala] bi, eta Festa. Ez da izan blokeo garaia. Banuen ideia —ideia behar izaten da beti lehenengo—, baina, betikoa, denbora eskaini behar zaio ideiari. Egunerokoan, hainbat jarduera diferente egiten ditugu, batean naiz ama, bestean alaba, hurrengoan bikotekide, eta, bestalde, idazle, eta arlo bakoitzak bere denbora behar du. Itxialdi garaian, etxe barruan geunden, errazago zen dena partekatzea, denbora libre gehiago geneukan, eta, tartean, kalitatezko denbora ere izan nuen. Sortzeko, kalitatezko denbora behar da, jarraipena, ez denbora-tarte murritzak. Horrela ere egiten da lan, baina sorkuntza askoz ere atsegingarriagoa hari da kalitatezko denbora eskaini ahal diozunean. Handik eta hemendik minutuak lapurtzen ibiltzea ez da modua.

Nola ekiten diozu sortze lanari? Nola hasi zen Festa sortzen, adibidez?

Igeri egiten dut, asko gustatzen zait igeri egitea, eta asko gustatzen zaizkit igerilekuak berak ere. Joko asko ematen dutela iruditzen zait. Oso naiz fetitxista, eta igerilekua dut fetitxeetako bat. Aspaldi neukan buruan irudi bat, etxe moderno bat, txalet baten modukoa, lorategia eta igerilekua zituena. Hor zerbait gertatzea nahi nuen, festa bat, gazteentzakoa. Irudi horixe izan nuen buruan lehenengo, baina, gero, liburuaren ardatza izango zena etorri zen: 16 urteko nerabe bat, haurdun geratzen dena. Lehen partea, festa da; bigarrena, Sofiaren haurdunaldia eta bere barne-mundua, zer egin, zer erabaki… Baina badiotsut, irudia izan zen abiapuntua, irudi friboloa nahi izanez gero, baina, bestalde, bigarren parteak bestelako giroa dakar. Sinesten dut entretenimenduak nerabeari eragiten ahal diola, eta Festa-ri buruz ikastetxeetara hitz egitera joaten naizenean, horixe esaten diet ikasleei: «Festa-n agertzen diren hainbat gauza esan dizkizuete lehenago ere, eskolan edota etxean gurasoek… Hala ere, batek esan, besteak esan, ez diegu kasurik egiten. Baina ezberdina da gurasoek edo irakasleek esandako hori liburu batean irakurtzea, edo film batean ikustea, eta pertsonaiarekin identifikatzea eta emozioa sentitzea. Kasu horretan, baliteke mezua zure barrura iristea, zuri eragitea». Literatura hori ere bada, entretenimendua bai, ondo pasatzea, eta, bide batez, hainbat gauzataz kontziente izatea. Moralitaterik eta epairik gabe. Informatu, entretenituz. Nik uste hori ere badela kulturaren funtzioa.

Baduzu lanbideaz jarduteko ohiturarik? Sortzen da galderarik? Gogoan dut garai batean Patxi Zubizarretak adibide jartzen zuela, zenbat liburu saldu behar izaten zituen kafe baten ordaina irabazteko edo halakoren bat…

Bai, neuk ere jarduten dut horretaz. Idaztetik bakarrik bizitzea, egile eskubideetatik… baliteke. Batzuk aberastu ere egiten dira. Munduan badira halakoak, idaztetik ondo bizi direnak. Euskarazko literaturan, idaztetik bakarrik bizi? Ni, hasteko, idaztetik bakarrik ez naiz bizi. Nire soldataren parte bat egile eskubideetatik datorkit zuzenean, baina parte hori osatu egin behar izaten dut: eskoletako saioen bidez, literatur tailerrak gidatuz, irakurle taldeak koordinatuz… Handik eta hemendik osatzen dut poltsa, hainbat lantxo eginez. Gainontzeko idazleek zer egiten duten ez dakit.

Idazleen artean horretaz hitz egiterik ez da? Gai tabua da?

Ez da tabua, baina nik inguruan edo lagun ditudan idazleekin ez da gaia sortu. «Zenbat jasotzen duzu egile eskubideetatik? Zenbat...». Ez. Idazleen artean badut lagunik, baina nire zirkuluan, bizitza partekatzen dudan zirkuluan, ez da idazlerik. Haiek beste toki batean daude.

EIEko lehendakari izana zaitugu lau urtez [2014-2018]. Zer oroitzapen duzu aldi hartaz?

Denbora joan da, distantziatik ari naiz… Ez da erraza. Elkartean lan asko dago, zaila da bazkideen arteko lankidetza, oso konplikatua da, batez ere nork bere bizitza daukalako. Eta zeregin asko dago. Lehendakari izan nintzen garaian, hala ere, oso pertsona interesgarriak ezagutu nituen, gaur egun nire bizitzan dauden pertsonak dira. Lehendakari izan nintzen garaian, elkartea barrutik ezagutu nuen, esperientzia ona izan zen. Erronka handia izan zen niretzat. Hasieran, beldurtu egin nintzen, inoiz ez nuen nire burua rol hori betetzen ikusi, harik eta buru izendatu ninduten arte. Baietz esan nuen, zuzendaritzan niretzat inportante ziren hainbat pertsona zeudelako, haien babesa neukalako. Eta hori ere egiten dugu bizitzan, ezta?, geure buruari erronkak jarri, eta gainditzen saiatu. Alde horretatik ere, positiboa izan zen esperientzia.

Non da hasierako Jasone Osoro hura, 1998an Tentazioak liburuarekin plazaratu zen hura?

Orain ez daukat orduko inozotasunik. Tira, batzuetan bai, batzuetan agertzen da oraindik inozotasun tantaren bat, zorionez, horrek jendeagan konfiantza izaten laguntzen du-eta, baina ez naiz orduko hura, ez pertsona bezala, ez idazle bezala ere. Eta idazteko garaian ere, orduan neukan askatasunik ere ez daukat. Tentazioak idazten bezain libre, harrezkero ez naiz izan. Lehen liburua nuen, baina ez nekien zer zen literatur lanbidea. Garai hartan, liburua argitaratzea bera amets hutsa zen niretzat. Gero, bizitzan zehar gauza asko bizitzen dituzu, geruzak metatu egiten dira bata bestearen gainean, azkenean pisua hartzen dute, eta idazteko garaian ere hortxe da pisu hori. Ibilian, gauzak gero eta hobeto egiten saiatu behar duzu, irakurleek ere beti zer edo zer hobea espero dute zuregandik… Hor da presioa, zuk zeure buruari jartzen diozuna, eta inguruak ere jartzen dizuna. Presioa gero eta handiagoa da.

Lan berriak plazaratzean kezka izaten duzu?

Bai, bertigo hori hortxe dago beti, bai, inork ez daki nola funtzionatuko duen liburuak, irakurleari gustatuko zaion, kasu egingo ote dioten hedabideetan, salduko den… Badakigu ezinezkoa dela irakurle guztiei gustatzea, ezinezkoa da eta onartua dugu, baina beti daude batzuk zirikatzen saiatzen direnak, edo zeure lana gutxiesten, edo egurra ematen, eta hori ere kudeatzen jakin behar da.

Nola ikusten zaituzte herrian?

Kar, kar… Ez dakit, bada! Jasone Osoro, idazlea. Uste dut horraino esango dutela, idazle, Uxue Alberdi eta Danele Sarriugarte diren bezala, edo Hasier Etxeberria zen modura: herriko idazlea. Ama naizen aldetik, lagunentzat, Duna eta Edithen ama naiz, nahiz eta idazle ere banaizen, ze nire alaben lagunek nire liburuak irakurtzen dituzte. Gustura irakurtzen dituztela esaten didate —baita nire alabek ere—, baina beste liburu batzuk ere gustatzen zaizkie, eta, beharbada, nireak baino gehiago gustatzen zaizkie. Baina hori sanoa da.

Elkarrizketatzaile zeu bazina, zer galdetuko zenioke Jasone Osorori?

Ez dakit, bada… Baina, begira, beti ateratzen da emakume idazlea izateari buruzko gaia, eta ez dakit zergatik egin behar dudan beti berba gai horretaz, Tentazioak argitaratu zenez geroztik. Eta urteak dira! Emakume izate hori hortxe da beti, nahiz berrogeita hamar urte eduki eta lanbidean hogeitaka urte daramadan, oraindik ere elkarrizketa askotan ateratzen da, generoaren defentsa egin behar izate horrek gogaitu egiten nau batzuetan.

Behar bezala zaintzen ditugu sortzaileak?

Beharbada ez gara hain inportanteak. Azken boladan horretaz gogoetatzen ari naiz, ez dakit zergatik eman behar zaion inportantzia sortzaileari. Sorkuntzari, bai. Sortzaileari… ez dakit. Beharbada, zahartzen ari naiz, gauza asko bizi izan ditut —beste asko, bizikizun ditut oraindik—, baina liburu bat aurkezten den bakoitzean zer galdera egiten diren ikusi, zer erantzun ematen… eta gauza zer gutxi aldatu den pentsatzen dut: beti betiko galderak, beti betiko erantzunak… Beharbada ez da liburua esplikatu beharrik, haren testuingurua azaldu beharrik… Beti pentsatu izan dut idazleak liburuari lagundu behar diola, baina, beste alde batetik, batzuetan pentsatzen dut sortzaileari inportantzia handiegia ematen diogula.

Horretan zaude, beraz?

Iruditzen zait idazleari inportantzia eman ez eman, denbora galtzen dugula, egoa tartean sartzen da, eta trabak gertatzen dira, konparazioetan eta bestelako saltsetan galtzen gara, gure lanbidea inoren lanbidea baino inportanteagoa izango balitz bezala. Beste lanbide batzuetako langileei ez zaie beren lanari buruzko elkarrizketarik egiten; ez guri beste, behintzat. Ez dute azalpenik eman beharrik, egiten dute, kobratzen dute eta kitto. Gurea, berriz, kritikatu ere egiten da, jendaurrean kritikatu, gainera! Askotan esaten dut eskoletan, zergatik idazten dudan galdetzen didatenean. Nire erantzuna izaten da ez dakidala: «Batzuetan, ez dakit, ze idazten ari zarenean, lanean ari zarenean, inork ez dizu ordaintzen. Bukatzen duzu, eta ez dakizu argitaratuko duten. Argitaratzen badute, ez dakizu salduko den. Saltzen bada, ez dakizu zenbat salduko den, eta salduta ere, etekina oso txikia da. Eta, gainera, publikoki epaitzen zaituzte. Zergatik idatzi?…

Beti betiko galdera da.

Pentsatu irakaslea, igeltseroa, ile-apaintzailea… lanean ari dira eta, hurrengo egunean, norbaitek, ezagutzen ez duen batek, haren lanari buruzko kritika idazten du egunkarian! Guk horixe bizi dugu». Baina, noski, gero bada pultsio bat, barruan daramazuna, atera beharrekoa, idatziz atera beharrekoa, istorioak kontatu beharra, pentsamenduak ordenatzeko, galderak erantzuteko, mundua hobeto ulertzeko. Ofizioa zaindu behar da, lan baldintzak, inportantzia eman behar zaio horri, lanbideari, baina sortzaileari berari… Ez dakit inportantzia handiegia ez ote diogun ematen sortzaileari. Gaiari buruz hausnartzen ari naiz.

miel a elustondo argazkiak: zaldi ero
Jasone Osoro
«Niretzat irakurlea bera da idazteko motibazioa»
Entresaka
«Kultura edota literatura ere bizitza dira, horiek ere behar ditugu bizirauteko»
Entresaka