Juan San Martin, euskal kulturaren noranahikoa
Euskaltzaletu zenetik hil zen arte, euskararen beharretara egokitutako todoterreno edo noranahiko ibilgailu baten modukoa izan zen Juan San Martin Ortiz de Zarate, euskarak eta euskal kulturak zer behar huraxe bilatzen eta ematen saiatu zen idazle, euskaltzain, eragile, espeleologo, arkeologo, etnografo, mendizale eta argazkilari saiatu, erne eta nekaezina.
«Si alguien ha sido un todoterreno de nuestra cultura, ése ha sido Juan San Martín», idatzi zuen Jose Luis Lizundia idazle eta euskaltzainak Juan San Martini buruz, El País egunkarian 2005eko maiatzaren 31n argitaratutako artikuluan, adiskide zendu berria gogoan zuela. Hots: «Gure kulturan noranahikorik izan bada, hori Juan San Martin izan da». Esaldi horretatik abiatuta, San Martinen askotariko lanak eta merituak aletu zituen Lizundiak idazlan hartan, jorratu zituen alor guztiak ezin aipaturik, asti eta espazio faltaz.
1922ko ekainaren 23an jaio zen, Eibarren Juan San Martin, lagunek Juanito deitua. Otxandiokoa zuen ama, Eibarkoa aita, Eguren baserrian jaiotako eskopetagile liberal eta ezkertiarra. Anaia bat eta arreba bi zeuzkan. 36ko Gerra hasi zenean, aitak Valentziara jo zuen Errepublikako Gobernuaren alde borrokatzera, eta amak lau seme-alabekin ihes egin behar izan zuen, Iurrera lehenik, Bilbora, Santanderrera eta Gijonera gero. Gijondik Bordelera itsasontzi batean ihesean zihoazela, preso hartu zituzten frankistek ama eta lau haurrideak, eta Ferrolera eraman.
Ferroldik Eibarrera itzuli zirenean, jaiotetxea suntsituta aurkitu zuten, eta Juanito, 17 urteko gaztea, tornulari lanean hasi zen. Gauetan, ordea, teknika industrialei buruzko ikasketak egiten aritzen zen. Bestelako aukerarik ezean, autodidakta izan zen arlo horretan, beste askotan bezala. Jakintza ugaritara irekita, ikasten nekatzen ez zen jakin-min handiko autodidakta.
Madrilen eta Burgosen egin zuen soldaduska, eta euskara itzultzaile lanetan aritzea egokitu zitzaion tarte horretan. Soldadu zegoela amari idatzitako gutunek euskaltzaletu zuten Juan San Martin, haiei ekiterakoan jabetu baitzen ez zegoela amarekin mintzatzen zuen hizkuntzan alfabetatuta. Horrek bere kabuz alfabetatzera eraman zuen. Urte batzuk geroago, 1959an, Eibarko Ikastolaren sorreran parte hartu zuen.
1950ean hasi zen euskaraz artikuluak argitaratzen, eta 1959an plazaratu zuen lehen liburua, Juan Antonio Mogelen biografia. Poesia ere idatzi zuen garai hartan, Otsalar ezizenez, eta garaiko euskal poesiaren erreferentzia nagusietako bat izan zen. 1964an euskaltzain oso izendatu zuten eta hurrengo urteetan euskara batuaren aldeko ekintzaile nagusietako bat izan zen, Txillardegi, Koldo Mitxelena, Luis Villasante eta besteren ekimenei babesa eta laguntza praktikoa emanez.
Politikan ere parte hartu zuen. Eusko Kontseilu Nagusiko kide izan zen 1978an, eta 1989an Euskal Autonomia Erkidegoko Ararteko izendatu zuten. 1995era arte izan zen kargu horretan, eta 1994an eta 1995ean Europako arartekoen Ombudsman Institutuko lehendakari izan zen.
Mendizale porrokatua eta nekaezina izan zen gaztetatik, eta eskia eta alpinismoa ere praktikatu zituen. Baita espeleologia ere. Gazterik hasi zen, 40ko hamarkadan, Aranzadi Zientzia Elkartearen espeleologia sailerako lanak egiten, Eibar inguruko leize-zuloak esploratzen eta katalogatzen. Aurrerago, beste esplorazio batzuetan parte hartu zuen. Lan asko egin zuen Eibarko Club Deportivo elkartean ere.
Hondarribian bizi izan zen azken urteetan, eta han hil zen,
2005eko maiatzaren 30ean. Eibarko seme kuttun izendatu zuten hurrengo urtean, 2006ko azaroaren 17an. Hil aurretik, 2003an, izendapen bera emana zion Hondarribiak.
1. Juan San Martin, idazle
Anaitasuna eta Euzko Gogoa aldizkarietan idatzi zituen lehen artikuluak Juan San Martinek, 1950eko hamarkadaren hasieran, kulturaren inguruko gaiak landuz batez ere. Imanol Berriatuak zuzentzen zuen, orduan, Anaitasuna; Jokin Zaitegik, Euzko Gogoa.
Juan Antonio Mogelen biografia kaleratu zuen 1959an, Juan Antonio Mogel ta Urkitza. Bere bizitza ta lanak izenburuarekin. Horixe izan zen argitaratu zuen lehendabiziko liburua.
Zirikadak, ipuin barregarridun bilduma (Itxaropena, Kuliska sorta, 1960) eta Eztenkadak. Gertaera barregarrien liburua (Itxaropena, Kuliska sorta, 1965) kaleratu zituen hurrengo urteetan. Eibar eta Soraluze aldeko umorezko kontakizun herrikoiak jaso zituen liburu horietan, baserriko girokoak batzuk baina kalekoak gehienak, Mendebaldeko azpi-euskalkian emanak. Liburu bietako prosak Nikolas Ormaetxea Orixe-ren eta Seber Altuberen laudorioak jaso zituen. Eibarko Udalak berrargitaratu egin zituen bi liburuok 2003an.
Jon Bilbao bibliografoaren laguntzaile izan zen Eusko Bibliographia taldean, eta taldeko horretako zuzendaritzako kide ere izendatu zuten gero. Toribio Etxebarriaren bi libururen hitzaurreak ere idatzi zituen. Gertuko eredu eta erreferente garrantzitsutzat izan zuen beti San Martinek Etxebarria, batez ere haren humanismoari atxikita.
Beste poeta batzuen lanak itzultzeaz gain, Salvador Espriurenak eta Bertol Brechtenak besteak beste, poema ugari argitaratu zuen 1954 eta 1977 artean, Egan eta Olerti aldizkarietan batez ere, Otsalar ezizenez gehienetan, eta 1960eko hamarkadako euskal poesian erreferentzia garrantzitsua izatera iritsi zen.
Hala ere, hamarkada horretan ez zuen berak idatzitako poema libururik argitaratu. Bai, ordea, garai hartako euskal poeten antologia bat, Uhin berri. 1964-1969 (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1969). Joxan Artze, Joxe Azurmendi, Manex Erdozaintzi-Etxart, Jose Angel Irigarai, Daniel Landart, Amaia Lasa, Julen Lekuona, Xabier Lete, Luis Mari Mujika, Manex Pagola eta Ibon Sarasolaren testuak bildu zituen, beste askorenen artean.
San Martinen poesia ezagutzeko aukera osoena eta egokiena Giro gori liburua da, Felix Marañaren bultzadaz Euskal Herriko Unibertsitateak 1998an argitaratutako antologia. Huraxe izan zuen lehen eta azken poema liburua San Martinek. Liburu horri buruz idatzitako erreseina kritikoen artean, aipagarria da Andolin Eguzkitzak Euskaldunon Egunkaria-n 2001eko otsailaren 17an argitaratutakoa. San Martinen poesiagintzaz honako hau idatzi zuen, besteak beste, Eguzkitzak lan hartan:
Oso da interesgarria Otsalarren poemak begiratzea, ederto ikusten delako denok dakiguna, gurasoen seme-alabok garela, eta San Martinen olerkaritza irakurtzean argi eta garbi ikusten da gerraurreko olerkariak dauzkala buruan, Lizardi, Lauaxeta eta enparauak, baina Arestik iraultza eginen duelarik, berak ere herri-literaturaren elementu, molde eta erak sartzen dituela barra-barra bere lanetan. (…)
Gaien ikuspegitik ere garaikoetan aritzen da San Martin, existentzialismoa alde batetik, aurreko horretan bezala herrimina, eta olerkaritzaren betiereko gaiak, natura eta amodioa, bestetik. Hizkuntzaren moldeetan jartzen badugu begirada baina, kronologikoki dagokion tokia hartu, eta gure literaturaren historian katanbegi bat osatzen lagundu zuela argi eta garbi dago; hasi erabat lizarditarra den hizkuntza, hiztegiz aberats, baina gramatikalki oraino elbarritua ematen duenaz hasten baita, hizkuntza herritar gozo eta adierazkorra sartzen duelako gero, azkenez gure oraingo poesia eta prosaren oinarri den hizkera fresko eta zalua erabiltzeko.
Euskal Idazleen Elkartearen sorrera bultzatu zuten idazleetako bat izan zen, 1982an. Berak idatzi zituen, Euskaltzaindiko Jagon sailburu gisa, Euskal Idazleen Elkartearen asmoak eta helburuak (Euskaltzaindiaren Euskera agerkariaren 2. aldizko XXVII. zenbakiaren separata batean jasoak). «Gizarte zibilizatu batean, literatur ekintzak bultzatzen ez dituen herriaren hizkuntzak, eztu etorkizunik”, dio San Martinek txosten horren lehen esaldian».
Poesiaz gain, gai askori buruzko artikuluak eta liburuak idatzi zituen: umoreaz, arteaz, etnologiaz, hizkuntzaz… Hainbat dibulgazio eta saiakera liburu argitaratu zituen, lan horren ondorioz. Honako hauek, besteak beste: Escritores euskéricos (La Gran Enciclopedia Vasca, 1968), Gogoz. Gure herriko gauzak (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa GAK, 1978), Bidez. Gure herriko gauzak (GAK, 1981), Landuz. Gure herriko gauzak (GAK, 1984), Euskararen ostarteak (Erein, 1988), Antzinako Eibar (Eibarko Udala, 1993), Giza eskubideen inguruan (Elkar, 2000), Eibar eta Elgetako Toponomastika (Euskaltzaindia. Eibarko Udala eta Elgetako Udala, 2000), Antzinatik gaur egunera. Hondarribia (Elkar, 2003). Horrez gain, San Martinen artikuluen antologia argitaratu zuen Egan aldizkariak 2005ean.
Horrez gain, Egan aldizkariaren zuzendaria izan zen 1983 eta 1989 artean.
2. Juan San Martin, euskaltzain
Soldaduskan amari gutunak idazterakoan hasi zen euskaltzaletasuna ernetzen Juan San Martinen baitan, orduan jabetu baitzen ez zegoela alfabetatuta etxean ikasitako hizkuntzan. Francoren aginteak euskararen aurka ezarritako politikek eta hainbat herritarrek euskarari erakusten eta adierazten zioten mespretxuak indartu egin zuten Juanitoren euskaltzaletasun hori.
Lan egiteari utzi gabe, bere kabuz alfabetatu zen San Martin gaztea, eta 1957ko uztailaren 26an izendatu zuten euskaltzain urgazle. Zazpi urte geroago, 1964ko abenduaren 18an, euskaltzain oso. Sarrera hitzaldia hamar urte geroago egin zuen, hala ere, 1974ko irailaren 14an, Urdazubin, gaitzat honako hau hartuta: «Literatura landuaren sorrerako giroa, Axularren garaira arte». Jean Haritxelharrek eman zion erantzuna ekitaldi hartan.
Euskaltzaindiko idazkari izan zen 1967tik 1978ra arte. Ordain ekonomikorik gabeko lan ugari egin zuen akademiaren alde urte horietan: bertsolari txapelketen eta alfabetatze-kanpainen antolaketan parte hartu zuen, gau-eskolak bultzatu zituen, euskararen aldeko era guztietako ekimenetan laguntzeko prest zegoen beti.
Gertutik ezagutu zuen euskara batuaren sorrera-prozesua, eta hasieratik eman zien babesa eta laguntza Koldo Mitxelenari, Luis Villasanteri, Txillardegiri, Gabriel Arestiri, Jean-Louis Davanti eta, oro har, euskara batua bultzatzen zuten gainerako euskaltzain eta idazleei. Ermuko Zina izenpetu zuten idazleetako bat izan zen, 1968an; Arantzazuko Batzarrean parte hartu zuen, urte berean; Bergarakoan, 1978an… Praktikan ere, bere idatzietan, euskara batuaren aldeko jokabidea izan zuen. Aurkari gogorren askotariko erasoei egin behar izan zieten aurre euskara batuaren aldeko prozesu luze, lakar eta korapilatsuan.
1970etik 1978ra arte, Euskaltzaindiko diruzaina izan zen; 1978tik 1988ra arte, Jagon sailburua; euskaltzainburuorde hautatu zuten 1988an, baina kargua hurrengo urtean utzi zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Ararteko izendatu zutelako.
3. Juan San Martin, mendizale, espeleologo eta etnologo
Irakurtzea bezala, gaztetandik izan zuen Juan San Martinek mendizaletasuna bere pasioen artean, eta ez modalitate edo praktika bakarrean: mendigoizaletasuna, alpinismoa, eskia, eskalada… eta baita espeleologia ere.
1940ko hamarkada amaitu baino lehen egin zen Aranzadi Zientzia Elkarteko espeleologia saileko kide, eta Eibar inguruko leize-zuloen esplorazioetan lagundu zuen, Jesus Elosegi Irazusta zuzendari zuela. Aurrerago, Oñatin, Mendaron, Erronkarin eta Santa Grazin ere aritu zen espeleologia lanetan, Felix Ruiz de Arkaute espeleologoarekin eta Antonio Arratibel adiskidearekin, besteak beste. 1960an, Santa Graziko San Martin leize-zuloko La Vernako tunela zulatzea ahalbidetu zuten topografia taldeko kide izan zen. Hurrengo urtean, handik gertu, Aranzadi galeria aurkitu zuen taldeko eskalada-arduradunetako bat izan zen.
Mendi Altuetako instruktore titulua eskuratu zuen 1948an, eta eskaladako irakasle eta gidari izan zen hainbat urtez. 1950 eta 1954 artean, hiru bidetatik lortu zuen Cabrales udalerriko (Asturias) Urriellu mendiaren (Naranjo de Bulnes ere deitutakoa) gailurreraino eskalatzea. Bide berriak ireki zituen Pirinioetako hainbat menditan, eta Alpeetan ere ibilbide ugari egin zuen. Espainiako Mendi Federazioak Zilarrezko Domina eman zion 1955ean.
Eibarko Club Deportivo elkarteko kide izan zen, gazterik hasita. Eskalada eta Mendi Altuetako saila sortu zuen, 1949an, elkarte horren barruan, eta elkarteko buru ere izan zen aldi batez. Elkartearen sail artistiko-kulturala ere berak sortu zuen, 1957ean. Elkarteak hitzaldi, ikastaro eta erakusketa ugari antolatu zuen ondorengo urteetan, San Martinen dinamismoak bultzatuta.
Idazketarako gai ere izan zuen sarritan mendia, Eibarko kirol elkartearen aldizkarian ez ezik Pyrenaica aldizkarian ere, gaztelaniaz hasieran, euskaraz gero.
Espeleologiarekin eta mendizaletasunarekin lotuta, etnologiarako zaletasun handia izan zuen. Joxe Miel Barandiaran eta Julio Caro Baroja maisu eta erreferente nagusitzat harturik, etnografiako hainbat lan argitaratu zituen Munibe, Fontes eta beste hainbat aldizkaritan. Etnografiako lanak euskaraz idazten eta argitaratzen aitzindarietako bat izan zen.
4. Juan San Martin, bere gizartearekin konprometitutako eragile
Herriaren eta herritarren zerbitzurako bokazioak hartaratuta, Eusko Kontseilu Nagusiko kide izan zen Juan San Martin 1978an, Eusko Jaurlaritza sortu baino pixka bat lehenago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ararteko izendatu zuten 1989an. Horregatik utzi zuen euskaltzainburuorde kargua, aurreko urtean emana. 1994tik 1995ra Europako arartekoen Ombudsman Institutuko burua izan zen, eta 1995ean utzi zion EAEko Ararteko izateari ere.
Aurretik, Arte Ederretako Kontseilaria izana zen, eta baita, hainbat urtez, Donostiako San Telmo Museoko Zuzendaritzako kide eta Eibarko San Andres elizaren berriztatze-lanetarako Kontseiluko aholkulari ere.
Luzaz izan zen Aranzadi Zientzia Elkarteko zein RSBAP/EAE Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide. EIE Euskal Idazleen Elkarteak eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak ohorezko kide izendatu zuten.
Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 36. edizioan, Durango merindadeko Adiskideen Gerediaga Elkarteak 2001eko Durangoko Argizaiola omen-saria eman zion.
Eibarko Udalak, Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin, Juan San Martin Beka sortu zuen 2001ean, ikerketa sustatzeko eta Juan San Martin omentzeko. Geroztik, urtero ematen da beka hori.
Hona hemen Juan San Martinek jasotako beste hainbat aipamen, sari eta omenaldi:
-
Espainiako Mendi Federazioak Zilarrezko Domina eman zion 1955ean.
-
Baionako Euskal Idazleen Entitateak kazetaritzako Lauaxeta saria eman zion 1964an.
-
2002ko ekainaren 3an, Bilboko Liburu Azokak Urrezko Luma eman zion.
-
2003ko urrian, Koldo Mitxelena Kulturuneak Juan San Martinen omenezko jardunaldiak antolatu zituen, Konpromisoa eta lekukotza euskal kulturaren zerbitzura izenburupean.
-
2003ko abenduan, Hondarribiko Urrezko Domina eman zioten, eta seme kuttun izendatu.
-
2004ko ekainean, Eusko Ikaskuntzak eta Euskadiko Kutxak, Humanitate, Kultur, Arte eta Gizarte Zientzien 2004ko saria eman zioten.
-
2004ko abuztuan, Zuloaga Museoak omendu zuen.
-
2005eko apirilean, Eibarko seme kuttun izendatu zuten.
5. Juan San Martin, bere hitzetan
Juan San Martinek Imanol Murua Uria kazetariak 1998an egindako elkarrizketan (Jakin aldizkariaren 108. zenbakian argitaratua) esandako batzuk jaso ditugu hemen:
<<Irakurzaletasuna mutikotatik neukan. Auzoan bagenuen neska bat, ni baino lau bat urte zaharragoa, ipuinak irakurtzen zizkiguna. Robinson Crusoe eta halakoak. Horren inguruan, oso mutiko nintzela!, jabetu nintzen liburuetan zer gauza aurki zitezkeen.
Ipuinak-eta irakurtzen nituen orduan, erdaraz. Esploradore kontuak, Livingston-eta, mutikotatik irakurri nituen. Erosi egiten nituen, nire diruarekin. Merkeak ziren. Nobelak koaderno gisa kapituluka saltzeko ohitura ere bazen. Eta gainera, trukaketak genituen: zinemara joaten ginenean, pelikula hasi baino lehen elkartzen ginen elkarri esanez, azokan bezala, «nik hau daukat! trukatuko nuke honegatik!», eta horrela. Batzuk banituen trukatzerik nahi ez nituenak. Gustatu, eta niretzat.
Gerra piztu zenerako, etxean banuen liburu multzo bat. Baina erra etorri zen, etxea erre zen eta ezer gabe gelditu nintzen>>.
* * *
<<Ferroldik Pasaiara ekarri gintuzten, itsasoz. Eta handik Eibarrera. Iritsi ginenean, etxerik ez! Beheak jota. Suntsituta dena, lau paretak. Amak ikusi zuenean negarrari eman zion. Inpresio handia egin zidan, eta uste dut nire bizitzan aldaketa handia egin nuela orduan. Lehen ume bihurria nintzen, baina ama horrela ikusirik eta aita non zenik ere ez genekiela…>>
* * *
<<Giroa oso txarra zen [36ko Gerraren ondorengo urteetan]. Udaletxean edo beste edozein zentrotan isilik geratu behar, baina trenean, autobusean edo horrelako lekuetan ikasia nuen, nire irakurketetatik, zer erantzun. Autobusean-eta nornahik esaten zizun: «¡Hable en cristiano!». Nornahik! Sarri erdibaserritar erdaraz ondo ez zekienak, karlista zelako. Baina sarriago, kanpoko jendeak, poliziek eta.
Nik erantzuten nien: «Lo siento mucho, pero yo no sé arameo». Berak: «¡Quiero decir que estamos en España y hable usted en español!». Eta nik: «Pues yo estoy hablando la lengua mas antigua de España». Jendea adi-adi egoten zen. Eta gero: «¡Yo no soy separatista, pero veo que usted es un separador!».
Horrela erantzuten nien. Jendeak horrekin kontzientzia hartzen zuen eta ni pozik. Hori, zenbat aldiz eta zenbat tokitan! 40ko hamarkadaren erdia pasatu ondoren hasi nintzen horrelako erantzunak ematen. Esaten zidaten lagunek, egunen batean disgustoa izango genuela...>>
* * *
<<Behin [soldaduskan], euskaraz entzun eta brigada batek esan zidan: «¡Malditos vuestros padres que os enseñaron esa puñetera lengua!»... «Oiga, perdone, a mí mis padres no me han enseñado nada malo». Esan banion esan nion! Eman zidan jipoi ikaragarria! Lurrera bota, zapaldu... odolduta utzi ninduen.
Horrek erreakzioa sortarazi zidan: ni mendizale ibili naizenean, artzainekin, baserritarrekin, Gorbean, Aizkorrin, Aralarren... gure hizkuntzarekin toki guztietan ateak irekita izan ditut. Hizkuntzarekin anaiago konpontzen gara... Eta gero, tratu hau hauei? Niretzat azkena izan zen. Hor hasi nintzen kontzientzia hartzen>>.
* * *
<<Jon Etxaidek asko orientatu gintuen: zer gramatika ziren interesgarrienak, literatur gomendioak... Ni mugaz haraindiko idazleei begira jarri banintzen, hangoak ere irakurtzen hasi banintzen, Jon Etxaideri zor diot. Esaten zidan bere ustez mugaz haraindiko idazleak tradizio handiagokoak zirela, ezagutu beharrekoak zirela>>.
* * *
<<Naranjo lehenengo aldiz igo genuenean, baserriko abarkekin egin genuen. Gero, txirukak hasi zirenean txirukekin>>.
* * *
<<Nik beti esaten dut: gizona da lehenago, edozein hizkuntza, edozein etnia eta edozein zera baino. Baina bolumena handia baldin bada, ez dago asimilatzerik.
Euskalduna zeharo baztertzea gertatu zen. Hor joko bat egon da azpitik. Dudarik gabe.
Humanidade aldetik, agian gutxien inporta duena da. Baina, guretzat, euskaldun bezala, inportantea izan da>>.
* * *
<<Ikastola [Eibarkoa] 1960an sortu zela dio ikastolaren liburuak, baina nik datuak lehenagokoak ditut, eta inor ibili baldin bazen ni ibili nintzen: 1959an sortu zen ikastola. Pisu batean hasi ginen>>.
* * *
<<Aresti ere kezkatuta zegoen, Otsalar hori nor zen ez zekiela eta. Irakurriko dizut Arestik zer idatzi zuen 1960an, Egan-en:Larrean argitaratzen den Olerti errebistan poeta bat agertzen zaigu, zeineren izenik edo kondiziorik ez dudan nik ezagutzen birrizen batekin eskribatzen duelako: Otsalar. Gauza sakonak eta kementsuak egiten ditu, bortitza da, entelegetsua, adimentsua, zeru muga zabaleko poeta. Lasai dabil poesia gorenengo alor aberatsetatik. Baina formarekin egiten dugu oztopo. Badaki kopla nagusi bat zer ez den ere ez dakiela. Otsalar, funtsaren aldetik, ezin hobea da>>.
* * *
<<Baina nik nahiago nuke libreago egon izan banintz. Euskarak hainbeste premia izan ez balu, gehiago dedikatuko nintzatekeen literaturara. Eleberri bat egiten ere hasi nintzen, eta bertan behera utzi nuen. Euskaltzaindian idazkari hasi nintzenetik ez dut izan denborarik ezertarako>>.
* * *
<<Zentsura norberaren buruari egiten zaio lehenengo. [Hoja del Lunes astelehenetako egunkariko] Zuzendariak babestu egiten ninduen gainera. Ez nuen politika gaiez idazten, kulturaz aritzen nintzen, eta horrela inork ezin zuen moztu. Tarteka, historiari buruzko zerbait, foruen arazoren bat, hurrengoan pertsonaiaren bat mendeurrena edo betetzen zenean... Gai desberdinekin jauzika.
Nik, gainera, gai politikoak beti saihestu ditut. Politikan beraiek egin dute nire kontra, baina nik ez dut politikarik egin. Orduan saihestu egiten nuen, eta orain gehiago>>.
* * *
<<Baina [Euskaltzaindiaren Lagunak] kanpaina zela eta ni batetik bestera ibili nintzen batzarrak eginez, eta nire jarraika hasi zen Guardia Zibila. Telefonoa kontrolatua neukan. Eta gerora, orain gutxi arte!, arazoak izan ditut horregatik: Carrero Blanco hil zutenean pasaportea baliogabetu zidaten, Hondarribian etxea miatu zidaten guardia zibilek Aberri Egun batean, pintxazoak kotxean ez dakit zenbat aldiz... Kotxeari gurpil bat kendu eta itsasora bota zuten batean, guardia zibilak horrelakoak egiten ari ziren susmoa zutela esan zidan Hondarribiko alkateak eta, orduan gobernadore zen Julen Elgorriaga ezaguna nuenez, harengana jo nuen. Ahal zuena egingo zuela esan zidan, eta geroztik ez dut arazorik izan. Horrek erakusten du guardia zibilak zirela niri arazoak sortzen zizkidatenak. Demokrazian! Eta hori guztia, «Euskaltzaindiaren Lagunak» mugimendua sortu nuelako>>.
* * *
<<Euskalki bakoitzak baturako eskaini behar du beretik datozen gauzarik garrantzitsuenak. Orain hasi da berriro euskalkiei balioa eman nahirik: balio lokala dute, baina batasunerako lehen pausotzat hartu behar da. Batasuna beharrezkoa da, edo bestela hizkuntzak ez du etorkizunik. Eta batzuetan euskalkiari merezi duen baino garrantzi gehiago ematen ari gara>>.
* * *
<<Inportanteak izan dira [Ararteko lanean emandako urteak] humanismo aldera izan dudan joeragatik. Alde horretatik oso gauza politak egitea egokitu zait eta poz handia eraman dut. Baina politikak desengainu handia eman dit. Esan bati gauza bat, eta belarri batetik sartu eta beste batetik irten. Hori askotan, eta kolore guztietako politikoekin. Txarrenak, txantajea eginez, ETAren eta HBren ingurukoak izan dira, baina boto gehien dituzten alderdiek ere presio handia egin didate, eta ezikusiarena egin, sarri. Esatekoak ere ez dira EAJkoek eta PSOEkoek egin dizkidatenak>>.