Artikulua :: NORA ARBELBIDE LETE 2022/12/16

Irakurtzen ez diren liburuei

 «Begiratu berri dut sarean, 45 liburu idatzi ditu, halere». Txomin Peillenez mintzo da laguna. Bezperako solas bati jarraiki. Bezperan jakin baitzen Txomin Peillen zendu zela. Durangoko azokako larunbatarekin harrapatu zuen berriak. Zehazkiago, gure kasuan, azokaren lehen itzuli bat egin eta geldialdian, azokatik hurbil, ostatu txoko batean. Txomin Peillen hil zela telefonoko mezuak jakinarazirik, burua altxatu nuen eta berria zabaltzearekin batera, mahai ingurukoek denak bat niri begira. Nehork ez zekien nor zen Peillen. Lau lapurtarrek, ideiarik ez. Lauek euskara etxetik dute. 40 bat urte inguru dituzte. Azoka ez dute nehoiz huts egiten. Euskal kultura goxatzen dute, maite dute, bizi dute. Ikastolatik pasaturik, edo eskola publikotik, baina euskara irakasleak ukanik.

Deigarria egin zitzaigun guztiei hori. Ideia ez da erruak banatzea. Baina horra. Txomin Peillen. Idazlea, euskaltzaina, irakaslea ikertzailea, Parisen sortu zuberotar baionesa, hil berri zen. 90 urte, 45 liburu. Eta ni hantxe, azokak irudikatzen duela euskal kulturarako arnasgune horren bihotzetik, Peillen nor zen esplikatu beharretan. Zer beharko nuke erran? Zergatik beharko lukete jakin nor den Peillen? Nola edo hala erantzun bat zirriborratzen ahalegindu nintzen. Baina ez dakit asmatu nuen. Eta hortik biharamuneko hori. 45 liburu idatzi ditu, «halere». Zenbakiak harriturik. «Norbait izan behar zen». Durangoko azoka leku egokia izanen zelakoan Peillenen liburuak erosteko agian? Ez dira konbentzituak. Jadanik bazuten aski sos gastaturik beste liburu eta diskoetan. Eta 90 urteko zahar batek zer luke interesgarri kontatzeko? Eta berriz galdera horiek. Zergatik beharko luke Peillen irakurri? Ez dira galdera berriak. Baina heriotzek anitzetan oraindik gordinago uzten dituzten gogoetak dira. Non eta Durangoko azokaren erdian.

Geroztik Durangoko azoka bururatu da. Arnasgune lasaigarria oroitzapen bihurtu da baita liburu eta disko meta bat apaletan. Euskal kulturaren alde aritzeak korrontearen kontra igerika egitea eskatzen duen errealitatea bihurtu da berriz ere egunerokoa.

Lantokia hortxe. Biarritzeko liburutegi publikoa. Eta galderek segitu dute bizirik. Lehen gauza, begiratu apaletan Txomin Peillenen liburuak ba ote dauden. Suertea gurea. 45ak ez, baina andana bat bada Biarritzeko txoko honetan. Denak erakuts mahaira eraman eta testutxo bat prestatu. Badu lasaigarritik lan horrek. Konkretua da. Hor dira liburuak. Zerbait bada. Ez da bakarrik haizea. Durangoko azokan bezala. Liburu guzti horiek. Bizi, gogoeta, soinu, kolore posible guzti horiek hunki daitezke. Eskuratu. Usaindu. Barneratu. Potentzial guztia hor da. Baina, Durangoko azokan lagunek bezala, liburutegiko liburuzaleak ez dituzte erakarri Peillenen liburuek, mementoko.

Zaude, bi minuta. Desdramatiza dezagun gai hori doi bat.

Bada liburu bat horretan laguntzen ahal duena. Izenburuak dio: nola aipa irakurri ez diren liburuak (Comment parler des livres que l'on n'a pas lus ?, Les Editions de Minuit, 2007). Pierre Bayard-ek idatzia duela 15 urte. Gai hau aipatzen du taburik gabe. Aspaldi irakurri nuena eta ahanzteko denbora izana dut ere engoitik. Eta justuki, ahanzteaz ere ari da liburuan. Nola, adibidez, Montaigne bera ari zen borrokan bere memoriaren aurka. Notak eta notak idatziz, liburu irakurriei buruz. Notek gogorarazten zioten ea liburu bat gustikoa ukan zuen ala ez, zer pentsatu zuen garaian liburuaz. Baina ahanzten zuen batzuetan, baita hark idatzi zuena ere. Idatzi den liburu bat irakurria ote dugu? Ahanzten badugu ondotik.

Ahanzten dut nik ere anitz. Irakurria baita idatzia ere. Gertatu izan zait pentsatzea : «Nik idatzia dut hau?». Eta nire izenpedura ondoan denez, izan, izan daiteke.

Memoria galtzea kontu seriosa baldin bada, bizkitartean, liburuak desakralizatzeko ere balio du gogoetak. Liburuetan paragrafoak, orrialdeak, kapitulu osoak saltatzeko arazo izpirik ez dudala aipatzen dudalarik nire inguruan, anitzetan harriturik begiratzen naute. Nire defentsarako, gustukoa dudan argumentu bat da hauxe: edozein gisan badakit hortik gutxira, ez bada liburua hesterakoan bertan ahantziko dudala liburuan irakurria.

Zergatik irakurri liburuak orduan? Bayarden liburuak proposatu gogoeten haritik, irakurri-ez irakurri horretatik haratago baitoa kontua. Nik hori ulertu diot, hasteko. Batek irakurri, besteak aipatu, besteak errepikatu, gogoetatu, bide zuzenetatik zein saihets bideetatik, liburuek laguntzen baitute elikatzen nolabaiteko irumen kolektiboa. Baita, hasiz, norbanakoaren barne mundua ere, barneko liburua. Gure istorio propioaren arabera ulertzen ditugula liburuak.

Durangon bertan aurkeztu duten Iruleak (Garazi Albizua eta Olga Carmona Peral, Txalaparta, 2022) komiki berriaren sar hitzan Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak idatzia ekarri dit berriz gogora gogoetak, nahiz eta ez batere hari bera izan… edo bai, nonbait: «Gogoratzen ez dugunak ere eragiten du gugan. Ahazten duguna ere bagara; baita inoiz oroitzera iritsi ez garen hura ere. Akaso, ahanztura gara ororen gainetik. Ez da ideia erosoa. Nahiago dugu geure erabaki libreen ahalean fedea izan, autosufizientzian trebatu, eta sinistu norberaren memoria labur badaezpadakoan eta patrikako memoria artifizialetan ondo gordeta daramagula izateko behar dugun guztia. Baina. Haize fin bat ez ote dugun sentitzen garondoan.[…] «Idazle guztiok igotzen gara elkarren sorbalda gainera», idatzi zuen Ursula K. Le Guinek oroimen izarniatsu atenporalera desintegratu aurretik. Andre guztiok igotzen gara bata bestearen sorbalda gainera. Eskerrak hildakoen bizkar zabalei»

Peillen ezagutu gabe ere, hor nonbait dago agian. Nihaurk ez ditut 45 liburuak irakurriak. Urrundik ere. Eta agian ez naiz pertsona egokiena, preseski, erraiteko, nor izan den Peillen, zer ekarri dion euskal literaturari, liburu bat irakurtzekotan zein behar den irakurri. Baina zenbait zati gogoan atxiki ditut, han eta hemen irakurriak edo entzunak. Hemen jarraian, hortaz, zati horietako batzuk.

Behar bada Gauaz ibiltzen dana eleberriarekin hasi gaitezke? 1964an idatzi zuen eta hiru kapitulu Zaldi beltza zeruan (2019, Pamiela) liburuan irakurri daitezke. Ur Apalategi idazleak liburuaz Euskal Literaturaren Hiztegian (EHL) dioenak sortu dit oihartzun gehien: «Gauaz ibiltzen dena, izenburu ederretik beretik hasita, estetika berri bat lantzera datorren lana da, eta gaur egungo zenbait obraren aitzindaritzat jo daiteke. Esaterako, Itxaro Bordak Amaia Ezpeldoi pertsonaiaren inguruan osaturiko trilogia detektibeskoan azaltzen diren hainbat motibo literario agertzen dira hemen lehen aldiz: ikerketa poliziako errurala, motoz edo autoz euskal paisaia menditarrean zeharreko joan-etorriak, ez herritar ez atzerritar sentitzen den ikerlari konplexua».

Peillen idazlearen beste fragmentu bat Aljeriako gerla garaira garmatza. Aljeriako gerla (1954-1962) egitera bidali baitzuten Frantziako agintariek beste 20.000 euskaldun bezala. Han egon zen erizain eta torturak ikusi zituen. Aldjezairia askatuta 1962an idatzi zuen eta 1982an lehen aldi batez argitaratu eta, Txalapartak 2013an berriz argitaratu zuen, Joseba Sarrionandiaren sarhitz batekin. Norbaitek ongi ezagutu badu Peillen bera baita ere bere idatziak, Joseba Sarrionandia baita.

Hementxe Taogriten 1960an idatzi ‘Otsoak gara’ ipuinaren hasiera, Aljeriarrak imitatuz idatzia:

«Zaharra naiz. Frantsesek ez dakite denbora galtzen dutela eta hala nahiz galarazten diedala. Ez zaizkit axola bizitzea, hiltzea: etsaiek tortura nazakete, ez dut aitortuko. Gainera, zer dakit? Egiten nauten artean ez dituzte gazteagoak torturatzen eta gazteagoek aitor dezakete. Goiza gela hutsean joan zait. Biluzik jarri naute, barrabiletan jo, gero elektra-telefono hari bat ahoan, bestea koskoiletan, gegen sorgailu elektrikoaren biraderari eraginez badakit zer gertatuko zaidan: beste lagunetan zer salto itsusiak egiten dituzten erakutsi didate; elektrika-indarrak gorputza zeharkatuz hiltzen den ardia bezala zapart egiten dugu. Lehen aldian buruan min izugarria eman dit, eta giharretan oinazea; zaila naiz eta O.R. galdeketariak ez daki beren gegenari ohitzen naizela, egiten naizela. Alferretan goiza joan zaie. Larruzko gerrikoekin jo naute. Nire larru zimurtuari zer?».

Peillenen idatziek, orain desagertua den euskal mundu baten zubi bezala ikusten ditut ere bai, Animismua Zuberoan (Haranburu editorea) horren lekuko. 1985an argitaratu zuen liburua. Bertan biltzen ditu hainbat sineste eta istorio. Bat aipatzearren, Basajauna ikusi zuen anderearena izan daiteke. Ligiko Margarita Harrixuri. «Andere xahar hunek Basaujanua ikusi omen zuen Atarratzen «oro bilho züzün» alegia «dena illetsu zen». Eta galdegitu nionean Basajaunik bazenez, esan zidan bi bazirela Zuberoan eta bata Santa Grazin ezkondu zela. Santa Grazin sortu zenak behin erran zuen bere koñateri, koñaduei emaztea hil zitzaiola, eta hilik bezala ohean hatzeman zuten. Tonban sartu zuten, baina kanposantura, Ilherrietarat zoatziala hil kutxa barnetik jotzen entzun zuten. Zerraldoa lurrean ipiñi eta ireki zutenean, emaztea bizirik aurkitu; orduan Basajaun senhar hura hil zuten eta haren anaia, Españara ihesi joan zen».

Badu ere beste alde bat Peillenek, aipatu nahi dudana. Inguruko zenbaitzuk aipatu baitidate. Irakasle bezala ukan zutela Baionako unibertsitatean. Klase aski nahasiak zirela gogoan atxiki dute. Eta hauetako batean pedofilia izan zuela aipagai kontatu dit ikasle ohi batek. Begi nini kontu batekin asaldaturik Klasetik ateratzeko gogoz egon zela ere gehitu. Jon Miranderen Haur besoetakoa zuen aipagai Peillenek. Kontua da liburutegietako apaletan aurkitu dudala liburu bat begi nini kontu hori aipatzen duena Haur besoetakoaren haritik. 1998an l’Harmattanen argitaratu zuen : Conception du monde et culture basque (Munduaren ikusmoldea eta euskal kultura). Klase horrek oihartzun zitekeen. Garai berak ziren. Hemen nik euskaratua paragrafoa: «Feminitatearen irudia, humanoen artean inkontzientea, jarrera intuitibo batek traditzen du, etnologoek deskribatua dutena. Biluzik den emazte heldu baten irudiak  begi ninia handiarazten du, humano arraren baitan. Aldiz, emazteei dagokienez, erreakzio bera, ume edo haur baten irudi bat edo argazki batekin baizik ezin da lortu. Pedofiloen kasuan, haurtzaroarentzako gustua jatorri femeninokoa ote? Eta gustu heterosexuala jatorri maskulinokoa ? Ez dakigunez zer den jitezko jatorrikoa jarrera horretan, zaila zaigu ulertzea nola antolatzen den bestearen gorputzaren irudia, inkontzientzia humano eta kulturalen aniztasuna infinitua dela, baina beti irakatsi dugu, gizakiaren organo sexual nagusia bere irudimen burmuina da».

Ideia ez da Peilleni erranaraztea erran edo idatzi ez duen zerbait, testuingurutik ateraz. Baina ikasleak hauxe zuen ez onartu garaian. Eta paragrafo honek pertsonalki aski aho zabalik uzten nau ere. Baina ideia ez denez ere anakronismorik egitea, geroztik kasik 25 urte pasa direla eta idazten segitu duela Peillenek, zati horri oihartzun, ezin aipatu gabe utzi 2020an argitaratu Minotauro (Alberdania). Berrian eman elkarrizketa batean zehaztu zuen egiazki gertatutako istorio batez inspiratu zela, XVI. mendekoa. « Baina erran didate ez aipatzeko non gertatu zen eta nork egin zuen. Zeren familia bizirik da oraindik, eta hor, hiru semeek lepoa moztu zioten aitari, arreba gazteena bortxatu ondoren. Eta hori da eleberrian gertatzen dena». Neskaren ikuspegitik kontatua da. Haur delarik baita heldu bilakatu dela ere, handitu eta ere. Pedofilia du aipagai berriz ere, intzestua, hain zuen. neskaren ikuspegitik. Bortxa.

Eta hemen liburutik hartu zati bat:

 «-Ama, gure herrian ez duzu otsorik ?

 -Ez lau zangokorik ez, baina bi hankatan baditun, gizonak»

 Bizkar zabala zuen Peillenek, eta bere sorbaldaren gainetik bada zer ikus, zer irakurri, zer eztabaidatu. Urrunago begiratzeko aukera eman dezake. Baita Durangoko azokatik baino haratago ere.

NORA ARBELBIDE LETE