Artikulua :: IOSUNE DE GOÑI 2023/07/27

GORPUTZ ETA IDENTITATE DESGAITUAK MAITATZEA

Zuzentzaileak gorriz azpimarratzen ditu kapazitismo, kuerdismo, neuroaniztasun edo patologizazio bezalako hitzak. Sigi-saga gorria ordenagailuan eta mugikorrean, etxean eta kalean agertzen da, existitzen ez den edo ikusi nahi ez den hori agerian utziz. Euskaltzaindiaren hiztegiak ere ez ditu hitzak jasotzen eta euskarazko Wikipedian neuroaniztasuna da artikulu bat daukan kontzeptu bakarra.

Aniztasuna eta intersekzionalitateari buruz hitz egiten dugunean, komunitate desgaitua aipatzea ahaztu egiten zaigu. Generoa, arraza, klasea eta orientazio sexuala diskurtso guztietan presente egon ohi dira eta genero identitateek ere beren lekua aurkitu dutela dirudi. Baina pertsona desgaituak, gaixo kronikoak, neurodibergenteak eta psikiatrizatuak noraezean gabiltza, ikusten ez gaituzten itzalez inguratuta, mamuak izango bagina bezala.

Pertsona gehienen harridurarako, uztaila harrotasun desgaituaren hilabetea da. LGTBIAQ+ harrotasunaz gain, beste harrotasun batzuk ere existitzen direlako (beltza, eroa eta desgaitua, besteak beste). Seguruenik, pertsona gaituek (hau da, desgaituak ez direnek), mugimenduaren berri izaterakoan beren buruari galdetuko diote: nola senti daiteke norbait harro desgaitasun bat izateaz? Eta, hain zuzen ere, horregatik da hain beharrezkoa gure identitateaz, gorputzaz eta ezberdintasunaz harro sentitzeko aukera izatea.

Ez da erraza min kronikoarekin bizitzea, disfuntzio exekutiboaren ondorioz aspalditik idatzi nahi duzun poema hori hurrengo egunerako uztea, behin eta berriro, beranduegi den arte. Ez da erraza musikari profesionala izan ondoren txeloa jotzeari uztea, izan nahi duzunari uko egitea edo krisi psikotiko bat igarotzea. Baina oraindik zailagoa da kalera atera ezin izatea oztopo arkitektonikoek zebra-bidea gurutzatzea eragozten dizutelako, neurotipikoentzat diseinatutako eskola sistema bati aurre egitea ala gertatzen zaizuna hainbesterako ez dela entzutea, gehiegizkoa zarela, ez duzula ahalegin nahikorik egiten. Izan ere, desgaitasunaren eredu sozialari jarraituz, desgaitu egiten gaituena ez da gure gorputza, gizartea baizik.

Gizarte kapitalista eta kapazitista honetan, desgaitasuna pertsona bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena dela uste dugu. Zenbatetan entzun ditugu «ez dakit nola egiten duzun, nik ezingo nuke» ala «nahiago nuke hil bizitza osoa gurpil-aulki batean igarotzea baino» bezalako esaldiak? Desgaitasuna modu negatiboan ulertzeak pertsona gaituen errukiaren objektu bilakatzen gaitu eta, ondorioz, sendatu, zuzendu ala normalizatu nahi gaituzte. Sendatu ezin garenean ere, edo sendatzeko ezer ez dagoenean, yoga egiten saiatu garen galdetzen digute, dietaren bat egiten dugun, psikologoarengana joan ote garen (emakumeen kasuan, batez ere, psikologoak gaitz guztiak konponduko dituela uste izaten da). Ingurukoek ezin dute onartu ezberdintasuna normalizatu ezin dela, batez ere desgaitasunaren kasuan, sendatu ezin den gaixotasun bat existitzen dela onartzeak haien zaurgarritasun propioaz jabetzea ekarriko lukeelako. Izan ere, edonor bihur daiteke desgaitu. Aukera horren aurrean, ezikusiarena egitea nahiago dute, pertsona desgaituen bizipenak zalantzan jarriz eta itxurak egiten ari garela pentsatuz.

Pertsona gaituek gehienetan asmo txarrik ez duten arren, egunero egin behar diegu aurre horrelako iruzkin eta indarkeriei ala konturatu gabe barneratu dugun kapazitismoari. Horrek guztiak gure gorputzak gorrotatzera eraman gaitu, karga bat garela sentitzera eta desgaitasuna edo neurodibergentzia masking-aren bidez ezkutatzera, ez dezala inork jakin gugan zerbait txarra dagoela, gure benetako izaera erakutsi dugun guztietan arbuiatuak izan garelako, ez digutelako sinetsi, indarkeriaz erantzun digutelako.

Egoera horren aurrean, desgaitasunaren harrotasuna gizarte kapitalista eta kapazitista honetan gure gorputzak maitatzeko eta aldarrikatzeko aukera ematen digun ekimena da, ezberdin egiten gaituena onartzeko eta lotsa sentitzeari uzteko espazio seguru bat, etxe bat, komunitate bat. Edo horrela izango litzateke zuzentzaileak gure bizipenekin erlazionatutako hitzak azpimarratuko ez balitu, aniztasunari buruz hitz egiten dugunean desgaitasuna aipatuko bagenu. Twitterreko bilatzailean “Disability Pride Month” idazten badugu, herrialde anglofonoetan egoera ezberdina dela ikusiko dugu. Gure begien aurrean zabaltzen diren txioek mota guztietako edukiak erakusten dituzte: artista neurodibergenteen ilustrazioak, pertsonaia desgaitu eta bisexualak dituzten liburuen zerrendak, indarkeria medikoa eta generoari buruzko artikuluak, psikiatrizazioaren kontrako hariak ala gurpil-aulkia purpurina eta kolorezko margoekin pertsonalizatzeko tutorialak. Bilaketa horren itxura duen etorkizun batekin amets egiten dut, ez bakarrik herrialde anglofonoetan, Euskal Herrian ere. Kapazitismo eta neuroaniztasun bezalako hitzak Euskaltzaindiaren hiztegian aurkitzearekin amets egiten dut, gure herrialdeko alderdi politikoek desgaitasuna hauteskunde-programetan aipatzearekin, «nik ezingo nuke» eta «gehiegizkoa zara» bezalako komentarioak entzuteari uztearekin. Nire gorputza maitatzea posible egiten duen mundu batekin amets egiten dut.

IOSUNE DE GOÑI