Artikulua :: ITXARO BORDA 2023/06/07

GIZONIK GABEKO MUNDUAK

Gizon batek, emazte edo eta haur bat hiltzeraino gaizki tratatzen duela irakurtzen dugularik, gizonik gabeko munduez amets egiten dugu, gizonen absentziak genero biolentzia arazoak konponduko balitu bezala. Badakigu alta ez dela hala, gure inguruan, emazte bikoteetako bortizkeria kasu larriak ezagutzeko parada ukan dugulako. Galdera zera litzateke: indarkeria hori ez al da, finaren finean, gizakiaren ezaugarri sui generis bat? Ihesbiderik ez ote dago? Zutabe literario honen funtsetatik bat, urte hasieratik, anai, senar edo semeen ukabilkaden zein tiroen pean erailak izan diren hamarnaka emakume gogora ekartzean datza.

Gizonik gabeko munduak irudikatu dira mendeetan zehar, justuki genero gatazkak plaza publikora ekartzeko. Emazteak ez dira sekula ohitu giro letal horietara. Eta bekan izanagatik, amets horrek, idaztera eraman dituen alargunak, mutxurdinak, emakume abandonatuak badira. Egia erran, andere batzuk bizitu dira bakarrik, gizonik gabe, eta aitarik ez zeukaten haurrak zentzuz altxatu dituzte. Ez da ongi ikusiak izan, eiki, euskal gizartean berean, emazte hauek arraiki trufatu eta gaitzetsi zirelako. Elizanbururen harri xabal haren gainean, trukean ari ziren “lau andre, hiru mutxurdin, bat alargun” haiek alabaina, ez zuten gizonen beharrik. XVIII mende hasieran, libertatea maiteegi zuten Lapurdiko sorginek, itzulerarik gabeko epaia hartzen zuten apezek eta inkisidoreek kudeatu auzitegien atzamarretatik!

Aristofanes grekoak, “Lisistrata” antzerkian, 411 K.ako garai ilustratuan, gizonen dominazioa salatu eta boterera heltzen ziren emazteak dakartza taula gainera, amazonen balentriak eredu. Pieza komikoa zen “Lisistrata”, zapart irri egingarria. Sexualitatea aipatzen zuen hitz gordin eta lizunez, bistan dena ikuslegoa gizonezkoek osatzen zutelarik. Atenasko emazteek harreman sexualen greba antolatu zuten, gizonen gerlarako tirria eragozteko. Aristofanesek, hemen, estatuaren zereginak eta intimitateak ezkutatuak uztartu zituen, sexuen arteko ezinikusiaren elementu narratiboen haritik. Mundua aldrebes imajinatzen zuen antzerkilari greziarrak, baina denboraren buruan, gizonezkoen boterea, ura bezala, bere bidera zetorren.

Erdi aro bukaeran berriz, Pizanoko Kristina (1364-1430) alargundu zenean, -senar ohiaren baliabide ekonomikoak galdu zituen orduan-, lehen emakumea izan zen idaztetik bizia atera zuena. 1405ean La cité des dames edo “Andreen Ziutatea” delako obra arrakastatsua plazaratu zuen, bake sozial emearen gainean eraiki emazte-hiri alegoriko baten altxatzea proposatuz. Hiri asmatu horretako emazteek goi mailako jakintza intelektualaren jabe ziren, arrazoiaren edo arrazionaltasunaren abaroan. Hezkuntzaren premia, gobernatzeko ahalmena eta bortxaketaren ilegaltasuna aldarrikatzen zituen sortu zuen hiriaren onerako. Orioko erailketa tragikoaren biharamunean, obra duin horren mamia etorri zitzaidan gogora.

Joanna Russ (1937-2011) zientzia-fikzio idazle lesbianak ere Urrundenbora planetan, gizonik gabeko jendarte bat asmatu zuen, preseski 1975eko The female man edo Gizemea titulaturiko lan ikaragarrian. Gizonak epidemia bitxi batek desagerrarazi zituen baina emakumeak salbatu ziren -behingoz! Gizon funtzioa erabiltzen zuten garatzeko eta multiplikatzeko. Emazteak elkarren artean konpontzen ziren ederki. Unibertso paraleloen artean bidaiatuz, Lur izarbelean aurkitu zen Janet Evason, humanitatea ukatzen dien sexuaren arabera banatzen diren gizon eta emazteen tartean. Eleberri zoragarria da, “oldarkor eta erradikala” Arrate Hidalgo Bilboko adiskideak lerrakeen moduan.

Emakumeok, egundainokoan, eremu salbu eta sanoak bilatu ditugu, bortizkerietatik aldentzeko eta zauriak sendatzeko, fikzioaren alorrean baizik ez bada ere. Amaia Ezpeldoiek berak bazuen halako Wittig Bar izeneko ostatu bat, Miarritzen, LGBTQIA+ joerako lagunekin bakean eta libreki biltzeko: amets hutsak eta ez diren munduak gure bihotzetan errotzeko literaturaren ezinbesteko indarra...

ITXARO BORDA