Espainiar Estatuko Idazle Elkarteen Konferentzia
Iazko abenduaren 12an Espainiako Alcala de Henares hirian egin zen Espainiar Estatuko Idazle Elkarteen VII. Konferentzia. Aurreko bilkuren bideari jarraituz, idazleen egoera fiskal eta laboralari dagokionez Artistaren Estatutuaren garapenean egin diren urratsak, egiteko falta direnak eta mahai gainean dauden proposamenak aztertzea zuen helburu. Horiekin batera, gaien artean zegoen, baita ere, egile eskubide digitalei buruzko Europako zuzentarauaren transposizioaren gauzatzea zertan den ikustea.
Aurrekariak
Jubilatzen ziren idazleak euren idazlanengatik jasotako diru sariek pentsioetan eraginik izan ez ditzaten aldarrikatzeko, Espainiako Estatuan “Seguir Creando” (Sortzen Jarraitu) Plataforma eratu zen 2016. urtean. Euskal Idazleen Elkarteak ere sinatu zuen agirian eskatzen zen 5/2013 Errege Dekretua ezabatzea, bertan ezartzen baitzen jubilatutako idazleek jasotzen zuten pentsioaren eta idazlanengatik jasotzen zutenaren arteko bateraezintasuna.
Espainiako Kongresuak 2018an bidea eman zion Artistaren Estatutua abian jartzeko txostenari. Horrekin onartzen zen artistek eta sortzaileek baldintza berezietan burutzen dituztela euren lanak; hortaz, berezitasun horri egokitutako legeak garatu behar zirela erabaki zen. Onartu zen ibilbide horrek hiru arlo aurreikusten zituela: laborala, fiskala eta legala. Horrek ekartzen zuen gobernuaren ministerio desberdinen arteko elkarlana eta, jakina, sormenaren arlo desberdinetako eragileekin negoziazioak hastea. Bidea korapilatsua izanik ere, lehenbiziko pausoak eman ziren artista eta sortzaileen egoera hobetze aldera.
Ordutik hona, pauso garrantzitsuak eman dira. Euskal Idazleen Elkarteak Espainiar Estatuko beste idazle elkarteekin batera osatutako plataforman parte hartzen du hasieratik, Artistaren Estatutuaren harira egiten ari diren lege aldaketetan eta berrikuntzetan idazleen egoera eta egin beharreko aldaketak martxan jartzeko asmoarekin. GALEUSCAko (Galiziako ALEG, Herrialde Katalanetako ALEC eta EIE) elkarteekin batera, Konferentziako partaide dira, baita ere, EAEko Euskadiko Idazleen Elkartea(AEE), Nafarroako idazleen elkartea (NIE) eta Estatuko beste zenbait erkidegotako elkarteak, ACE (Asociación Colegial de Escritores de España) elkarte handia barne. Idazle jubilatu eta pentsionisten egoerarekin hasi bazen elkartzeko beharra, ordutik hona bestelako aldarrikapenak ere joan dira sartzen ibilbide orrian.
ACEk 2018an egindako proposamen zerrenda batean zehazten hasi ziren gerora gobernuarekin negoziatze puntuak izango zirenak: fiskalitatea; gizarte segurantza; eta egile eskubideen eta pentsioen arteko bateragarritasuna. Fiskalitateari begira: mugimendu irregularrak; gastuen kitapenak; PFEZ atxikipena munta txikiko kopuruen etekina; aurrerakinen identifikazioa 190 eta 193 ereduetan; BEZa. Puntu horietan eskaera zehatzak egiten ziren. Bestetik, gizarte segurantzaren eta pentsioen ataletan ere egiten ziren eskaera propioak.
Espainiako Artistaren Estatutuaren lege garapenen gaineko proposamenak eta negoziazioak martxan zirela, 2019an, Merkatu digital bakarreko egile-eskubideei buruzko zuzentaraua onartu zuen Europako Parlamentuak. Zuzentarau horrek, beste hainbat punturen artean, 14. artikuluan onartzen du egileek eskubidea dutela euren sormen lanen erabileragatik ordainsari egokia eta proportzionala jasotzeko. Baina batez ere 15. artikuluak eman du zeresana. Zuzentarauko artikulu horrek prentsa-editoreen aldeko eskubide lotu berri bat ezartzen du, egileen parte-hartzearekin, informazio-gizarteko zerbitzu jakin batzuek (hala nola agregatzaileak eta bilatzaileak) beren edukietan egiten dituzten erabilera digitalengatik. Estatuko Idazle Elkarteen Konferentziak 2021ean argitaratutako Idazle, kazetari eta beste egile batzuentzako egile-eskubideen aldeko manifestua-n, honako hauxe eskatzen zen: Eskubide berri hori batzuentzat eta besteentzat errealitate bat izateak kudeaketaren gardentasuna eskatzen du, hau da, tarifak, diru-bilketak eta banaketak publikoak eta gardenak izatea eta gure edukiak sareko negozioetarako erabiltzen dituzten enpresa teknologiko handien presioen irismenetik kanpo geratzea. Plataforma digitaletan zabaltzen ziren idazleen lanengatik editoreei ordaindu beharrekoaren parte bat idazleentzat izatea eskatzen zen, eta editoreekin izan beharreko negoziazioa kolektiboa izatea eskatzen zitzaion Espainiako Gobernuari zuzentarau horri zegokionez egin beharreko lege transposizioan.
Egungo egoera
Alcalan egindako bileran, bai Artistaren Estatutuaren garapena, bai Europako zuzentarauaren transposizioa zertan diren aztertu zen. Uztailean, irailean eta urrian, hainbat bilera tekniko egin ziren, ministerio desberdinen eta sortzaileen eta artista erakundeen ordezkarien artean. Hiru lantalde osatu ziren: gizarte segurantza/pentsioen bateragarritasuna; ogasuna/BEZa; eta ogasuna/PFEZ saila. Bilera horietan, mahai gainean jarritako hainbat gai aztertu ziren, guztiak Artistaren Estatutuan aipatutako puntuei zegozkienak. Pausoak eman badira ere, aldaketak nahi baino motelago doaz askotan. Eztabaidan dauden gaiak kontuan hartuta, Konferentzian bildutako idazle elkarteek agiri bat kaleratu zuten honako aldarrikapen nagusi hauekin
1.- Jabetza intelektualetik eratorritako diru-sarien eta pentsioen arteko bateragarritasunari ezintasun iraunkorra eta kotizaziorik gabeko pentsioak gehitu.
2.- Bateragarritasuna erregulatzen duen dekretua egokitu gizarte segurantzako informatika sistemei, funtzionarioei formakuntza emanez.
3.- Ogasuna. Jarduera ekonomikoen gaineko zergan idazleak sartzea eta PFEZ aitorpenean “Jabetza intelektualaren etekinak” laukia ezartzea.
4.- Eskubide digitalen aipamena egiten duen Europako 790/2019 Zuzentarauaren desblokeoa eta garapena.
Lau urte badira Espainian Artistaren Estatutua martxan jartzeko txostena egin zela, bertan 75 proposamen zehaztuz. Horietako asko bete gabe daude, beste batzuk eztabaidan, eta gutxi batzuk onartuak. Motel doaz gai asko, eta ez dirudi ezer azkartuko zenik. Ikusi beharko dugu zertan gelditzen diren idazleei zuzenean eragiten dieten erabakiak.
GALEUSCA
Proposamen hauetan, ordea, bada kontenplatzen ez den gaia, alegia, gazteleraz idazten ez duten sortzaileen “existentzia”. Jakin badakigu ez direla baldintza berdinetan literaturaren plazara heltzen euskaraz, katalanez edo galegoz idazten duten idazleak. Horri heltzeko, GALEUSCA osatzen duten idazle elkarteek proposamen zehatzen beharra ikusten dute gaztelaniaren hegemoniatik kanpo aritzen diren idazleen arazoak aintzat har daitezen. Esaterako, plataforma digitalek editoreei ordaindu beharreko eskubide digitalak direla eta, ez da inon kontenplatzen idazleei dagozkien diru horien banaketa nola egingo den gaztelaniaz aritzen ez direnekin, hizkuntzaren gaia ez baita aipatu ere egiten.
Horrekin batera, Madrileko ministerioekin ematen diren negoziazioetan gure literaturen ordezkariek ez dute parte hartzen, gure hizkuntzen eta idazleen errealitatea kontenplatzen ez delarik. Horren aurrean, GALEUSCAk behar diren urratsak egingo ditu ordezkaritza hori gauzatu dadin. Alde batetik, eskubide digitalen banaketan gaztelaniaz idazten ez duten idazleen eskubideen banaketa justua kontenplatu dadin; bestetik, Artistaren Estatutuan hizkuntza desberdinetan idazten duten sortzaileen errealitateak kontuan har daitezen eskatuko da.
Sortzaileen egoera hobetzeko aurrerapausoak ematen ari dira, zalantzarik gabe, baina oraindik bide asko dago egiteko. Hegoaldeko idazle eta sortzaile euskaldunak geure lekua aldarrikatu beharko dugu katalanekin eta galegoekin batera, periferian utz ez gaitzaten. Baina hori bezain garrantzitsua litzateke, baita ere, Euskal Herri osoko sortzaileak baldintza berdintsuetan aritu ahal izatea, EAEn, Nafarroan eta Euskal Elkargoan. Euskal Elkargoan intermitentzia dute; Nafarroan eskubide kulturalei buruzko 1/2019 legea; eta EAEn, Eusko Legebiltzarrak 2021ean atzera bota zuen Artistaren euskal estatutua eztabaidatzeko ponentziarako proposamena. Sinadura bilketa bat antolatu ere egin zen estatutu baten alde. Ordutik berririk ez dugu. Izango da zer aldarrikatu hurrengo hilabeteetan eta ikusi beharko da hemendik aurrera zer ekarriko diguten negoziazioek.
Eta halan, mundu honetako itsaso honen tormenta guztiak iraganik, azken finean salbamenduko portura salburik helduko garela. Hala Bedi.