Autoerretratua
Celia Paul XXI mendeko margolari handienetako bat da, autoerretratuaren eta erretratuaren maistra, giza psikologiaren itzal eta argiak pintzelkada bakoitzaren bitartez islatzen dakien horietakoa.
Bere lanak gizabanakoaren bakardade infinituaz mintzatzen dio ikusleari eta, aldi berean, bere burua ispiluan zintzotasunez begiratzeko ausardia eta zintzotasuna dauka. “Artista eta emakume gisa izan dudan erronka handienetako bat izan da norbait maitatzea eta, aldi berean, nire artera dedikatzea”, dio Paulek iaz argitaratutako “Self Portrait” liburuan. Izan ere, urte luzez Lucian Freuden —bai, Freud ospetsuaren iloba— bikote eta musa izatearen etiketa pisutsua gainean eramatea egokitu zaio Pauli. Bere bizitza osoa arteari emana bizi ondoren, zama hori baztertzeko eta bere burua sortzaile bezala aldarrikatzeko oihua da liburua, non indiar-britainiar artistak bere arteaz ere hausnartzen duen, argi eta sakon, zorrotz, bere obraren tankera berean. Dudarik gabe, ezagutu beharreko izena da Celia Paul, bai artistikoki eta bai diskurtsiboki duen balioagatik. Eta nik ez nuen ezagutzen.
Ez nuen bere izena sekula aditu. Iruñean ospatzen den “Oh, diosas amadas” hitzaldi zikloko hitzaldietako batetara bertaratu nintzen arte, zehazki Paula Bonet ilustratzaileak eskaini zuenera. Erran gabe doa nafar hiriburuko eskaintza kulturaleko proposamen interesgarrienetako bat dela aipatu zikloa –zorionekoak gu, etxeko atarian daukagunok–, non artista desberdinek eurentzako ezinbestekoak diren beste artisten inguruan solas egiten duten. Tira, ba Bonetentzat erreferentziala den artista hau ezagutu asmoz bertaratu nintzen hitzaldira, aurreiritzi zehatzik gabe, zita itsu batera doanaren antzeko aldarte epelaz. Saioak aintzinera egin ahala, aldiz, Bonetek proposatutako bidaia zirraragarrian murgildua ikusi nuen neure burua. Bere eskutik Paulen barne erraietara jo genuen, haren begiradaren ikusle bilakatu ginen, bere harreman eta loturak margoaren eta hitzaren bitartez islatzeko gaitasunaz jabetuz. Amarekiko harremana eta ikusmina, aitaren heriotzaren hutsune hotza, ahizpekiko lotura sendoa. Bere burua, ispiluan, autoerretratuta.
Ordu eta erdi eskasean nire muturren aurrean egon arren aitzitik ezagutzen ez nuen unibertso oso bat erakutsi zidan —zigun— Bonetek, Paulen lan eta bizitzan bakarrik ez eta autoerretratuaren kontzeptua landu eta honen inguruan hausnartu izan duten artistetan ere gelditu zena. Autoerretratuaz eta erretratuaz aritu zen, ingurua aztertu eta horrekiko kokaleku zehatz bat hartzeko teknika bezala ulertuta. Zein da inguratzen nauen errealitatea? Nor naiz ni errealitate horren aurrean eta zein da horren inguruan hartzen dudan jarrera?
Meta-ariketa baten moduan, nire inguruari erreparatzeari ekin nion hitzaldiaren amaiera partean, inguratzen ninduen errealitate horretaz jabetuz. Erretratu horrek bazituen elementu argi batzuk. Hizlaria, emakumea; hitzaldiko objektua, emakumea; ekitaldiaren antolatzaileak, emakumeak. Publikoa? Gehiengoa, osoa ez errateagatik, emakumezkoez osatua. Gizon bakan bat edo bi, gehienez jota, aretoa lepo bete zuen publikoaren artean galduta bezala.
Tristea da onartzea, hala ere, horrek ez ninduela harritu, ohituta baigaude oholtzan emakume bat dagoen ekitaldi askotan, are gehiago beste emakume batetaz hizketan ari bada, emakumeak soilik ikustera oholtzaren beheko aldean; alderantziz, noski, gertatzen ez den bezala. Pentsatu nuen, baita, erretratu zintzoa ere badela horrelako ekitaldietara joatearen edo ez joatearen erabakia hartzen dugunean margotzen dugun hori. Sumindu ninduen, beste behin, frogatzeak gizonek ez dutela ohituta ez dauden ahots horiek, gureak, emakumeonak, aditzeko jakinmin izpirik. Ezta interes falta horren sustraiak zeintzuk diren onartzeko nahikoa ausardiarik ere.
Susmoa daukat gustatzen ez zaigun errealitate baten aurrean beste alde batera begiratzen dugunean norbere burua dela ikusi nahi ez duguna, eta aldi berean, jakin nahi ez den hori dela, hain zuzen ere, autoerretraturik hoberena.