Artikulua :: Itxaro Borda 2024/06/11

ALFERREN OHOREZ

Lanaren mundua gero eta garratzago bilakatzen ari den bitartean, “30 loriosak” deitu garaian erabilgarri ziren eskubideak eta baliabideak ezabatzen dituzte gobernu neoliberalek. Lana esklabotasun modu bat bihurtzen ari da hiritar askorentzat. Beno, eskubide laboral haiek ez ziren, haatik, nagusigoaren opariak, borroka trinkoen ondorioz eskuratuak baizik. Testuak hor ditugu ekinen lekuko, hala nola Emile Zolaren Germinal (1885) nobelako oldarrak negu minean eta euripean. Edo 1984ko Erresuma Batuetako meatzarien urte beteko greba, Maggie Thatcherren alternatibarik gabeko (TINA) erabaki zitalak salatzeko. Bai eta Gerezien Denbora izeneko 2014ko Baionako pastorala. Azken hamarkadotan lanaren alorra, sindikatuen itzala, legediak, denak xangrinezko oihal baten antzera hertsitu dira, txikitu dira, lana gaztigu baten moduan aurkezten dela Frantziako Attal lehen ministro juniorraren ahotik adibidez, baina ba al daki  honek zer den benetako lana?

Erditzeari ere lana deitzen zaio eta Erromatar inperioan, gatz poltsa batez sariztatzen zen zeregin gogorra. Mende urrundu haietan, esklaboak baizik ez ziren lanean akitzen. Gainerakoek ocium deituriko denbora libreaz gozatzen zuten. Gogoan dut, 70 hamarkadaren bihurgunean, automatizazioa eta robotak biderkatzen ari zirela, pentsalari batzuk ausaren jendarteaz mintzo zitzaizkigula: garapen ekonomikoari esker, gure belaunaldiak, egunean hiru ordu baino ez zituen lanean pasatuko. Eñaut Etxamendi (1935) idazle, kantari eta gure ekonomiako irakasleak belarriak berotzen zizkigun perspektiba kreatibo horrekin. Baina alderantziz gertatu zen: masa-langabeziaren aurreneko oldeak izan ginen, eta gure gizaldiek dituzte pairatzen erretreta adinaren gibelatzearen ondoramenak. Bukatu da besta, bukatu dira bizi hobeago baten irudikapenak, bukatu da ausaren lukainketan ametsetan higatzea. Boteretsuek, RNekoek barne, ekonomiak egitea deliberatzen dutenean, bizitza jada eraman-ezin dutenen bizkar egiten dituzte. Eta iraultzaño batez boterea hartzeko esperantzarik ez dago!

Eskerrak nagitasuna, alferkeria, alfertasuna edo guk Amikuzen diogun eran auherrezia ohoratzen duten garapen pertsonaleko liburuak aurkitzen direla liburu denda on guzietan. Duela gutxi eskuetara erori zait Tom Hodgkinson kazetari ingelesak izkiriatu “Mundu Ero Batean Alfer Izateko Artea” izeneko obra gozagarria. 2018an plazaratu zuen eta Europako hainbat hizkuntzetara itzulia izan da. Orrialde hauetan gurutzatzen dira William Blake poeta, Oscar Wilde, Conan Doyle, Tomas de Quincey, Konfuzius eta Mary Shelley, Frankenstein pertsonaiaren sortzailea. Ohartzen gara, gehienak aristokratak zirela. Jende arruntak ez du inoiz ukan alferkeriaz hausnartzeko, ez astirik, ez eta dretxorik. Zer erran emazteez, hauen ordutegiak etxeko eta kanpoko lanek emokatzen dituztela oraindik ere? Indar politikoek ez dute herritarra bere denbora libreki erabiltzen uzten, herrialdea kudeatu ezina bihurtuko litzaiekeen beldurrez. Egoera larrituko dela dirudi... 

Tom Hodgkinsonen liburuko azken hitzen inurritegian, Paul Lafargue (1842-1911), Karl Marxen suhiaren Nagitasunerako eskubidea (1880)  liburuxka goraipatuaren zati polit bat bada. Lanaren amodioa aberrazio mental gisa kontsideratzen du idazleak, salatzen duelarik gainera, apez, ekonomista, moralista bandek lana santifikatu dutela. Lafarguen gostuz, aberetzen gaituen bortxazko lan industrial horrek itsustu ditu europarrak eta populu nomaden askatasun ikusgarriaz jeloskor dabil Laura Marxen senarra. Egiazki gustatu zait liburua, siesta, tearen ordua, ibilaldiak, baratza, poesiak idaztea, bazkari oparoak, etxeko eta ostatuetako aizolbeak, errebolta, meditazioa edo loa aipatzen ditu, kapituluz kapitulu, gure eguneroko erritmo eroa doi bat mendratzen hasteko. 

Liburuak une baterako lasaitu nau, ni txikitatik, familian eta eskolan, ameslari eta haur alfer gisa hartzen nindutelako. Auher fama daukat baina beti zerbait “egiten” nabil, nahiz eta zerbait hori ez den askotan errentagarria ekonomikoki edo espektakularra. Nobody is perfect zioen Marylin gureak...

Itxaro Borda