Artikulua :: ARITZA BERGARA 2023/07/19

Aldaketa txikiek, neurri handi baten gehituta, aldaketa globala eragin dezakete

Artikuluaren izenburua irakurrita, Eduardo Galeanoren Un mar de fueguitos etortzen zait burura. Aldaketak eta aldaketak, gizakion bizitzan etengabe ematen direnak. Batzuetan konturatu gabe, modu naturalean; besteetan, berriz, aldaketekiko erresistentziak sortzen dira eta, besterik gabe gertatzen joan beharrean, tentsioak agertzen dira.

Normalean urteak eta urteak behar dira gizartean aldaketaren bat txertatu arte. Baina badago salbuespen bat: erabilerak eta ohiturak aldatzera behartzen gaituen kanpoko elementu bati erantzunez gertatzen diren aldaketak. Kasu hauetan, aldaketa berehala gertatu ohi da. Eta zergatik?-galdetuko duzu. Argi dago, muturreko egoera baten aurrean, edo berehala moldatzen gara, edo desagertuko gara.

Horri buruzko adibiderik argiena duela gutxi bizi izan dugu Covid-19aren pandemiarekin dugu. Pertsona batzuen ustez, mundua onerako aldatuko zen; beste batzuen ustetan, berriz -eta multzo honetan kokatzen dut nire burua- errealistagoak ginen eta ezarritako etenaldi bat baino ez zela esaten genuen, ohitura aldaketa iragankor bat izan beharrean. Pandemia itzaltzen joan zen eta azkar itzuli ginen abiapuntuko egoerara, guri, errealistagoei, arrazoia emanez. Zoritxarrez.

Uste dut egia izan daitekeela egin dudan baieztapen hori –aldaketa koiunturalak izan zirela- baina bizitzea egokitu zaigun gertaera hori nolabaiteko distantziaz aztertuta, egia esan, COVID-19aren pandemiak eragin nabarmena izan du egungo gizartean, eta aldaketa batzuk eragin ditu eguneroko bizitzan. Aipagarrienen artean honako hauek aipa ditzakegu: urruntasun soziala, telelanaren hazkundea, aukera erreal gisa sendotuz – arlo publikoan behinik behin –, merkataritza elektronikoaren hazkundea eta, baita, halako hipokondria soziala. Gainera, pandemiak eragina izan du munduko ekonomian, eta azken urteetako krisirik handiena eragin du.

Hori egia bada ere, aipatutako gai horiek edo ez dira denboran mantendu, edo ez dute benetako aldaketarik ekarri, hoberantz gutxienez. Adibide gisa, pandemiaren ondorioz gertatu den krisi hori betikoek ordaintzen dute-dugu. Eta emaitza betikoa da ere: aberatsak aberatsago, pobreak pobreago. Eta ez al da hauxe ziklikoki kolpatzen gaituzten krisi ezberdinen etengabeko emaitza aldaezina? Beraz, aldaketak egon dira, bai, baina puntualak izan dira edo, mantendu direnak, influentziarik gabekoak gure eguneroko bizitza honetan.

Aldaketa eta aldaketa gehiago, bizirik gauden seinale. Eta orain arte idatzitako guztiaz jabetzea, oraingo honetan aukera bat emango diot aldaketa sozialari, Kanadako laku txiki baina sakon bateko sedimentuen azterketa erreferentziatzat hartuta. Hondoan, planetaren jardueraren hondarrak pilatzen dira, geruzaz geruza. Horien azterketaren arabera, joan den mendeko 50eko hamarkadatik, gizakiaren jarduerak eragindako etapa geologiko berri bati buruz hitz egin dezakegu: Antropozenoa, hots, “gizakiaren aroa”. Eta zergatik ezberdintzen da aro hauxe? Zer dauka ezberdin aurreko mendeekin? Zergatik aro berri honen hasiera pasaden mendearen erdialdean kokatzen da? Ba argi dago, gizakiok eragin ditugun aldaketa globalak naturaren orekan berton agertzen baitira. Industria-jarduera, hondakin plastikoak, erradioaktibitatea... horiek guztiak dira metatzen ari diren arrastoak.

Gure bizimoduan, gure erabileretan, gure ohituretan gertatzen ari diren aldaketak halako eragin globala izaten ari dira, non bizi garen ingurumena erabat aldatzen ari den, eta planeta osoko aztarna geologikoetan agerian geratzen den. Aldaketa soziokultural txikiek gizartea bilakarazten duten bezala, mundu globalizatu honetako gizarte guztien aldaketen baturak planetaren beraren bilakaera aldatzen du. Historian lehen aldiz, ordena ekologikoa modu globalean aldatzeko gai gara –edo hondatzeko-, eta klima-aldaketa da horren guztiaren adibiderik argiena. Galdera da, orain, horren ondorioen (muturreko tenperaturak, inoiz ikusi gabeko ekaitz bortitzak, uholdeak globoan zehar eta abar) jakitun garen honetan, gai izango ote gara gizakion aurrerapenaren alderdirik negatiboenak garaiz iraultzeko edo, aitzitik, beste desagertze batera mugatuta ote gaude? Zuk zer uste duzu?

ARITZA BERGARA