2024ko telesail eta filmak: beldurra bai, lotsarik ez
Segundu batez imajinatu ezazu, irakurle, goizetik gauera, ordutik ordura, soilik errealitate proisaikoak ematen dizkizunak besterik ez dituzula garuneratzen: gosari-bazkari-afari otordurako zer presta gogaikarritik hasi eta albistegiek aurpegiratzen dizkiguten genozidioetara. Batzuk gehiago eta besteok gutxiago, baina onartuko didazue oro har ez garela abentura zirraragarri batean bizi. Ez dakit zuek, baina nik behintzat ez dut irudikatzen egunerokoa fikziorik gabe. Patriarkatuak zeharkatutako gizarte batean bizitzera behartuta gauden emakume eta genero disidenteentzat bizitza eramangarriagoa, ederragoa, ulergarriagoa egin dizkiguten ikusentzunezko fikzioak ez dira gutxi izan 2024an. Doakie eskerrik beroenak, bidenabar, fikzio horiek pentsatu bakarrik ez eta errealitate bilakatzeko bulkada izan duten sortzaileei.
Zerrendaren goiko aldean ezingo nuke besterik jarri: Querer, orain artean ezer gutxi jorratu den gai bati heltzen dioen telesaila. Lau kapitulu eta lau pertsonaia (nagusi) aski dira harreman barrenean egon daiteken sexu indarkeriaren eta indarkeria ekonomikoaren erretratu fidela egiteko. Zauri garbi eta sakon bat da Alauda Ruiz de Azuaren kontakizuna, haginkada bat bihotzaren erdian. Hain ongi orekatutako argi-ilunak dituzten pertsonaiak aurkeztu dizkigu, hain da zintzoa eta gogorra agertzen digun izua… Eta zer erran Nagore Aranburu erraldoiaz, zaurgarri bezain indartsu agertzeko gaitasun sinesgaitz horrekin. Ikusi. Ez dago besterik. Nire amak hasi eta buka jarraian ikusi duen telesail bakarra izatea suzko froga dela bertzerik ez dizuet erranen.
Baina ez da dena errealismoa izango. Zinema aretoek utzi dizkigutenekin jarraituz, jendartean berebiziko onarpena izan ez duen baina nik behintzat burutik kendu ezin izan duten urteko thriller basati, ero eta lesbikoena aipatu beharra dut. Love lies bleeding-ek Kristen Stewart, Katy O’Brien eta Ed Harris aurrez aurre jartzen ditu maitasun-istorio sutsu eta anabolizanteez beteriko batean. Kulturismoa, mafia, indarkeria, fantasia eta maitasuna ez ziren sekula hain ongi eraman. Zinema aretotik zure buruari “Zer ikusi berri dut?” galdetzen ateratzea eragiten duten film horietako bat, emakume –literalki– erraldoi eta gihartsuak lehenengo planora eramaten dituen Rose Glassek zuzendutako harribitxi bat.
Zinema aretoetatik merezi zuena baino azkarrago igaro zen beste film ezinbestekoetako bat Mar Collen Salve María izan da. Katixa Agirreren Amek ez dute eleberrian oinarritua, testuak duen ilunenetik edaten du kontakizun are ilunago baten bila. Badu akaso gehiago psikotikotik, badu gehiago amesgaiztotik, baina funtsera doa zuzen, barrenetara, amatasunak emakume baten barruan eragin dezaken arrakalaren erraietara, gizateriaren kobazuloaren sakonenera. Zer da ama izatea? Zertan bilakatzen du amatasunak emakume bat? Munstro edo zaintzaile? Beldurra eragin diezaguke guk erditutako zerbaitek? Baditu filmak normaltasun prekario batez jantzitako terrore eszena ahaztezinak, leiho puskatutik etxe barrura sartzen den belearena adibidez, garun puskatuan sartzen den pentsamendu ilun bat bezala, babestu nahi baina akaso ezin dugun haurraren inguruan bueltaka.
Ezin aipatu gabe utzi askok “urteko film” deitu duten horixe. Ez naiz ni izango gehiengoen zale, baina kasu honetan onartu beharra dut The substance badela urteak utzi dizkigun pelikula hoberenetariko bat. Soilik fantasia hutsagatik bada ere, soilik atrebentziagatik, soilik Demi Moore pantaila handian zahartzen eta deformatzen ikusteagatik, nazkagarria bezain tristea bezain barregarria den modu batean. Emakumeok gainean daramagun presio estetikoa bezain nazkagarri, triste eta –tamalez– barregarria. Plazer bisual bat den filma da The Substance, pantaila handian izugarrizko gozatua ematen duena.
Urte amaierako zerrendatxoek zerbait badute, komunean dauden ezaugarriak agerian uzteko gaitasuna ere bada. Kasu honetan, aipatu telesail eta film hauek zerbait baldin badute elkar lotzen dituena, ez al da ba beldurra? Beldurraren erabilera narratiboa, modu anitzetan eta helburu desberdinekin bada ere, emakumeak zeharkatzen gaituzten zapalkuntzak errelatatzeko. Ikusi ez dudana, hori bai, lotsa da. Lotsak, zorionez, bandoz aldatu duelako, eta hori bai, bada urteak utzi digun onena.