Txomin Peillen Karrikaburu
Sormen-lanak
Paris, 1932.
Guraso zuberotarrak zituen, Parisa lan bila joanak. Biologia ikasketak egin zituen Parisko Sorbonne Unibertsitatean, eta hogeita bost urtez biologia irakasle izan zen Parisen, Lavoisier Lizeoan.
Han zegoela, euskararen erabilpena galdu bazuen ere, hamalau urterekin hizkuntza berreskuratu, eta geroztik alor ezberdinetan, euskarazko liburu eta artikulu ugari idatzi ditu. Haurrentzako ipuinak, literatura liburuak, etnologia eta etno-biologia alorrak aztertu ditu.
1982an Pabera bueltatu eta bertan eta Baionan bizi izan da euskara eta euskal kultura irakasten. Euskal ikasketetako doktoretza lortu zuen Bordeleko unibertsitatean, Lexique Basque de l'anatomie, morphologie et semantique tesiarekin. Euskal ikerketa eta Pirinioetako mitologiaren gaineko doktoretza ikastaroak antolatu izan ditu Pabeko Unibertsitatean.
Jon Mirande ezagutu eta lagun egin zuen 1949an; biek batera atera zuten, 1962an, Igela aldizkari heterodoxoa eta kritikoa. Honez gain, Gernika, Egan, Euzko Gogoa, Anuario de Eusko Folklore eta Jakin agerkarietan ezagutarazi zituen idazlanak.
1962. urtean plazaratu zituen ordu arte argitaratu gabeko hiru ipuin: Azken inkesta, Tximinuen segretua eta Tristan ta Isolt. Handik bi urtera, Txomin Agirre saria eskuratu zuen Gauaz ibiltzen dana polizia eleberriarekin.
1966an sari bera lortu zuen Itzal gorria nobelak: talde iraultzaile baten pasadizoak, sinbologiaz beteak, kontatzen ditu; 1989an hirugarrenez irabazi zuen Kristina Bolsward lanari esker. Nobela honetan, Alemanian errefuxiatuta bizi den emakume txiro eta frisiar baten istorioa kontatzen du.
Eleberrigintzaz gain, ikerketa etnografikoa jorratu izan du: Animismoa Zuberoan eta Allande Elixagari Ligiarraren historiak (1986) lanak lekuko. Bestalde, anatomiaren gaineko hiztegia kaleratu zuen 1975ean LatÃn-euskara hiztegia, anatomiaz eta 1987an, Paristar euskaldun bat (ni...neu), autobiografia.
2007ko azaroaren 30etik euskaltzain emeritu da.
2009an Euskal PEN Klubaren saria jaso du "euskal kulturaren eta adierazpen askatasunaren alde egindako lanagatik". Eta, baita Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona ere "euskal kulturaren alde egindako lanagatik".