Joan Mari Torrealdai Nabea Sormen-lanak
Forua, 1942. Soziologian, teologian eta informazio-zientzietan lizentziatua eta soziologian doktorea da. Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (1969-70) izan zen bere sorreran. Anaitasunako zuzendaria izan da 1974-77 urte bitartean eta Jakin aldizkariko zuzendaria da (1964-69; 1977az geroztik). Saiakera eta kazetaritza landu ditu, batik bat, eta euskara eta euskarazko liburugintza izan du aztergai bere lanetan. 1979-80 epean Euskal Soziologoen Elkarteko idazkari izan zen. Euskaldunon Egunkaria egunkariko Administrazio Kontseiluko kide izan zen bere sorkuntzatik, eta kontu horrengatik auziperatua dago. Entseguaren alorrean, eta batez ere kazetaritza saiakera eremuan jardun izan du. 1973an Iraultzaz entsegua argitaratu ostean, Euskal idazleak gaur (Jakin-Euskadiko Kutxa) saiakera idatzi zuen. Informazio Zientzia lizentziatura tesina aurkeztu zuen 1985ean, Euskal telebista eta euskara (Elkar). Honen ondoren, XX. Mendeko Euskal Liburuen katalogoa osatuz joan da hiru liburutan: 1900-92 bitarteko liburuena, 1993-94koena eta 1995-96koena. 1997an euskal kulturaren gaineko beste ikerketa soziologiko bat kaleratu zuen: Euskal kultura gaur. Ostean, gazteleraz, El libro negro del euskera eman zuen argitara: euskarak mendeetan zehar jasandako eraso guztien berri ematen duen liburua. Urte berean beste bi liburu kaleratu zituen: Martin Ugalderen gaineko biografia, Martin Ugalde, Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena eta La censura de Franco y los escritores vascos del 98. Hurrengo urtean, Irun Hiria entsegu saria jaso zuen gai antzekoaren gaineko liburuari esker: La censura de Franco y el tema vasco (Kutxa). Aspaldi zebilen gai honi tiraka, bere Soziologiako doktoretza tesia La censura gubernativa y el libro vasco (1963-1983). Análisis de los informes del lectorado izan zen. 2000. urtean, era berean, Artaziak - euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 kaleratu zuen, Susaren eskutik. 2004an argitaratu zuen orain arteko bere azken liburua, biografia bat, Imanol Murua, Gipuzkoako alkate. Euskaltzain osoa da 2007tik. Dabilen elea 2009 saria jaso berri du euskal liburugintzaren alorrean egindako lanagatik.