Federiko Krutwig Sagredo Sormen-lanak
Getxo, 1921 - Bilbo, 1998 «Hemen euskaraz egin behar dugu». Bere eskutik etorri zen lozorroan sarturik zegoen Euskaltzaindiaren berpiztea. Federiko Krutwig, familia oneko semea izaki, giro kultu batean hezi zen. Neskamearen gelako ohepean ondu zuen bere euskara, giro aristokratikoak gure hizkuntza batere estimatzen ez zuen garaian. Euskaltzaindiara hamazortzi urte zituela hurbildu zen, 26 zituen euskaltzain oso izendatu zutenean. Federiko germaniar gaztearen ahotik aditu behar izan zuten, «batua egina dago, Leizarragak batu zuen XVI. mendean. Batua lapurtera klasikoa da». Bestaldetik, ordukoa zuen bizitza guztian baztertu ez zuen helenismoaren aldeko apostua, euskara europar eta greziar kultura klasikoaz jantzi beharra aldarrikatzen zuena. Krutwigen aburuz, ezintasuna ezkutatzen zen garbizalekeria defendatzen zuten askoren artean. Inguruko euskaltzaleei euskara prestigiatzeko ekintzak etengabe proposatzen zizkien, igandeetan, praka eta kapelu luzea jantzi eta euskaraz berba egiten herriz herri joatearena horietako bat. Euskaltzaindiaren jarduera bideratu zuen Federikok, Eliza Katolikoak euskararekiko erakutsi zabarkeria salatzeagatik, erbesterako bidea hartu behar izan zuen 1952ko maiatzean. Miarritze utzi beharra, erabateko erbestea, 1963az geroztik ezagutu zuen, Fernando Sarrailh de Ihartza ezizenaren pean argitara emandako Vasconia liburua ez omen zen De Gaulleren gustokoa izan. "Vasconia"-k euskal gaztediaren egarria asetu zuen, ETAren ondorengo urteetako garapena bete-betean baldintzatuz. Liburuan egin zenbait hausnarketa eta iragarpenek, egun ere, gaurkotasun handia dute. Bestaldetik, ari denak egiten ditu hutsak, ezer egiten ez duena ez da sekulan tronpatzen, ezta aitzinatzen ere, hori ere erakutsi zuen Krutwigek. Politikaz nazkaturik azaldu zen behin baino gehiagotan, alta, ez zuen barnean zeraman politikaren sua amatatzerik lortu, hil baino hilabete batzuk lehenago, Euskal Herritarrok taldearen sustengatzaile gisa agertu baitzen. Diktadorea hil ondoren, 1978an, Hego Euskal Herrira itzuli eta besteak beste, Bilbon sorturiko Jakintza Baitha elkartearen zabaltzeari ekin zion, bere aburuz, greko klasikoa jakitea ezinbestekoa zen kulturaduna izateko. Bidaietan, zazpi maleta liburuz mukuru mugitzen zituen Krutwigek. Hizkuntzetan zen aditu. Gazte zelarik, gaztelera, alemana, frantsesa eta euskara menperatzen zituen, bere bizitzan zehar, grekoa, latina, hungariera, nederlandera, ingelera, errusiera, arabiera, koptoa, hebraiera, pertsiera, Indiako hizkuntzak, txinera, georgiera, eta beste hainbat hizkuntza ezagutzera iritsi zen. Euskaltzaindiak, bizitzaren hondarraldean, omendu zuenerako, Grezia aldean sari ugari jasoak zituen. Patxi Larrion