"Korebakarida" haiku tailerra
Korebakarida haikuaren oinarrizko elementuak ikasteko tailerra da, artefaktu poetiko honen eraikuntzaren bideari ekiteko edo bidean aitzina egiteko.
Sormen-idazketaren tailer baten berezko ariketei jarraituz, prozedura erraz batean zehar bideratuko zaitugu haiku olerkiaren azken urratsera arte.
Egunerokoan bizi dugun inguru itogarriaz ahaztu eta gelditzera gonbidatzen zaitugu, arreta toki batean, une batean, finkatzeko eta horren gainean sentipen hori jasoko duen poema bat eraikitzeko.
Izan ere, taielr honek sentsazioak atzematetik paperera eramateko bidea erakutsi nahi dizu, eta naturari bertze modu batez erreparatzeko gonbit eginda, haikuak naturatik hartzen baitu funtsa.
Lantegian haikua ez ezik, haikuari oso lotuta dauden beste forma poetiko batzuez ere mintzatuko gara. Gainera, ibilbide historiko bat egingo da haijin japoniar nagusiak ezagutarazteko eta, bide batez, haikuak azken laurehun urteetan izan duen bilakera erakusteko.
Emailea
Tailerra, Josu Jimenez Maia idazlearen eskutik. Bi haiku-liburu ditu argitaratuak: Gerezi garaiko haikuak, (2011) Maiatz-en eskutik (Booktegin eskuragarri) eta Orbel Azpiko Haikuak, (2013) Denonartean argitaletxearekin. Gainera, euskaratu ditu Ryookan-en 101 haikuak, (2016) Denonartean argitaletxearen eskutik argitaratuak. Hiru urtez Iruñeko haiku tailerraren dinamizatzailea, Nafar Ateneroaren abaroan (2016-2019). Argitaratu berri den Zuihitsua Dakit argitaldaria (2022) izeneko saiakeran Haikuaren euskarazko bidea izeneko atala duzu. 2023ko maiatzean, Euskalerrian egindako lehen Kukai edo haiku-lehiketaren antolatzailea, Nafar Ateneoaren abaroan.
Izen emateko: eie@idazleak.eus