Xabier Artola Zubillaga

Xabier Artola Zubillaga Atzera

2011
Argi-itzalen neurria
Elkar
2011
Artolaren agi-itzalak
2011
Euskal Herriak izandako eboluzioaren isla da Xabier Artolaren «Argi-itzalen neurria»
2011
Latitudea eta beste zenbait narrazio: making of-akontakizunetik hartutako lagina.

 

Atharratze izaten ahal da toki on bat idatzitakoak berrirakurri eta ipuin bilduma hori prestatzen hasteko; izen itxurazkoa du, eta bada bertan, Lisboako Hotel Bragança ez izan arren, garai bateko idazleei gustatu ohi zitzaien moduko hotela, antzinakoa; deskuidatuz gero, aurki egongo zen zutik hemeretzigarren mendearen buruan dagoeneko, eta piztia xelebre askori abegi egina, gainera: ehiztariak, uso pasea delarik; arrantzaleak, amuarrainetan Uhaitzan, ez dakit nola baina franko omen dira oraino –euskara galtzen bada ere, amuarrainik geratuko ahal da sikiera, biharko askaziei nor garen, edo izan ginen, azaltzeko–; eta eskopetarik ezean lumaz tiro egin eta amua botatzen duten idazle bakartiak, besteak beste. Ehiztariak eta arrantzaleak bezain gezurti izateko famaren jabe, gainera, azken horiek; gezurretan egia ezkutatzen haiek kopuruak edo tamainak handitzen bezain trebe.

Atharratzeko plaza nagusiko Piellenian elkartuko da, bada, idazlea bere pertsonaiekin, bertako pausagian –hotelaren beheko solairuko tabernan– zerbitzatuko dizkieten otordu goxoen aurrean: Laida, eta Donato eta Fermin, eta Maitere bere osaba Karlosekin –Martin eta Maitere elkarrekin ote dira oraindik?–, Asif eta Goienetxe, Begoña, Nada eta Itxaro, Antonio-Andoni... Xabier, Txema, Iñaki, Jean-Marie... bai eta narraziootan izenik gabe agertutakoak ere, orain letra larriz, Y., P. eta abar, izendatuko ditugunak. Pertsonaia batzuk arroztu egin zaizkiola dagoeneko begitantzen zaio egileari, denboraren poderioz urrundu, eta ez ditu, antza, behinola bezala, bere baitan kausitzen.

Idaztea. Irakurlea. Norentzat idatzi? Kazetariaren galderari erantzuten ez du jakin, baina galdera buruan bueltaka dabilkio harrezkero. Batzuetan ez du gogoan nor izango duen irakurle, berdin zaio, iruditzen zaio iturik gabe tiro egitea bezala dela; bala errekamaran dagoela, baina, galarazi ezin dena: idatzi, barrukoa askatzeko; idatzi, botatzeko; idaztea, zama aringarri; idaztea, ukendu. Beste batzuetan, aldiz, irakurle jakin bat gogoan duela jarduten dela esango luke, irakurle horri zerbait adierazteko, beste moduz ailegarazi ezin dion zerbait jakinarazteko. Eta testu horiek berrirakurtzean, sentimendu askotarikoek berenganatuko dute idazlea, denborak marguldutako sentipenek, oroimenak moldatutakoek; hunkituko da ostera, halere, min hartuko du, irribarre bat loraraziko dio, lotsatu ere egingo da maiz, bere buruari barre egingo dio. Inoizka, ezagutu ere ez du egingo, testuan, testu hori papereratu zuelarik gogoan zerabilen irakurlea. Beste batzuetan, beste irakurle batzuengan pentsatuko du, hurbileko zein erabat ezezagun, eta testuak haiengan sor lezakeenaz egingo du gogoeta, eta ohartuko da zenbaitetan ez duela ezta feedback-ik soilena ere jasoko, ez zaiola haiengandik arnas hotsik ahulena ere helduko. Eta pasatuko zaio burutik testu horrek inoiz inor topatuko duela inon akaso, testu horren beharrean dagoenik, edo zimikoren bat egingo diola bakarren bati, edo min baten leungarri suertatuko zaiola inori agian.

 

2011
Xabier Artolaren 'Argi-itzalen neurria' Euskadi Irratia Xabier Artolaren 'Argi-itzalen neurria'
2010
Deception Island
Alberdania
2010
Mía

Narrazio labur honek lehen saria merezi izan zuen, Félix Menchacatorre Mikrokontakizunen I. Nazioarteko Unibertsitate Lehiaketan (2010).

Mía

Arraro –eta arrotz– sumatu ninan ohera orduko, larrutarako gogoa erakutsi zinan. Berehala ohartu nindunan nire hoztasunak ez zuela haren beroa epelduko, alferrik aipatuko niola buruko minik egun hartan.

Halako batean, amore ematen hasia nintzela jabetu naun –amore eman: bitxia dun, gero, gure esamolde hori–. Bai, amore ematen hasia, kosta ahala kosta gainka zetorkidan ezezagun haren aurrean; neure nahia gorabehera, berearen larria goitik behera bortxaz ezarri nahi zidan haren mende. Eta larruak larruari ezezkoa ematen dioneko higuin gaindiezina jabetu dun nire gorputz osoaz. Haren zera gogortua hankartean sentitu dudanean, baina, bidea erraztea pentsatu dinat, hartara agudoago amaituko zuelakoan edo. Ez neuzkanan artean ikusita gure logelako sabaian hainbeste urtetan pilatu diren amaraunak, ez eta horma behiala sendoen arteko pitzadurak ere.

Hor ibili zaidan, gainean aurrera eta atzera, barrura eta kanpora, aurrera, atzera, barrura, barrura... bere arnasaldiaren etenak –eta garai batean neure sua indartuko zukeen bere adur jario bart nardagarriak– bukaeraren berehalakoa salatu didan arte. Inoiz ez bezala bortitz, gordin, indarka. Jo eta jo ari zela –a zer hitza, gurea hori ere!–, eta une hartan jabetu ez naizen arren, lehengo kantetako mía, mía baten erritmoaren harira ziharduela zirudinan, erritmoa hitz horren esanahiak berak markatuko balio bezala: neurea haut, neurea haut oraindik.

Amaitu zuenean, aurpegian behera irristan zihoazkion malko batzuen gazia dastatu ninan ezpainetan. Biharamun goizean aitortu zidanan: dena zekinan. Denborak zitunan ez nuela bera maite.

2010eko apirila.

2006
Asif
Julene Azpeitia Saria (bigarren saria).
2004
Bai, ni nauk
Gabriel Aresti Saria (accesita)
2004
Tximeletaren irria
Tene Mujika Narrazio laburren lehiaketa (lehen saria).
1998
Latitudea
Julene Azpeitia Saria (lehen saria).
12/2014
Samina
Erein Argitaletxea, S.A.
06/2010
Ikiliko txondorra
Jáuregui Zinkunegi, Koldobika
Azken berriak "Ipuinak gauzak ahalik eta gehien sintetizatzera behartzen gaitu, eta erronka horrek asko motibatzen nau"